Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
ZAPATATXOA

 

        Lapurrek elizari eraso egin ziotenean, Esmeralda lo zegoen.

        Laster, eraikin ingurutik zetorkion gero eta zurrumurru handiagoak eta lehenago iratzarritako ahuntzaren gero eta beekada ozenagoek esnatu egin zuten. Jaikita, entzun eta ingurura begiratu zuen. Gero, argiaz eta zarataz beldurtuta, gelatik irten eta zer gertatzen ari zen ikusten saiatu zen. Plazaren itxura, hango ikuskizuna, gaueko eraso haren zalaparta, ilunpetan ozta-ozta igel-erasoa bailitzan mugituz ikusten zen jendaila nazkagarri hura, jendetza zakar haren korroka, aintzira lanbrotsuetako gaueko suak bezala harat-honat zebiltzan zuzi gorriak, ikuskari hura zeukan aurrean. Akelarre bateko mamuen eta elizako harrizko munstroen arteko borroka iruditu zitzaion. Ijitoen tribuko sineskeriak txikitatik ikasi zituenez, lehenbizi gaueko izpiritu arrotzak sorginkerian harrapatu zituela bururatu zitzaion. Beraz, bere gelan ezkutatzera korrika joan zen beldurturik, oheari amesgaizto ikaragarririk ez sortzeko eskatuz.

        Emeki-emeki, beldur-lauso haiek ezkutatu egin ziren. Benetako beste seinale batzuez gain gero eta iskanbila handiagoa zela eta, espektroek ez eta pertsonek setiatzen zutela konturatu zen. Beldurra ez zitzaion areagotu; eraldatu baizik. Bere asilotik ateratzearren herria matxinatu egin zela ere pentsatu zuen. Berriz ere bizia, itxaropena eta Febo (zeina bere etorkizunean beti erdikusten baitzuen) galtzeko ideia, bere erabateko ahulezia, ihes egin ezina, laguntzarik eza, isolamendua, eta antzeko mila pentsamenduk asaldatu zuten. Belauniko zegoen, burua ohean, bi eskuak elkartuta buruan, urduri eta ikaraz. Ijito, idolatra eta paganoa izan arren, negar-zotinka kristauen Jainkoari eta Andre Mariari, bere ostalariari, erreguka hasi zen. Izan ere federik ez eduki arren, bizimoduan zenbait unetan eskueran dagoen tenpluko erlijioari heldu beharra izaten baita.

        Horrela egon zen denbora luzez belauniko. Otoitz baino dardara gehiago egiten zuen, egia esan, haserrez beteriko jendetza haren zalaparta gero eta gertuago zuelako zur eta lur. Ez zekien indarkeria hura zerk eragin zuen. Ez zekien zer gertatzen zen. Ez zekien zer nahi zuten, baina amaiera beldurgarria izango zela sentitzen zuen.

        Estutasun hartan bere gela inguruan pauso-hotsa heldu zitzaion. Jiratu egin zen. Bi gizon, batek kriseilua zeramala, gelara sartu berriak ziren. Neskari oihu txiki bat atera zitzaion.

        —Ez izan beldur. Ni naiz —esan zion ahots ezagun samar batek.

        —Zein zara? —galdetu zuen neskak.

        —Pierre Gringoire.

        Izen hura entzunda lasaitu egin zen. Begiak altxa eta poeta ikusi zuen. Baina atzean bazuen goitik beheraino beltzez estalitako pertsona bat eta hark mutututa utzi zuen.

        —A! —esan zuen Gringoirek haserre antzean —Djali-k zuk baino lehen ezagutu nau!

        Ahuntzak izan ere, ez zuen izena esan arte itxaron. Sartu orduko, samurkiro hasi zen haren belaunetan marruskatzen, poeta laztanez eta ile zuriz betez. Izan ere, ileberritzen ari baitzen. Gringoirek ere laztandu egin zuen.

        —Zein dago zurekin? —galdetu zion ijitoak ahots baxuz.

        —Zaude lasai —erantzun zion Gringoirek—. Nire laguna da.

        Orduan filosofoa, kriseilua lurrean utzi, makurtu eta pozaren pozez oihuka hasi zen, Djali beso artean hartuz:

        —Hauxe animalia polita! Handitasuna baino gehiago garbitasuna erakusten du, baina bizkorra, zorrotza eta gramatikaria bezain ikasia da. Tira, Djali. Ez ote zaizu ezer ahaztu? Nola egiten du Jacques Charmolue maisuak?...

        Beltzez jantzitako gizonak ez zion bukatzen utzi. Gringoirerengana hurbildu eta bizkarretik zakar bultza egin zion. Gringoire jaiki egin zen.

        —Egia da —esan zuen—. Ahaztu egin zait presaka ginela, baina, maisu, horrek ez du esan nahi jendea zakar tratatu behar denik. Neska polit hori, zure bizia arriskutan da, eta Djalirena ere bai. Gurekin eraman nahi zaituztegu. Lagun gaituzu eta salbatu egin nahi zaitugu. Zatoz gurekin.

        —Egia ote? —galdetu zuen ijitoak asaldaturik. —Bai, egia. Zatoz bizkor!

        —Pozik joango naiz —murmuratu zuen—, baina zure lagunak zergatik ez du hitzik ere egiten?

        —A! Bere aita eta ama oso pertsona bitxiak ziren eta izaeraz isila atera zaie hau.

        Argibide harekin konformatu behar izan zuen. Izan ere, Gringoirek eskutik heldu zion eta laguna, kriseilua hartuta, aurretik abiatu zen. Neska ondoren joan zitzaien eta ahuntza ere bai, jauzika. Pozik zegoen Gringoirek topatu zuelako eta noiznahi topo egiten zuen ahuntzak adarrak hanketan igurztearren.

        —Begira zer gertatzen den —zioen filosofoak erdi erorian zegoen bakoitzean—. Askotan geure lagunik onenak botatzen gaituzte!

        Dorreetako eskaileran barrena azkar jaitsi ziren. Arin zeharkatu zuten bakardadez eta iluntasunez betetako eliza. Aldi berean zalapartaz beteta egotea harrigarria zen. Azkenean, klaustroko patiora irten zuten Ate gorritik. Klaustroa hutsik zegoen, kalonjeak apezpikuaren etxera denak batera otoitz egitera joan zirelako. Patioa ere hutsik zegoen, eta zoko ilunenetan iskanbilaz izututako morroi batzuk ikus zitezkeen. Patiotik Terrain-era joateko ate txikira joan ziren. Beltzez jantzitako gizonak, berak zeraman giltzaz ireki egin zuen. Irakurleek badakite Terrain izenekoa lur-zerrenda bat zela. Hiri aldetik harresiak zituen. Andre Mariako kapituluarena zen eta eliz atzean ekialdetik irlari muga egiten zion. Hura ere hutsik zegoen eta zalaparta-hotsa txikiagoa zen. Lapurren erasoko zalaparta nahasiago heltzen zitzaien; ez hain ozen. Uraren ildoari jarraituz zebilen haize freskoak, Terrain muturrean zegoen zuhaitz bakarraren hostoak astintzen zituen eta hura zen entzun zitekeen zurrumurrua. Hala ere, artean arrisku handitan zeuden. Gertuen zeuden eraikinak apezpikutegia eta eliza ziren. Apezpikutegian nahasmendu handia suma zitekeen. Multzo ilun hura, leiho batetik bestera harat-honat zebiltzan argiek urratzen zuten, papera erre eta errauts-hondakinean gar txikiek milaka atzera-urrera egiten dituztenean bezalaxe. Ondoan Andre Mariako dorre itzelak, oinean duten nabe luzearen ondoan zutik, atzetik begiratuta eta plaza betetzen zuen hondoko argi gorrian beltzez ebakita, zildope-tximiniako bi su-burdina erraldoi ziruditen.

        Alde guztietatik Parisko gauzak ikusten ziren, argiz nahastutako ilunpean dilindan. Rembrandt-ek baditu horrelako koadro-hondoak.

        Kriseilua zeraman gizona, Terraingo muturrera joan zen zuzenean. Ibai ertzean erdi usteldutako hesola-ilara bat zegoen listoiz josia. Parra bat zeukan itsatsita eta bere adar meharrek zabaldutako eskuaren behatzak ziruditen. Atzean, sare moduko hark egindako itzalean, txalupa bat zegoen ezkutaturik. Gizonak Gringoire eta bere lagunari keinu egin zien joan zitezen. Ahuntza ere ondoren joan zitzaien. Gizona jaitsi zen azkena. Gero, txaluparen amarrak askatu eta kizki luze batekin lehorretik urrundu egin zuen. Bi arraun hartu eta aurrean eserita, indartsu hasi zen boga eta boga ibaiaren erdi aldera. Sena ibaian leku horretan urak azkar samar doaz eta dezente kostatu zitzaion irlako puntatik urruntzea.

        Gringoirek txalupara sartu eta egindako lehen gauza, ahuntza belaun artean kontuz hartzea izan zen. Atzean, popan eseri zen, eta ezezagunak ongi adierazi ezineko egonezina eragiten zion neska ondo-ondoan eseri zitzaion poetari.

        Gure filosofoak, txalupa bazihoala ikusita, eskuak igurtzi eta Djaliri adar artean musu eman zion.

        —O! —esan zuen —Hara hemen gu laurok salbatuta.

        Eta sakon pentsatzen ari denaren aurpegia ipinita, honakoa erantsi zuen:

        —Ekintza handietan arrakasta batzuetan patuari eta beste batzuetan maltzurkeriari zor izaten zaio.

        Txalupa poliki-poliki eskuineko ertzera zihoan. Neskak beldur ezkutuz begiratzen zion ezezagunari. Berak kontu handiz itxi zuen kriseilua argirik atera ez zekion. Ilunpetan txaluparen brankan espektro moduko bat ikusten zen. Beti jantzita zeraman txanoa, mozorroa zen, eta arraunean egiteko oso mahuka beltz zabaleko besoak zabaltzen zituen bakoitzean, saguzar-hegoak zirela esan zitekeen. Gainerakoan, txintik ere ez zuen esan eta hasperenik ere ez zitzaion atera. Txalupan arraunen joan-etorriak eta uraren milaka izurrek ontzia marruskatuta ateratako soinua besterik ez zen entzuten.

