|
Parisko Andre Maria VIII. Claude Frollo (eta Claude Frollo diogu, zeren eta Febo baino irakurle azkarragoak mentura honetan fraide mozorrotua artxidiakonoa zela antzemango baitzuen) haztamuka hasi zen kapitainak morroiloz itxita utzitako gelatxo ilun hartan. Teilatuaren eta eusteko hormaren artean arkitektoek batzuetan aprobetxatzen dituzten zoko horietakoa zen. Febok hain egoki adierazitako txakurtegi haren ebakidura bertikala, triangelua izango litzateke. Gainerakoan, ez zegoen ez leihorik eta ez argi-zulorik eta teilatuaren plano inklinatuak ez zuen zutik egoten uzten. Claude kokoriko jarri zen hautsetan eta bere azpian zanpatzen zen igeltsuaren gainean. Burua sutan zeukan. Ingurua haztatuz lurrean beira-pusketa bat topatu zuen. Bekokian ipini eta haren freskotasunak zerbait arindu zuen. Zer ari zen une hartan artxidiakonoaren arima ilunean gertatzen? Jaungoikoak eta berak bakarrik zekiten. Zorigaiztoko zein ordenatan ipintzen zituen pentsamenduan Esmeralda, Febo, Jacques Charmolue, lokatzetan utzitako bere anaia maitea, Falourdel-en etxeraino ekarritako bere artxidiakono-sotana eta agian bere ospea, irudi haiek eta mentura guzti haiek? Ez nuke asmatuko, baina ideia haiek bere barrenean multzo beldurgarria osatzen zuten. Ordu-laurdena zeraman zain eta mendea igaro zela iruditu zitzaion. Bat-batean zurubiko oholen kirrinka entzun zuen. Norbait gora zetorren. Tranpa ireki eta argi bat agertu zen. Zoko haren morroiloz itxitako ateak zirrikitu zabal samarra zeukan. Bere aurpegia berehala itsatsi zion. Ondoko gelan gertatzen zen guztiaz jabetuko zen horrela. Katu-aurpegiko atsoa atera zen lehenbizi tranpatik, kriseilua eskuan, gero Febo bere bibotea leunduz eta hirugarren Esmeralda, bere gorputz lirainarekin. Apaizari lurretik gora liluragarri agertu zitzaion. Claude dardarka hasi zen. Begiak lausotu egin zitzaizkion eta bere arterietan taupadak indartsu nabaritzen zituen. Burrunbaka eta jiraka ari zitzaion dena inguruan. Handik aurrera ez zuen ezer ikusi. Ez zuen deus ere entzun. Bere onera etorri zenean, Febo eta Esmeralda zurezko kutxaren gainean kriseiluaren ondoan eserita zeuden, zeinaren argiari esker artxidiakonoak bi gazteen irudiak eta gela barrenean zegoen ohe xaxtar bat ikusten baitzituen. Ohe zirtzil haren ondoan leihoa zegoen eta armiarma-sarera euria erorita bezala, bere hautsitako beiretan zehar zeruaren zoko bat eta urrutian hodeizko koltxoi bigunean etzanda ilargia ikus zitezkeen. Neska gaztea gorrituta zegoen; asaldatuta eta ikaraz. Bere betile luzeek masaila gorriei itzal egiten zien. Begiratzera ere ausartzen ez zen ofiziala distiratsu zegoen. Oharkabean eta lotsati-keinu xarmantaz, bere behatzaz eserlekuan nahas-mahas lerroak marraztu zituen, bere behatzari begira zegokiola. Bere oinik ezin zen ikusi, gainean ahuntza etzanda zeukalako. Kapitaina oso dotore zegoen. Lepoan eta eskumuturretan urrezko edergarriak zeuzkan. Oso apain zebilen, beraz. Dom Clauderi asko kostatu zitzaion haiek ziotena aditzea, bere lokietan burrunba egiten zuen odola zela eta. (Maiteminduen berriketa baino gauza hutsalagorik ez dago. Maite zaitut etengabe errepikatzea besterik ez da izaten esaldi musikal huts eta geza