|
Parisko Andre Maria VI. Bastilletik irtenda, Gringoire San Antonio kalean behera izututako zaldia baino azkarrago jaitsi zen. Baudoyer-ko portalera iritsita, zuzen joan zen plazaren erdian zutik zegoen harrizko gurutzera. Dirudienez gaueko iluntasunean, soineko eta txano beltzez jantzita gurutze barreneko harmailetan eserita zegoen gizon baten irudia nabaritu zuen. Zu al zara, maisu? galde egin zion Gringoirek. Beltzez jantzitako gizona zutitu egin zen. Jainkoarren! Irakiten jartzen nauzu, Gringoire. Saint-Gervaiseko dorrean zelatan dagoenak goizeko ordu bata t'erdia dela adierazi du. O! erantzun zion Gringoirek Errua ez da nirea izan. Errondako jendearena izan da. Oso larri ibilia naiz. Urkatu ez nautenean! Nire patua hori da, nonbait. Beti baduzu aitzakiaren bat. esan zion gizonak. Tira. Goazen azkar. Ba al duzu kontrazeinua? Kontura zaitez erregea ikusi dudala. Handik nator. Fustalezko galtzak ditu. Egundoko mentura izan da. O! Hitzontzi hutsa zara. Zer axola zaizkit zure menturak? Lapurren kontrazeinua ba al duzu? Bai. Badut. Zaude lasai. Sugar txiki ibiltaria da. Ongi da. Hori gabe ezin dugu elizara sartu. Lapurrek kaleak hartu dituzte. Zorionez, oztopoak izan dituztela dirudi. Agian oraindik ere garaiz helduko gara. Bai, maisu. Baina nola sartuko gara Andre Mariara? Dorreetako giltza dut. Eta nola irtengo dugu? Klaustroaren ostean Terrain aldera ataka bat bada ibai aldera. Goizean hango giltza hartu eta txalupa bat ere utzi dut bertan lotuta. Eskerrak urkamenditik libratu naizenari! esan zuen Gringoirek. Tira. Goazen bizkor! Eta biak lasterka Cite aldera jaitsi ziren. Parisko Andre Maria |