Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

II.
LA CREATURA BELLA BLANCO VESTITA
(DANTE)

 

        Quasimodok gela hutsa zegoela eta ijitoa handik joana zela ikusi zuenean, defendatzen eginahalean ziharduen bitartean norbaitek eraman egin zuela konturatu zen. Bere bi eskuez ileak hartu eta lurra oinaz kolpatu zuen haserre. Gero eliza osoa miatu zuen buhamearen bila, horma-bazter guztiak zaunka arraroz josiz eta lurrera bere ile gorriak botaz. Orduantxe sartu ziren garaile erregearen arkulariak ere Andre Mariara ijitoaren bila. Quasimodok lagundu egin zien, gor gizajoak haien asmoen berririk ez zuen eta. Buhamearen etsaiak lapurrak zirela uste zuen. Berak eraman zuen Tristan l'Hermite ezkutaleku izan zitezkeen zoko guztietara. Ate sekretuak ireki zizkion, aldareetako hondo bikoitzak eta sakristiosteak. Neska gajoa artean han izan balitz, Quasimodok berak entregatuko zukeen. Han ez zegoela eta etsi zutenean (eta Tristan ez zen azkar amore ematen zuen horietakoa), Quasimodok bakarrik segitu zuen bila. Hogei aldiz, ehun aldiz ere miatu zuen eliza goitik behera. Igo eta jaitsi, korrika, deika, deiadarka, usnaka, zelatan, burua zulo guztietara sartuz, ganga guztiak zuziz argituz, etsita, erotuta, bila eta bila aritu zen. Emea galdu duen arra ere ez da hain haserre egoten eta ez ditu horrelako orroak egiten. Azkenean, han ez zegoela seguru-seguru konturatu zenean, alferrik ari zela eta eraman egin ziotela ikusi zuenean, poliki-poliki dorreetako eskailerak igo zituen. Eskailera haiexek igo zituen harro eta garaile ijitoa salbatu zuen egunean. Burumakur, isilik, malkorik gabe eta ia arnasarik gabe, orduko lekuetantxe ibili zen. Eliza berriro ere hutsik zegoen eta isiltasuna zen nagusi. Arkulariak joan egin ziren sorgina Cite aldean harrapatzekotan. Quasimodo bakarrik geratu zen Andre Mariako eliza handi hartan, lehentxeago setiatuta eta zalapartaz betea egon bazen ere. Berak babestuta hainbat astetan ijitoak lo egindako gelara joan zen. Hurbiltzen ari zela, agian hantxe topatuko zuela pentsatu zuen. Alboko nabeetarako teilatuetara daraman galeriako izkinara heldu zenean, gela estua ikusi zuen, bere leihotxo, ate txiki eta guzti. Arbotante handi baten azpian zegoen, txori-habia adarpean bezalaxe. Bihotzak huts egin zion gizon gizajoari eta zutabe bati heldu behar izan zion, eror ez zedin. Agian itzuli egin zela pentsatu zuen; jeinu onen batek berriro ere hara ekarri zuela. Gela hura lasai, seguru eta xarmantegia zenez, han egon behar zuela iruditzen zitzaion, baina pausorik ere ez zuen aurrera egiten itxaropenak zapuztuko ote zitzaizkion beldurrez.

        —Bai —zioen bere buruari—. Seguru asko lo egongo da, edo errezatzen. Bakean utzi behar da.

        Azkenean, ahaleginak eginda hanka-puntetan hurbildu, begiratu eta sartu egin zen. Hutsa! Gela hutsa zegoen. Gor dohakabeak urrats batzuk nekez eman zituen. Ohea altxatu eta azpira begiratu zuen, lurra eta lastari artean ezkutaturik bailegoen. Gero buruari zalantza eragin eta ergelaren moduan geratu zen hantxe. Bat-batean haserre bizian zuzia zanpatu egin zuen, eta hitzik ere esan gabe, hasperenik egin gabe, korrika joanda buruaz horma jo eta korderik gabe lurrera erori zen.

