|
Parisko Andre Maria II. Gure irakurleek barkatuko al digute artxidiakonoak lehentxeago esandako hitzen azpian zegoen esanahia aztertzen hasteagatik!: Honek hura hilko du. Liburuak eraikina hilko du, hitzen azpian zegoena, alegia. Gure iritziz, pentsamenduak bi aurpegi zituen. Batetik apaizaren pentsamendua zen; elizgizonak inprimategia bezalako elementu berriaren aurrean zeukan ikara; santutegiko gizonak Gutenberg-en prentsa argitsuaren aurrean sentitutako beldurra eta harridura; pulpitu eta eskuizkribua, ahoskatutako hitza eta letra idatzia, inprimatutako hitzaren aurrean ikaratuta; Legio-aingerua bere sei milioi hega zabaltzen ikusten duen txoriaren izua bezalako zerbait. Profetaren oihua zen, gizateria emantzipatuaren zurrumurrua eta jarduna entzuten, etorkizunean adimena fedea zulatzen ikusten, iritziek sinesmenak eraisten eta munduak Erroma astintzen zuelarik. Filosofoaren iragarpena zen, zeinak giza pentsamendua, inprimategiak lurrinduz, ontzi teokratikotik hegazkortzen ikusten baitzuen. Brontzezko ahari-burua ikusitakoan, «dorrea eraitsi egingo dute» esaten duen soldaduaren ikara. Horrek indar baten ondoren beste indar bat etorriko zela esan nahi zuen; inprimategiak eliza botako du, alegia. Baina lehen (eta duarik gabe funtsezkoen) pentsamendu horren azpian, gure iritziz beste bat ere bazegoen; berriagoa, ateratzen zailagoa eta eztabaidatzen errazagoa zen ondorioa, apaizarentzat ez ezik jakintsuarentzat eta artistarentzat ere ikuspegi filosofikoa. Giza pentsamendua formaz aldatuta adierazpenez ere aldatuko zen susmoa zen; belaunaldi bakoitzeko ideia nagusiak era berean tratatu eta lehengo molde berean ez zirela idatziko, alegia. Hain sendo eta iraunkor zen harrizko liburua, are eta sendoago nahiz iraunkorrago zen paperezko liburuak ordezkatuko zuen. Ildo hari jarraituz, artxidiakonoaren adierazpen lausoak bigarren esanahia zeukan. Arte batek bestea zokoratuko zuen. Inprimategiak arkitektura baztertuko du, aditzera eman nahi zuen. Izan ere gauzak sortu zirenetik K.o. XV. mendera arte (hau barne), arkitektura izan da gizateriaren liburu handia; gizakiak bere garapen-maila desberdinen arabera (indar- edo adimen-maila desberdinen arabera) edukitako adierazpide nagusia, alegia. Lehen arrazen oroimena bete zenean, gizateriaren oroitzapen-multzoa hitz soil eta lurrinkorra bidean galtzeko moduraino hazi eta nahasi zenean, lurrean era ikuskor, iraunkor eta aldi berean naturalean transkribatu zen. Tradizio bakoitza monumentu batez zigilatu zen. Lehen monumentuak, burdinak ukitu gabeko haitz-puskak ziren, Moisesek dioenez. Arkitektura, beste edozein idazkera bezalaxe hasi zen. Hasieran alfabetoa zen. Lurrean harri bat ezarri eta letra bat zen, eta letra bakoitza hieroglifo bat, eta hieroglifo bakoitzean ideia-multzoa sostengatzen zen, kapitela koloman bezalaxe. Edonon, beti eta lurbira osoan lehen arrazek horrela jokatu zuten. Zelten zutikako harria Asiako Siberian eta Ameriketako panpetan ikus daiteke. Gero hitzak egin zituzten. Harria harri gainean jarrita, granitozko silabak osatu ziren eta hitza konbinazio desberdinak egiten saiatu zen. Trikuharri eta harrespil zeltak, tumulu etruskoak, galgal hebraitarra, hitzak dira. Batzuek, tumuluek batez ere, izen bereziak osatzen dituzte. Inoiz harri asko eta lur zabala zegoenean, esaldia idazten zen. Karnak-eko multzo ikaragarria formula osoa da. Azkenean, liburuak egin ziren. Tradizioek ikurrak sortu zituzten eta haien azpian zuhaitz-enborra bere hostoen pean bezalaxe ezkutatu egiten ziren. Gizateriak sinesmena eskainita, ikur haiek hazten, ugaltzen, konbinatzen eta gero eta konplexuago bihurtzen ari ziren. Lehen monumentuak, guzti haiek biltzeko nahikoa ez eta, beste batzuek gainditu egin zituzten, nahiz eta monumentu haiek beraiek bezalako tradizio sinple, biluz eta lurrazal-mailakoak besterik erakutsi ez. Ikurrak