        —Arranopola! —oihu egin zuen bat-batean Gringoirek —Salbaturik eta pozik gaude, Askalafo bezala! Pitagorikoak edo arrainak baino mutuago gaude! Arraioa! Norbaitek hitz egin dezala. Ahotsa musika bezalakoa da giza belarriarentzat. Eta hori ez da nik esana; Didimo Alexandriakoak baizik. Hitz bikainak dira, inola ere. Didimo Alexandriakoa ez zen, ez, nola-halako filosofoa. Esazu hitz bat, ume eder horrek. Hitz bat esan, arren! Gainera zuk oso keinu bitxi eta polita egiten duzu. Oraindik ere egiten al duzu? Ba al dakizu, maite horrek, parlamentuak asilo-lekuetan jurisdikzioa duela eta Andre Mariako zeure gelan arrisku handitan zeundela? Ai! Bere habia krokodiloaren ahoan egiten duen kolibri txikiaren antzekoa zara. Begira, maisu! Ilargia atera zaigu berriz. Ea ez gaituzten ikusten! Neska salbatuz on egiten ari gara, baina harrapatuko bagintuzte, erregearen aginduz zintzilikatu egingo gintuzkete. Giza ekintza guztiek dituzte bi helduleku. Nik egindakoagatik kondenatzen banaute, zuk gauza bera eginda goraldu egingo zaituzte. Zesar miresten duenak Katilina gaitzetsi egiten du. Ez al da horrela, maisu? Zer iruditzen zaizu filosofia hori? Nik senaren filosofia dut, berezkoa, ut apes geometriam. Tira! Inork ez al dit erantzun behar? Hau da, hau, zuek biok duzuen umorea! Bakarrik hitz egin beharko dut. Tragedietan guk bakarrizketa deitzen dioguna da. Arraioa! Luis hamaikagarrena erregea ikusi berria dut eta hitz hori itsatsita geratu zait. Arraioa! beraz. Cite horretan orain dik ere zalaparta handiak dira. Beti larruz jantziriko errege zahar gaizto eta txarra da. Nire eztei-kantuagatik oraindik ere dirua zor dit eta gainera gaur arratsaldean ia zintzilikatu egin nau. Horrelakorik ez zitzaidakeen batere gustatuko. Ez horixe! Jende handi oro bezala, diruzalea da. Salvien Koloniakoaren Adversus avaritiam lau liburuak irakurri behar lituzke. Benetan diotsuet. Oso errege zikoitza da letretako jendearentzat eta ankerkeria handiak egiten ditu. Belakia bezalakoa da, herritarren dirua bereganatzen. Gorputzeko beste atalak argalduta puzten den barea bezalakoa da. Horregatik oraingo estutasunagatiko arrangurak printzearen aurkako zurrumurru bihurtzen dira. Jaun elizkoi eta gozo horren azpian, urkamendiak horrenbeste zintzilikaturekin behea jotzen ari dira, trangadelak odolez usteltzen eta presondegiak gehiegi betetako urdailak bezala lehertzen. Errege honek esku bat hartzeko du eta bestea zintzilikatzeko. Zerga anderearen eta Urkamendi jaunaren prokuradore da. Handikiei beren ohoreak Irentzen dizkie eta jende xehea zergaz beteta edukitzen du. Printze itxuragabea da. Ez zait gustatzen errege hau. Eta zuri, maisu?

        Beltzezko gizonak utzi egiten zion filosofo berritsuari hizketan. Citeko popa eta Andre Mariako irlaren branka (orain San Luisen irla deitzen duguna) bereizten duen ur-korronte indartsu eta bortitzaren kontra gogor ari zen arraunean.

        —Eta, maisu! —esan zuen Gringoirek bat-batean —Plazara heldu garenean, lapur amorratu haien artean, konturatu al zara zure gorra erregeen galeriako arranparen kontra kaskezurra hausteko zorian zein gizajo zerabilen? Nire ikusmena ez da ona eta ez dut ezagutu. Zuk ba al dakizu zein zen?

        Ezezagunak ez zuen ezer erantzun, baina arraunketari utzi egin zion. Besoak gelditu egin ziren hautsita baileuden, eta burua bular gainera erori zitzaion. Esmeraldak hasperenka sumatu zuen eta bera ere ikaratu egin zen. Hasperen haiek lehen ere entzunak zituen.

        Bere gisa utzitako txalupak, une batzuetan ur-korronteak eraman zuen. Baina beltzez jantzitako gizona bere onera etorri eta arraunei heldu zien berriz, korronteari kontra eginez. Andre Mariako irlaren muturra utzita, Port-au-Foin-go portura zihoan.

        —A! Begira! —esan zuen Gringoirek-Horra Barbeau etxea. Begira, maisu. Ikusten al dituzu hain angelu bitxiak osatzen dituzten teilatu horiek, han, hodei listu, beltz eta zikin haien azpian, Ilargia zanpatu eta hautsitako arrautzaren gorringoa bezala zabaltzen den lekuan? Etxe ederra da. Kapera bat dauka, ganga txikian ongi nahastutako edergarriz josita. Gainean bere kanpandorre fina ikus dezakezue. Lorategia ere badu, bere urmael, usategi, oihartzun-leku, zumardi, labirinto, piztia-etxe, maitaleentzako zuhaitz-bide eta guzti. Beste arbola bihurri ospetsu bat ere badu. Haragikoia deitzen diote, printzesa famatu baten eta Frantziako kondestable galai-eder baten atseginetan zerikusia izan zuelako. Baina, tira! Filosofo gaixook kondestablearen ondoan, aza eta errefauzko baratza Louvreko lorategiaren parean ipintzea bezalakoa litzateke. Dena den, zer axola dio? Giza bizian, bai handikienean eta bai gurean, ona eta txarra nahasian egoten dira. Mina pozaren ondoan dago eta daktiloa espondeoaren ondoren. Barbeau etxeko historia hau esan behar dizut, maisu. Amaiera tragikoa du. 1319 urtea zen; Felipe V.aren erregealdia (Frantziako guztietan luzeena). Historiaren ondorioa honako hau da: haragiaren tentazioak beti galgarri eta txarrak izaten direla. Lagun hurkoaren emazteari ez diogu gehiegi begiratu behar, bere edertasunak gure zentzuak kilikatu arren. Larrua jotzea oso pentsamendu lizuna da. Adulterioa berriz, besteren haragikeriaren jakin-mina. E! Badirudi zarata alde hartan ozenagoa dela!

        Iskanbila, hain zuzen, Andre Mariako inguruan gero eta handiagoa zen. Garaipen-oihuak nahikoa garbi entzuten ziren. Bat-batean, soldaduen burukoak distirarazten zituzten ehunka zuzi katedraleko bazter guztietara zabaldu ziren; dorre, galeria eta arbotanteetara. Bazirudien argi haiek zerbaiten bila zebiltzala. Handik gutxira urrutiko oihu haiek garbi heldu ziren iheslarienganaino.

        —Ijitoa! Sorgina! Hil dezagun ijitoa!

        Neska gajoak bere burua eskuetara erortzen utzi zuen eta ezezaguna indartsu hasi zen arraunean ibai-ertz aldera. Bitartean filosofoa pentsatzen ari zen. Ahuntza besoetan harturik zeukan eta ijitoarengandik poliki-poliki urrundu egin zen, baina neska gogoz etortzen zitzaion ondora, azken babesa balitz bezala.

        Gringoirek zalantza beldurgarria zeukan. Bere ustetan, indarrean den legeriaren arabera, harrapatuz gero ahuntza ere tamalez zintzilikatu egingo zuten. Djali gajoa! Ondoan bi kondenatu edukitzea gehiegi zela iruditzen zitzaion eta azken finean lagunak pozik hartuko zuen bere gain buhamea. Pentsamenduan gatazka latza zeukan. Izan ere Iliadako Jupiterrek bezala txandaka ijitoa eta ahuntza kontsideratzen baitzituen. Batari zein besteari begiratzen zien malkoz bustitako begiez, honakoa murmuratuz:

        —Ezin zaituztet biak salbatu.

        Astindu batek, azkenean, txalupa heldu zela adierazi zien. Zalaparta triste hark betetzen zuen beti ere Cite aldea. Ezezaguna zutitu eta buhamearengana etorri zen. Lehorreratzeko besotik helduta lagundu egin nahi izan zion, baina neskak uko egin zion Gringoireren mahukari itsatsiz. Filosofoa ordea, bere ahuntzaz arduraturik zebilen eta ez zion ia jaramonik egin. Neskak orduan, berak bakarrik irten zuen txalupatik. Nahasturik zegoen, zertan ari zen eta nora zihoan ez zekielako. Une batez urari begira geldirik geratu zen. Bere onera etorrita, kaian ezezagunarekin bakarrik zegoen. Dirudienez lehorreratzeko uneaz baliaturik, Gringoire bere ahuntzarekin Grenier-sur-l'eau kaleko etxe artean ezkutatu egin zen.

        Ijito gajoa ikaratu egin zen bere burua gizon harekin bakarrik ikusita. Mintzatu, garrasi egin eta Gringoireri dei egin nahi zion, baina bere mihia ahoan geldirik zegoen eta ezpainetatik ez zitzaion soinurik atera. Ezezagunak eskutik heldu ziola sentitu zuen bat-batean. Esku hotz eta indartsua zen. Hortzak karraska hasi zitzaizkion, argitzen zuen ilargi-izpia baino zurbilago zegoen neska gajoari. Gizonak ez zuen hitzik atera. Pauso handiak emanez Greveko plaza aldera igotzen hasi zen, ijitoa eskutik helduta zeramala. Nola edo hala patua gainditu ezinezko indarra dela sentitu zuen. Adorerik gabe, utzi egin zion eraman zezan, eta korrika joan zen ondoren, gizona oinez azkar zihoalarik. Kaia leku hartan aldapatsua zen, baina neskari maldan behera zihoazela iruditu zitzaion.

