Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

I.
ANDRE MARIA

 

        Dudarik gabe oraindik ere Parisko Andre Mariako eliza eraikin bikain eta famatua da, baina denboran zehar ospetsu kontserbatuagatik, zaila da denborak eta gizonek aldi berean itzal handiko monumentu honi egin dioten hainbat kalte eta mozketa ikusita arrangura eta amorrua erakutsi gabe geratzea; ez baitiote inolako errespeturik gorde, ez lehen harria jarri zuen Karlomagnori eta ez azkena ipini zion Felipe-Augusturi.

        Gure katedralen erregina zaharraren aurpegian, zimurraren ondoan beti orbaina aurkitzen da. Tempux edax, homo edacior. Nik pozik itzuliko nuke honela: «Denbora itsua da eta gizona ergela».

        Irakurlearekin batera eliza zaharrari egindako kalteen arrastoak aztertzeko astia izango bagenu, denborak eragindakoak lirateke gutxienak eta gizonek (eta batez ere arte-gizonek) eragindakoak okerrenak. Nahitaez arte-gizonak aipatu behar ditut, zeren batzuek arkitekto titulua azken bi mendeotan lortu baitute.

        Lehenik eta behin, eta adibide nagusiak baizik ez aipatzekotan, seguru esan daiteke fatxada hau baino arkitektura-orrialde ederragorik ez dela asko egongo. Bertan elkarren ondoan eta aldi berean honakoak ikus daitezke: hiru ojiba-portada txaranbeldu, hogeita zortzi erret nitxoen kordoi bordatu eta hozkatua, erdiko arrosetoi ikaragarria (alboan bi leiho apaizak diakonoa eta subdiakonoa bezala dituela), hiru gingileko arku-galeria altu eta liraina (bere gainean koloma finetan apoiaturik plataforma astuna duela) eta azkenik bi dorre beltz sendoak beren arbelezko gainekin. Bost estaia ikaragarritan gainjarritako multzo guztiz ederraren zati harmoniatsu dira, pilaturik eta nahasketarik gabe, begien gozagarri, beren estatua, eskultura eta hozkadurak monumentuaren handitasun barean sendo elkarturik dituztela. Harrizko sinfonia zabala da, nolabait esan; gizon baten eta Herri baten lana; multzo bat eta aldi berean asko, bere garaiko Iliada eta Erromantzetegiak bezalaxe; garai bateko indar guztien laguntzaz lortutako emaitza harrigarria, zeinaren harri bakoitzetik ehun formatan langilearen fantasia artistaren jeinuak bideraturik ateratzen baita; hitz batez esanda, jainkoaren kreazioa bezain sendoa eta emankorra den giza kreazioa, hari desberdintasuna eta betierekotasuna kendu dizkiola dirudielarik.

        Eta hemen fatxadari buruz dioguna eliza osoari dagokio, eta Parisko katedralaz dioguna Erdi Aroko kristandadeko eliza guztiei dagokie. Berak bere burua sortutako arte logiko eta proportziozko honetan, dena da harmoniatsua. Hankako behatza neurtzea erraldoi osoa neurtzea adinakoa da.

        Gatozen ordea Andre Mariako katedralak daukan fatxadara; gaur egun oraindik ere, kronistek diotenez, debozioz katedral serio eta sendoa mirestera joaten garenean izutzen gaituenera: quae mole sua terrorem incutit spectantibus.

        Hiru gauza garrantzitsu falta dira gaur egun fatxada horretan. Batetik, lurretik igotzen zen hamaika mailako eskailera. Bestetik, hiru portadetako nitxoetan zegoenen beheko estatua-segida, eta azkenik Frantziako errege zaharrenen (hasi Txildebertotik eta Felipe-Augusturaino, honek eskuan «inperio-sagarra» zeukala) hogeita zortzi estatuen goiko segida, zeinak lehen estaiako galeria hornitzen zuen.

        Eskailera denboran zehar desagertu egin da, Cite-ko zorua emeki-emeki igo ahala. Baina Parisko zoruaren itsasgora horrek eraikinari maiestate-altuera ematen zioten hamaika mailak banan-banan irentsi baditu ere, denborak elizari kendutakoa baino gehiago eman dio, zeren denborak fatxadan monumentuen zahardadeari edertasun-kutsua eransten dion kolore iluna zabaldu baitu.