hedatu egin behar zuen eraikinean. Beraz, arkitektura giza pentsamenduarekin batera garatu zen. Erraldoi bihurtu zen, mila buru eta mila beso zituela, eta ukitzeko moduan, era ilezkor eta ikuskorrean, sinbolismo guzti hura finkatu egin zuen. Indarra den Dedalok neurtzen zuen bitartean, eta adimena den Orfeok kantatzen zuen bitartean, letra den pilareak, silaba den arkuak, hitza den piramideak, poesia eta geometriako lege batez denak aldi berean martxan jarrita, elkartu, konbinatu, urtu, jaitsi, igo, lurrean gainjarri, zeruan mailakatu egiten ziren, garai bateko ideia nagusiaren arabera liburu miresgarriak idatzi arte; Eldinga-ko pagoda, Egiptoko Ramseidon edo Salomonen tenplua idatzi arte, adibidez. Ideia sortzailea, hitza, eraikin guzti haien hondoan balearrik ez zegoen. Forman ere bazegoen. Salomonen tenplua, esate baterako, ez zen liburu santuaren azal hutsa; liburu santu berbera ere bai baizik. Bertako gela zentrukide bakoitzean sazerdoteek itzulitako eta begi-bistan jarritako hitza irakur zezaketen, eta horrela santutegiz santutegi jarraituz, azken tabernakulura sartzeraino eraman zezaketen, artean arkitekturazkoa zen forma konkretuenean: arku-forman, hain zuzen. Beraz, hitza eraikinean preso zegoen, baina bere irudia azalean nabarmentzen zen, giza itxura momiaren sarkofagoan bezalaxe. Haiek aldarrikatzen zuten pentsamendua ez zuen eraikinen formak balearrik adierazten; eraikinak egiteko aukeratutako lekuak ere bai baizik. Erakutsi nahi zuen sinboloa alaia ala serioa izatearen arabera, Greziak bere mendien gailurrean begiarentzat harmoniatsua zen tenplua ipintzen zuen, Indiak bere mendiak zulatu egiten zituen, granitozko elefante-ilara erraldoiz eutsitako lurpeko pagoda itxuragabeak zizelatuz. Eta munduaren lehen sei mila urteetan, Industango pagoda zaharrenetik Koloniako katedralera arte, arkitektura gizateriaren idazkera izan dugu. Hori hain da egia, ezen edozein erlijio-ikurrek ez ezik edozein giza pentsamenduk ere liburu ikaragarri honetan bere orrialdea eta monumentua baitu. Ezein zibilizazio teokraziaz hasi eta demokraziaz amaitzen da, eta batasunaren ondorengo den askatasun-lege hori ere arkitekturan idatzita dago. Izan ere, behin eta berriz diogu, ez da pentsatu behar igeltserotza tenplua eraikitzeko, sazerdoteen mito eta ikurrak adierazteko edo lege-taula misteriotsuak harrizko orrialde gisa hieroglifotan transkribatzeko bakarrik gauza denik. Horrela balitz, edozein gizartetan pentsamendu-askatasunaz ikur sakratua higatu eta deuseztatu egiten denez, gizakia apaizarengandik ezkutatzen denean edo filosofia nahiz sistemen jarioak erlijioaren aurpegia karraskatzen dutenean, arkitekturak ezingo luke giza izpirituaren egoera berria adierazi, zeren aurrea idatzitako orriek atzea hutsa bailukete, eta obra hautsita legokeenez, liburua osatu gabea litzateke. Baina ez. Har dezagun Erdi Aroa, guregandik hurbil dagoelako hobeto ikusten dugunez. Lehen aldian, teokraziak Europa antolatu bitartean, Vatikanoak Kapitolio inguruan eraitsita zetzan Erromaz osatutako Erromaren elementuak bere inguruan antolatzen ziharduen bitartean, kristandadeak aurreko zibilizazioaren hondakinetan gizarte-maila guztiak bilatu eta hondakin horiekin (giltzarri apaizgoa izanik) unibertso hierarkiko berria eraiki bitartean, kaos horretan lehenbizi ernetzen ikusten da eta gero poliki-poliki hazten (kristautasunaren bultzadaz, barbaroen eskutik, hildako arkitektura greko eta erromatarraren hondakinetatik irtenda) arkitektura misteriotsu erromanikoa; Egipto eta Indiako eraikuntza teokratikoen ahizpa, katolikotasun garbiaren ikur aldagaitza, Aita Santuaren batasun-hieroglifo mutaezina, alegia. Garai hartako pentsamendu osoa, egia esan, estilo erromaniko serio horretan idatzirik dago. Nonahi sentitzen da agintaritza, batasuna, zulaezintasuna, absolutua, Gregorio VII.a; nonahi apaiza, eta