Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

V.
OPILAREN HISTORIAREN AMAIERA

 

        Esmeralda zurbildu egin zen eta balantzaka jaitsi zen pikotatik, emakume presoaren ahotsa jazartzen zitzaiola:

        —Jaitsi! Jaitsi! Ijito lapur hori! Igo ere egingo haiz egunen batean, bai!

        —Sachetteren beste erokeria bat —murmuratu zuen jendeak, eta ez zioten jaramonik egin. Emakume haiei beldur zieten, sakratuak zirelako. Gau eta egun otoitz egiten ari zenari ez zitzaion erasotzen.

        Quasimodo eramateko ordua ere heldu zen. Askatu egin zuten eta jendea sakabanatu egin zen.

        Grand Pont-en inguruan, bere bi lagunekin zetorren Mahiette bat-batean geratu egin zen:

        —Eustakio! Non da opila?

        —Ama —esan zuen mutikoak—. Zuloko emakume horrekin hizketan ari zinetela, zakur handi batek opilari kosk egin dio, eta nik ere jan egin dut.

        —Hara, jauntxo! —esan zion amak —Beraz, dena jan duzu.

        —Ama! Zakurra izan da. Nik esan diot, baina ez dit entzun. Eta nik ere kolpe egin diot, noski!

        —Ume hau, izan ere! —esan zion amak irribare eta errieta aldi berean eginez —Sinetsi nahi al didazu, Oudarde, Charlerange-ko baratzeko gerezi guztiak jaten dizkigula? Horregatik esaten dio aitonak kapitain izango dela. Kontuz gero berriz horrelakorik, Eustakio! Goazen, lehoi halako hori!

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997