Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
SEKRETUAK AHUNTZARI
ESATEAREN ARRISKUAK

 

        Aste batzuk igaro ziren.

        Martxo hasiera zen. Dubartas-ek (perifrasiaren arbaso klasikoak) artean kandela-duke handia deitutako eguzkia ez zegoen horregatik alaitasun eta distira txikiagoz. Udaberriko egun gozo eta ederra zen; igandea balitz bezala Paris osoak plaza eta hiribidetara irtenda ospatzen duen horietakoa. Egun argi, epel eta bare horietan, bada Andre Mariako ate handia miresteko ordu aproposa. Eguzkiak, sartaldera jaitsita, katedralari ia aurrez aurre begiratzen dioneko unea da. Gero eta etzanago diren izpiak, plazako zoladuratik poliki-poliki erretiratu egiten dira, eta fatxadan behetik gora joaten dira, beren itzalean milaka erliebe biribil nabarmenduz eta erdiko arrosetoi handiak, sutegiko galdaz piztuta, ziklopearen begia bailitzan garra erakutsiz.

        Ordu huraxe zen.

        Katedral handiaren aurrez aurre, sartaldeko eguzkiak gorrituta, plazarekin eta Parvis kalearekin izkina egiten zuen etxe gotiko aberats baten atari gaineko balkoian, neska polit batzuk berriketan eta barrez ari ziren xarmaz eta alaitasunez. Perla ugariz hornitutako beren zoronga puntazorrotzetik oinetaraino zuten errezelaren luzeragatik, orduko modaren arabera beren birjin-bularren hasiera erakutsiz bizkarra estaltzen zien brusa bordatuaren fintasunagatik, soinekoak baino politagoak ziren azpikogonen oparotasunagatik (asmakuntza miresgarria benetan!), tul-ehunagatik, zetagatik, beren soinekoetako belusengatik, eta batez ere alfer eta lanik gabe zeudela salatzen zituzten eskuetako zuritasunagatik, erraz igartzen zen oinordeko aberatsak zirela. Hain zuzen Fleur-de-Lys Gondelaurierkoa andereñoa eta bere lagunak (Diana Christeuilgoa, Amelotte Montmichelgoa, Colombe Gaillefontainekoa eta Champchevrier txikia) ziren. Etxe oneko alabak denak inola etc, Gondelaurierkoaren alargunaren etxean zeudelarik. Beaujeu-ko jauna bere emaztearekin etortzekoa zen, Margarita printzesarentzat (zeina flandestarrengandik Picardie-n jasoko baitzuten) ohorezko damak aukeratzera. Inguruan hogeita hamar legoako bueltan zeuden jauntxo guztiek beren alabentzat nahi zuten ohore hura eta askok zegoeneko Parisera eramanak zituzten. Balkoiko haiek beren gurasoek Aloise Gondelaurierkoa alargun agurgarriaren begirada zuhurraren pean utzi zituzten. Andere hura, erregearen balestarien maisu izandakoaren alarguna zen eta bere alaba bakarrarekin Parisko Andre Mariako atariko plazan zeukan etxera erretiratuta bizi zen.

        Neska haiek zeudeneko balkoia, Flandesko larru laruz eta hosto urreztatuz tapizatutako gela bati zegokion. Sabaiko habe paraleloek milaka eskultura bitxi pintatu eta urreztatuz alaitzen zuren begia. Zizelatutako kutxetan han-hemenka esmalte ederrek distira zegiten. Portzelanazko basurde-buru bat arasa eder baten gainean zegoen, zeinak bere bi mailarekin etxekoandrea zaldun buruzagi baten emaztea edo alarguna zela salatzen baitzuen. Barrenean, goitik behera armarriz apaindutako tximinia luze baten ondoan, belus gorrizko besaulki ederrean Gondelaurierko anderea eserita zegoen, bere berrogeita hamar urteak soinekoan ez ezik aurpegian ere nabarmentzen zitzaizkiolarik. Ondoan mutil gazte bat zuen zutik. Itxura ederrekoa eta harroputz samarra zen; emakume guztien gustukoak diren baina gizon serio eta fisionomistek sorbalda altxatzen dioten morrosko horietakoa. Zaldun gazte hark erret arkularien kapitainari zegokion uniformea zeraman. Historia honetako lehen liburuan ikusi dugun Jupiterren soinekoaren antzekoa zenez, irakurlea ez dugu berriz deskribatuz aspertuko.