inon ez gizakia; beti dago kasta, eta behin ere ez herria. Baina Gurutzadak heldu ziren. Herri-mugimendu ikaragarria zen, eta ezein herri mugimenduk, bere arrazoi eta helburuak edozein izanda ere, azken hauspeakinean askatasun-izpiritua jariatzen du. Gauza berriak gertatu ziren. Jacquerie, Praguerie eta Ligen garai zurrunbilotsua heldu zen. Agintaritza dardaratzen hasi zen, batasuna erdibitzen. Feudalismoak teokraziari partea eskatu zion, herriaren zain egonik, zeinak ezinbestean irten eta beti bezala zati nagusia bereganatu baitzuen. Quia nominor leo. Beraz, jaurgoa apaizgoaren azpitik sortu zen, eta udala jaurgoaren azpitik. Europaren aurpegia aldatu egin zen, eta arkitekturaren itxura ere bai, noski. Zibilizazioak bezalaxe, orria jiratu eta garai berriaren izpirituak bere esanak idazteko prest aurkitu zuen. Gurutzadetatik ojibarekin etorri zen, nazioak askatasunarekin bezalaxe. Orduan, Erroma apurka-apurka zatikatu bitartean, arkitektura erromanikoa hil egin zen. Hieroglifoa, katedrala utzi eta feudalismoari ospea ematearren dorreak hornitzera joan zen. Garai batean hain dogmatikoa zen katedral bera ere, handik aurrera burgeseriak, herriak eta askatasunak harturik, apaizaren menpetik irten eta artistaren eskuetara etorriko da. Artistak bere gustuaren arabera eraikiko du. Agur misterio, mito eta legeak. Hona hemen fantasia eta gutizia. Apaizak bere basilika eta aldarea izanez gero, ez dauka aitzakia ateratzerik. Lau hormak artistari dagozkio. Arkitektura-liburua jadanik ez da apaizarena, erlijioarena edo Erromarena; irudimenarena, poesiarena eta herriarena baizik. Horregatik izan zituen arkitektura hark hain eraldaketa sakon eta azkarrak. Izan ere hiru mendetan erakutsitako aldakortasuna sei edo zazpi mendetan arkitektura erromanikoak izandako aldaezintasunarekin konparatuta, harrigarria da. Artea ordea, urrats handiak emanez zihoan aurrera. Herriaren irudimenak eta sormenak burutu zuen lehen apezpikuek egiten zuten lana. Arraza bakoitzak, igarotzen zenean liburu horretan lerro bat idatzi zuen. Katedraletako atarietako hieroglifo erromaniko zaharrak ezabatu egin zituen, eta ezarritako ikur berriaren azpian han-hemenka nekez ikusten da dogmaren arrastoa. Arropa herrikoiak doi-doi uzten du eskeleto erlijiosoa sumatzen. Zaila da arkitektoek zeukaten (elizarekiko ere bai) askatasunaren berri izaten. Lotsagarri elkartutako monje eta mojaz hornitutako kapitelak daude; Parisko Justizi jauregian Tximini aretoan, adibidez. Noeren mentura letra guztiak zizelatuta dago Bourges-ko portada nagusian. Asta-belarriak eta eskuan edalontzia duela monje bakotarra komunitate osoari aurpegira barre eginez ari da Bocherville-ko abadiako garbigelan. Garai hartan harrian idazteko pentsamenduari dagokionez, gaur egungo prentsa-askatasuna zeukatela esan daiteke. Arkitektura-askatasuna zen. Askatasun hura askotan urrutira heltzen zen. Batzuetan izan ere, portadaren batek, fatxadaren batek edo eliza osoren batek, kultuarekiko erabat zentzu sinboliko arrotza du eta inoiz elizaren kontrakoa ere baduela esan daiteke. XIII. mendeko Gilermo Pariskotik XV. mendeko Nikolas Flamelera arte orrialde nahastaile haiek idatzi ziren. Saint-Jacques-de-la-Boucherie elizaren kontrakoaren adibide da. Pentsamendua askatasunez adierazteko beste erarik ez zegoenez gero, eraikin izeneko liburu haietan idazten zuten. Adierazpide hura erabili ezean, edozein eskuizkribu borreroak herriko plazan erre egingo zukeen, inor arrisku horietan ibiltzera ausartu izan balitz. Eliz portadako pentsamendua, pentsamendu askearen oinazeen lekuko izango zitekeen. Adierazteko eraikuntza beste biderik ez zegoenez, noranahi zabaltzen zen. Horregatik estali du Europa hainbat katedralak. Kopurua ikaragarria da; egiaztatu ondoren ere sinetsi ezinekoa. Gizartearen indar material eta intelektual guztiak puntu berean biltzen