        Zentzuna etorri zitzaionean, ohera jauzi egin zuen eta han bihurritu zen. Gogo biziz musukatu zuen artean epel zegoen neskaren etzalekua. Han geratu zen minutu batzuetan mugitu ere egin gabe. Bertan hil behar zuela zirudien, baina gero jaiki egin zen, izerdi patsetan, arnaska eta korderik gabe bezala. Bere buruaz hormak kolpatzen hasi zen, mihiak kanpaia jotzen duen bezain erregularki eta benetan burua hautsi nahi duen gizonaren adoreaz. Berriz ere lurrera erori zen akituta. Belauniko arrastaka joan zen gelatik kanpora eta kokoriko jarri zen ate aurrean, harrituta bezala. Zirkinik ere egin gabe ordubete baino gehiago igaro zuen horrela, begirada gela hutsean finko zuela. Burumakur eta triste zegoen; sehaska hutsa eta zerraldo betea duen amak baino areago. Hitzik ere ez zuen esan. Noizbehinka negar-zotin batek gorputz guztia astintzen zion, baina malkorik gabekoa zen, hotsik ateratzen ez duten udako tximista horien antzera.

        Badirudi orduan bere amets tristean bila hasita ijito-lapurra izan zitekeenaz pentsatuz artxidiakonoa bururatu zitzaiola. Dom Claudek gelarako eskailerara sartzeko giltza zeukan eta gauean neska gaztearekin egindako saioez oroitu zen. Lehenengoan berak lagundu zion, eta bigarrenean berriz, eragotzi egin zion. Mila xehetasun etorri zitzaizkion gogora eta laster egon zen ijitoa artxidiakonoak eraman zuela sinetsita. Hala ere apaiz hari errespetu handia zion. Gizon harenganako zuen esker ona, begirunea eta maitasuna bere bihotzean hain itsatsiak zeudenez gero, jelosia eta etsipenaren eraginari ere kontra egiten zioten.

        Artxidiakonoak eraman zuela pentsatzen zuen, eta beste edozeinen kontra odol- eta heriotza-egarria izango zitekeena, Claude Frollo zelako gor gizajoarengan samintasun bihurtzen zen.

        Pentsamendua apaizarengan finko zuenean eta egunsentiak arbotanteak argitu zituenean, Andre Mariako goiko estaian, balaustradan abside aldera jiratzen deneko izkinan zebilen irudi bat ikusi zuen. Artxidiakonoa zen. Claudek urratsak astiro eta serio ematen zituen. Ez zuen aurrera begiratzen eta iparraldeko dorrera zihoan, baina aurpegia alde batera jiratua zeukan Senaren eskuineko ertzerantz. Burua harro zeraman, teilatu gainetik zerbait ikusi nahi izango balu bezala. Hontzek askotan edukitzen dute burua horrela jiratuta. Alde baterantz hegan egiten dute, beste alde batera begira ari direla. Apaiza horrela Quasimodoren gainetik pasatu zen, berau ikusi ere egin gabe.

        Bat-batean agertuta, gorrak zur eta lur eginda ikusi zuen iparraldeko dorrearen eskailerarantz zihoala. Irakurleak badaki dorre horretatik Udaletxea ikusten dela. Quasimodo jaiki eta artxidiakonoaren ondoren joan zen. Dorreko eskailerak igo zituen artxidiakonoa hara zergatik joan zen jakitearren. Gainera kanpai-jole gizajoak ez zekien zer egingo zuen, zer esango zuen eta zer nahi zuen. Haserre eta amorru biziz beterik zegoen. Artxidiakonoak eta ijitoak talka egin zuten bere bihotzean.

        Dorre-gailurrera heldu zenean, eskaileretako ilunpetik plataformara irten baino lehen oso kontuz aztertu zuen apaiza non zegoen. Apaizak atzea ematen zion. Kanpandorrea inguratuz bada aldenik aldeko balaustrada eta apaizak, beti ere hiri aldera begira, bularra Andre Maria alderako balaustradaren gainean zeukan.

        Quasimodo isilka-misilka joan zitzaion ondoren handik nora begira zegoen jakitearren. Apaizak arreta bere baitan hain murgildua zuenez, atzetik zetorkion gorraz ez zen konturatu.