        Neskak eserita zeuden; batzuk gelan eta beste batzuk balkoian; batzuk ertz urreztatuzko Utrecht-eko belusez egindako kuxinetan eta beste batzuk lore eta irudiak tailatuta zituzten haritzezko aulkietan. Bakoitzari bere belaunetan eskuz ehotzeko, batera egiten ari ziren tapizaren zati handi bat zegokion. Muturra zorua estaltzen zuen esteraren gainean zeukan tapizak, hain zuzen.

        Elkarrekin berriketan ari ziren, zurrumurruka eta eutsitako irribarrez; mutil gazte bat tartean dagoenean neskek izaten duten elkarrizketaren antzera, alegia. Emakume guztien arreta erakartzen zuen gizon gazte hari, ez zirudien asko axola zitzaizkionik. Haiek jaramon egin ziezaien ahalegindu arren, mutila bere eskularruaz gerrikoaren hebila igurzten ari zen.

        Aldika emakume zaharrak ahopeka hitz egiten zion eta gazteak ahal zuen ongien erantzuten zion adeitasun baldar eta bortxatuz. Irribarreengatik, Aloise andereak egiten zituen seinale txikiengatik, kapitainari baxu mintzatuz bere alaba Fleur-de-Lysi botatzen zizkion keinuengatik, erraz igartzen zen hitz emanda zeudela eta kapitaina Fleur-de-Lysekin ezkontzekoa zela. Eta ofizial gaztearen hoztasunagatik erraz suma zitekeen, bere aldetik behintzat, maitasunik ez zegoela. Haren itxurak aspertuta eta gogoz kontra zegoela adierazten zuen; gure kuarteletako tenienteordeek orain «gaur niri tokatu zaidak» esaten dutenean bezalaxe.

        Andere prestua, edozein ama bezalaxe bere alabaz txoratuta zegoen eta ez zen konturatzen ofizialaren arreta faltaz. Bere Fleurde-Lysek orratzaz josteko edo mataza askatzeko zeukan perfekzioaren berri ematen ahalegintzen zen.

        —Begira, lehengusu —esaten zion belarrira hitz egiteko besotik helduta—. Begira nola makurtzen den.

        —Bai, bai —erantzuten zion mutilak, berehala bere isiltasun axolagabe eta hotzean murgilduz.

        —Inoiz ikusi al duzu zure emaztegaiarena baino aurpegi atsegin eta alaiagorik? Eta zuriago edo horiagorik? Eskuak ez al ditu ongi eginak? Eta lepoak ez al ditu zisnearen forma liluragarriak? Inbidia ematen didazu! Gizona zarelako hori da suertea daukazuna, pikaro horrek! Ez al da Fleur-de-Lys maitagarria eta ez al zaude zu erabat txoratuta?

        —Bai, noski! —erantzun zion beste zerbaitez pentsatzen ari zela.

        —Esaiozu zerbait —agindu zion bat-batean Aloise andereak bizkarretik bultzatuta—. Herabetu egin zara.

        Herabetasuna ez zuen, ez, kapitainak bere akats ala bertuteetako bat. Hala ere, eskatutakoa egiten saiatu zen.

        —Lehengusina eder hori —esan zuen Fleur-de-Lysengana hurbilduta—. Lantzen ari zaren tapiz honen gaia zein da?

        —Nire lehengusu hori —erantzun zion Fleur-de-Lysek desteina apur batez—. Hiru aldiz esan dizut. Neptunoren kobazuloa da.

        Agerikoa zenez, Fleur-de-Lysek kapitainaren hoztasun eta axolarik eza bere amak baino askoz ere garbiago sumatzen zuen. Mutilak hizketan jarraitzeko premia nabarituz:

        —Eta zeinentzat neptuneria guzti hori? —galde egin zion.

        —Saint-Antoine-des-Champs-eko abadiarako —esan zuen Fleurde-Lysek begiak altxatu gabe.

        Kapitainak tapizaren mutur bat hartu zuen:

        —Eta zein da, lehengusina eder hori, masailak bete-bete eginda turutari putz egiten ari den jendarme potolo hori?

        —Triton da —erantzun zion.