        Alde guztietara begiratu zuen. Ez zebilen inor. Kaia erabat hutsik zegoen. Cite zalapartatsu eta gorritu aldetik izan ezik, ez zuen zaratarik entzuten. Senaren adar batek bereizi arren, heriotza-garrasiekin batera entzuten zuen bere izena. Parisen gainerakoa, itzal-bloke handitan zeukan inguruan.

        Ezezaguna hala ere, beti bezain isil eta beti bezain azkar zihoan. Leku haietako bat bera ere ez zuen ezagutzen. Argitutako leiho baten parean igaro zirenean, bat-batean zutitu eta ahalegin guztia eginez, deiadar egin zuen:

        —Lagundu! Hel niri!

        Leihoan zegoen hiritarrak ireki egin zuen eta, kriseilua eskuan, bere atorra luzea jantzita azaldu zen. Kai aldera harritu samarturik begiratu zuen. Neskak aditu ez zizkion hitz batzuk esan eta leihoa itxi egin zuen berriro. Itzalitako azken esperantza-izpia zen.

        Beltzez jantzitako gizonari ez zitzaion hitzik ere atera. Eskutik indartsuago heldu eta arinago joaten hasi zen. Neskak ez zion eragozpenik jarri eta ondoren joan zitzaion.

        Aldika indarberritu egiten zen zerbait eta lurreko zuloen nahiz ibilaldiko estutasunaren eraginez honela zioen ahots etenaz:

        —Nor zara? Nor zara zu?

        Baina gizonak ez zion erantzuten.

        Kaiko bideari jarraituz, plaza handi samar batera heldu ziren. Ilargi-pixka bat zegoen. Greveko plaza zen. Erdian gurutze beltz bat zutik nabari zitekeen. Urkamendia inola ere. Guzti hura ezagututa jakin zuen non zegoen.

        Gizona gelditu egin zen. Neskarengana jiratu eta txanoa erantzi zuen.

        —O! —oihu egin zuen gazteak harrituta —Banekien, bai, bera izango zela!

        Apaiza zen. Bere buruaren fantasma zirudien, Ilargi-izpiak sortutako efektua bazen ere. Eman behar argi harekin gauzen espektroak baino ez zirela ikusten.

        —Entzun —esan zion artxidiakonoak.

        Eta gaztea, aspaldian entzun gabeko zorigaiztoko ahots hark eraginda, izutu egin zen. Gizonak segitu egin zuen, barne-ikara handiak adierazten zituzten esaldi etenez eta arnasestuka:

        —Entzun. Hemen gaude. Hau Greveko plaza da. Oso kinka larrian gaude. Patuak elkartu gaitu. Nik zure biziaz erabakiko dut, eta zulo nire arimaz. Plaza honetan eta gauez gaude. Besterik ez dago. Entzun beraz. Gauza bat esango dizut... Lehenik eta behin ez aipatu zure Feborik! —gauza horiek esan bitartean harat-honat urduri zebilen geldirik egon ezinda, neska beregana ekarriz —Ez aipatu gero niri horren konturik. Entzuten al didazu? Hitz hori esaten baduzu ez dakit zer egingo dudan, baina beldurgarria izango da.

        Hori esanda, bere grabitazio-zentroa topatzen duen gorputza bezala gelditu egin zen. Hitzek ordea, oso urduri zegoela salatzen zuten. Ahotsa gero eta apalagoa zuen.

        —Ez bururik jiratu eta entzun ongi. Arazo larria da. Beste ezer baino lehen, zer gertatu den esango dizut. Ez da txantxetakoa, ez. Baina, zer ari nintzaizun esaten? Gogorarazi egin behar didazu! A! Bai. Parlamentuak dekretua egin du zu borreroaren esku uzteko. Haien atzaparretatik libratu zaitut, baina ondoren datozkizu. Begira.

        Besoa Cite aldera zabaldu zuen. Bazirudien bilaketan ari zirela. Zaratak hurbiltzen ari ziren. Greven aurrez aurre, Ordekoaren etxeko dorrea argi eta zalapartaz betea zegoen. Beste aldeko kaian soldaduak zebiltzan oihuka zuziak eskuan zituztela:

        —Ijitoa! Non da Ijitoa? Hil egin behar dugu! Hil!

        —Konturatzen al zara zure bila dabiltzala eta ez naizela gezurretan ari? Nik maite zaitut. Ez. Ez ireki ahorik, gorroto didazula esan behar baduzu. Ez nago horrelakorik entzuteko prest. Salbatu egin zaitut. Utz iezadazu amaitzen. Oraindik ere salba zaitzaket. Dena prest daukat. Zure esku dago. Zuk nahi baduzu, salbatuko zara.

        Bat-batean eten egin zuen bere jarduna:

        —Ez. Ez duzu horrelakorik esan behar.

        Eta korrika (eta eskutik heldurik zeukalako neskari ere korrika eginaraziz), zuzenean urkamendira joan zen. Behatzaz erakutsita honakoa esan zion:

        —Zeuk aukeratu. Hori ala ni.

        Neskak, apaizaren eskutik askatu eta urkamendiaren oinera erorita, heriotza-tresna hura besarkatu egin zuen. Gero bere buru ederra erdizka jiratuta, sorbalda gainetik apaizari begiratu zion. Gurutze barreneko Ama Birjina zirudien. Apaiza geldirik zegoen, behatza urkamendi aldera zuela, estatua balitz bezalaxe.

        Azkenean ijitoa honela mintzatu zitzaion:

        —Zuk baino beldur gutxiago ematen dit.

        Orduan bere besoa emeki-emeki jaitsi eta eraitsita lurrera begiratu zuen.

        —Harri hauek hitz egiterik balute, «hona hemen zoritxarreko gizon bat» esango lukete.

        Eta hizketan segitu zuen. Neska urkamendi barrenean belauniko zegoen bere ile luzeek estalita, eta apaizari ez zion mintzaldia eten. Triste eta gozo ari zen orduan. Benetan kutsu hura ez zegokion bere erasandako harrokeriari.

        —Nik maite zaitut. O! Benetan maite ere. Ez al da ikusten kanpoan bihotza erretzen didan su horretatik ezer? Tira, neska. Honela gau eta egun egoteak, gau eta egun egoteak, bai, ez al du errukirik merezi? Etengabeko maitasuna dela diotsut; oinaze hutsa. O! Gehiegi sufritzen dut, nire neska hori! Gupidatzeko modukoa da, benetan! Gozo hitz egiten dizut, ikusten duzunez. Ez nuke nahi zuk horrelako beldurrik izaterik. Izan ere gizon batek emakume bat maitatzea ez da bere errua! Ene Jaungoikoa! Zer egin dezaket? Ez al didazu inoiz barkatuko? Beti gorrotatuko nauzu! Beraz, amaitu da! Horrek sortzen dit ondoeza eta neure burua izutzen dit! Begiratu ere ez didazu egiten! Nik zutik eta ikaraz gu bion betierekotasunaz hitz egiten dizudan bitartean zu agian beste zerbaitez pentsatzen ari zara! Batez ere ez ofizialik aipatu, arren! Zure belaunetara makurtu eta zeure oinei musu emango banie, zuk ez zenuke nahiko! Umea bezala negar egingo banu, bularretik hitzak ez eta bihotza eta erraiak aterata maite zaitudala esango banizu, alferrik litzateke! Eta zuk zeure ariman samurtasuna eta bihozberatasuna besterik ez duzu! Gozotasunik ederrena darizu. Erabat eztia, ona, errukiorra eta xarmanta zara. A! Niretzat baino ez duzu gorrotoa! O! Patuaren gaiztoa!

        Aurpegia bere bi eskuez ezkutatu eta neskak negarrez sumatu zuen. Lehen aldia zen. Zutik eta negar-zotinek astinduta, belauniko erreguka baino miserableagoa zirudien. Denboraldi batez egon zen horrela negarrez.

        —Tira! —esan zuen lehen negar-saioa amaitu zenean —Ez zaizkit hitzak bururatzen, zuri esan behar nizuna oso ongi pentsatua nuen arren. Orain beldurtuta eta ikaratuta nago. Une garrantzitsuenean indarrek huts egiten didate. Gu biok biltzen gaituen neurriz gaineko gauzaren bat sentitu eta dardara egiten dut. O! Lurrera eroriko naiz, nitaz eta zeure buruaz errukitzen ez bazara. Ez gaitzazu biak kondenatu. Zenbat maite zaitudan jakingo bazenu! Nire bihotza nolakoa den bazeneki! O! Hori da bertuteak erabat uztea! Neure burua etsita uztea! Doktore izanik zientzia arbuiatu egin dut, noble izanik nire izena zikindu egin dut, apaiz izanik meza-liburua burko haragikoi bihurtu dut, jainkoari aurpegira txu egin diot. Eta guzti hori zuregatik, sorgin hori! Zure infernurako gauza izateko egin dut guzti hori, eta zuk ez duzu kondenaturik nahi! O! Baina dena esan behar dizut! Oraindik bada beldurgarriagorik! Beldurgarriagoa...

        Azken hitz haiek esandakoan, begiak zoratuago ipini zituen. Une batez isildu egin zen, eta ondoren, bere buruari ari bailitzaion, ozen hasi zen hizketan:

        —Kain. Zer egin diozu anaiari?

        Isilunea izan zen berriz, eta honela eman zion jarraipena:

        —Zer egin diodan, jauna? Jaso egin dut, mantendu, jaten eman diot, maitatu egin dut, jainkoa bailitzan gurtu, eta hil egin dut. Bai jauna. Neure aurrean hautsi diote burua zure etxeko hormetako harrien kontra. Nire erruz, emakume honen erruz, honen erruz...

        Begiak ikaraturik zituen. Ahotsa gero eta ahulagoa zuen eta pentsatu ere egin gabe errepikatzen zituen aldika esaldi batzuk, kanpaiak azken dangada luzatzen duen antzera.

        —Honen erruz... Honen erruz...

        Gero, nahiz eta ezpainak mugitu, haren ahotik entzuteko moduan ez zen hitzik atera. Bat-batean, makurtu egin zen erortzen ariko bailitzan eta lurrean egon zen mugitu ere egin gabe, burua belaunetan zuela.