        Paris ikustea ikuskizun ederra eta xarmanta da; Andre Mariako dorre gainetatik eta udako egunsentian begiratuta batez ere. Uztaileko egunen bat zen orduan. Zerua erabat bare zegoen. Izar berantiar batzuk han-hemenka itzaltzen ari ziren, baina bat bazen oso distiratsu sortaldean zerurik argitsuenean. Eguzkia irtetear zegoen eta Paris esnatzen ari zen. Oso argi zuri eta garbiak milaka etxek ekialdean osatzen zituzten planoak nabarmenarazten zituen. Kanpandorreen itzal erraldoia teilatuetara proiektatzen zen hiriko mutur batetik besteraino. Auzo batzuetan hitz-hotsa eta zarata entzuten zen. Kanpai-hotsa hemen, mailukadak han, dabilen gurdiaren binbiliketa korapilatsu eta zaratatsua harantzago. Han-hemenka kea ere teilatu-sail hartan kanporatzen ari zen, garmendi handi baten ingurua bailitzan. Bere urak hainbat zubitako arkutan eta hainbat irletako muturretan izurrak ateratzen dizkion ibaiak, zilar-islaz beteta zegoen. Hiriaren inguruan, harresiak baino harantzago, bista lurrin-zirkulu malutatsuan galtzen zen, urrutira ozta-ozta ordeken lerro zehaztugabea eta muinoen uhinkadura polita sumatzen zirelarik. Mila modutako zurrumurruak zebiltzan igeri sakabanatuz erdi esnatutako hiri hartan. Ekialdean, goizeko haizeak zeru aldera zeramatzan muinoetako lanbroari erauzitako kotoi-multzo batzuk.

        Plazan, eskuan beren txarrokada esnea zeramatzaten emakume zintzo batzuk harrituta begiratzen zieten Andre Mariako atarian egindako txikizioei eta harri arteko zirrikituetan solidotutako berun-errekastoei. Hori zen gaueko matxinadaren arrasto guztia. Dorre artean Quasimodok piztutako sua itzali zen. Tristanek plaza garbitua zuen, hildako guztiak Sena ibaira botatzeko aginduz. Luis XI.a bezalako erregeak kontu handiz ibiltzen ziren triskantza egin ondoren plaza garbi uzteko.

        Dorreko balaustradaz kanpora, hain zuzen apaiza geratutako tokiaren azpian, eraikin gotikoetan ohi bezala harria maisuki tailatuz egindako xurrutarri bat zegoen. Xurrutarri haren pitzadura batean, bi ahuntz-praka polit loretan zeuden, haizearen eraginez ero gisa agur zegitela. Dorre gainean, goian, zeruan oso urruti, txorien txioak entzuten ziren.

        Baina apaizak ez zituen entzuten eta horrelako ezeri ez zion begiratzen. Harentzat ez zegoen ez goizik, ez txoririk eta ez lorerik. Bere inguruan hainbat gauza hartzen zituen horizonte ikaragarri hartan, puntu batera baino ez zuen begiratzen.

        Quasimodok gogo bizia zuen ijitoari zer egin zion galdetzeko, baina artxidiakonoak mundu honetatik kanpo zegoela zirudien. Agian lurra hondatuta ere ez konturatzeko moduko une horietakoren batean zegoen. Begiak leku batean erabat finko zituen eta zirkinik ere egin gabe isilik zegoen. Gelditasun eta isiltasun haiek zerbait beldurgarria zuten beren baitan. Kanpai-jole basatia ikaratu egiten zuen eta ez zen aurre egitera ausartzen. Artxidiakonoari galdetzeko era bakarra zegoenez, haren ikus-norabideari jarraitu zitzaion eta horrela gor gizajoaren begirada Greveko plazaraino heldu zen.

        Horrela apaiza zeri begira ari zen ikusi zuen. Urkamendi ondoan eskailera ipinita zegoen. Jendea zegoen plazan eta soldadu asko. Gizon batek lurrean arrastaka zerbait beltza itsatsitako gauza zuri bat zeraman. Gizona urkamendiaren oinean geratu egin zen.

        Orduan Quasimodok ongi ikusi ez zuen zerbait gertatu zen. Bere begi bakarreko ikusmenik ez zuen galdu, ez. Soldadu-pilo bat ipini zen aurrean eta ez zion ondo ikusten uzten. Gainera eguzkia orduantxe atera zen eta horizonteaz bestaldetik argi-uholdeak Parisko punta guztiei, gezi, tximinia eta teilatu-gailurrei, bat-batean su eman ziela zirudien.