entzuten ari direnentzat, fioritura-ren batez apaindua ez bada. Baina Claude ez zen axolarik gabe entzuten ari.) O! esan zuen neska gazteak begiak altxatu gabe Ez nazazu gaitzetsi, Febo monsignorea. Badakit egiten ari naizena gaizki dagoela. Zu gaitzetsi, ume eder hori! erantzun zion ofizialak, nagusitasunezko adeitasuna erakutsiz Zu gaitzetsi. Ene Jaungoikoa! Zergatik? Honaino zurekin etortzeagatik. Puntu horri buruz ez gara ados jarriko, eder hori. Gaitzetsi ez eta gorrotatu egin behar zintuzket. Neska gazteak ikaratuta begiratu zion. Gorrotatu? Zer egin dut, bada? Horrenbeste eskatu behar izanagatik. Hara! esan zuen neskak... promesa betetzen ez badut... Nire gurasoak ez ditut aurkituko... kutunak bere boterea galduko du ...Baina, zer axola dio? Ba al dut orain aitaren eta amaren beharrik? Hori esanarekin batera poz eta samurtasunez betetako begi beltz handiak kapitainarengan finkatu zituen. Deabruak eraman nazala, ulertzen bazaitut! deiadar egin zuen Febok. Esmeralda une batez isilik egon zen. Gero malko bat atera zen bere begietatik, hasperen bat ezpainetatik, eta honela jarraitu zen: O, monsignorea! Maite zaitut. Neska hura kastitate-kutsu batek, bertutezko xarma batek inguratzen zuen eta Febok bere burua ez zuen erabat lasai sentitzen. Baina aitormen hark berotu egin zuen. Maite nauzu, beraz! esan zion pozez, eta besoa ijitoaren gerrira luzatu zuen. Aukera haren zain zegoen. Apaizak hura ikusita behatz-puntaz sakelan ezkutaturik zeraman sastakai baten girtena ukitu zuen. Febo esan zion ijitoak bere gerritik kapitainaren esku itsaskorrak kontuz urrunduz. Zu ona, eskuzabala eta ederra zara, eta ni, Bohemian galdutako ume gaixoa besterik ez naizela, salbatu egin nauzu. Aspalditik izan dut ametsetan salbatzen ninduen ofiziala. Zu zenbiltzan nire ametsetan, ezagutu baino lehen, Febo. Nire ametsean zurea bezalako uniformea, itxura ederra eta ezpata zeuden. Zure izena Febo da. Izen ederra inola ere. Zure izena eta zure ezpata maite ditut. Atera ezazu ezpata, Febo, ikus dezadan. Ume hori! esan zuen kapitainak ezpata irribarrez aterata. Ijitoak heldulekuari eta ahoari begiratu zien. Esku-babeseko inizialak jakin-min xarmantaz aztertu zituen eta ezpatari musu emanez honela mintzatu zitzaion: Ausartaren ezpata zara. Maite dut nire kapitaina. Febo, neskaren lepo ederra laztantzeko baliatu zen aukera hartaz, eta neska gaztea gerezia bezain gorri zutitu egin zen. Apaizak bere hortzak kraskatu zituen ilunpean. Febo! jarraitu zen ijitoa Utz iezadazu hitz egiten. Ibil zaitez apur bat, zure lerdentasuna ikusi eta zeure ezproiren hotsa entzun dezadan. Zein ederra zaren! Kapitaina jaiki egin zen neskaren nahia betetzearren, atsegin-irribarrez errieta emanez. Umea bezalakoa zara! Eta, eder hori, inoiz ikusi al nauzu gala-uniformez? Zoritxarrez ez! erantzun zion. Hori bai dela ederra! Febo neskaren ondoan eseri zen, baina oraingoan lehen baino askoz ere hurbilago. Entzun, maite hori... Ijitoak bere esku politaz ahoan kolpetxo batzuk jo zizkion erotasun, grazia eta alaitasunez betetako xalotasunaz. Ez, ez. Ez dizut entzungo. Maite al nauzu? Maite nauzula entzun nahi dizut. Maiteko ez zaitut, bada, nire aingeru hori! esan zion kapitainak