        Neskak, azpian geratutako oina kenduz igurtzita, bere onera ekarri zuen. Eskuak masailetatik poliki pasatu zituen. Harrituta geratu zen bere behatz hezeei begira.

        —Nola? —murmuratu zuen —Negar egin dut!

        Bat-batean ijitoarengana jiratu eta oso larri honela mintzatu zitzaion:

        —Hara! Negarrez ikusi nauzu! Ume hori. Ba al dakizu malko hauek laba direla? Egia da, beraz, gorroto zaion gizonaren ezerk ez duela hunkitzen! Hiltzen ikusiko baninduzu, barre egingo zenuke. O! Nik ez zaitut hiltzen ikusi nahi! Hitz bat! Barkamen-hitz bat esan! Ez esan maite nauzunik. Horretan saiatuko zarela esatea aski da. Salbatuko zaitut. Bestela... O! Denbora amaitzen ari da. Gauzarik sakratuenen izenean, arren eskatzen dizut deika ari zaizun urkamendi hori bezala harri bihurtu baino lehen mintza zaitezen! Pentsa ezazu bion etorkizuna neure esku dudala eta iritziz erraz alda naitekeela. Dena erortzen utz dezaket eta gure azpian hondorik gabeko zoritxarreko amildegia dago. Ni erorita zu ere betirako amilduko zinateke! Hitz adeitsu bat esan! Hitz bat! Besterik ez.

        Neskak ahoa ireki zuen erantzun asmoz. Apaiza orduan belauniko jarri zitzaion haren ezpainetatik aterako zen hitza, hitz samurra agian, gurtuz entzutearren. Neskak honakoa esan zion:

        —Zu hiltzailea zara!

        Apaizak besoetan hartu eta irri higuingarriz barrez hasi zen.

        —Ongi da. Hiltzailea! Hiltzailea naiz! —esan zuen —Baina nirea izango zara. Esklabotzat hartu nahi ez banauzu, nagusi izango naiz. Nirea izango zara. Gordelekua daukat eta haraino eramango zaitut. Nirekin etorriko zara. Etorri egin beharko duzu. Bestela entregatu egingo zaitut! Nirea izango zara, eder hori, ala hil egin beharko duzu! Apaizarena, apostatarena, hiltzailearena, izango zara gaur gauean bertan, ulertzen? Tira! Alai gaitezen! Eman musu, ero horrek! Hilobia ala nire ohea!

        Begiek lizunkeriaz eta amorruz diz-diz zegioten. Aho haragikoiak neska gaztearen lepoa gorritzen zuen, ijitoa apaizaren besoetatik askatu ezinik zebilela. Bitsa zerien laztanez betetzen ari zen.

        —Ez horzkarik egin, munstro halako hori! —oihu egin zuen neskak —O! Fraide zikin nazkagarria! Utz nazazu! Zure ile urdin gogaikarriak erauzi eta aurpegira botako dizkizut!

        Apaiza gorritu egin zen lehenbizi, eta zurbildu gero. Neska utzi eta goibel begiratu zion. Ijitoak bere burua garailetzat hartu zuen orduan, eta honela hitz egin zion:

        —Esan dizut Feborena naizela. Febo maite dut. Nire Febo ederra! Zu, apaiz hori, zaharra, itsusia zara. Utikan!

        Burdina goriaz markatutako miserableak bezalako oihu garratza atera zitzaion apaizari.

        —Hil zaitez, bada! —esan zion hortz-karraska artean.

        Begirada beldurgarria ikusi zion neskak, eta ihes egin nahi izan zuen. Apaizak berriz heldu eta astindu egin zuen. Lurrera bota eta Tour-Roland-eko izkinara joan zen azkar, neska bere esku ederretatik helduta lurrean arrastaka zeramala.

        Iritsi zirenean, neskarengana jiratu zen:

        —Azkeneko aldia da. Nirea izan nahi al duzu? Neskak ozen erantzun zion:

        —Ez!

        Orduan apaiza deiadarka hasi zen:

        —Gudule! Gudule! Hona hemen ijitoa! Mendeku har ezazu!

        Neskak norbaitek bat-batean ukondotik heldu egin ziola sentitu zuen. Begiratu eta beso mehar bat ikusi zuen. Hormaren argi zulotik atera eta burdinazkoa bailitzan gogor atxikirik zeukan.

        —Gogor eutsi! —esan zion apaizak —Ihes egindako ijitoa da. Ez askatu, guardien bila noa eta. Zintzilikatuta ikusiko duzu.

        Zintzur-barreak erantzun zien barrutik hitz odoltsu haiei:

        —Ja, ja, ja!

        Buhameak apaiza Andre Mariako zubi aldera korrika joaten ikusi zuen. Zaldi-hotsa entzuten zen alde hartatik.

        Neskak ezagutu egin zuen preso zegoen andere gaiztoa. Beldurrez arnaska, askatzen saiatu zen. Besoak bihurritu egin zituen eta tiraka aritu zen herio-sukarrean, baina andereak berebiziko indarrez estu loturik zeukan. Min ematen zien behatz ihar eta hezurtsu haiek, haragia estutu eta besoa erabat inguratzen zioten. Katea, girgilu edo burdinazko uztaia baino gehiago zen. Hormatik ateratzen zen kurrika adimentsu eta bizia zen.

        Akituta, neska hormaren kontra erori zen eta heriotzaren beldurrak hartu zuen. Bizitzako edertasunaz, gaztetasunaz, ortzeaz, naturaren ederraz, maitasunaz, Feboz, ihes egiten zion guztiaz, zetorkionaz, salatuko zuen apaizaz, etorriko zen borreroaz eta han zegoen urkamendiaz pentsatu zuen. Orduan izua ileen erroetaraino igotzen sentitu zuen eta andere kartzelaratuaren barre goibela heldu zitzaion:

        —Ja, ja, ja. Urkatu egingo zaituzte!

        Beldurraren beldurrez erdi hilik, argizulora jiratu zen eta burdinazko barren artetik «sachette»ren aurpegi basatia ikusi zuen.

        —Zer egin dizut nik? —galdetu zion ia korderik gabe.

        Kartzelaratuak ez zuen erantzun. Murmuratzen hasi zen, kantuz ia, haserre eta amorruz beterik:

        —Egiptoko alaba! Egiptoko alaba! Egiptoko alaba!

        Esmeralda gajoak burua makurtu egin zuen, ileen azpian geratu zitzaiolarik. Hizketan ari zitzaiona ez zen pertsona.

        Bat-batean kartzelaratuak garrasi egin zuen, ijitoaren galderak herengana heltzen denbora hura behar izan balu bezala.

        —Zer egin didazun? A! Zuk egin didazuna, ijito horrek! Entzun, bada. Nik alaba bat nuen. Ba al dakizu? Alabatxo polita nuen! Nire Agnes! —esan zuen asaldaturik, ilunpean zerbaiti musu emanez —Konturatzen al zara, Egiptoko alaba hori? Kendu egin zidaten. Lapurtu egin zidaten umea. Jan egin zidaten. Hori da zuk egin didazuna.

        Neska gazteak bildotsak bezala erantzun zion:

        —Sentitzen dut, baina ni seguru asko artean jaio gabe egongo nintzen!

        —O! Bai! —erantsi zuen andereak —Jaioa zinen, bai. Zure adinekoa izango zen. Hor nonbait. Hamabost urte daramatzat hemen. Hamabost urte sufritzen, otoitz egiten, burua hormen kontra kolpatzen. Ijitoek harrapatu zidaten. Ulertzen al duzu? Beren hortzez jan zuten. Ba al duzu bihotzik? Pentsa ezazu umea jolasten ari dela, bularreko haurra dela, lo dagoela. Hain da errugabea! Ba, horixe! Horixe lapurtu eta jan egin didate! Gure Jaungoikoak badaki ongi! Baina orain nire txanda da, eta Egiptoko neska jango dut. Pozik hozka egingo nizuke, barroteek oztopo egingo ez balidate. Buru potoloegia dut! Nire alabatxo gaixoa! Lotan zegoela! Hartu zutenean esnatu bazen ere, negar egin bazuen ere, berdin izango zen, ni ez nengoen han eta! A! Ama ijitoak! Nire umea jan duzue! Zatozte orain zeuena ikustera.

        Orduan barrez hasi zen, edo bestela haren hortz-karraska zen, zeren aurpegi amorratu hark bietako edozer izan zitekeela adierazten baitzuen. Egunsentia zen eta errauts-isla batek eszena hura apur bat argitzen zuen, urkamendia plaza erdian gero eta hobeto ikusten zelarik. Andre Mariako zubi aldetik bestetik, gazte gajoari zaldun-hotsak gero eta gertuago zeudela iruditzen zitzaion.

        —Andere! —zioen eskuak elkartu eta bi belaunen gainean, ileak nahasita, galduta, izuaren izuz erotuta —Andere! Izan nitaz gupida. Badatoz. Nik ez dizut ezer egin. Zeure begien bistan hain itsuski hil nazaten nahi al duzu? Zu errukitsua zara. Seguru nago. Gogorregia da. Utz nazazu salbatzen. Utz nazazu, arren! Ez dut horrela hiltzerik nahi!

        —Ba, emadazu nire haurra! —esan zion kartzelaratuak.

        —Errukitu, arren!

        —Itzuli neure alabatxoa!

        —Aska nazazu, Jainkoarren!

        —Itzuli neure alabatxoa!

        Berriz ere neska gaztea erori egin zen, akituta, hautsita, hildakoak bezalako begi leiartsuz.

        —Tira! —murmuratu zuen —Zu zeure alabatxoaren bila zabiltza. Ni berriz, neure gurasoen bila nabil.

        —Ekarri nire Agnes txikia! —erantsi zuen Gudulek —Ez al dakizu non egon daitekeen? Hil zaitez bada! Esango dizut. Ni emagaldua nintzen eta ume bat nuen. Haurra ebatsi egin zidaten. Ijitoak izan ziren. Beraz, zuk ere hil egin behar duzu. Zure ama ijitoa bila datorrenean, honakoa esango diot: «Begira, ama hori, urkamendi horri!». Edo bestela: «Ekar iezadazu nire alabatxoa. Ba al dakizu nire haurra non den? Gauza bat erakutsiko dizut. Hona hemen zapatatxoa. Harenik hau besterik ez dut. Ba al dakizu bestea non den? Baldin badakizu, esadazu. Munduko beste muturrean badago ere, belauniko joango natzaio bila.