        Hala ere, nork bota ditu bi estatua-ilarak? Zeinek utzi ditu nitxoak hutsik? Zeinek tailatu du ate nagusi handiaren erdian ojiba berri eta arlote hori? Zein ausartu da Luis XV.aren estiloko zurezko ate geza eta astun hori Biscornette-ren arabeskoen ondoan jartzera? Gizonak; arkitektoak, gaur egungo artistak.

        Eta eraikinaren barrura sartzen bagara, zeinek bota du San Kristobalen estatuatzarra, bere arloan aretotan jauregiko areto handiak edo kanpandorretan Strasburg-eko geziak adinako fama izanik? Zeinek nabe eta koruko kolomarteak betetzen zituzten milaka estatua (honakoa belauniko, hangoak zutik, bat edo beste zaldiz, batzuk emakumeak, besteak gizonak, dela umea, erregea, apezpikua edo jendarmea, harrizkoa, marmolezkoa, urrezkoa, zilarrezkoa, kobrezkoa edo argizarizkoa)? Zeinek ezkutarazi ditu hain zakarki? Denborak ez, noski.

        Eta erlikitegi nahiz kutxatilaz hain bikain josita zegoen aldare gotiko zaharraren ordez, zeinek ipini du Val-de-Grace edo Invalides-ko erakusgarri dirudien eta hodeiak nahiz aingeru-buruak dituen marmolezko sarkofago astun hori? Zeinek ezarri du hain zentzugabeki harrizko anakronismo pisutsu hori Hercandus-en zoladura karolingiarrean? Luis XIII.aren botoa bete asmoz Luis XIV.a izan ote da?

        Eta zeinek ipini ditu beira zuri hotz horiek «kolore biziko» beirateen ordez, zeintzuei begira gure arbasoen begia, txundituta, atari handiko arrosetoiaren eta absideko ojiben artean aukera egin ezinik egoten baitzen? Eta zer esango luke XVI. mendeko subxantreak, gure artzapezpiku hondatzaileek beren katedrala kareztadura horiaz kakaztuta ikusita? Borreroek eraikin «gaiztoak» pintatzeko erabiltzen zuten kolorea dela gogoraraziko zuen; kondestablearen traizio ondoren dena horiztatutako Petit-Bourbon-go jauregiaz oroituko zen (Sauval-ek dioenez, «nolanahi ere pintura tenple onekoa eta ongi ezarria zen, zeren mende osoa igaro eta gero ere ez baitu kolorerik galdu»). Etxe santu hura leku zirtzila dela pentsatu eta ihes egingo luke.

        Eta mila modutako astakeriak kontutan hartu gabe katedral gainera igota, zer egin diote gurutzaduran apoiatzen zen eta Kapera Santuko ondoko gezia (hau ere eraitsi dute jadanik) bezain eder eta harro dorreak baino gailenago, tinko, zorrotz eta ozen zutitzen zen kanpandorre txiki xarmantari? Gustu oneko arkitekto batek (1787) eraitsi egin zuen eta zauria ezkutatzeko lapikoaren estalkia dirudien berunezko txaplata ikaragarri hori ipintzea aski zela iruditu zitzaion.

        Erdi Aroko arte miresgarria ia herri guztietan, eta batez ere Frantzian, horrela tratatu dute. Hondakinetan hiru motako kalteak bereiz daitezke: batetik denborarenak, han-hemenka mailatu eta gainazal guztia lizundu duelarik; gero iraultza politiko eta erlijiosoek eragindakoak, zeinak berez itsu eta haserrekorrak izanik, trumilka jauzi baitzaizkio, bere eskultura eta taila-estalki aberats-aberatsa birrinduz, arrosetoiak zulatuz, arabesko eta estatuatxozko idunekoak hautsiz eta estatuak (batzuetan beren koroengatik eta besteetan beren mitrengatik) erauziz; eta azkenik modenak, hauek ere gero eta irrigarriago nahiz ergelago izanik; Errenazimentuko desbideratze anarkikoen ondotik arkitekturaren ezinbesteko gain-beherakadan elkarren ondoren etorri baitira. Modek iraultzek baino kalte handiagoak eragin dituzte. Zirt-zart ebaki dute, artearen eskeletoari eraso diote, eraikina ebaki, moztu, desantolatu egin dute, bai formari eta bai sinbologiari, logikari zein edertasunari, jazarriz. Eta gero berreraiki egin dute, horretan ez denborak eta ez iraultzek saiatzeko asmorik izan ez dutelarik. Gustu onaren izenean, arkitektura gotikoaren zaurietan lotsagarriro moldatu dituzte beren egun baterako zirtzileriak, marmolezko zintak eta metalezko borlak. Izan ere obalo, kiribildura, buelta, farfail, girnalda, zerrenda, harrizko sugar, brontzezko hodei, mutiko pottolo eta kerubin puztuko legena, artearen aurpegia Katalina Medici-ren kaperan hasten da jaten eta bi mende geroago hiltzen du oinazez eta keinuka ari dela Dubarry-ren kabinetean.

