|
Parisko Andre Maria I. 1482 urtean, Roberto Estoutevillekoa zaldun noblea, Bey-neko jauna, Ivry eta Saint-Andry en la Marche-ko baroia, erregearen kontseilari eta gelazaina, eta Parisko probestutzako zaindaria, gizon zoriontsua zen. Ia hamazazpi urte igaro ziren 1465eko azaroaren lan, kometaren urtean, erregearengandik Parisko probestu-kargu ederra hartu zuenetik. Kargua baino gehiago jaurgoa zen hura; Joan Lcemnceus-en arabera dignitas qua cum non exigua potestate politiam concernente, atque proerogativis multis et juribus conjuncta est. Harrigarria zen 82an handiki batek, erregearen mandatuz, Luis XI.aren alaba naturala Borboiko bastartarekin ezkondu zenean sortutako erakundeko kargua hartzea. Parisko probestutzan Roberto Estoutevillekoak Jacques Villierskoa ordezkatu zuen egun berean, Joan Dauvet maisuak musde Helye Thorretteskoa ordezkatu zuen parlamentuko gortearen lehen lehendakaritzan, jean Jouvenel des Ursins-ek Pierre Morvillekoa Frantziako kantzelaritzan eta Regnault Dormanskoak Pierre Puy errege-jauregiko ohiko eskabideen maisu-karguan. Baina Roberto Estoutevillekoa probestu izendatuz gero, zenbat pertsona pasa ote ziren lehendakaritza, kantzelaritza eta maisutzako buruzagitzatik! Mandatu-gutunak kargua zaintzan ematen zitzaiola zioen, eta ongi zaindu zuen, alajaina. Karguari atxiki zitzaion, estu-estu lotu zitzaion, berarekin bat egiteraino. Ederki asko ihes egin zion izendatze eta kargutik kentze ugarirekin bere boterearen elastikotasuna mantendu nahi zuen Luis XI.a errege fidagaitz, maltzur eta langilearen aldaketa-uholdeari. Horrez gain, zaldun jatorrak karguan oinordeko bere semea izatea lortu zuen eta azken bi urteetan Jacques Estoutevillekoa ezkutari noblearen izena berearen ondoan idazten zen Parisko probestutzako erregistro komunaren buruan. Bakana eta hots handiko mesedea zen hura! Egia da Roberto Estoutevillekoa soldadu ona zela, onura publikorako liga-n bere bandera leialtasunez altxatu zuela eta erreginari 14... n Parisera sartu zenean orein goxatu eder-ederra eskaini ziola. Bestetik musde Tristan l'Hermite-ren laguna zen; erret jauregiko mariskalen probestuarena, alegia. Bizimodu lasai eta erosoa zuen, beraz, Roberto jaunak. Batetik sari ona zeukan eta hari bere mahastiko mahats-mordoak bezala probestutzako idazkaritza zibil nahiz kriminalaren errentak eransten eta zintzilikatzen zitzaizkion, Embas du Chatelet-eko entzutegietako errenta zibil eta kriminalekin eta Mantes zein Corbeil-go zubietako bide-sari, egur-zerga eta gatz-zergarekin batera. Bestetik, gozamena hartzen zuen hirian zaldiz zihoanean zinegotzien eta auzo-buruzagien jantzi gorri-beltzen artean bere gerra-uniforme ederra nabarmenduta (Normandian Valmont-eko abadian duen hilobian tailatuta ikus daiteke, eta bere buruko erabat landutako kaskoa Montlhery-n). Horrez gain huskeria al zen hamabikoen sarjentuengan, Chateleteko atezain eta zelatariengan, Chatelet-eko bi ikuskariengan (auditores Castelleti deitutakoengan), hamasei auzoetako hamasei komisariengan, Chatelet-eko kartzelariarengan, menpeko lau sarjentuengan, zaldizko ehun eta hogei sarjentuengan, zigordun ehun eta hogei sarjentuengan eta erronda-zaldunarengan bere erronda, kontra-erronda eta atze-erronda guztiarengan aginpidea izatea? Ahuntzaren gauerdiko eztula al zen goi-mailako eta behe-mailako justizia bere esku edukitzea, urkatzeko eta arrastatzeko eskubidea edukitzea eta zazpi bailego noblez hain lorioski hornitutako Parisko bizkonderrian behe-mailako edo lehen instantziako (in