belauniko erdizka jarrita nire gorputza, nire odola, nire arima, dena da zurea, dena da zuretzat. Maite zaitut. Beste inor ez dut behin ere maite. Kapitainak esaldi hura antzeko egoeran hainbeste aldiz errepikatua zuenez, hasialdi balearrean esan zuen buruz hutsik ere egin gabe. Aitormen sutsu hura entzunda, zeru ordez zeukan sabai zikin hartara bihurtu zuen aingeruen pareko zorionez betetako begirada. O! murmuratu zuen neskak Honelako unetan hil behar litzateke! Febok beste musu bat kentzeko «une» egokia zela iritzi zion, zeinak artxidiakonoa bere zoko miserablean are eta gehiago sumindu baitzuen. Hil! deiadar egin zuen kapitain maiteminduak Baina, zer diozu aingeru horrek? Bizitzeko garaia da, Jupiter ume bihurria besterik ez da eta! Hain gauza gozoaren hasieran nola hil liteke! Zakurraren putza! Hori ergelkeria! Entzun, nire Similar... Esmenarda... Barkatu, baina hain izen bitxia duzunez kosta egiten zait ongi esatea. Sasi artea bezalakoa da eta gerarazi egiten dit. Ene Jaungoikoa! esan zuen neska gajoak Bitxia izanik nire izena polita zelakoan nengoen, baina gustukoa ez baduzu Goton deitu nahiko nuke. A! Huskeria horiengatik ez dezagun negar egin, nire eder hori! Izen hori entzutera ohitu egin behar da, eta kito. Buruz ikasten dudanean, pentsatu ere egin gabe aterako zait. Entzun bada, nire Similar kuttuna. Erabat maite zaitut; benetan, eta hori da harrigarria. Ezagutzen dut amorratzen dagoen neska bat... Neskatxak, jeloskor, jarduna eten egin zion: Zein da? Eta horrek zer axola dio? esan zuen Febok Maite al nauzu? O!... erantzun zion. Beraz, ez dago beste ezeren beharrik. Ikusiko duzu nik ere maite zaitudala. Neptuno deabru handiak bere sardearekin harrapa nazala mundu honetako pertsona zoriontsuena egiten ez bazaitut. Edozein bazterretan etxetxoren bat aurkituko dugu eta zure leiho aurrean nire arkulariak pasaraziko ditut. Denak zaldiz joaten dira eta Mignon kapitainak dituenen aldean harro ere bai. Baleztariak, lantzariak eta esku-kanoilariak daude. Rully-ko bihitegira eramango zaitut paristarren maniobra handiak ikustera. Oso bikaina da. Laurogei mila gizon armatu; hogeita hamar mila altzairu-jantzi zuri; talde guztien hirurogeita hamar bandera; parlamentuaren, kontu-auzitegiaren, jeneralen altxorraren eta monetako laguntzaileen oihalak; mila deabruzko erakusketa militarra, nolanahi ere. Erregearen jauregira bertako lehoiak ikustera eramango zaitut, benetan basapiztiak dira eta. Hori emakume guztiek dute atsegin. Lehentxeago tik neska gaztea pentsamendu liluragarrietan murgildurik zegoen. Bere ahotsaren doinuaren arabera ametsetan ari zen, hitzen esanahiaz ohartu gabe. O! Zoriontsu izango ez zara bada? Bai horixe! jarraitu zen kapitaina, aldi berean kontu handiz ijitoaren gerrikoa askatuz. Zertan ari zara? esan zion bizkor. Ekintza hark bere ametsetatik esnatu egin zuen. Ez, ez da ezer. Nirekin bizitzen zarenean kale-kantoiko arropa bitxi hau alde batera uztea komeniko dela nioen. Besterik ez. Zurekin bizi, nire Febo! esan zuen neskak samurkiro. Isilik eta pentsakor geratu zen. Kapitainak, bere gozotasunaren eraginez, gerritik heldu zion. Neskak ez zion galarazi eta poliki-poliki brusa askatzen hasi