ziren: arkitekturan. Horrela, Jainkoari elizak eraikitzeko aitzakian, artea proportzio bikainetan garatu zen. Orduan, poeta jaiotako oro arkitekto egiten zen. Jendearengan banatutako jeinuak, feudalismoan brontzezko ezkutuz egindako testudo baten azpian bezala preso edukitakoak, arkitekturan baizik ez zuen irtenbidea. Arte honetara bideraturik, bere Iliada guztiek katedral-forma hartzen zuten. Gainerako arte guztiek obeditu egiten zuten, arkitekturaren diziplinapera makurtuz. Obra nagusiko langile ziren. Arkitektoak, poetak, maisuak, bere baitara biltzen zituen fatxadetan zizelatzen zuen eskultura, beirateak argitzen zituen pintura edo zabuka ari zenean kanpaiak ateratzen zuen nahiz organoari zerion musika. Eskuizkributan hazi nahian setatsu zebilen poesia gajoak ere, ezer nahi bazuen himno edo prosa gisa eraikinetara moldatu beharra zeukan. Azken finean Eskiloren tragediek Greziako sazerdote-festetan eta Genesiak Salomonen tenpluan betetako eginkizun berbera zen. Gutenberg heldu arte beraz, arkitektura zen idazkera nagusia, idazkera unibertsala. Harrizko liburu hura Ekialdean hasi zen, antzinate greko eta erromatarretik igaro eta Erdi Aroak idatzi zion azken orrialdea. Gainerakoan, Erdi Aroan ikusi bezala kasta-arkitekturaren ondotik herri-arkitektura etortzearen fenomenoa, historiako aro nagusietan giza adimenaren edozein mugimendutan errepikatu izan da. Bi liburutan garatzea eskatuko lukeen lege bat hemen oso labur ematearren, Ekialde garaia aipatuko dugu (Indiako arkitekturaren ondoren antzinateko lehen aldien sehaska izandakoa, hain zuzen), feniziarren arkitektura (arkitektura arabiarraren ama naroa), antzinatea, egiptiar arkitektura eta guzti (etruskoen estiloa eta monumentu erraldoiak haren adar izanik), grekoen arkitektura (erromatarren estiloa kartagotar kupulaz kargatutako luzapena besterik ez delarik) eta aro modernoan erromanikoaren ondorengo arkitektura gotikoa. Eta hiru segida hauek bananduz, hiruretan ahizpa nagusiak daude, hau da, hinduen arkitektura, egiptiarren arkitektura eta arkitektura erromanikoa. Sinbolo bera dago, hots, teokrazia, kasta, batasuna, dogma, mitoa, Jaungoikoa. Eta hiru ahizpa txikietan (feniziarren arkitekturan, Greziako arkitekturan eta arkitektura gotikoan), beren izakeran dagozkion forma-desberdintasunak edozein izanda ere, esanahi bera aurkituko dugu: askatasuna, herria, gizakia. Brahman, azti edo aita santu deituagatik, hinduen, egiptiarren eta erromanikoen eraikinetan beti apaiza sumatzen da, eta apaiza besterik ez. Herri-arkitekturan dena bestelakoa da, ordea. Ez dira hain sakratuak, baina aberatsagoak bai. Feniziarrenean merkataria ikus daiteke, grekoan errepublikazalea eta gotikoan burgesa. Edozein arkitektura teokratikoren ezaugarria aldaezintasuna da, aurrerapenarekiko izua, forma tradizionalak gordetzea, hasierako erak kontsakratzea, gizakiaren eta naturaren forma guztiak ikurraren gutizia ulertezinetara menperatzea. Liburu ilunak dira; adituek bakarrik uler ditzaketenak. Gainera edozein formak, edozein deformaziok, bere esanahia du eta ukiezina da. Hinduen, egiptiarren edo erromatarren eraikinei ez eskatu beren diseinua aldatzea edo estatuagintza hobetzea. Bikaintze oro fedegabekeria iruditzen zaie. Arkitektura horietan badirudi dogmaren zurruntasuna harrira bigarren harrikuntza gisa hedatu dela. Eraikuntza herrikoiaren ezaugarri nagusiak aldiz, desberdintasuna, aurrerapena, originaltasuna, oparotasuna eta etengabeko higidura dira. Beren edertasunaz pentsatzeko, edertasuna zaintzeko eta estatua edo arabeskoen edergarriak etengabe aldatzeko bezain askatuak daude erlijiotik. Mendeari dagozkio eta gizatiarretik badute zerbait. Gainera oraindik ere jainko-ikurraren menpean sortzen direnez gero, etengabe nahasten diote kutsu gizatiar hori. Horregatik ulertzen ditu eraikin horiek edozein arimak, edozein adimenek