        Bitartean gizona eskailera igotzen hasi zen. Orduan Quasimodok berriz ere argi ikusi zuen. Emakumea zeraman bizkarrean; lepoan soka zuen zuriz jantzitako neska gazte bat. Quasimodok ezagutu egin zuen. Bera zen.

        Gizona eskaileran goraino igo zen. Korapiloa ipini zion lepoan. Orduan apaiza, balaustradan belauniko ipini zen hobeto ikustearren.

        Bat-batean gizonak eskailera bota egin zuen bere orpoarekin eta une batzuk arnasarik hartu gabe zeramatzan Quasimodok, sokaren muturrean lurretik lau bat metrora neska gajoa dilindan ikusi zuen, borreroak bere hankak neskaren bizkar gainean zituela. Soka jiratu egin zen eta Quasimodok ijitoaren gorputzean dardara ikaragarriak ikusi zituen. Apaiza berriz, lepoa luze-luze eginda eta begiak irten beharrean, neska eta gizonaren ikuskizun ikaragarriari, armiarma eta euliarenari, begira zegoen.

        Une izugarrienean, demonioaren barrea (gizonarengan topa ezin daitekeen barrea) atera zitzaion apaizari bere aurpegi zurbilean. Quasimodok ez zuen barre hura entzun, baina ikusi egin zuen. Kanpai-joleak urrats batzuk atzera egin zituen artxidiakonoaren pareraino, eta bat-batean apaizarenganaino haserre bizian joanda, bere bi esku handiez bizkarretik bultzatuta dom Calude behera amildu zuen.

        Apaizak deiadar egin zuen:

        —Madarikatua!

        Eta erori egin zen. Bere parean zegoen xurrutarriak geratu zuen eta hantxe zegoen bere bi eskuez harriari helduta. Bigarren deiadarra egiteko ahoa ireki zuenean, balaustradaren ertzean bere buru gainean Quasimodoren irudi handi eta mehatxatzailea ikusi zuen eta isildu egin zen.

        Amildegia zeukan oinen azpian. Berrehun oineko distantzia zegoen gutxienez lurreraino. Kinka larri hartan, artxidiakonoak ez zuen hitzik ere egin. Ez zitzaion hasperenik ere atera. Xurrutarriari helduta indar ikaragarria egin zuen bihurrituz gora igo nahian. Baina bere eskuak ezin ziren granitoan itsatsi eta oinezko horma beltza urratu egiten zuten finkatu ezinda. Andre Mariako dorreetara igo direnek badakite balaustradaren pare-parean irteten duen harria badela eta hantxe zebilen, hain zuzen, estu eta larri artxidiakonoa. Pikotxaz ebakitako horman ez zen ari; azpian ihes zihoakin horman baizik.

        Amildegitik ateratzeko Quasimodok eskua luzatzea aski zuen, baina ez zion begiratu ere egin. Greveko plazara begiratzen zuen; urkamendira. Ijitoari begiratzen zion. Ukondoak balaustradan zituen lehentxeago artxidiakonoa zegoen leku berean, eta une hartan harentzat munduan zen arrazoi bakarrari begirik kendu gabe, geldirik eta isilik zegoen, tximistak jotako gizona bezala. Negarra ugari zerion, ordura arte malko bakarra isuritako begi bakarrari.

        Bitartean artxidiakonoa larri zebilen. Bere bekoki soila izerdi-patsetan zeukan, atzazalak odoletan zituen harri gainean eta belaunak hormaren kontra urratuta zeuzkan. Xurrutarrian kateatutako sotana astinaldi bakoitzean puskatzen ari zitzaiola sentitzen zuen. Horrez gain, xurrutarriak muturrean berunezko tutua zeukan eta bere gorputzaren pisuaz okertzen ari zen. Artxidiakonoak tutua poliki-poliki tolesten ari zela sentitzen zuen. Dohakabeak eskuetako indarrak aloitutakoan, sotana hautsitakoan, beruna tolestutakoan erori egingo zela pentsatzen zuen eta izuak barrena jaten zion. Batzuetan urduri hamar bat oin beherago eskulturen irtenuneez osatzen zen plataforma bati begiratzen zion eta barren-barrenetik eskatzen zion zeruari bere bizia bi oin karratuzko leku hartan amai zedin; baita ehun urtez han egon behar bazuen ere. Behin begiratu zuen azpira, plazara, amildegira. Burua altxatu zuenean, begiak itxita zeuzkan eta ilea laztuta.