        Hori esanarekin batera, argizulotik beste besoa atera eta bordatutako zapatatxoa erakutsi zion. Forma eta koloreak nabaritzeko bezain argi zegoen.

        —Erakutsi zapatatxo hori! —esan zion ijitoak ikaraz —Ene Jaungoikoa!

        Eta libre zeukan besoaz lepotik zintzilik txirtxila eta guzti zuen poltsatxoa ireki zuen.

        —Tira, tira! —murmuratu zuen Gudulek —Bila ezazu zure demoniozko kuttun horietan!

        Bat-batean isildu egin zen eta deiadar egin zuen barren-barrenetik ateratako ahotsez:

        —Nire alaba!

        Ijitoak poltsatxotik zapatatxo bat, bestearen berdin-berdina, atera berria zuen. Zapatatxoak pergamino txiki bat zeraman lotuta, eta honela zioen han idatziak:

 

                Quand le pareil retrouveras,

                Ta mère te tendra les bras.

 

        Tximistak baino azkarrago, kartzelaratuak bi zapatatxoak parean ipini, pergaminoa irakurri eta pozez gainezka bere aurpegia argizuloko barren kontra ipini zuen oihuka:

        —Nire alaba! Nire alaba!

        —Ama! —esan zion ijitoak.

        Orain, hango ikuskizuna deskribatzeari uko egingo diogu.

        Bien artean horma eta burdinazko barrak zeuden.

        —O! Horma hau! —zioen garrasika kartzelaratuak —Ikusi eta besarkatu ezin! Eman eskua! Eman eskua!

        Neskak bere besoa argizulora sartu zuen eta anderea bat-batean laztanka hasi zitzaion. Musu luze hartan murgilduta egon zen, noizbehinka zotinka aldakak altxatzea izan ezik zirkinik ere egin gabe. Bitartean, isilik, ilunpean, gaueko euria bezala malkoak errekaz zerizkion. Ama gajoak barrenean minez tantaka hamabost urtez iragazitako malkozko putzu sakon eta beltza, olatuka ari zen esku maite hartara husten.

        Bat-batean jaiki, ile urdin-luzeak aurpegi aurretik alboratu eta, hitzik ere esan gabe, bere bi eskuez presondegiko barroteak lehoi emea baino haserreago astintzen hasi zen. Burdinazko barrek eutsi egin zioten astinaldiari. Orduan lurrean lotarako burko gisa erabiltzen zuen adokin moduko bat bilatu zuen. Barren kontra hain bortitz jaurti zuenez, haietako bat hautsi egin zen milaka txinpart aterata. Bigarren kolpean argizuloa ixten zuen burdinazko gurutzea hautsi egin zen. Orduan bere bi eskuez barra-pusketa hautsi eta herdoilduak kendu egin zituen. Emakumearen eskuek izan ere, une batzuetan neurriz gaineko indarra izaten baitute.

        Bidea libraturik (minutu bat igaro baino lehen libratu ere), alabari gerritik heldu eta gelara sartu zuen.

        —Zatoz, amildegitik atera nahi zaitut eta! —murmuratu zuen.

        Neska gela barruan zegoenean, emeki-emeki lurrean utzi zuen. Gero besoetan hartu zuen, Agnes txikia balitz bezalaxe. Atzera eta aurrera zebilen gela estu hartan, mozkortuta, erotuta, pozik, kantuan, alabari musu emanez, hitz eginez, barrez, negarrez, erabat liluraturik.

        —Nire alaba! Nire alaba! —zioen —Alaba neurekin dut! Hona hemen! Gure Jaungoiko maiteak ekarri dit! Zatozte denok! Alaba hementxe dudala ikus dezan ba al da hor inor? Ene Jesus maitea! Zein ederra den! Hamabost urtez zain eduki nauzu, jauna, baina ederrago itzultzeko izan da. Ijitoek ez zuten, ez, jan. Zeinek esan du hori? Nire alabatxoa! Laztan nazazu! Ijito on horiek! Asko maite ditut ijitoak! Zu zara, bai. Horregatik hasten zitzaidan bihotza taupaka zu hemen zinen bakoitzean. Eta ni guzti hori gorrotoa zelakoan! Barka nazazu, Agnes. Barka nazazu! Oso gaiztoa nintzela irudituko zitzaizun, ezta? Maite zaitut. Oraindik ere hor al duzu seinale txikia lepoan? Ikus dezagun. Bai. Hortxe dago. O! Zein polita zaren! Ba al dakizu, andereño, begi eder horiek nik eman dizkizudala? Laztan nazazu! Maite zaitut. Beste ama guztiek umeak badituzte ere, berdin zait. Orain denei egiten diet barre. Datozela. Nik ere hementxe daukat neurea. Hona hemen bere lepoa, bere begiak, bere ileak, bere eskua. Ea ederragorik topatzen duzuen! O! Asko egongo dira honetaz maiteminduta! Hamabost urtez negar egin dut. Nire edertasuna joan da, baina bera etorri da. Laztan nazazu.

        Horrelaxe eduki zuen beste mila kontu bitxi esanez, baina esateko kutsuak eder bihurtzen zituen. Neska gorritzeraino biltzen zizkion arropak eta eskuez leuntzen zizkion zetazko ileak. Oinak, belaunak eta begiak laztandu eta guztiak txundituta uzten zuen. Neska gazteak utzi egiten zion, noizbehinka oso samurkiro bi hitz hauek esanez:

        —Nire ama!

        —Ikusten al duzu, nire txiki horrek? —bere hitz guztiak musuka etenez —Zenbat maite zaitudan! Hemendik joan eta oso zoriontsu izango gara. Gure herrian, Reims-en, herentziaz zerbait jaso dut. Reimsen, bai al dakizu? A! Ez. Zuk ez dakizu hori. Txikiegia zinen orduan. Lau hilabeterekin zein polita zinen jakingo bazenu! Zure oin txikiak ikustera zazpi legoara dagoen Epernay-tik etortzen zen jendea! Lur-sail bat eta etxea izango ditugu. Nire ohean etzango zaitut Ene Jaungoikoa! Zeinek esan? Neurekin dut alaba berriz!

        —O! Ama! —esan zuen neskak, hunkituta egon arren hitz egiten ahaleginduz —Ijitoak esan zidan. Gure artean ba zen iaz hildako emakume on bat. Inudeak bezala zaindu ninduen beti. Hark ipini zidan lepotik zintzilik poltsatxoa eta askotan esaten zidan: «Bitxi hau ongi gorde, txiki horrek. Altxorra da. Honekin ama topatuko duzu. Ama lepotik zintzilik daramazu». Ijito hark esan zidan, bai.

        Sachette izeneko andereak bere alaba berriz besarkatu zuen.

        —Utz nazazu laztantzen. Dena hain ederki esaten duzu! Geure herrira joaten garenean elizako jesus haurra zapatatxo hauekin jantziko dugu. Guzti hau Ama Birjinari zor diogu. Ene Jaungoikoa! Hori da ahots polita duzuna, hori! Oraintxe hitz egin didazunean, musika zela iruditu zait. A! Jauna! Neure umea topatu dut! Sinestekoa al da? Hiltzea ezinezkoa da, ni pozez hil ez naizenez.

        Gero txaloka, barrezka eta oihuka hasi zen:

        —Oso zoriontsu izango gara!

        Une hartan gelara arma- eta zaldi-hotsa heldu zen. Andre Mariako zubitik kaian aurrera zetorrela zirudien. Ijitoa urduri joan zen sachette-ren besoetara.

        —Salba nazazu! Salba nazazu, ama! Badatoz!

        Kartzelaratua zurbildu egin zen.

        —Ene bada! Egia! Ahazturik neukan! Ondoren datozkizu! Zer egin duzu?

        —Ez dakit —erantzun zion neska gajoak—, baina hiltzera kondenatu naute.

        —Hiltzera! —esan zuen Gudulek bat-batean tximistak jota bezala —Hiltzera! —esan zuen alabari poliki-poliki begiratuz.

        —Bai, ama! —esan zuen gazteak erdi nahasturik —Hil egin nahi naute. Horregatik dabiltza nire bila. Urkamendi hori niretzat da. Salba nazazu! Badatoz! Salba nazazu!

        Anderea une batzuetan geldirik egon zen, harrizkoa bailitzan. Gero buruari eragin zion, zalantza adieraziz, eta irribarre beldurgarri hura etorri zitzaion.

        —O! O! Ezinezkoa da. Ametsa da zuk diozuna. Hamabost urtez galduta eduki eta orain topatuta minutu batez besterik eduki ez, horiek datozela eta! Orain etorri behar, orain, handia eta ederra denean, hitz egin eta musu ematen didanean! Orain etorri eta neure begien bistan jango didate; amaren aurrean! Ez! Hori ezinezkoa da. Gure Jaungoikoak ez du horrelakorik gertatzen utziko.

        Une hartan, zaldi-hotsa geratu egin zela ematen zuen eta urrutira ahots bat entzun zen:

        —Hemendik, maisu Tristan! Apaizak Arratoi-zuloan aurkituko dugula esan digu.

        Berriz ere zaldi-hotsa entzun zen.

        Anderea zutik jarri zen etsipenez oihu eginda:

        —Salba zaitez! Salba zaitez, nire ume hori! Orain gogoratzen naiz. Arrazoi duzu. Hil egin nahi zaituzte! Salba zaitez!

        Burua argizulora hurbildu eta berehala kendu zuen.

        —Gera zaitez! —esan zion ahots baxu eta tristez, bizirik baino gehiago hilik zirudien ijitoaren eskua dardarka estutuz —Gera zaitez! Ez arnas hotsik atera! Soldaduak bazter guztietan daude. Ezin duzu irten. Argi handiegia dago.

        Haren begietatik sua ateratzen zen. Une batez ez zuen hitzik ere egin. Urrats handiz gelan harat-honat zebilen eta aldika geratu egiten zen bere ile urdin batzuk erauzi eta berehala hortzez txikitzeko.