        Aditzera emandako puntuak laburbilduz, beraz, hiru erako kalteek itxuraldatzen dute gaur egun arkitektura gotikoa. Azaleko zimur eta garatxoak denborak eraginak dira; ekintza bidezko zakarkeria, mazpildura eta hautsiak Luther-etik Mirabeau-rarteko iraultzen adierazgarri ditugu; baina mozketa, erauzketa, armazoia loka uztea eta errestaurazioak, Vitruvio eta Vignole-ren ildoko irakasleen lan greko, erromatar eta barbaroaren emaitza dira. Bandaloek sortutako arte bikain hau akademiakideek hil egin dute. Inpartzialki eta handitasunez higatzen duten denboraren iraganari nahiz iraultzei, eskolako arkitekto-andana erantsi zaie, beren agiri, zin eta guzti, benetan oso irizpide txarrez Erdi Aroko farfail gotikoak (Partenoiaren ohoretan) Luis XV.aren eskarolez ordezkatzen dituztelarik. Hiltzear dagoen lehoiari astoak emandako ostikada da; inausteaz gain beldarrek pikatu, hozkatu eta zatikatzen duten haritz zaharra.

        Zein urruti dagoen Roberto Cenalis-en garaia, zeinak Parisko Andre Maria Efeso-ko Dianaren tenpluarekin (antzinako paganoek hainbeste goraldu eta Erostrato-k hilezkor bihurtuarekin) konparatuz katedral galiarra «luzeraz, zabaleraz, altueraz eta egituraz bikainagotzat» baitzeukan!

        Bestetik Parisko Andre Maria ez da monumentu osoa, behin betirakoa eta katalogatua. Ez da eliza erromanikoa; ezta eliza gotikoa ere. Are gutxiago eredua. Parisko Andre Mariak ez du Tournus-ko abadiak bezalako zabaltasun sendo eta masatsua, ganga zabal eta biribila, hoztasun biluza edo erdi puntuko arkua jatorritzat duten eraikinen sinpletasun maiestatikoa. Ez da Bourges-ko katedralaren antzera ojibaren emaitza eder, arin, forma-anitz, trinko, latz eta efloreszentea. Ezin da sailkatu antzinako eliza-multzo ilun, misteriotsu, baxu, erdi puntuak zanpaturiko eta sabaitik ez balitz egiptiar diruditenetan; denak hieroglifiko, denak sazerdotar, denak sinboliko direnetan; beren edergarrietan lore baino erronbo eta sigi-saga gehiago, animalia baino lore ugariago eta gizaki baino animalia areago dituztenetan. Talde hau arkitektoaren obra gehiago da apezpikuarena baino. Artearen lehen transformazioa da; diziplina teokratiko eta militarrez josia, zeinak jatorria Behe-Inperioan eta amaiera Gilermo Konkistatzailearen garaian duen. Gure katedrala ezin da beste eliza altu, lerden, beiratan zein eskulturatan aberats, forma-zorrotz, jarreraz ausart, sinbolo politiko libre bezain komunal eta burges edo artelanak bezala apetatsu eta hezikaitz direnen taldean sailkatu. Artearen bigarren transformazioa dago talde honetan, hau da, ez du hieroglifikotik, aldaezinezkotik eta sazerdotarretik; Gurutzaden itzulerekin hasi eta Luis XI.arekin amaitzen den kutsu artistiko, aurrerakoi eta herrikoitik baizik. Parisko Andre Maria ez da lehenengoak bezala arraza erromaniko hutsekoa. Ezta bigarrenen antzera arraza arabiar hutsekoa ere.