eta edozein irudimenek. Sinbolikoak izanagatik, natura bezain erraz ulertzen dira. Arkitektura teokratikoaren eta beste honen artean, hizkuntza sakratuaren eta hizkuntza herrikoiaren arteko diferentzia dago, hieroglifotik arteraino dagoena, Salomon eta Fidias-en artekoa adinakoa. Orain arte esandakoa oso labur eta milaka xehetasun alde batera utzita ematekotan, honako honetara iritsi garela aitortu behar: alegia, hamabosgarren mendera arte arkitektura gizateriaren erregistro nagusia izan dela, bitarte horretan munduan eraikin bihurtu ez den pentsamendu konplexurik ez dela izan, ezein ideia herrikoik eta ezein erlijio-legek bere monumentuak izan dituela edo harrian idatzi gabeko pentsamendu garrantzitsurik ez dela izan. Eta zergatik? Edozein pentsamenduk, dela erlijioso, dela filosofikok, bere burua iraunarazteko joera duelako; belaunaldi bat astindu duen ideiak beste batzuk astindu eta arrastoa utzi nahi duelako. Baina, eskuizkribuaren hilezkortasuna zein suntsikorra den! Liburuaren ondoan, alde ederreko sendotasuna, iraunkortasuna eta tinkotasuna du eraikinak! Hitz idatzia ezkutarazteko aski dira turkiar bat eta zuzi bat. Eraikitako hitza eraisteko berriz, gizarte-iraultza behar da; lurreko iraultza. Barbaroak Koloseotik igaro ziren, eta agian uholde unibertsala Piramideetatik ere bai. Hamabosgarren mendean dena aldatu egin zen. Giza pentsamenduak irauteko, arkitektura baino era tinko eta iraunkorragoa ez ezik sinpleagoa eta errazagoa ere asmatu zuen. Arkitektura tronutik bota egin zuten. Orfeoren harrizko letren ondoren, Gutenbergen berunezkoak etorri ziren. Liburuak eraikina hil egingo du. Inprimategia asmatzea historiako gertaera garrantzitsuena da. Iraultza guztien ama da. Erabat berritzen den gizateriaren adierazpidea da; forma bat kendu eta beste bat hartzen duen giza pentsamendua; Adanez gero adimena adierazten duen suge sinbolikoaren behin-betiko larru-aldaketa. Inprimategiaren eskutik, pentsamendua inoiz baino hilezkorragoa da; lurrinkor, ukiezin eta ezabaezina. Airearekin nahasten da. Arkitekturarekin mendi bihurtuz, askotan mende eta leku batez indartsu jabetzen zen. Orain txori-multzo bihurtu, lau haizetara sakabanatu eta aldi berean aireko eta espazioko puntu guztiak hartzen ditu. Berriro diogu. Zeinek ez du ikusten horrela askoz ere ezabaezinagoa dela? Sendoa izatetik bizia izatera igaro da. Iraunkor zena hilezkor da orain. Masa goitik behera eraitsi daiteke, baina nola erauzi edonon dagoena? Uholdea datorrenean, mendia olatupean ezkutatuko da, baina txoriek gainean segituko dute hegan. Kataklismoaren gainean flotatuz dabilen arka bat aski dute, bertan pausatu, igeri egin eta urak jaisten ikusteko. Eta kaos horretatik sortuko den mundu berriak, iratzartzen denean bere gainean hegan eta bizirik ikusiko du murgildutako munduaren pentsamendua. Eta adierazpide hau kontserbatzaileena ez ezik sinpleena, erosoena eta guztientzat bideragarriena dela konturatutakoan, bere ondoren arrastaka zama ikaragarririk ez duela eta tresneria astunik ez duela behar ohartutakoan, pentsamendua harri bihurtzeko lauzpabost arte, tonaka urrea, mendikada harria, aldamio-basoa eta herria bete langile behar direla kontsideratutakoan, guzti hori tinta-apur batez eta luma batez liburu bihurtzen den pentsamenduarekin konparatutakoan, nola harrituko gara giza adimenak arkitekturaren ordez inprimategia hartu izana? Hautsi bat-batean ibaiaren ohea eta egin azpirago kanala. Ibaiak bere bideari uko egiten diola ikusiko duzu. Era berean, inprenta asmatu zenez gero arkitektura emeki-emeki lehortzen ari da; nagitzen eta biluzten. Ederki igartzen da urak behera doazela, saparik ez datorrela eta denboraren nahiz herrien pentsamendua aldentzen ari dela! Hotzaldia hamabosgarren mendean ia ez zen igartzen, prentsa artean ahul zegoelako. Gehienez ere arkitektura indartsuari bizitasunetik