Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

II.
LAPUR BIHUR ZAITEZ

 

        Artxidiakonoak, klaustrora itzulita, gelako atean bere anaia Joan Errotakoa aurkitu zuen. Zain zegoen bitartean, ez aspertzearren, ikatzez horman bere anaia, zaharrago, aberastuta eta sudur ikaragarriz marraztu zuen.

        Dom Claudek anaiari ia begiratu ere ez zion egin. Beste arazo batzuk zerabiltzan buruan. Beste hainbatetan pikaro-aurpegi alai hark apaizaren itxura goibela baretu bazuen ere, orduan ez zen gauza egunetik egunera arima ustel, kiratsu eta hondatu hartan gero eta itxiagoa zen lanbroa uxatzeko.

        —Anaia Claude. Zu ikustera etorri naiz —esan zion Joanek beldurrez.

        Begiak bihurtu ere ez zizkion egin artxidiakonoak.

        —Zer dela eta?

        —Anaia Claude —segitu zuen hipokritak—. Niretzat beti hain ona izan zarenez eta beti aholku onak ematen dizkidazunez, zuregana itzultzen naiz azkenean.

        —Eta zer gehiago?

        —Ai, anaia! Arrazoi zenuen, bai, delako hura, hau da, Joan! Joan! cessat doctorum doctrina, discipulorum disciplina zenionean. Joan. Izan zaitez zentzuduna, izan zaitez ikasle ona, ez pasa gaurik kolegiotik kanpora benetako arrazoirik eta maisuaren baimenik ez baduzu. Ez borrokarik egin pikaroekin, noli, Joannes, verberare picardos. Ez zaitez asto arlotea bezala usteldu, quasi asinus illiteratus, eskolako lasto gainean. Joan. Bete maisuaren sen onak ezartzen dizkizun zigorrak. Joan. Joan zaitez gauero kaperara eta antifona kanta iezaiozu bertso eta otoitzekin gure Andre Maria zeruko amari. A! Zein aholku ederrak ematen dizkidazun!

        —Eta zer gehiago?

        —Anaia Claude. Aurrean errudun, kriminal, miserable, lizun eta munstroa duzu! Anaia maitea. Joanek zure aholku preziatuak lastoa eta gorotza bailiran hankapean erabili ditu. Zigorra jasoa dut horregatik, gure jainkoa zuzena da eta. Dirua izan dudanean, tripa-festak, erokeriak eta kirtenkeriak egin ditut. Lasaikeriak aurrea zein eder eta atzea zein itsusi eta goibel dituen! Orain sosik ere ez dut. Nire kapa, nire atorra eta nire eskuoihala saldu egin ditut. Bizimodu lasaia bukatu zait! Kandela itzali da eta orain kea darion bilgor-metxa sastar bat baino ez dut. Neskek barre egiten didate. Ura edaten dut. Barrengo harrait eta hartzekodunek estutu egiten naute.

        —Eta, besterik ez? —galdetu zion artxidiakonoak.

        —Begira, anaia maite horrek! Bizimodu hobea izan nahi nuke. Horregatik natorkizu erabat damututa. Penitentzia egin nahi dut. Aitortu egin nahi dut. Bularra ukabilaz kolpatzen dut, damuka. Arrazoi osoa zenuen nik lizentzia lortu eta Torchi-Ito kolegioan irakasle-laguntzaile izan behar nuela zenionean. Orain horretarako berebiziko bokazioa dut. Baina tintarik ere ez daukat eta erosi egin beharko dut. Lumarik gabe nago eta erosi beharrean naiz. Papera ahitu zitzaidan, libururik ez dut, eta dena erosi egin behar. Txanpon batzuk behar ditut horretarako. Eta zuregana nator, anaia hori, erabat damututa.

        —Eta besterik ez?

        —Ez —esan zion ikasleak—. Diru-apur bat besterik ez.

        —Ez daukat.

        Ikasleak orduan, serio eta etsi-etsian:

        —Ba, begira anaia Claude. Sentitzen dut hau zuri esatea, baina beste aldetik proposamen interesgarriak egin dizkidate. Zuk ez didazu dirurik eman nahi, ezta? Ba, lapurretan hasiko naiz.

        Hitz beldurgarri hura esan zuenean, Ajax-en itxura hartu zuen, tximista buru gainera eroriko zitzaiolakoan.

        Artxidiakonoak, batere berotu gabe, honela ihardetsi zion:

        —Lapur bihur zaitez.

        Joanek erreberentziaz agur egin zion eta Klaustroko eskaileran behera txistua joaz jaitsi zen.

        Klaustroko patiotik igarotzean, bere anaiaren gelako parean zihoanean leihoa ireki egin zen. Gora begiratu eta artxidiakonoaren aurpegi serioa ikusi zuen.

        —Deabruak eraman zaitzala! Tori! Niregandik ez duzu besterik jasoko. Hau duzu azkena.

        Aldi berean apaizak Joani poltsa jaurtiki zion eta ikasleari koskorra atera zion kopetan. Joan kolpatua baina pozik joan zen, hezurraz jotako zakurra bezala.

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997