        Izugarria zen bi gizon haien isiltasuna. Bere oinetan artxidiakonoa hain era beldurgarrian hiltzen ari zen bitartean, Quasimodori, Grevera begira, malkoak zerizkion.

        Artxidiakonoak, bere ahalegin guztiak zeukan euskarri ahula hondatzeko besterik ez zirela ikusita, geldirik irautea erabaki zuen. Hantxe zegoen xurrutarriari helduta, ia arnasarik ere hartu gabe eta mugitu ere egin gabe. Ametsetan amildegira jausten ari denean sabelean izaten den oharkabeko dardara besterik ez zeukan. Hala ere, poliki-poliki behera zihoan. Behatzak irristatzen ari zitzaizkion xurrutarrian. Gero eta ahulago zeuzkan besoak eta gorputza are eta astunagoa sentitzen zuen. Eusten zion berun-tutua ere amildegirantz okertzen ari zen. Azpian izugarriro Saint-Jean-le-Rond-en teilatua ikusten zuen, tolestutako mapa bailitzan. Banan-banan begiratzen zien dorreko eskulturei. Leze gainean zintzilik zeuden bera bezalaxe, baina beren buruenganako beldurrik ez zuten eta apaizarenganako errukirik ere ez. Aurrez aurre munstroak zituen ahozabalik eta azpian, behe-behean, lurra. Goian, Quasimodo negar eta negar.

        Plazan ikusminez jende-pilotxo batzuk ari ziren begira. Hain era bitxian dibertitzen ari zen ero hura nor izan zitekeen jakin nahian zebiltzan. Apaizak haiek ziotena argi eta garbi entzuten zuen:

        —Gizon horrek lepoa hautsiko du!

        Quasimodok negarrez ziharduen.

        Azkenean artxidiakonoak, amorruz eta izuaren izuz bitsa zeriola, etsi egin zuen. Hala ere azken ahalegina jotzeko bere indar-apurrak bildu egin zituen. Tinko heldu zion zurrutarriari. Bere bi belaunez gorantz indar egiteko hormari bultza eta bi eskuez harriarte batean ezarri zituen bi eskuak. Oin bat igoko zen horrela gutxi gorabehera, baina indarka ari zela berunezko tutua bat-batean tolestu egin zen. Aldi berean sotana ere erabat urratu zen. Azpian denak huts eginda eta eusteko bere esku zurrun eta ahulduak baino ez zituelarik, gizajoak begiak itxi eta xurrutarria utzi egin zuen. Erori egin zen.

        Quasimodok amiltzen ikusi zuen.

        Hain goitik egindako jauzia, nekez izaten da bertikala. Airean zihoala, artxidiakonoa hasieran buruz behera joan zen bere bi besoak zabalik zituela. Gero itzulipurdi batzuk egin zituen. Aireak etxe bateko teilaturantz bultza zuen eta dohakabea hantxe hasi zen hausten, nahiz eta artean bizirik egon. Kanpai-joleak teilatu-gailurrean bere buruari atzazalez eutsi nahian sumatu zuen, baina planoa oso pika zen eta gainera aloituta zegoen. Askatutako teilak bezala teilatuan irrist egin zuen eta lurra jo arte erori zen. Han ez zuen inolako mugimendurik egin.

        Quasimodok bere begia ijitoarengana altxatu eta gorputza ikusi zuen, urkamendian zintzilik, arropa zuriz estalita, heriotzako azken dardaretan. Gero berriz ere artxidiakonoari begiratu zion. Dorrepean zegoen zanpatuta eta giza itxurarik gabe. Barren-barrenetik atera zitzaion hasperen batez honela oihu egin zuen:

        —O! Nik maitatu izan dudan guztia!

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997