soberan zeukana hartu zion. Baina hamaseigarren mendeaz gero arkitekturaren gaitza agerikoa zen. Ez zuen gizartearen funtsa adierazten eta zoritxarrez arte klasiko bihurtu zen. Galiar, europar edo bertako izatetik, greko eta erromatar izatera igaro zen; egiazko eta moderno izatetik sasi-antzinako izatera. Errenazimentu izeneko gain-beherakada zen. Gain-beherakada bikaina inola ere, zeren jeinu gotiko zaharrak, Mainz-ko prentsa erraldoiaren atzera ezkutatu zen eguzkiak, artean denboraldi batez bere argi-izpiak igorri baitzituen arku latindar eta kolomata korintoarrezko multzo hibridora. Ilunabar hori guk egunsentitzat hartzen dugu. Hala ere, arkitektura beste edozein bezalako arte hutsa denez geroztik, erabateko artea, erregea, jauntxoa ez denez geroztik, gainerako arteei eusteko behar beste indarrik ez du. Hauek emantzipatu egin ziren, beraz, arkitektoaren uztarpetik irten eta bakoitzak bere bideari ekinez. Bereizte horrekin bakoitza hobetu egin zen. Isolamenduak dena handiagotu zuen. Eskulturak estatuara jo zuen, imajinagintzak pinturara eta kanonak musikara. Bere Alexandro hildakoan, probintziak erreinu bihurtuz zatitutako inperioa zela ematen zuen. Horra ondorioz Rafael, Migel Anjel, Joan Goujon eta Palestrina, hain distiratsu zen hamaseigarren mendearen adibide ospetsu. Arteekin batera, pentsamendua ere alde guztietatik emantzipatu zen. Erdi Aroko heresiarkek katolikotasunari hozkada handiak kendu zizkioten. Hamaseigarren mendeak erlijio-batasuna hautsi egin zuen. Inprenta baino lehen zisma besterik izango ez zitekeen erreforma, inprentak iraultza bihurtu zuen. Prentsa ezkutatu eta heresia eraitsita geratuko da. Zorigaiztokoa ala zorionekoa, Gutenberg Luther-en aitzindaria da. Baina Erdi Aroko eguzkia erabat ezkutatu zenean, jeinu gotikoa artearen horizontean betirako itzali zenean, arkitektura lausotu eta marguldu egin zen, gero eta gehiago ezabatuz. Inprimatutako liburuak, eraikinaren harrak, zurgatu eta irentsi egin zuen. Arkitektura biluztu, hostoa galdu eta nabarmen argaldu zen. Zekena, pobrea, deuseza zen. Ez zuen ezer adierazten; ezta garai bateko artearen oroimena ere. Bere baitara murrizturik, giza pentsamenduak utzita beste arteek ere zokoraturik, artistarik ezean peoiei dei egin zien. Beiratearen lekua beirak hartu zuen, harginak eskultorearena. Agur beraz, sapa guztiari, originaltasun guztiari, bizitza guztiari eta adimen guztiari. Kopiatik kopiara arrastaka ibili zen, lantegiko eskale bailitzan. XVI. mendeaz gero hiltzen ari zela sumatzen zuen Migel Anjelek, azken ideia eduki zuen; hil edo biziko ideia. Artista bikain hark Partenoiaren gainean Panteoia ipini eta Erromako San Pedro erailei zuen; obra bikain eta bakarra izatea merezi duena, arkitekturaren azken emaitza originala, ixten ari zen harrizko erregistro ikaragarriaren oinean artista erraldoiak ipinitako sinadura. Baina Migel Anjel hil ondoren, espektro eta itzal gisa bere burua bizirik mantendu ezinik zebilen zorigaiztoko arkitekturak zer egin zezakeen? Erromako San Pedro hartu eta kalkatu egin zuen; parodiatu. Seta da; erruki hutsa. Mende bakoitzak bere Erromako San Pedro du. Hamazazpigarrenak Val-de-Grace eta hamazortzigarrenak Santa Jenobeba. Herri bakoitzak du bere Erromako San Pedro. Londresek berea, Petersburg-ek berea eta Parisek bizpahiru. Testamentu murritza, inola ere; hil baino lehen haur bihurtzen den arte nagusi zaharkituaren azken txorakeria. Aipatu ditugun eraikin horien ordez XVI. mendetik XVIII.era arteko artearen egoera orokorra aztertzen baldin badugu, gain-beherakadaren fenomeno beroriexek nabarmenduko zaizkigu. Frantzisko II.az gero eraikinaren arkitektura-forma gero eta gehiago ezkutatu zen, forma geometrikoari argaldutako gaixoaren eskeletoa bezala irteten utziz. Artearen lerro ederrek, geometren lerro hotz eta gupidagabeei egin zieten leku. Eraikina ez zen