prima instantia agiriek ziotenez) jurisdikzioa bere gain izatea? Egunero Roberto Estoutevillekoa jaunak Felipe Augusturen ojiba zabal eta zanpatuen pean Grand-Chatelet-en bezala atzipen-aginduak eta epaiak ematea baino gauza hoberik egotea pentsa al daiteke? Eta ohi zuen bezala gauero Palais-Royale-ko barrutian Galilea kalean Anbrosia Lorekoa bere emaztearen dote gisa zeukan etxe ederrera eskaleren bat bere kontura gaua pasatzera Escorcherie kaleko gelatxora bidali ondoren atseden hartzera joatea baino hoberik? Roberto Estoutevillekoak Parisko probestu eta bizkondearen justizia partikularraz gain, erregearen goi-mailako justizian ere bazuen parterik, begiratzeko eskubiderik eta horzkadarik. Borreroaren esku utzi baino lehen, ez zegoen buru famaturik aurrez bere eskuetatik pasatu gabekorik. Bera joan zen San Antonio Bastillera Nemours-ko jauna Azokara eramatera eta Saint-Paul-go jauna Grevera eramatera. Jaun hau arranguraz eta garrasika zihoan, baina probestuak poz hartzen zuen, kondestable jauna batere gogoko ez zuelako. Guzti hori bizitza zoriontsua eta famatua izateko adina bazen, noski, eta egunen batean Parisko probestuen historia interesgarrian orrialde ospetsu bat betetzeko adinakoa ere bai. Historia horri begirada bat emanez gero gauza asko ikus daiteke: Oudard Villeneuvekoak Boucheries kalean etxe bat zuela, Gilermo Hangestekoak Saboia handia eta txikia erosi zituela, Gilermo Thiboustekoak Santa Jenobebako mojei Clopin kalean zituen etxeak eman zizkiela, Hugo Aubriot Porc-Epic jauregian bizi izan zela, eta beste zenbait gorabehera. Bizimodua pazientziaz eta alai hartzeko horrenbeste motibo izan arren, 1482ko urtarrilaren 7ko goizean Roberto Estoutevillekoa oso haserre jaiki zen eta bere umorea ez zen badaezpadakoa. Zer zela eta umore txarrez? Berak ere ez zekien zergatik. Zerua ilun zegoelako ote zen? Montlhery-ko gerriko zaharraren hebilak bere probestu-haragi lodiak kutsu militarregiz estutzen ote zizkion? Bere etxeko leihopean iseka eginez launaka soldaduak ikusi ote zituen, jipoipean atorrarik gabe, txapela hautsita eta aldean zakutoa botila eta guzti zutela? Hurrengo urtean Karlos VIILa errege izango zenak bere errentetatik hirurehun eta hirurogei libera, hamasei sos eta zortzi denari kenduko zizkiola sumatu ote zuen? Irakurleak erabaki beza. Guri, dena den, umore txarrez, umore txarrez zegoelako zegoela iruditzen zaigu. Bestetik, festa-biharamuna zen. Egun aspergarria denentzat eta zaborrak biltzeaz arduratzen zen justizi gizonarentzat batez ere, Paris bezalako hiriak jaiegunean sortzen zituenak kontutan hartuta. Gainera Grand-Chatelet-en saioa zuen, baina esana dugu epaileak beren audientzi egunean umore ona izaten nola edo hala moldatzen direla, erregearen izenean legea eta justizia beste baten esku uztearren. Dena den, audientzia probesturik gabe hasi zen eta arlo zibil, kriminal eta partikularreko bere ordezkariak ohi bezala zeuden haren zereginetan. Goizeko zortziez gero hiriko gizon-emakume dozenaka batzuk Chatelet-eko Embas-eko entzutegian izkina ilunean bilduta eta pilatuta zeuden haritzezko hesi sendo baten eta hormaren artean. Lasai zeuden, Florian Barbedienne maisuak, Chateleteko auditoreak, probestuaren ordezkoak justizia zibil eta kriminala apur bat nahasian eta erabat nahierara nola administratzen zuen ikusi zain. Ikuskizun berezia eta alaigarria, inola ere. Aretoa txikia, gangaz estalia eta baxua zen. Barrenean lis-loredun irudi eta guzti mahaia zegoen, ondoan haritz tailatuzko besaulkia (probestuaren