        Fleur-de-Lysen hitz urrietan halako haserre-kutsua zegoen. Mutil gazteari neskari belarrira zerbait esateko premia zegoela iruditu zitzaion; tontakeriaren bat, lausenguren bat, zer edo zer. Makurtu egin zen, baina bere irudimenean ondokoa baino samurrago eta barnekoiagorik ez zuen topatu:

        —Zure amak zergatik darama soingainekoa gure amonek Karlos VILaren garaian bezala armarria duelarik? Esaiozu gaur egun hori ez dela dotorezia eta soinekoan blasoi moduan bordaturik dauzkan kontza eta erramuak dabilen tximini kanpaiaren itxura ematen diotela. Gainera norbere armarriaren gainean ez da eseri behar, egia esan.

        Fleur-de-Lysek destainaz betetako bere begi ederrak altxatu egin zituen:

        —Hori al da esan beharreko guztia? —esan zion ahopeka.

        Aloise andereak bitartean, biak hain ondoan eta belarrira kontu txikiak esanez ikusita txoraturik, honela zioen bere orduen liburuko hesgailuekin jolastuz:

        —Maitasun-irudi hunkigarria benetan!

        Kapitaina, gero eta gogaituago, tapizaren harira itzuli zen berriro.

        —Lan bikaina da! —oihu egin zuen.

        Orduan Colombe Gaillefontainekoak, lepo inguruan damasko-oihal urdinezko apaingarriak zituen beste neska ilehori eta azal-zuri batek, Fleur-de-Lysi hitz egitea erabaki zuen, kapitain galaiak erantzungo ziolakoan:

        —Gondelaurierko maitea. Ikusi al dituzu Roche-Guyon jauregiko tapizak?

        —Bere lorategia Louvre-ko ehundegiaren patio ondoan duena ez al da? —galdetu zuen barrez Diana Christeuilgoak. Izan ere hortz ederrak zituelako erakustearren edozergatik barre egiten baitzuen.

        —Eta Parisko harresi zaharreko dorretzarra ez al dago han? —erantsi zuen Amelotte Montmichelgoak, beltzaran ilekizkur eta guriak, zeinak besteak barre bezala hark (zergatik ez zekiela) beti hasperen egiten zuen.

        —Colombe maitea —esan zuen Aloise andereak parte hartuz —Karlos VI.aren garaian Bacqueville-ko jaunaren egoitza izandakoaz ari al zara? Bilbe handiko tapiz eder askoak badira han, bai!

        —Karlos VI.a! Karlos VI.a erregea! —murmuratu zuen kapitain gazteak biboteko ileak leunduz.

        Gondelaurierko andereak bere jardunari jarraipena eman zion.

        —Tapiz bikainak, noski. Parerik gabeko lan fina inola ere.

        Orduan Berangere Champchevrierkoak, balkoiko gingiletatik plazara begira ari zen zazpi urteko neskato lirainak, oihu egin zuen:

        —E! Begira, amabitxi Fleur-de-Lys, hor plazan hiritar arloteen artean dantzan eta danbolina joz ari den neska dantzari eder horri!

        Danbolinaren dardara-hotsa heltzen zen haraino.

        —Bohemiako ijitoren bat izango da —esan zuen Fleur-de-Lysek plaza aldera zabarki jiratuz.

        —Goazen, goazen! —deiadar egin zuten bere lagunek. Denak balkoi aldera joan ziren eta bitartean Fleur-de-Lys, bere senargaiaren hoztasunaz kezkaturik, ondoren poliki joan zitzaien. Mutil gaztea berriz, behartutako elkarrizketa hura gorabehera haren bidez amaitu zelako lasaituta, gelako barrenera joan zen, bere zerbitzua amaitutako soldadua bailitzan. Bazirudien Fleur-de-Lysez arduratzea zerbitzu atsegin eta xarmanta izan behar zuela, eta horixe uste zuen berak ere hasieran, baina kapitaina poliki-poliki aspertu egin zen eta laster ezkondu beharrak egunetik egunera berotasun gutxiago eragiten zion. Gainera umore aldakorreko mutila zen eta (dena aitor dezagun) gustu arrunt samarrekoa ere bai. Oso etxe onekoa izan arren, bere ofizioan soldadu arloteen ohitura bat baino gehiagok kutsatu zuen. Tabernetara joatea gustatzen zitzaion, eta hortik aurrerakoa ere bai. Hitz potoloen, militarren lausenguen eta emakume konkistaerrazen artean egoten zen lasai. Bere familian heziketa onaren eta gizalegearen berri jasoa zuen, baina oso gaztetan hasi zen herrialde guztia korritzen, beti soldadu artean, eta apurka-apurka bere noble-itxura jendarme-uhalen igurtziaz ezkutatu egin zen. Duintasunak eraginda noizbehinka bisitatzen zuen arren, Fleur-de-Lysen etxean bi arrazoigatik sentitzen zen deseroso. Batetik, bere maitasuna hainbat lekutan barreiatu zuenez neska harentzat gutxi geratu zitzaiolako, eta bestetik, hainbeste dama eder, lirain, handi-mandi eta zintzo haien artean biraotara ohitutako ahotik, eutsi ezinda, tabernako esaeraren bat aterako zitzaion beldur zelako. Asmatzekoa da sortuko litzatekeen giroa!