harez gero eraikin; poliedro baizik. Hala ere, arkitektura oinazetan zebilen bere biluztasuna ezkutatu ezinik. Frontoi grekoa erromatarrean txertatuta dugu, eta alderantziz. Beti bezala Panteoia Partenoian edo Erromako San Pedro dugu. Horra Enrike IV.aren adreiluzko etxeak (harrizko ertzak dituztenak), Royale plaza eta Dauphine plaza. Horra Luis XIII.aren garaiko elizak, astunak, mozkoteak, zapalak, uzkurtuak eta konkor antzeko kupulaz kargatuak. Horra Mazarin-en garaiko arkitektura, Quatre-Nations-ko nahaspila italiar itsusi hori. Horra Luis XIV.aren garaiko jauregiak, gorteko jende zurrun, hotz eta aspergarrientzako kuartelak bailiran. Horra azkenik Luis XV.aren garaikoak, arkitektura zaharkitu, hortzik gabe eta irtena desitxuratzen duten txikoria, fideo, garatxo eta perretxiko guztiekin. Frantzisko II.aren garaitik Luis XV.arena arte, gaitza progresio geometrikoan areagotu da. Arteak, hezurrak estaltzen dituen larrua besterik ez dauka. Miseria gorrian ari da hiltzen. Baina, inprentari zer gertatu zaio? Arkitekturari ihes egiten dion bizitza guzti hori bere baitara dator. Arkitektura jaisten ari den neurrian, inprenta puztu eta gizentzen ari da. Giza pentsamenduak eraikinetan gastatzen zuen indar-kapitala, orain liburutara bideratzen da. Horregatik inprentak XVI. mendean gainbehera zetorren arkitekturaren maila lortu zuen. Berarekin borroka egin eta hil egin zuen. XVII. mendean nagusi, garaile eta asentatua zegoen; munduari literatur mende bikaina eskaintzeko moduan. XVIII. mendean, Luis XIV.aren gortean atseden luzea hartuta, berriz ere Lutherren ezpata hartu, Voltaire armatu eta korrika joan zen Europa zaharrari erasotzera, zeinak arkitektura-adierazpidea hil baitzuen. XVIII.aren mendearen amaieran, dena suntsituta zegoen. XIX.ak berriz eraikiko du. Baina orain honakoa galdetuko dugu: hiru mendez gero, arte bietan zeinek adierazten du giza pentsamendua? Zeinek itzultzen du? Zeinek erakusten du, joera literario eta eskolastikoez gain, bere mugimendu zabal, sakon eta unibertsala? Zein gainjartzen zaio etengabe, hausturarik gabe eta hutsunerik gabe mila zangoko munstroa bailitzan aurrera doan gizateriari? Arkitektura ala inprenta? Inprenta. Ez dezagula geure burua engaina. Arkitektura hil da; betirako hil ere inprimatutako liburuaren eskutik, gutxiago irauten duelako eta garestiagoa delako. Edozein katedral milaka milioi kostatzen da. Pentsa dezagun orain arkitektura-liburua berri idazteko nolako dirutza beharko litzatekeen. Lurrean milaka eraikin berreraikitzeko beharko litzatekeena kontsidera dezagun. Garai haietan monumentu-uholdea hain itzela zenez, bertako lekuko batek honela zioen: «Eman behar munduak bere burua astinduz arropa zaharrak kendu eta elizazko soineko zuria jantzi zuela». Erat enim ut si mundus, ipse excutiendo seme, rejecta vetustate, candidam ecclesiarum vestem indueret (Glaber Radulphus). Liburua hain azkar egin, hain gutxi kostatu eta hain urrutira iristen denez, ez da harritzekoa giza pentsamendu osoa malda horretatik joatea. Horrek ez du esan nahi arkitekturak orain ere han-hemenka monumentu ederren bat, maisu-lan bakarren bat, egiten ez duenik. Oraindik ere inprentaren agintaritzapean, noizbehinka armada osoak urtutako eta kanoiz egindako kolomaren bat eduki ahal izango da, arkitekturaren erregetzapean Iliadak, Erromantzetegiak, Mahabahratak eta Nibelungoak herri osoak rapsodiak urtu eta pilatuta egin zituen bezala. Adimen handiko arkitektoa agertzeko aukera XX. mendean egongo da, Dante XIII.ean bezala, baina arkitektura ez da gizarte-artea, taldeko artea, arte gorena, izango. Poema nagusia, eraikin nagusia, gizateriaren obra nagusia, ez da eraikiko. Inprimatu egingo da. Eta hemendik aurrera arkitektura noizbehinka nabarmentzen bada ere, ez da ama izango. Literaturaren ildoari jarraituko zaio, nahiz eta lehen literaturari bidea