besaulkia) hutsik zeukala. Ezkerrean Florian auditore eta maisuarentzako aulkitxoa zegoen. Azpian eskribaua azkar idazten ari zen. Aurrez aurre herria zegoen, eta atean nahiz mahai inguruan probestutzako sarjentu asko gamelu-ilezko gainjantzi more eta gurutze zuridunez. Parloir-aux-Burgeois-ko bi sarjentu, Domusantuko jipoi erdi gorri-erdi urdinez, mahai atzean barrenean sumatzen zen ate txiki eta itxiaren aurrean zelatan zeuden. Horma lodian gogor txertatutako ojibazko leiho bakarrak, urtarrileko argi-izpi leunez bi irudi barregarri argitzen zituen: gangako giltzarrian tailatutako deabru bitxia eta areto barrenean lis-loreen gainean eseritako epailea. Pentsa ezazue epailea probestuaren mahaian, prozesuko bi paper-sorta handien erdian, bere ukondoak mahai gainean zituela, oin batek oihal marroi leunez egindako bere jantziaren muturra zapaltzen zuela, aurpegia ardi-larru zuriz inguraturik, bekainak handik askatutako pusketa gisa zituela, gorri, goibel, begia ixten zitzaiola, bere kokotsean biltzen ziren masailetako gantzak maiestatez zeuzkala. Atera kontu Chateleteko auditorea, Florian Barbedienne maisua, nolakoa zen. Baina auditorea gorra zen; akats txikia, noski. Nolanahi ere Florian maisuak apelaziorik gabe eta zentzuz epaitzeari ez zion uzten. Egia da epaileak arretaz entzuten ari den itxura edukitzea aski duela, eta kasu honetan auditore agurgarriak baldintza hori ederki betetzen zuen, inolako zaratak bere arreta erakartzen ez zuenez. Bestetik, entzuleen artean bazegoen bere ekintza eta keinu guztiak zehatz-mehatz kontrolatzen zituena. Joan Frollo Errotakoa laguna zen; lehengo ikasle txiki hura, irakasleen katedra aurrean izan ezik, Parisko beste edozein lekutan aurki zitekeen ibiltaria, alegia. Begira! zioen ahopeka begi aurrean zeukanari so irribarre maltzurra zerion bere lagun Robin Poussepin-i Jehanneton Buissongoa da; azoka berriko alferraren alaba ederra! Arraioa! Agure horrek kondenatu egingo du! Entzuten duena baino gutxiago ikusten du. Hamabost sos eta lau denari paristar bi arrosario eramateagatik! Garesti samarrak inola ere. Lex duri carminis. Zein da hori? Robin Chief-de-Ville ostalaria! Aipatutako lanbidean maisu egin dutelako? Bere sarrera-saria da. E! Bi noble daude pikaro horien artean! Aiglet Soinsgoa eta Hutin Maillykoa. Gorpuzti ezkutari-parea! A! Datoetara jokatzen ibili dira. Noiz ikusiko ote dut hemen gure errektorea? Ehun libera paristarreko isuna erregearentzat! Berbedienne horrek gorrek bezala zigortzen du, bera ere gorra denez! Nik nire anaia artxidiakonoa izan nahi dut, horrela jokatzea galarazten bazait; gau eta egun jokatzea, jokorako bizitzea, jokatzen hiltzea eta atorraren ondoren arima jokatzea galarazten bazait! Ene Jaungoikoa! Begira zenbat neska gazte! Ardiak bezala elkarren ondoren! Anbrosia Lecuyere! Isabel la Paynette! Berarde Gironin! Denak ezagutzen ditut, alajainkoa! Isuna, isuna! Gerriko urreztatuak eramaten ikasiko duzue horrela! Hamar sos paristar! Oilanda halakoak! O! Epaile gor eta ergel horren muturra! O Florian, baldar halakoa! Hara bere mahaian nola dagoen! Auzilari eta prozesuak jan eta murtxikatuta, bapo egiten du! Isunak, kondarrak, zergak, gastuak, kostuak, soldatak, kalteak eta interesak, oinaze, kartzela, presondegi eta zepoak kostuekin, Gabonetako gozokiak eta sanjoanetako mazapanak dira horrentzat! Begiratu zerri horri! Hara! Beste emakume maitetsu bat! Tibaude! Tibaude berbera da! Glatigny kaletik irteteagatik, ezta? Zein da mutil hori? Gieffroy Mabonne jendarmea. Aitaren