        Baina guzti horrez gain mutilak dotorezia, txukuntasuna eta itxura ona edukitzeko joera ere bazuen. Bakoitzak uler dezala ahal duen eran hori nola gerta daitekeen. Ni historialari besterik ez naiz.

        Pentsatzen ari zela edo ari ez zela, denboralditxoa zeraman tximiniako tailatutako markoan apoiaturik isilik. Fleur-de-Lys beregana hurbildu eta hitz egin zion:

        —Lehengusu. Ez al zenigun esan orain dela bi hilabete gaueko erronda egiten ari zinetela dozenaren bat lapurren eskuetatik ijito txiki bat salbatu zenuela?

        —Hala uste dut, lehengusina —erantzun zion kapitainak.

        —Agian plazan dantzan ari den buhame hori izango da. Zatoz eta ea ezagutzen duzun, lehengusu Febo.

        Bere ondora joan zedin eskatu eta izenez hots egin ziolako neska gazteak adiskidetzeko asmoa zuela iruditu zitzaion. Febo Chateaupers-koa kapitaina (hori baitzen kapitulu hasieraz gero aipatzen ari garen mutilaren izena), poliki hurbildu zen balkoira.

        —Begira! —esan zion Fleur-de-Lysek bere eskua samurkiro Feboren besoan jarriz —Hori al da zure ijitoa?

        Febok begiratu eta honela erantzun zuen:

        —Bai. Bere ahuntza dela eta ezagutu dut.

        —O! Ahuntz txiki hori, noski! —esan zuen Amelottek txundituta eskuak bilduz.

        —Egia al da urrezko adarrak dituela? —galdetu zuen Berengelak.

        Bere besaulkitik mugitu ere egin gabe, Aloise andereak hitz egin zuen:

        —Ez al da iaz Gibard portaletik etorritako buhame horietako bat?

        —Ama —erantzun zion gozo Fleu-de-Lysek—. Orain Infernuko portalea esaten diote.

        Gondelaudierko andereñoak bazekien mintzatzeko era zaharkitu hark kapitaina zenbat harritzen zuen. Kapitaina, hain zuzen, ahopeka hasia zen marmarka:

        —Gibard portalea! Karlos VI.a erregeak pasa behar ote du ba!

        —Amabitxi —deiadar egin zuen Berengelak begiak etengabe mugituz eta bat-batean Andre Mariako dorreen puntan finkatuz—. Zein da han goian dagoen gizon beltz hura?

        Neska guztiek dorreetara altxa zituzten begiak. Gizon bat zegoen ukondoak iparraldeko dorrearen goiko balaustradan apoiaturik Greveko plazara begira. Apaiza zen. Arropa garbi ikusten zitzaion eta bi eskuen artean zeukan aurpegia ere bai. Bestetik, estatua baino gutxiago mugitzen zen. Begia plazatik kendu ere egin gabe zeukan.

        Txolarre-habia aurkitu eta begira egoten den miruaren antza zuen.

        —Josasko artxidiakono jauna da —esan zuen Fleur-de-Lysek.

        —Ikusmen ona duzu, inola ere, hemendik begiratuta igartzeko gauza bazara! —argitu zuen Gaillefontainekoak.

        —Adi-adi dago dantzariari begira! —erantsi zion Diana Christeuilgoak.

        —Kontuz ibiltzea dauka ijitoak! —esan zuen Fleur-de-Lysek— Egipto ez baitu gogokoa.

        —Lastima da, ba, gustukoa ez izatea —gehitu zuen Amelotte Montmichelgoak—, zoragarri dantza egiten du eta.