        Bat-batean honakoa esan zuen:

        —Badatoz. Hitz egingo diet. Ezkutatu hor txokoan. Ez zaituzte ikusiko. Ihes egin duzula esango diet. Neuk askatu zaitudala.

        Orduan alaba utzi egin zuen, zeren artean besoetan baitzeukan, kanpotik ikusten ez zen txokoan. Oso kontuz utzi zuen bilduta, hankak edo eskuak itzaletik irten ez zitezen. Ile beltzak askatu egin zizkion eta arropa zuriaren gainean zabaldu, ezkutatzearren. Txarroa eta burko gisa erabiltzen zuen harria, zeuzkan altzari guztiak, aurrean ipini zizkion. Txarroak eta adokinak ezkutatu egingo zutela iruditzen zitzaion. Lan horiek amaitu zituenean, lasaiago, belauniko jarri eta otoitz egin zuen. Jaioberri zen egunak, artean Arratoi-zuloan ilunpeak uzten zituen.

        Une hartan apaizaren ahotsa, infernuko ahots hura, gelatik oso gertu entzun zen oihuka:

        —Hemendik, Febo Cateauperskoa!

        Une hartan, bere txokoan ezkutaturiko Esmeralda mugitu egin zen.

        —Egon geldirik! —agindu zion Gudulek.

        Hori esan orduko gizon, ezpata eta zaldizko multzo bat gela aurrean geratu egin zen. Ama azkar jaiki zen eta argizulora joan zen estaltzearren. Greveko plazan armatutako jende ugari ikusi zuen. Oinezkoak eta zaldizkoak ziren. Buruzagia zalditik jaitsi eta anderearengana etorri zen.

        —E, atsoa! —esan zion aurpegi beldurgarria zeukan gizon hark —Sorgin baten bila gabiltza. Urkatu egin behar dugu. Zuk daukazula esan digute.

        Ama gajoak ahalik eta ongien egin zuen axolagabearen itxura. Honela erantzun zion:

        —Ez dakit oso ongi zer esan nahi didazun.

        Besteak berriz:

        —Arraioa! Zer esan digu bada artxidiakono ero horrek? Non dago?

        —Jauna —adierazi zion soldadu batek—. Joan egin da.

        —Kontuz gero, atso ero hori! —esan zion buruzagiak —Ez gezurrik esan horregatik! Sorgin bat utzi dizute zaintzeko. Zer egin duzu?

        Kartzelaratuak ez zuen dena ukatu nahi, susmatzen hasiko zirelakoan, eta honela erantzun zien zakarki:

        —A! Lehen besotik helduta eduki dudan neska gazteaz ari zarete. Askatu egin dut, horzka egin dit eta. Tira. Utz nazazue bakean.

        Buruzagiak nahigabe-keinua egin zuen.

        —Ez gero gezurrik esan, mamu zahar horrek! —esan zion —Tristan l'Hermite naiz; erregearen laguna. Tristan l'Hermite, entzun al duzu?

        Eta Greveko plazara begiratuz honakoa erantsi zuen:

        —Izen honek hemen oihartzuna du.

        —Satan l'Hermite bazina ere —bota zion itxaropen-apur batekin Gudulek—, ezingo nizuke besterik esan eta ez nintzateke zure beldur.

        —Arrano-pola! Hauxe atsoa, hau! Neska sorginak ihes egin du! Eta nondik joan da?

        Gudulek axolagabe itxuraz erantzun zuen.

        —Mouton kaletik, uste dut.

        Tristanek burua jiratu eta tropei keinu egin zien aurrera joan zitezen. Kartzelaratua lasaitu egin zen.

        —Jauna! —esan zuen bat-batean arkulari batek —Galdetu atsoari ea argizuloko barroteak hautsita zergatik dauden.

        Galdera hark larritu egin zuen ama gajoa, baina ez zen erabat kikildu:

        —Beti horrela egon da —murmuratu zuen.

        —Tira! —erantsi zuen arkulariak —Atzo bertan barrek gurutze beltza osatzen zuten, otoitzerako gogoa emanez.

        Tristanek zeharka begiratu zion kartzelaratuari.

        —Atsoa urduri jartzen ari dela iruditzen zait!

        Gajoak dena bere patxadaren gorabeheran zegoela sentitu zuen, eta heriotza ariman zuela barrez hasi zen.

        —Ba! —esan zuen —Gizon hori edana dago. Urtebete izango da harriz betetako gurdiaren atzeak jo eta argizuloko barrak hondatu zituela. A zer nolako madarikazioak bota nizkion itzainari!

        —Egia da —esan zuen beste arkulari batek—. Neu ere hemen nintzen orduan.

        Nonahi egoten da dena ikusitako norbait. Ustekabeko arkulari eta lekuko haren aitorpenak piztu egin zuen kartzelaratua. Izan ere galdeketa hark amildegia ganibetaren sorbatz gainetik zeharkatzera behartzen baitzuen. Baina ezinbestean jasan egin behar zituen txandaka larrialdiak eta itxaropen-aldiak.

        —Hori gurdi batek egin balu —erantsi zuen lehen arkulariak— hautsitako barrak barru aldera okertuta egongo zitezkeen, baina hauek kanpo aldera daude.

        —E! E! —esan zion Tristanek soldaduari —Chatelet-eko inkestagilearen usaimena duzu. Ea atsoak horri zer erantzuten dion!

        —Ene Jaungoikoa! —oihu egin zuen andereak estutasunean eta nahi ezta malkoz beteta —Zin degizut, jauna, barrak gurdiak hautsi zituela. Entzun duzu gizon horrek ikusi zuela. Eta gainera, horrek ijitoarekin ba al du zerikusirik?

        —Um! —marmar egin zuen Tristanek.

        —Hara! —esan zuen probestuak laudorio egindako soldaduak —Burdinak hautsi berriak daude!

        Tristanek buruari zalantza eragin zion. Anderea zurbildu egin zen.

        —Gurdiarena orain dela zenbat denbora gertatu zen?

        —Hilabete. Hamabost egun agian, jauna. Ez dakit.

        —Lehen urtebete esan du —argitu zuen soldaduak.

        —Hau susmagarria da —esan zuen probestuak.

        —Jauna! —zioen andereak beti ere burua argizulo aurrean zuela eta gela barrukoa ahal zuen neurrian ezkutatuz —Zin degizut gurdiak hautsi duela; paradisuko aingeruengatik zin egin ere. Gurdia izan ez bada, jainkoa ukatu eta betirako infernura joan nadila!

        —Oso bero ari zara zu zin egiten! —esan zion Tristanek bere inkisidore-begiradaz.

        Andere gajoari bere buruarekiko konfiantza agortzen ari zitzaion. Hanka-sartzeak egin zituen eta izuturik zegoen esan behar zituenak ez zituela esan konturatuta.

        Orduan beste soldadu bat etorri zen oihuka:

        —Jauna! Atso zahar horrek gezurra dio. Sorginak ez du Mouton kaletik ihes egin. Kateaz itxita egon da gau guztian kalea eta kateazainak ez du inor ikusi.

        Gero eta aurpegi gaiztoagoa zuen Tristanek, kartzelaratuari galde egin zion:

        —Eta orain, zer diozu?

        Ustekabe han aurre egiten saiatu zen:

        —Ez dakit, jauna. Agian oker nengoen. Ibaiaz beste aldera joan dela uste dut.

        —Hori justu kontrako aldean dago —esan zuen probestuak—. Cite aldean bere ondoren genbiltzan eta hara joatea ez dirudi bidezkoa. Gezurretan ari zara, atso hori!

        —Gainera —erantsi zuen lehen soldaduak —txaluparik ez dago; ez alde honetan eta ez hartan.

        —Igerian joango zen —erantzun zuen andereak, bereari gogor eutsiz.

        —Eta emakumeek noiztik egiten dute igeri? —galdetu zuen lehen soldaduak.

        —Arraioa! Atso hori! Gezurretan ari zara! —deiadar egin zuen Tristanek haserre —Sorgin hori utzi eta zeu zintzilikatzeko gogoa ematen dit. Ordu-laurdenean oinaze-gelan edukita aterako nizuke, bai, egia zure eztarri horretatik. Tira! Gurekin etorriko zara.

        Hitz horiei gogor heldu eta honela erantzun zion:

        —Goazen bada, hori nahi baduzu. Oinaze-gelara? Ongi da. Goazen azkar.

        Andereak bitartean bere alaba salbatu egingo zela pentsatzen zuen.

        —Arraioa! Hori da oinazegailuetara joateko gogoa, hori! Ero honi ez diot ezer ulertzen.

        Ile zuriko erronda-sarjentu zahar bat bere taldetik atera eta probestuari honela mintzatu zitzaion:

        —Erotuta dago jauna. Ijitoak ihes egin badu, ez da bere errua izan; ez baititu batere gogoko. Hamabost urte daramat erronda egiten eta gauero sumatu dut ijitoei gaizki-esaka etengabe. Orain harrapatu nahi duguna ahuntzarekin zebilen dantzari gaztea dela uste dut, eta hain zuzen horri gorroto bizia dio.

        Gudulek ahalegina eginez, honela hitz egin zuen:

        —Horrixe batez ere.

        Errondako gizon guztiek baieztatu zioten probestuari sarjentu zaharrak esana. Tristan l'Hermitek andereari ezer garbirik aterako ez ziola eta, atzea emanda poliki-poliki bere zaldiraino joan zen. Gudulek adierazi ezinezko larritasunez begiratzen zion.

        —Goazen! —esan zuen buruzagiak —Ekin bilatzeari! Ijitoa urkatu arte ez dugu atsedenik hartuko.

        Baina zalantza egin zuen zaldira igo baino lehen, eta Gudule hil ala bizi zegoen plazan zebilen, aurpegi urduri hari begira. Ehizakiaren gordelekua hurbil sentitu eta handik alde egin nahi ez duen ehiza-txakurra zirudien. Azkenean, buruari eragin eta zelara jauzi egin zuen. Gudulek hain estutua zeukan bihotza lasaitu egin zen. Tropak etorri zirenetik begiratzera ere ausartu ez zitzaion alabari, ahopeka honela esan zion:

        —Salbatu zara!