        Trantsizio-eraikina da. Arkitekto saxoniarrak nabeko lehen pilareak altxatu zituenean, gurutzadetatik zetorren ojibak erdi puntuko arkuak baizik hartzeko gai ez ziren kapitel erromaniko zabalak garaitu eta konkistatu egin zituen. Harez gero nagusi izanik, elizaren gainerakoa erailei du. Hasieran trebetasunik gabea eta lotsati ikusi arren, gero zabaldu, hedatu eta geratu egiten da. Ez da ausartzen geroko katedralean bezain miresgarri gezi eta ojiba luzetan oldartzera. Badirudi pilare erromaniko astunek erasanda dagoela.

        Bestalde, erromanikotik gotikorako trantsizioko eraikin hauek, estudiatzeko eredu garbiak baino balio txikiagokoak ez dira. Berauek ezean galdu egingo litzatekeen arte-ñabardura dute. Erdi puntuari ojiba txertatuta eginak dira.

        Parisko Andre Maria mota honetako lagin bitxia da. Aurpegi bakoitza, monumentuaren harri bakoitza, herriaren historiako orri bat ez ezik zientziaren eta artearen historiako orria ere bada. Xehetasun gutxi batzuk besterik ez ematekotan, Ate gorria ia XV. mendeko fintasun gotikoen mugetaraino heltzen dela eta nabeko pilareek (beren bolumen eta pisuarekin) denboran atzera eginda Saint-Germain-des-Pres-ko abadia karolingiarreraino doazela argituko dugu. Ate horretatik pilareetaraino sei mendeko aldea dagoela pentsa daiteke. Hermetikoen artean badira portada handiko sinboloetan beren zientziaren bilduma aurkitu dutela eta Saint-Jacques-de-la Boucherie-ko eliza hieroglifo osoa zela uste dutenak. Beraz, abadia erromanikoa, eliza filosofala, arte gotikoa, arte saxoniarra, Gregorio VII.a gogorarazten duen zutabe astun biribila, Nikolas Flamel-ek Luther iragartzen zueneko sinbolismo hermetikoa, Saint-Germain-des-Pres, Saint-Jacques-de-la-Boucherie, dena legoke Andre Marian urtua, konbinatua eta bat egina. Erdian dagoen eta gainerako elizen sortzaile izan zen eraikin hau, Parisko eliza zaharren artean kimera antzeko bat da. Izan ere, baten burua, bestearen gorputz-adarrak eta beste baten bizkarra baititu; denetik zerbait, alegia.

        Berriro diogu. Eraikuntza hibrido hauek badute interesik artistarentzat, antikuarioarentzat edo historialariarentzat. Arkitektura zein gauza primitiboa den erakusten dute. Izan ere, hondakin zildopeo, Egiptoko piramide eta pagoda hindu itzelen antzera, eraikuntza arkitektoniko handienek banakakoen lana ez eta gizarte-obrak direla frogatzen baitute; talentuko gizonen kimuak baino gehiago herriek beren lanaz sortutakoak direla, alegia. Herriak uzten duen hauspeakina da, mendeek eragindako metaketa, gizartearen ondoz ondoko lurrinketan geratutako kondarra. Labur esanda, eratzen ari diren espezieak dira. Denboran zehar uholde bakoitzak bere alea uzten du, arraza bakoitzak bere geruza eransten dio monumentuari, pertsona bakoitzak bere harria gehitzen dio. Kastoreek eta erleek bezalaxe jokatzen dute gizakiek. Arkitekturaren ikur nagusia, Babel, aberaska ikaragarria baizik ez da.