        —Lehengusu Febo. Buhametxo hori ezagutzen duzunez, esaiozu hona gora etor dadila. Gozatu egingo genuke —bota zuen Fleurde-Lysek erdi erditik.

        —Bai, bai! —oihu egin zuten neska guztiek txaloka.

        —Erokeria da —erantzun zien Febok—. Berak ahaztuta nauka eta nik ez dakit bere izenik. Dena den, andereñoak, nahi duzuenez gero ahaleginduko naiz —Eta balkoiko balaustradan makurtuz deiadarka hasi zen.

        —Neskatxa!

        Dantzaria orduan ez zen danbolina jotzen ari. Deia egindako lekura jiratu zuen burua. Begirada Feborengan finkatu zen bat-batean.

        —Neskatxa! —errepikatu zuen kapitainak, eta behatzez gora joateko keinu egin zion.

        Gazteak begiratu egin zion berriro, eta sugarra masailetaraino igo balitzaio bezala, gorritu egin zen. Danbolina besapean hartuta harritutako ikusleen artean Febok dei egin zioneko etxera abiatu zen, poliki, duda-mudatan, eta begirada sugeak liluratutako txoria bezain galdua zuela.

        Geroxeago sarrerako gortina ireki eta gelako atean buhamea agertu zen, gorrituta, urduri, arnaska. Bere begi handiak jaitsita ez zen ausartzen pausorik aurrera ematen.

        Berengelak txalo jo zuen.

        Dantzaria ordea, geldirik zegoen atean. Azaldu zenean neska gazte haiengan eragin bitxia sortu zuen. Egia esan, ofizial eder hari gustua egiteko asmo antzeko zerbait bazuten guztiek. Mutilaren uniforme dotorea zen lausengu guztiak biltzen zituena, eta etorri zenez gero nesken artean halako lehia ezkutu eta isilpekoren bat sumatzen zen; beraiek ere aitortzera ausartzen ez zirena, baina beren keinu eta hitzetan etengabe azalarazten zena. Dena den, denek ere edertasunez berdintsu zirenez, aukera berdinak zituzten eta edozeinek lor zezakeen garaitzapena. Ijitoa heldu zenean ordea, oreka bat-batean galdu egin zen. Hain edertasun aparta zeukanez, gelako atean azaldu zenez gero berezko argia zeriola ematen zuen. Gela itxi hartan, zintzilikario eta tapizezko inguru ilun samar hartan, plazan baino askoz ere ederrago eta distiratsuago zegoen. Egunargitatik itzalera ekarritako zuziaren antzekoa zen, eta andereño noble haiek nahi ezta ere txundituta geratu ziren. Bakoitzak halako min berezia hartu zuen bere edertasunean. Horregatik, nolabait esan beren borroka-frontea bat-batean aldatu egin zen elkarri hitzik ere atera gabe. Hala eta guztiz ere, beraiek ezin hobeki ulertu zuten hori. Emakumearen senak gizonaren adimenak baino azkarrago igartzen eta erantzuten du. Etsai bat etorri zitzaien: guztiek sentitu zuten hori eta guztiak elkartu ziren. Ardo-tanto bat aski da basokada ur osoa gorritzeko, edo politagoa den emakume bat, emakume ederrezko taldean giroa aldatzeko; gizon bakarra badago endemas.

        Horregatik buhameari egin zioten ongietorria izotza baino hotzagoa izan zen. Goitik behera begiratu zioten eta gero elkarri ere bai. Dena esana zegoen. Ederki asko zekiten zer nahi zuten. Bitartean neskatxak norbaitek hitz egingo ziola espero zuen, eta hunkitura zegoenez, ez zen betazalak altxatzera ere ausartzen.

        Kapitainak hautsi zuen isiltasuna.

        —Neska xarmanta mola ere! —esan zuen kutsu ausartaz —Zer deritzozu, lehengusina?

        Miresle zuhurragoak gutxienez ahopeka egingo zukeen esaldi hark, ez zituen buhameari begira zegozkion emakumeen jelosiak ezkutarazi.

        Fleur-de-Lysek kapitainari destainazko goxotasunez erantzun zion:

        —Ez dago gaizki.

        Gainerakoak zurrumurruka hasi ziren.

        Azkenean, bere alaba medio jelosiatik gutxiena ez zeukan Aloise anderea mintzatu zitzaion dantzariari:

        —Zatoz, neskatxa!