        Neska gajoa denboraldi guzti hartan bere txokoan egon zen ia arnasarik ere hartu gabe, mugitu gabe, heriotza gainean zuela pentsatuz. Gudule eta Tristanen arteko ipi-apa guztiak sentitu zituen eta bere amaren larritasunak ere bai. Amildegian zintzilik zeukan sokaren hariak banan-banan ebakitzen ari zitzaizkiola ikusi zuen. Gutxienez hogei aldiz iruditu zitzaion soloa hautsi zela, baina azkenean oina tinko lurrean ezarri eta arnasa hartzen hasia zen. Orduan norbaitek probestuari esandakoa entzun zuen:

        —Tira, probestu jauna! Armagizonaren zeregina ez da sorginak zintzilikatzea. Jendaila han dago. Beraz, lan hori zuri utzita neure konpainiara joango naiz, ongi baderitzozu; kapitainik gabe baitago.

        Ahots hura, Febo Chateauperskoarena zen. Neskak sentitu zuena ez dago hitzez adierazterik. Hura laguna zuen, babeslea, euskarria; hitz batean esanda, bere Febo! Jaiki egin zen, eta amak galarazteko astirik gabe, argizulora jauzi egin zuen deiadarka:

        —Febo! Lagundu Febo!

        Febo ez zegoen han. Coutellerie kaleko izkina igaroa zuen ordurako bere zaldian arrapaladan, baina Tristan artean han zegoen abiatu gabe. Andereak bere alabarengana bat-batean joanda atzera bultza zuen, atzazalak lepoan sartuta. Estutasun horietan tigre emea ez da leunkeriatan ibiltzen. Baina beranduegi zen; Tristanek ikusi egin baitzuen.

        —Je, je! —barre egin zuen bere ahoko hortz guztiak erakutsiz eta aurpegiak otsoaren muturra zirudiela —Bi arratoi arratoi-zulo berean!

        —Banengoen ba ni! —esan zuen soldaduak.

        Tristanek bizkarrean jo zuen.

        —Katu ona zara! Goazen! —erantsi zuen —Non da Henriet Cousin?

        Bere soineko eta itxuraz soldadua ez zen bat atera zen multzotik. Soinekoa erdia grisa eta erdia marroia zuen, kizkurrik gabeko ileak, larruzko mahukak eta lokarriak bere esku handietan. Gizon hura beti Tristanen ondoan egoten zen, eta Tristan beti Luis XI.aren alboan.

        —Lagun —esan zuen Tristan l'Hermitek—. Bila ari garen sorgina dela iruditzen zait. Zintzilika ezazu. Ekarri al duzu eskailera?

        —Han bada bat, Pilare-etxeko aterpean —erantzun zion gizonak—. Hemen urkatuko al dugu? —galdetu zuen harrizko urkamendia seinalatuz.

        —Bai.

        —Ja, ja! —barre egin zuen probestuak baino basatiago —Ez daukagu urrutira joan beharrik.

        —Bizkor! —agindu zion Tristanek —Gero ere egingo duzu barre.

        Tristanek alaba ikusi eta itxaropen guztiak joan zitzaizkionez gero, andereak ez zuen hitzik ere atera. Ijitoa erdi hilik kobazuloko zokora jaurti zuen eta argizuloan jarri zen, bi eskuak erpeak bailiran aurrean zituela. Horrela desafio egiten zien soldaduei, begirada basati eta galduaz. Henriet Cousin gelara hurbildu zenean, keinu izugarria egin zion. Henrietek atzera jo zuen:

        —Jauna —galdetu zuen probestuarengana etorrita—. Bietan zein da preso hartu behar dena?

        —Gaztea.

        —Gaitz erdi, zeren atsoa harrapatzea zailagoa izango bailitzateke.

        —Ai, ahuntzarekin ibiltzen zen neska! Dantzari gajoa! —esan zuen erronda-sarjentu zaharrak.

        Henriet Cousin argizulora hurbildu zen. Amaren begiak begirada jaitsarazi egin zion. Nahikoa lotsati, honela hitz egin zuen:

        —Andere...

        Ahots baxu eta haserrez eten zion esaldia: —Zer nahi duzu?

        —Zu ez —esan zion—. Bestea behar dut.

        —Zein beste?

        —Gaztea.

        Orduan garrasika hasi zen burua astinduz:

        —Ez dago inor! Ez dago inor! Ez dago inor!

        —Bai —erantzun zion borreroak—. Zuk ongi dakizu. Utzi gaztea hartzen. Zuri ez dizut kalterik egin nahi.

        Irribarre bitxi batez honakoa esan zion:

        —A! Ez didazu kalterik egin nahi.

        —Bestea utzi behar didazu, andere. Probestu jaunak nahi du.

        Erotuta errepikatu zuen:

        —Ez dago inor!

        —Baietz diotsut! Denok ikusi dugu bi zaudetela.

        —Zatoz eta begira ezazu! —esan zion kartzelaratuak barrez —Sartu burua argizulotik.

        Borreroak amaren atzazalak ikusi eta ez zen ausartu.

        —Bizkor! —agindu zuen zaldi gainetik Tristanek, soldaduak Arratoi-zuloa inguratuz ipinita, urkamendi ondotik.

        Henriet beste behin etorri zen probestuarengana kezkatuta. Soka lurrean utzi zuen eta eskuetan zuen kapelari bueltak ematen zizkion urduri.

        —Jauna —galdetu zion—. Nondik sartuko naiz?

        —Atetik.

        —Ez dago aterik.

        —Leihotik.

        —Estuegia da.

        —Ba, zabaldu! —esan zion Tristanek haserre —Ez al duzu pikotxik?

        Bere zulo-barrenetik, ama zelatan adi-adi begira zegoen. Ez zuen ezer espero eta ez zekien zer nahi zuen ere, baina alaba kentzerik ez zuen nahi.

        Henriet Cousin, urkatzeko erabiltzen ziren erreminten bila joan zen Pilare-etxeko aterpera. Eskailera bikoitza ere hartu eta urkamendian bertan ipini zuen. Probestutzako bospasei gizonek beren pikotx eta palankak hartu eta Tristanekin batera argizulora joan ziren.

        —Atso hori! —esan zion probestuak serio —Utzi neska gaztea onez onean hartzen.

        Ezer ulertzen ez denean bezalaxe begiratu zion.

        —Madarikatua! —bota zion Tristanek —Erregeak nahi bezala sorgin hori zintzilikatzen zergatik ez diguzu utzi nahi?

        Andere miserablea eroa bezala hasi zen barrez.

        —Zergatik? Neure alaba delako.

        Azken hitzak esateko doinuak, Henriet Cousin berbera ere ikaratu egin zuen.

        —Sentitzen dut —erantsi zuen probestuak—, baina erregeak hori nahi du.

        Are ozenago ekin zion bere barre izugarriari:

        —Eta zer axola dit zure erregeak? Esan dizut neure alaba dela!

        —Zulatu horma! —agindu zuen Tristanek.

        Zuloa behar adina zabaltzeko, nahikoa zen argizulo azpiko harri-ilara bat kentzea. Amak pikotx eta palankak bere gotorlekua zulatzen hasi zirela sumatu zuenean, garrasi beldurgarria egin zuen. Gela barruan batera eta bestera hasi zen oso azkar. Han hainbeste denbora preso egonagatik zeukan basapiztiaren ohitura hura. Ez zuen ezer esaten, baina begietatik sua zerion. Soldaduek bihotza larriturik begiratzen zioten.

        Bat-batean, bere adokina hartu, barre egin eta bi eskuez langileengana jaurti zuen. Eskuak dardaraz zituelako gaizki jaurti eta ez zuen inor jo. Tristanen zaldi azpiraino etorri zen harria, anderearen hortzak karraska ari zirela.

        Eguzkia artean atera ez bazen ere, egun-argi zen eta argi gorrizta batek alaitzen zituen Pilare-etxeko tximinia zaharrak. Orduan ari ziren hiriko goiztiarren leihoak teilatuetan alai zabaltzen. Nekazari eta fruta-saltzaile batzuk Azoka aldera zihoazen asto gainean Greveko plaza zeharkatuz. Une batez gelditu egiten ziren Arratoi-zulo aurrean pilatutako soldaduei begira. Harrituta begiratu, eta aurrera jotzen zuten.

        Anderea gela barruan bere alabaren aurrean eseri zen, gorputzarekin estaliz. Finko begiratzen zion, geldirik zegoen neska gajoak hitz bat ahopeka errepikatzen zuen bitartean:

        —Febo! Febo! —zioen.

        Horma eraisten ari zirenen lana aurrera joan ahala, amak oharkabean atzera egiten zuen, neska gaztea bazterraren kontra gero eta gehiago estutuz. Bat-batean andereak harria askatzen ikusi zuen (zeren beti zelatan baitzegoen, begirik kendu gabe) eta langileei adore emanez ari zen Tristanen ahotsa heldu zitzaion. Orduan, bere azkenaldiko ahuleziatik irtenda, oihuka hasi zen. Horrela ari zela, bere ahotsak belarria zerrak bezalaxe urratzen zuen, edo zezelka hasten zen, madarikazio guztiek bere ezpainetatik aldi berean irten beharko balute bezala.

        —O! O! Guzti hau izugarria da! Lapurrak zarete! Egia ote alaba kenduko didazuela? Esan dizuet alaba dudala! Koldar halakoak! O! Borrero doilorrak! Hiltzaile nazkagarri halakoak! Hel niri! Hel niri! Alaba ebatsi nahi ote duzue? Eta non da jainko ona deitzen duguna?

        Orduan Tristanengana joanda, bitsa zeriola, begirada galduaz, pantera bezala arrastaka eta harro-harro honela hitz egin zion:

        —Zatoz alaba harrapatzera. Ez al duzu ulertu andere honek esan dizuna? Nire alaba dela alegia? Ba al dakizu alaba edukitzea zer den? E! Katamotz halako hori! Ez al haiz heure otso emearekin behin ere ibili? Ez al duk otsakumerik eduki? Eta baldin badituk, zaunka ari direnean ez al zaik barrena mugitzen?