arkitekturak erakutsi. Bi arteen elkarrekiko egoerak alderantzikatu egin dira. Egia da arkitekturaren garaian zeuden poema-apurrek monumentuen antza zutela. Indian Viasa trinkoa, arrotza eta pagoda bezain ulergaitza da. Ekialdeko Egipton poesiak, eraikinen antzera, lasaitasuna eta patxada du. Grezia zaharrean, edertasuna, oreka eta baretasuna. Europa kristauan, maiestate katolikoa, herri-xalotasuna eta berriztapen-garaiko landaretza aberats-oparoa. Bibliak Piramideen antza du, Iliadak Partenoiarena eta Homerok Fidiasena. XIII. mendean Dante da azken eliza erromanikoa eta Shakespeare XVI.ean azken katedral gotikoa. Orain arte ezinbestean zatika eta osatu gabe emandakoa laburbilduz, gizateriak bi liburu, bi erregistro, bi testamentu dituela esango dugu: arkitektura eta inprenta, harrizko biblia eta paperezko biblia. Dudarik gabe, mendetan zehar hainbestetan erabilitako bi biblia hauei begiratzen zaienean, bidezkoa da granitozko idazkeraren bistako maiestateaz etsipenez oroitzea; kolomata, pilare eta obeliskoen bidez formulatutako alfabeto erraldoi horietaz, alegia. Giza mendien antzekoak dira; mundua eta iragana piramidetik kanpaira arte, Keops-erik Strasburg-era arte hartzen dutenak. Iragana berriz irakurri behar da marmolezko orri horietan. Arkitekturak idatzitako liburua miretsi eta berriz errepasatu beharra dago, baina ez da ukatu behar aldi berean inprentak bere inguruan eraiki duen eraikinaren handitasuna. Eraikin hori bikaina da. Ez dakit zein estatistikarik kalkulatu duen, baina Gutenbergez gero argitaratu diren liburu guztiak elkarren ondoan ipiniko balira Lurretik Ilargirainoko distantzia beteko omen litzateke. Ez dugu handitasun-mota hori aipatu nahi, baina pentsamenduaz inprentatik gaur arte sortutakoaren irudi osoa hartzen saiatzen denean, ez al da multzo hau eraikuntza ikaragarri gisa agertzen? Multzoak ez al du mundu osoa oinarritzat, gizateria etengabe lanean ari dela eta bere buru itxuragabea etorkizuneko laino itsuan Saltzen delarik? Adimen-txindurritegia bezalakoa da. Erle urreztatu diren irudimen guztiak beren eztiarekin datozeneko erlategia da. Mila pisuko eraikina da. Han-hemenka zientziaren kobazulo ilunak (barnean gurutzatu ondoren) bere arranpetara heltzen dira. Gainazal guztian, arteak ugari erakusten dizkio begiari bere arabesko, arrosetoi eta farfailak. Han obra bakoitzak, bitxia eta bakana eman arren, bere lekua eta irtenunea du. Harmonia multzoan sortzen da. Shakespeare-ren katedraletik Byron-en meskitaraino, milaka kanpandorretxo pilatzen eta nahasten dira pentsamendu unibertsalaren metropolian. Oinarrian, arkitekturak erregistratu ez zituen eta gizateriarenak ziren titulu zahar batzuk berriz idatzi dira. Sartu eta ezkerretara, Homerok marmol zurian egindako baxuerliebe zaharra zigilatu da eta eskuinetara Biblia poliglotak tente ditu bere zazpi buruak. Harantzago Erromantzetegiaren hidra harrotu da eta beste zenbait forma hibriko (Vedak eta Nibelungoak esaterako) ere bai. Gainera eraikin harrigarria bultatu gabe dago. Makina erraldoi den prentsa berriz, atsedenik gabe ari da gizartearen sapa intelektual guztia jariatzen eta obrarako material berriak jaulkitzen. Gizateria osoa dago aldamioetan. Izpiritu bakoitza da hargin. Apalenak ere bere zuloa bete edo bere harria ipintzen du. Retif de la Bretonne-k bere otarrekada kaskote ekarriko du. Egunero ilara berria eraikitzen da. Idazle bakoitzak banaka dakarrenaz gain, talde-ekarpenak ere badira. XVIII. mendeak Entziklopedia eman zuen, eta iraultzak Moniteur izenekoa. Hazten ari den eta mugarik gabeko kiribilez osatzen den eraikina da, noski. Hizkuntz nahasketa ere badago. Etengabeko jarduera da, lan asperrezina, gizateria osoaren lehia amorratua, uholde berriaren edo barbaroen hondamenaren kontra adimenari eskainitako babesa. Gizateriaren bigarren Babeldorrea da. Parisko Andre Maria |