izena madarikatu du. Isuna Tibaude-ri! Isuna Gieffroy-ri! Isuna biei! Agure gor hori! Bi kasuak nahastu egingo zituen! Baietz, neskari biraoa eta jendarmeari larru-jotzea ordainarazi! Ehun hamarri! Adi, Robin Poussepain! Zein dakarte orain? Hara sarjentuak! Arraioa! Taldeko erbi-zakur guztiak hemen ditugu. Ehizaldiko animalia nagusia izango da. Basurdea. Bai. Basurdea da, Robin, basurdea! Eder askoa gainera! Arranopola! Gure atzoko printzea da, eroen aita santua, kanpai-jolea, herrena, korkoxa, keinularia! Quasimodo da!... Quasimodo berbera zen. Lotuta, inguratuta, gogor estekatuta eta ongi zainduta zegoen. Inguruko sarjentu-taldeko buru erronda-zalduna zeukaten, bere bularrean Frantziako armarria eta bizkarrean hirikoa bordaturik zituela. Hainbesterainoko alabarda- eta arkabuz-pilo hura edukitzeko Quasimodok ez zeukan ezer, bere itsusitasuna izan ezik. Goibel, isil eta lasai zegoen. Noizbehinka bere begi bakarrak lotuta zeukaten sokei zeharka haserre begiratzen zien. Begirada huraxe zabaldu zuen bere ingurura ere, baina hain itzalia zenez emakumeek behatzez barre egiteko seinalatzen zuten. Florian auditoreak ordea, eskribauak emanda Quasimodoren kontrako salaketa-txostenari arretaz begiratu zion, eta ondoren pentsakor geratu zen une batez. Galdeketari ekin aurretik beti txostena irakurtzen zuenez, atxilotutakoaren izen, ezaugarri eta delituak jakiten zituen. Jakineko galderei zer erantzungo zieten aurreikusita edukitzen zuen eta galdeketaren gorabehera bihurrietatik bere gorreriaz jendea gehiegi konturatu gabe atera ohi zen. Prozesuko espedientea harentzat itsuarentzat zakurra bezalakoa zen. Inoiz edo behin bere ajeagatik huts eginda esaldi desegokiren bat jaulkitzen bazuen edo galdera ulertezinen bat ateratzen bazitzaion, batzuen ustetan auditorearen sakontasunaren emaitza zen hura, eta beste batzuen ustetan berriz, bere ergeltasunaren ondorio. Nolanahi ere, magistratutzaren ohorea onik ateratzen zen, beti ere epailea sakontzat edo ergeltzat hartzea gortzat hartzea baino hobea delako. Gorreria disimulatzen kontu handia hartzen zuen beraz, eta normalean lan hartan hain ongi asmatzen zuenez, berak ere sinetsi egiten zuen azkenean. Uste baino errazagoa zen hori gertatzea. Korkox guztiak burua tente dutela ibiltzen dira, totel guztiak eleka aritzen dira eta gor guztiek baxu hitz egiten dute. Hark berriz, gehienez ere belarri hezikaitz samarra zeukala uste zuen. Garbi mintzatzen eta kontzientzia aztertzen zuenean iritzi publikoari egindako aitormen bakarra hura zen. Quasimodoren arazoa ongi hausnartu ondoren, beraz, burua atzeratu eta begiak erdi itxi egin zituen maiestate- eta inpartzialtasun-itxura handiagoa ematearren, nahiz eta une hartan gor eta itsu egon. Epaile perfektua izateko nahitaezko ezaugarri-parea da hori. Maisu-jarrera hartan eman zion hasiera galdeketari. Zure izena? Baina hura «legeak aurreikusi gabeko» kasua zen; gor batek beste bati galderak egitea, alegia. Quasimodok, berari galdezka ari zitzaiola konturatu gabe, epaileari finko begiratzen segitu zuen, baina ez zuen deus ere erantzun. Quasimodoren gorreriaz ezer ez zekien epaileak, gainerako salatu guztiek bezalaxe erantzun egin ziola pentsatu zuen, eta bere jarrera mekaniko eta ergelarekin aurrera egin zuen. Ongi da. Zure adina? Quasimodok galdera hari ere ez zion erantzun. Epailea berriz, erantzun egin zuela kontsideratuz, bere ildoari jarraitu zitzaion. Orain, zure egoera? Isiltasuna zen nagusi berriz ere, baina entzuten zedenak zurrumurruka hasiak ziren elkarri