        —Eraitsi harri hori! —esan zuen Tristanek —Hutsa falta du.

        Palankek harri landua altxatu egin zuten. Esana dugunez, amaren azken babesa zen. Andereak gora jauzi egin zuen harriari eutsi nahiz. Bere atzazalez urratu zuen, baina sei gizonek mugitutako harri-blokeak ihes egin zion eta emeki-emeki lurrera joan zen burdinazko palanken gainean.

        Amak sarbidea libre ikusita, irekitako bretxan etzanda itxi egin zuen, besoak astinduz eta buruaz lurra kolpatuz. Nekeaz zakartutako ahotsaz, ia entzun ere egiten ez zitzaiola, honela zioen:

        —Hel niri! Lagundu! Sua!

        —Orain neska hartu —esan zuen Tristanek ikaratu gabe.

        Amak soldaduei bota zien begirada ikusita, hauek aurrera baino atzera egitea nahiago zuten.

        —Ekin! —agindu zuen probestuak —Zeuk, Henriet Cousin!

        Inor ez zen mugitu.

        Probestua madarikatzen hasi zen:

        —Jainkoarren! Nire soldaduak, eta andere baten beldur!

        —Jauna! —esan zion Henrietek —Zuk horri andere esaten al diozu?

        —Lehoiaren adatsa du! —esan zuen beste batek.

        —Ekin! —errepikatu zuen probestuak —Zuloa nahikoa zabala da.

        Sartu hirunaka, Pontoise-ko bretxan bezala. Amai dezagun. Zer arraio! Atzera egiten duena erdibitu egingo dut!

        Probestu eta amaren artean zeudela, atzetik eta aurretik mehatxaturik, une batez soldaduek zalantza egin zuten, eta gero Arratoi-zulora joan ziren etsi-etsian.

        Preso zegoen emakumeak ikusi zituenean, bat-batean belauniko jarri, ileak aurpegitik alboratu eta esku mehar eta urratuak izterretara erortzen utzi zituen. Orduan banan-banan malko lodiak atera zitzaizkion begietatik. Masailetako zimur batetik isuri ziren, errekak berak irekitako bidean bezalaxe. Aldi berean hizketan hasi zen ahots gozo eta otzanez eta erruki eske. Tristanen inguruan, giza haragia ere jango lukeen soldadu zahar bat baino gehiagok xukatu zituen begietako malkoak.

        —Jaunak! Sarjentu jaunak! Utzi bi hitz esaten. Esan beharra daukat. Nire alaba da. Konturatzen al zarete? Galdu zitzaidan alabatxoa! Entzun historia. Pentsa ezazue sarjentuak oso ondo ezagutzen ditudala. Beti portatu ziren ongi nirekin, emagaldu nintzenean mutikoek harrika egiten zidatenean. Begira. Seguru nago guzti hau jakiten duzuenean alaba utziko didazuela. Ni emagaldua naiz. Ijitoek ebatsi zidaten. Nik zapatatxoa hamabost urtean gorde dut. Hona hemen. Hau bezain txikia zuen oina. Reimsen! Chantefleurie nintzen! Folle-Peine kalean! Agian ezagutuko zenuten. Ni nintzen. Zuen gazte-denboran agian, aspaldi. Une atseginak izan genituen. Nitaz errukituko zarete, ezta? Jaunak. Ijitoek harrapatu eta hamabost urtez eduki dute. Hil zela uste nuen. Pentsa, lagunok, hiltzat neukala. Hamabost urte igaro ditut zulo honetan, neguan suzik gabe. Gogorra da hori. Nire zapatatxo maitea! Hainbat oihu egin eta azkenean Jaunak entzun egin dit. Gaur gauean itzuli dit alaba. Jaungoikoaren miraria izan da. Ez zen hil. Ez didazue eramango. Seguru nago. Ni eramatera etorri bazinete, ez nukeen ezer esango, baina bera da; hamasei urteko umea! Utz iezaiozue eguzki-argiaz gozatzen! Zer egin dizue? Deus ere ez. Nik ere ez. Hauxe besterik ez dudala, zaharra naizela eta Ama Birjinak bidalitako oparia dudala jakin ezazue. Gainera hain zarete onak guztiak! Lehen ez zenekiten nire alaba zenik eta orain badakizue. O! Maite dut! Probestu jauna. Nahiago nuke nire erraietan zuloa horren behatzean urratua baino! Gizon onaren itxura duzu! Orain jakinarazitakoak dena argitzen du, ezta? O! Amarik baduzu, jauna! Kapitaina zara eta utz iezadazu neure umea! Pentsa ezazu Jesukristori bezalaxe belauniko ari natzaizula erreguka! Ez diot inori ezer eskatzen. Reimskoa naiz, jaunak. Nire osaba Mahiet Pradon-ek utzitako lur-sail txiki bat dut. Ez naiz eskalea. Ez dut ezer nahi, neure alaba izan ezik! O! Neure alaba zaindu nahi dut! Guztion nagusi den jaunak ez dit alferrik atzera ekarri. Erregea! Erregea diozu! Ez zait iruditzen nire alaba hilda poz handirik hartuko duenik! Erregea ona da! Nire alaba da! Nire alaba! Nirea! Ez da erregearena! Ez da zuena! Joan egin nahi dut! Joan egin nahi dugu! Azken finean, doazen ama-alabei utzi egin behar zaie joaten! Utz gaitzazue joaten, Reimskoak gara eta! O! Zuek onak zarete, sarjentu jaunak. Guztiak maite zaituztet. Ez duzue nire txiki maitea hartuko. Ezinezkoa da! Ez al da hala? Nire umea! Nire alabatxo hori!

        Ez ditugu bere keinuak, bere doinua eta hizketan ari zela edaten zituen malkoak deskribatuko. Ezta eskuak elkartu eta nola bihurritzen zituen, bere irribarre hunkigarriak, malkoz itotako begiradak, hasperenak eta hitz nahasi, ero nahiz ulergaitzekin batera egindako oihu negargarriak ere. Isildu zenean, Tristanek bekozkoa ipini zuen, baina bere tigre begietara azaldutako malko bat ezkutatzeko asmoz. Ahulezi une hura gainditu, eta lehor esan zuen:

        —Erregeak nahi du.

        Gero Henriet Cousinen belarriraino makurtuta, honela esan zion:

        —Bukatu azkar!

        Agian probestu beldurgarriak bihotza biguntzen ari zitzaiola sentitu zuen.

        Borreroa eta sarjentuak gelara sartu ziren. Amak ez zuen oztoporik jarri. Alabarengana arrastaka joan eta gorputzaz estali zuen. Ijitoak soldaduak hurbiltzen ikusi zituen. Heriotza-beldurrak adorea eman zion eta etsita deiadarka hasi zen:

        —Ama! Nire ama! Badatoz! Zain nazazu!

        —Bai, maite! Defendatuko zaitut! —erantzun zion amak ahots ahulaz eta besoetan gogor estututa laztanduz.

        Ama-alabak lurrean etzanda elkar besarkatuz ikustea hunkigarria zen.

        Henriet Cousinek neska gazteari galtzarbetik heldu zion. Ijitoak sentitu zuenean:

        —O! —esan eta kordea galdu zuen.

        Malko lodiak tantaka neskaren gainera zerizkion borreroak, besoetan hartu nahi zuen. Amak bere bi eskuak neskaren gerri atzean, nolabait esan, lotuta zeuzkan eta borreroak askatu egin nahi zuen, baina bere umeari hain gogor itsatsita zegoenez, ezinezkoa zen. Henriet Cousinek orduan, neska gelatik kanpora atera zuen, ama ondoan zuela. Amak ere begiak itxita zeuzkan.

        Eguzkia orduantxe ari zen irteten eta plazan jende-piloa zegoen urkamendi aldera arrastaka zeramatzatenei urrutitik begira. Tristan probestuaren ohitura zen hura, exekuziotan jakin-minez zetozenei ez zien hurbiltzen uzten eta.

        Leihoetan ez zegoen inor. Urrutira, Andre Mariako dorreetan goian Greveko plaza menpean hartuz zegoen leihoan bi gizon ari ziren begira. Biak beltzez jantzita zeuden, goizeko zeru argian nabarmen.

        Henriet Cousinek, arrastaka zekarren guztia zorigaiztoko eskaileraren barrenean utzi zuen. Ia arnasarik ere hartu ezinik zebilen, hain hunkitua zegoenez. Sokaz neskaren lepo xarmanta inguratu zuen eta neskak kalamuaren igurtzi beldurgarriari antz eman zion. Begiak ireki eta urkamendiko harrizko beso biluzia ikusi zuen buru gainean. Orduan astindu batez, ahots zorrotz eta ozena entzun zitzaion:

        —Ez! Ez dut nahi!

        Amak, burua alabaren jantzi artean ezkutaturik, ez zuen hitzik ere egin. Gorputz guztia ikaraz ikusi zioten eta aldi berean ia etengabeko musu-hotsa ere entzun zitzaion. Orduan borreroak bat-batean kondenatu gajoari itsatsitako besoak erantzi egin zizkion. Akituta edo etsita zegoelako, amak ez zion galarazi. Orduan neska bizkar gainean hartu zuen, bertan gerri ederra tolestuz. Oina eskaileran jarrita, igotzeko prestatu zen.

        Orduan lurrean bildurik zegoen amak begiak ireki zituen, eta oihurik egin gabe, zutitu egin zen begirada beldurgarriz. Piztia harrapakinera bezala, jauzi egin zuen, borreroari eskuan horzka eginez. Tximista bezalakoa izan zen. Borreroak minez garrasi egin zuen. Laguntzera joan zitzaizkion eta ozta-ozta kendu zioten odoldutako eskua amaren hortzetatik. Anderea isilik geratu zen hantxe bertan eta nahikoa zakarki kendu zuten handik bultzaka. Burua lurrera erori zitzaion. Jaso egin zuten, baina berriro erori zen. Hilda zegoen.

        Beti ere neska bizkarrean zuela, borreroa eskaileran gora hasi zen.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997