        Eraikin handiak, mendi handiak bezalaxe, mendeen emaitza dira. Askotan, amaitu gabe daudenean artea eraldatu egiten da: pendent opera interrupta', eta patxadaz segitzen dute moda berriaren ildotik. Arte berriak monumentua dagoenean hartzen du, eta txertatu egiten da, kide bihurtzen da, bere fantasiaren arabera garatuz eta ahal badu amaituz. Guzti hori asaldurarik gabe burutzen da; behartu gabe, erreakziorik gabe, lege natural eta lasaiari jarraituz. Txertoa bezalakoa da, dabilen sapa bezalakoa, berriz ernetzen den landarea bezalakoa. Monumentu berean altuera desberdinetan ondoz ondo itsatsita dauden soldadura horietan, oso liburu lodiak idazteko adina gai badago, eta askotan baita gizateriaren historia unibertsala idazteko adina ere. Gizona, artista edo pertsona ezkutatu egiten dira egilearen izenik gabeko masa handi horien atzean. Giza adimena laburbilduta geratzen dela esan daiteke. Denbora arkitektoa da, eta herria hargina.

        Hemen Europako arkitektura kristaua (Ekialdeko obra handien arreba txikia) besterik aztertzen ez dugunez gero, elkarren gainean ongi bereizitako hiru zona dituen multzo handi gisa agertzen zaigu; zona erromaniko, zona gotikoa eta Errenazimentuko (guk pozik greko-erromatar deituko diogu) zona deiturikoak dituen multzo gisa. Geruza erromanikoa, zaharrena eta saltonena, erdi puntuko arkuak hartzen du, eta berriro agertzen da Errenazimentuko goiko geruza modernoan koloma grekoaren eskutik. Ojiba, bien artean dago. Hiru geruza hauetako bati bakarrik dagozkion eraikinak, besteekiko erabat bestelakoak, bakanak eta osoak dira. Jumieges-ko abadia, Reims-ko katedrala eta Orleansko Gurutze Santua dira. Baina hiru zonak ertzetatik nahastu eta urtu egiten dira, koloreak ortzadarrean bezalaxe. Hortik sortzen dira monumentu konplexuak, ñabardurazko eta trantsiziozko eraikinak. Eraikuntza batek oina erromanikoa, gorputz gotikoa eta buru greko-erromatarra ditu. Izan ere eraikitzen seiehun urte igaro baitira. Mota honetakoak urri dira. Etampes-ko dorrea da horietako bat. Dena den, bi estiloko eraikinak ugariago dira. Parisko Andre Maria, ojibazko eraikina da, baina bere zimenduak Saint-Denis-ko portada eta Saint-Germain-des-Pres-ko nabea bezalaxe zona erromanikoan sustraituak ditu. Bocherville-ko batzar-areto erdi gotiko xarmanta ere (zeinari geruza erromanikoa gorputz erdiraino heltzen baitzaio) horrelakoa da. Rouengo katedrala da horietako beste bat. Erabat gotikoa litzateke, bere erdiko geziaren puntak Errenazimentuko zona ukituko ez balu.

        Nolanahi ere, ñabardura eta diferentzia guzti hauek eraikinen azalari dagozkie. Artea da jantziz aldatu dena. Eliza kristauaren egiturak izan ere, bere horretan darrai. Barruko armazoiak, bere zatien kokapen logikoak, berdin dirau. Katedralaren edergarri eta eskulturazko gainazala edozein izanik ere, azpian beti aurkitzen da (hazi edo hastapen gisa besterik ez bada ere) basilika erromanikoa. Bere oina etengabe garatzen du lege beraren arabera. Nahitaez gurutze forman elkar ebakitzen duten bi nabeak ditugu beti, goiko muturrak abside gisa biribilduz korua osatzen duelarik. Beti dituzte aldamenetan bi nabe barne-prozesiotarako eta kaperetarako, nabe nagusiaren alboetan pasealeku gisa erabiltzeko eta berarekin koloma arteen bidez komunikatuta dagoelarik. Horretan oinarriturik kapera, portada, kanpandorre eta orratzen kopurua mugarik gabe aldatzen da mendeko fantasiaren, herriaren edo artearen arabera. Eliz ospakizunetako kultua segurtatuz gero, arkitekturak ongien deritzona egiten du. Estatua, beira, arrosetoi, arabesko, farfail, kapitel edo baxuerliebe, arkitekturak nahierara konbinatzen ditu komeni zaion logaritmoaren ildotik. Horregatik dute eraikin hauek kanpoaldetik hain desberdintasun harrigarria, hondoan ordena eta batasuna nagusi izanik. Zuhaitzaren enborra aldaezina da, adarrak eta hostoak aldakorrak badira ere.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997