        —Zatoz, neskatxa! —esan zion duintasun barregarriz aldakara etorri zitzaion Berengelak.

        Ijitoa dama noble harengana hurbildu zen.

        —Ume ederra! —esan zuen Febok handikiro urrats batzuk beregana eginez —Ez dakit zuk ni ezagutzeko ohorea dudan...

        Mugarik gabeko gozotasunez irribarrea eta begirada zuzenduz neskak eten egin zuen:

        —O! Bai —esan zion.

        —Oroimen ona du —zehaztu zuen Fleur-de-Lysek.

        —Gau hartan —jarraitu zen Febo —berehala ezkutatu zinen. Beldurtu egin al zintudan?

        —O! Ez —erantzun zion ijitoak.

        O! Bai haren ondotik esandako O! Ez hartan Fleur-de-Lys samindu zuen adierazi ezinezko zerbait zegoen.

        —Ba, zure ordez, eder horrek —segitu zuen kapitainak, kaleko neska bati hitz egin ahala mihia askatzen zihoakiola—, betozkoa zeukan konkorra eta begibakarra utzi zenidan; apezpikuaren kanpai-jolea, oker ez banago. Esan didatenez artxidiakono baten seme bastarta da eta jaiotzaz demonioa. Izen polita du. Garra-denborak, Erramu-igande, Zanpantzar edo antzeko zerbait, kanpaiak jotzen dituzteneko egunen baten izena du. Mezu-gizonarentzat bazina bezala harrapatuta eraman nahi zintuen! Gehiegi! Zer nahi zuen hontza horrek? Esadazu.

        —Ez dakit —erantzun zion.

        —Hori da ausardia, hori! Kanpai-joleak neska gaztea bizkondea balitz bezala harrapatzea! Bilau batek isilpean nobleen ehiza harrapatzea! Ez da sinestekoa! Dena den, garesti ordaindu du. Pierrat Torterue maisua sekula pikaroak zigortu dituen morroirik gogorrena da, eta atsegin bazaizu zure kanpai-jolearen larruari ere jipoi ederra eman diola aitortuko dizut.

        —Gizajoa! —esan zuen ijitoak, hitz haiek pikotan gertatua gogorarazita.

        Kapitaina barrez hasi zen.

        —Arraioa! Erruki hori luma zakurraren ipurdian ipintzea bezain egokia da! Aita santuak adinako sabela eduki dezadala, baldin...

        Bat-batean isildu egin zen.

        —Barka, andereak! Tontakeriaren bat esatera nindoan.

        —Tira, jauna! —esan zuen Gaillefontainekoak.

        —Bere hizketan ari zaio neskari! —erantsi zuen Fleur-de-Lysek gero eta destaina handiagoz. Destainak ez zuen behera egin kapitainak ijitoarekin (eta batez ere bere buruarekin) gustura zegoela ikusita soldadeskako galaikeriaz honakoa esan zionean:

        —Neska gazte ederra, alajaina!

        —Nahikoa arlote jantzitakoa —bota zuen Diana Christeuilgoak irribarrez hortzak erakutsiz.

        Esaera hura argi-izpia izan zen gainerakoentzat, ijitoaren alderdirik ahulena nabarmendu zuelako. Edertasunak aitzakiarik ez zeukanez, soinekoaren gaiari heltzen zioten.

        —Egia da, neska —esan zion Montmichelgoak—. Non ikasi duzu kalean burukorik eta lepokorik gabe ibiltzen?

        —Eta gona labur horrek ikara ematen du —erantsi zuen Gaillefontainekoak.

        —Gainera, maitea —aditzera eman zion suminduta Fleur-de-Lysek—, sarjentuek atxilotu egingo zaituzte gerriko urreztatua daramazulako.

        —A, neskatxa! —segitu zuen Christeuilgoak gupidarik gabeko irribarrez —Besoa mahukapean bazenu eguzkiak ez lizuke belztuko.