zitzaion. Lepokoa hainbeste askatu zionez, artxidiakonoak, arnasestuka, tul artetik ijitoari sorbalda biluzi, eder, biribil eta beltzarana irteten ikusi zion, horizontean laino artean ilargia bezala. Neska gazteak Febori utzi egiten zion. Ez zirudien ohartzen zenik. Kapitain ausartaren begiek diz-diz egiten zuten. Bat-batean, beregana jiratu zen: Febo esan zion mugarik gabeko maitasun-aurpegiz zure erlijioan hezi behar nauzu. Nire erlijioan! deiadar egin zuen kapitainak barrez Nire erlijioan zu hezi! Arraiopola! Zer egin nahi diozu nire erlijioari? Biok ezkontzeko da erantzun zion. Kapitainaren aurpegiak ustekabea eta destaina, axolagabekeria eta grina nabarmena, erakutsi zituen. Tira, tira! Ezkondu egin behar al dugu, bada! Ijitoa zurbildu egin zen, eta bere burua bularreraino triste makurtu zuen. Maite eder hori erantsi zion Febok samurkiro. Zer erokeria dira horiek? A zer gauza, ezkontza! Apaizaren aurrean latinez ezer ez esateagatik maitale txarragoa izaten al da. Eta ahots gozoaz mintzatzen ari zitzaion bitartean, ijitoarengana erabat hurbildu zen. Bere esku laztangarriek neskaren gerri mehe eta liraina inguratu zuten, bere begiak gero eta biziago zeuden eta bazirudien Febo une berezi batera iristear zegoela; Jupiterrek berak hainbat erokeria egiten dituelako Homerok ere hodeiari laguntza eskatu behar dionekora, hain zuzen. Dom Claude ordea, dena ikusten ari zen. Ate hura upela-ohol ustelez osatua zegoen eta bere hegazti harrapariaren begirada erraz igarotzen zen zirrikitu zabaletatik. Azal beltzaran eta sorbalda zabaleko apaiz hura, ordura arte klaustroko birjintasun zorrotzera ohituta, ikaratu eta asaldatu egiten zen maitasun eta haragikeriazko gaueko eszena haiei begira. Mutil gazte suhar haren eskuetara hain sutsu eroritako neska gazte eta polit hark, odola irakiten zion. Bere baitan mugimendu harrigarriak eragiten zizkion. Bere begirada, jeloskor eta lizuna, kapitainak irekitzen zuen edozertan finkatzen ziren. Zorigaiztoko apaizak pipiak jotako ohol haietara itsatsita zeukan itxura inork ikusi izan balu, txakal batek gazela nola irensten duen begira dagoen tigrea zela esango zukeen. Bere begi-niniek kandelak bezala egiten zuten argi ateko zirrituetan zehar. Bat-batean, Febok mugimendu azkarrez ijitoaren lepokoa kendu zuen. Zurbil eta ametsetan zegoen neska gajoa asaldatuta iratzarri zen. Kapitain ausartarengandik berehala aldendu zen bere lepo eta sorbalda biluziak ikusirik. Gorriturik, nahasturik, lotsaz mututurik, bi besoak bular aurrean gurutzatu zituen, ezkutatu nahian. Bere masailetako gorritasunagatik izan ez balitz, hain isil eta geldirik ikusita ahalke-estatua zela esan zitekeen. Bere begiak behera begira zituen. Baina kapitainaren ekintzak lepotik zintzilik zeraman kutun misteriotsua agerian utzi zuen. Zer da hori? galdetu zion, izutu zuen neskarengana berriz ere inguratzeko aitzakiatzat harturik. Ez ukitu! agindu zion gogor Nire zaintzailea da. Duintasuna gordetzen badut neure familia aurkitzeko bidea eskainiko dit. O! Utz nazazu, kapitaina! Nire ama! Nire ama gajoa! Non zaude? Zatoz laguntzera! Mesedez, Febo jauna! Emadazu nire lepokoa! Febok atzera egin zuen eta hotz samar honakoa esan zion: A, neska! Garbi dago ez nauzula maite! Ez zaitudala maite? oihu egin zuen neska gajoak kapitaina besarkatuz eta bere ondoan eseraraziz Ez zaitudala maite! Nola esan daiteke hori, Febo? Bihotza urratu nahi al didazu? Har nazazu! Har nazazu osorik! Egin ezazu nahi duzuna. Zurea naiz. Kutunak edo amak, zer axola dio? Maite zaitudanez, zu zara nire ama! Febo! Nire Febo maitea! Ikusten al nauzu? Ni naiz. Begira iezadazu. Zuk utzi nahi ez duzun neska naiz, zure bila datorrena. Nire arima, nire bizitza, nire gorputza, nire pertsona, dena da zurea, kapitaina. Ba ez. Gustu ez baduzu ez gara ezkonduko. Zer naiz, bada, ni? Kale gorriko neska miserablea. Zu berriz, nire Febo, zu handikia zara. Ederki eman ere! Dantzaria ofizialarekin ezkondu! Erotuta nengoen. Ez, Febo, ez. Zure maitalea, zure jostaketa, zure atsegina izango naiz, zuk nahi duzunean. Zure neska izango naiz. Horretarako jaioa naiz; zikindua, mesprezatua eta laidotua izateko. Zer axola dio! Maitatua izango naiz; emakume guztietan zoriontsuena eta harroena. Zaharra eta itsusia izaten naizenean, Febo, maitatzeko balioko ez dudanean, zerbitzatu egingo zaitut. Beste batzuek gerrikoak bordatuko dizkizute. Ni, zainduko zaituen neskamea izango naiz. Zure ezproiak distiratsu uzten, zure uniformea eskuilaz txukuntzen eta zaldi gainean ibiltzeko botak garbitzen utziko didazu. Hori egiten utziko didazu, ezta? Bitartean hartu nauzu! Dena zurea da, Febo... maite nauzu; besterik ez! Guk ijitook horixe behar dugu: airea eta maitasuna. Horrela hizketan ari zela, besoak ofizialaren lepoan zituen. Begiak altxatuta begiratzen zion irri eder eta malkotsuz eskean, bere eztarri leunaz gainjantziaren oihala eta bordatu zakarrak igurtziz. Bere gorputz eder eta erdi biluzia belaunetaraino bildua zeukan. Kapitainak, txoratuta, bere ezpain sutsuak sorbalda afrikar eder haietan ipini zituen. Neska gaztea, begirada sabaian galdua zuela, ikaraturik eta taupaka zegoen musu haren eraginpean. Bat-batean, Feboren buruaren gainean beste bat ikusi zuen; aurpegi zurbil, berde, dardaratia eta kondenatuaren begirada zuena. Aurpegi haren ondoan sastakaia zeukan eskua ere ageri zen. Apaizaren aurpegia eta eskua ziren. Atea hautsi eta han zegoen, Febok ikusten ez zuela. Neska gaztea zirkinik ere egin gabe geratu zen, harrituta, hitzik ere atera gabe, agerraldi beldurgarri haren eraginez; usoak burua altxatzen duenean ugatzak bere begi biribilez habiara begiratzen duenean bezala. Garrasirik ere ezin zuen egin. Sastakaia Feborengana jaisten eta odolduta igotzen ikusi zuen. Madarikatua! esan zuen kapitainak, eta lurrera erori zen. Neska zorabiatu egin zen. Bere begiak ixten ari zirenean, sentsazio guztiak ezkutatzen ari zirenean, bere ezpainetan suzko laztan bat sentitu zuela iruditu zitzaion; borreroaren burdina goriak baino gehiago erretzen zuen musu bat. Kordea itzuli zitzaionean, neska errondako soldaduz inguratuta zegoen. Odoldutako kapitaina zeramaten, eta apaizaren arrastorik ez zegoen. Gela barreneko leihoa, ibai alderakoa, zabal-zabalik zegoen. Kapa bat jaso zuten han eta ofizialarena izango zela pentsatu zuten. Neskak berriz, honakoa entzun zuen: Sorgin honek sastakatu du kapitaina. Parisko Andre Maria |