        Benetako ikuskizuna zen; Febo baino bizkorragoarentzako modukoa. Ikustekoa zen neska gazte haiek beren mihi pozoitu eta suminduez kaleko dantzariaren inguruan sugeak bezala bihurrituz, narras eta irristaka. Ankerrak eta adeitsuak ziren. Beren hitzak maltzurki erabiltzen zituzten urre-izunezko soineko pobre eta arraroa arakatzeko eta maiseatzeko. Dena etengabeko irribarrea, ironia eta lotsagarri utzi nahia zen. Adeitasun harroa, desafiozko begiradak eta irri mingarrizko jasa jasan zuen ijitoak. Neska esklabo eder baten bularrean urrezko orratza sartuta jolasten ziren dama erromatarren antza zuten. Sudurzuloak irekita eta begiak sutan, basoan nagusiaren begiradak hiltzen uzten ez zien oreintxoaren inguruan zebiltzan erbi-txakur dotoreak ziren.

        Izan ere, azken finean zer zen etxe oneko alaba haien aurrean kaleko dantzari miserable hura? Han egoteak ez zien axolarik, eta berari buruz, bere aurrean eta berari, ozen hitz egiten zioten zerbait zikin, ziztrin eta aldi berean polita balitz bezala.

        Ijitoak sentitzen zituen orratzaren ziztadak. Aldika lotsaz gorritu egiten zen eta haserreak begiak eta masailak piztu egiten zizkion. Bere ezpainetatik destainazko erantzuna irtetear egon zen. Mespretxuz egin zuen irakurleak ezagutzen duen keinutxo hura, baina isilik egon zen. Geldirik, etsipenez Febori begiratzen zion triste eta gozo. Zoriona eta samurtasuna ere bazegoen begirada hartan. Eman behar nahiago zuela hala egotea, handik bota zezaten baino.

        Febok barre egiten zuen eta ijitoaren alde ateratzen zen, ausarkeria eta errukizko nahastearen eraginez.

        —Utz iezaiezu hitz egiten, neskatxa! —esaten zion bere urrezko ezproiez hotsa aterata —Zure janzkera bitxia eta arlote samarra da, baina xarmanta zarenez, zer axola dio horrek?

        —Ene Jaungoikoa! —deiadar egin zuen Gaillefontaineko ilehoriak bere zisne-lepoa irribarre mingotsez nabarmenduz —Bistan da erregearen arkulariak ijitanoen begi ederren suaz erraz pizten direna.

        —Eta zergatik ez? —esan zuen Febok.

        Non eroriko den kontutan hartu gabe botatako harria bezala axolarik gabe botatako erantzun haren ondoren, Colombe barrez hasi zen, eta Diana, Amelotte eta Fleur-de-Lys ere bai, zeinari aldi berean begietara malkoa etorri baitzitzaion.

        Colombe Gaillefontainekoaren hitzak entzunda begiak jaitsitako ijitoak, berriz altxatu zituen alai eta harro, Feborengan finkatuz. Oso ederra zegoen une hartan.

        Guzti hura ikusten ari zen andere zaharra minduta eseri egin zen, gertatua ulertu ezinik.

        —Jaungoiko maitea! —oihu egin zuen bat-batean —Zer dabil hemen nire hanketan? A! Zorigaiztoko piztia!

        Jabearen bila etorritako ahuntza zen. Beregana zihoala, eserita zegoen damaren gonetako ehun-piloan trabatu zitzaizkion adarrak. Beste jolas bat gehiago izan zen hura. Ijitoak hitzik ere egin gabe askatu zuen.

        —Hara! Apatx urreztatuak dituen antxumea da! —deiadar egin zuen Berangelak pozez saltoka.

        Ijitoa belauniko jarri zen eta bere masailaz ahuntzaren buru txeratsua laztandu zuen. Utzi zuelako barkamen-eske ari zitzaiola zirudien.

        Bitartean Diana Colomberi belarrira txutxu-mutxuka ari zitzaion.

        —Ene Jaungoikoa! Zergatik ez ote zait lehenago bururatu? Ahuntza duen ijitoa da. Sorgina dela esaten dute eta ahuntzak oso txantxa miresgarriak egiten omen ditu.

        —Beraz —esan zuen Colombek—, ahuntzak ere mirari bat eginez diberti gaitzala.

        Diana eta Colombek kemenez hitz egin zioten ijitoari:

        —Neskatxa! Ahuntzari mirari bat eginarazi.

        —Ez dakit zer esan nahi duzun —erantzun zien dantzariak.

        —Ba, hori. Mirari bat. Magia, alegia. Sorginkeriaren bat.

        —Ez dakit egiten —eta animalia laztantzen hasi zen «Djali! Djali!» errepikatuz.

        Une hartan, Fleur-de-Lys ahuntzak lepoan zintzilik bordatutako larruzko poltsa bat zeukala konturatu zen.

        —Zer da hori? —galdetu zion ijitoari.

        Buhameak bere begi handiak neskarengana altxatuta serio erantzun zion:

        —Hori nire sekretua da.

        —Jakin nahi nuke zure sekretu hori zer den! —pentsatu zuen Fleur-de-Lysek.

        Orduan eseritako dama haserre altxatu zen:

        —Aizu ijito. Zuk era zeure ahuntzak dantzarik egin behar ez baduzue, zertan zaudete hemen baratan?

        Buhamea, erantzun gabe, ate alderantz abiatu zen poliki. Atera hurbildu ahala, urratsak astiroago ematen zituen. Gainditu ezineko iman batek erakartzen zuela zirudien. Bat-batean bere begiak malkoz bustita Feborengana jiratu eta geratu egin zen.

        —Arraioa! —esan zuen kapitainak —Ezin daiteke horrela joan. Zatoz eta egin dantza. Eta maitea, zer izen duzu?

        —Esmeralda —esan zion dantzariak begirik kendu gabe.

        Izen arraro hura entzunda algara bizia atera zitzaien neska gazte haiei.

        —A zer nolako izen beldurgarria neskarentzat —esan zuen Dianak.

        —Garbi dago sorgina dela —erantsi zuen Amelottek.

        Maitea —oihu egin zuen handikiro Aloise andereak—. Zure gurasoek izen hori ez dute bataio-pontean harrapatu.

        Minutu batzuk baziren inor konturatu gabe Berengelak mazapan batez ahuntza gelako bazter batera eraman zuela. Momentu batean egin ziren lagun-min. Jakin-minez betetako umeak, ahuntzaren lepotik zintzilika zegoen poltsa hartu, ireki eta barruan zegoena alfonbra gainera atera zuen. Alfabetoa zen; ezpelezko zurpuska bakoitzean letra bana grabatuta zeukan alfabetoa. Jostailu haiek alfonbran zabaldu ziren orduko, umea harri eta zur geratu zen ahuntzak letrak apatx urreztatuz hartu eta ordena berezi batean ipini zituela ikusita. Hura zen, nonbait, mirari haietako bat. Une batzuen buruan, zirudienez ahuntzak idatzi ohi zuen hitza osaturik zegoen. Berengelak bat-batean eskuak mirespenez elkartuz, honela egin zuen deiadar:

        —Amabitxi Fleur-de-Lys! Begira ahuntzak zer egin duen!

        Fleur-de-Lys inguratu eta ikusitakoan dardaraz hasi zen. Lurrean prestatutako letrek ondokoa zioten:

FEBO

        —Ahuntzak idatzi al du hori? —galdetu zuen asaldaturik.

        —Bai, amabitxi Fleur-de-Lys —erantzun zion Berengelak.

        Zalantzarik ez zegoen; umeak ez baitzekien idazten.

        —Horra sekretua! —pentsatu zuen Fleur-de-Lysek.

        Baina umearen deiadarra entzunda denak etorri ziren: ama, gazteak, ijitoa eta ofiziala.

        Buhameak bere ahuntzak egindako tontakeria ikusi eta gorritu egin zen, gero zurbildu eta azkenean ikaratu kapitainaren aurrean errudun sentituz. Kapitainak atsegin- eta harridura-irribarrez begiratzen zion.

        —Febo! —murmuratu zuten neska gazteek —Kapitainaren izena da!

        —Oso oroimen ona duzu —esan zion Fleur-de-Lysek zur eta lur zegoen buhameari. Gero negar-zotinka:

        —O! Sorgina da! —zioen minduta bi esku ederrez aurpegia estaliz. Baina bihotzaren barrenean are eta hots mingotsagoa entzuten zuen:

        —Lehiakidea da!

        Zorabiatuta erori egin zen.

        —Alaba maitea! Nire alaba kutuna! Eta zu ijito hori, zoaz infernura!

        Esmeraldak aitaren batean zorigaiztoko letrak bildu, Djali-ri keinu egin eta ate batetik irten egin zuen, beste atetik Fleur-de-Lys eraman egin zutelarik.

        Febo kapitaina bakarrik geratu zen. Bi ateen aurrean zalantza egin zuen une batez, eta buhameari jarraitu zitzaion.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997