begira. Ongi bota zuen zirkinik ere egin gabe auditoreak salatuak hirugarren galderari erantzun ziola iruditu zitzaionean. Gure aurrean salatu egin zaituzte: primo, gauean zalaparta ateratzeagatik; secundo, emakume ero bati in prajudicium meretricis lizunkeriak egiteagatik; tertio, gure errege jaunaren ordenantza-arkularien kontra matxinatzeagatik eta beroriei ez obeditzeagatik. Argitu puntu guzti horiek, idazkari jauna. Salatuak orain arte esandakoa idatzi al duzu? Zorigaiztoko galdera haren ondoren idazkaritza eta entzutegitik barre-algara ikaragarria atera zen. Hain handi, ero, kutsakor eta orokorra zen algara, ezen bi gorrak ere konturatu baitziren. Quasimodo jiratu egin zen bere konkorra destainaz altxatuz. Florian ere harrituta zegoen, baina entzuleen barreak salatuaren erantzun lotsagaberen batek sortu zituela pentsatuta (bizkarra horregatik altxatu zuela uste baitzuen), honela mintzatu zitzaion haserre. Pikaro alaena! Erantzun horregatik urkatzea merezi duzu! Ba al dakizu norekin ari zaren hizketan? Irtenaldi hura ez zen, noski, jende guztiaren barrea gerarazteko egokiena. Hain zentzugabea eta eroa irudituta, Parloir-aux-Bourgeois-ko sarjentuak ere (ergelkeria uniformez jantzita zerabilten txoteko moduko haiek ere) barrez hasi ziren. Quasimodo bakarrik geratu zen serio, han gertatzen ari zena tutik ere ulertzen ez zuelako. Epaileak ordea, gero eta haserreago, lehengo bidetik segitzea nahi izan zuen, salatua beldurtu eta hark entzuleriari eraginda berriz ere giroa baretu eta gauzak bere errespetura itzul zitezen. Beraz, gizon gaizto eta anker hori, Chateleteko auditoreari faltatu diozu, Parisko herri-justiziako magistratu arduradunari, hilketa, delitu eta gaiztakeriak ikertzen dituenari, monopolioa galaraziz ofizioak kontrolatzen dituenari, kaleetako zoladuraz arduratzen denari, hegaztien eta pizti larruen salmenta galarazten duenari, egurra eta beste zenbait zur-mota neurrarazten dituenari, hiria lohirik gabe eta airea gaitz kutsakorrik gabe mantenarazten duenari, etengabe onura publikoaz arduratzen denari. Ba al dakizu Florian Barbedienne naizela, probestu jaunaren ordezkoa, eta gainera komisaria, inkestagilea eta ikuskaria, probestutzan, bailegoen kontserbazioan eta lehen instantziako epaitegian botere berdinez diharduena? Gor bat hizketan ari denean bestea isiltzeko arrazoirik ez dago eta jaungoikoak daki maisu Florian noiz lurreratuko zitekeen, hitz-jarioaren adarretatik, baldin eta barreneko atea bat-batean ireki eta probestu jauna han agertu ez balitz. Sartu zenean, Florian maisuak bere mintzaldia ez zuen eten. Buelta-erdia jiratu eta une batzuk lehenago Quasimodo suntsitzeko zerabilen hitz-jarioa probestu jaunarengana zuzenduz, honakoa esan zion: Jauna. Nahi duzun zigorra ezarri hemen aurrean dagoen salatuari, justiziari larriki eta harrigarriro faltatzeagatik. Eta arnasestuka eseri egin zen, kopetatik zerizkion izerdi tanto lodiak kenduz zeintzuk aurrean zeuzkan pergaminoak malkoak bailiran bustitzen baitzuten. Roberto Estoutevilleko jaunak betozkoa jarri zion. Quasimodori berriz, aginduzko keinu bereziren bat egin eta gorrak zerbait ulertu egin zion. Probestuak serio hitz egin zion: Hemen egoteko zer egin duzu, alproja horrek? Gizajoak probestuak bere izena galdetu ziolakoan, ordura arteko isiltasuna hautsiz, marranta-ahotsez erantzun egin zuen: Quasimodo. Galderari batere ez zegokion erantzuna entzunda, barre-algarak areagotu egin ziren eta Roberto jaunak haserre honakoa bota zion: Niri ere iseka egin didazu, pikaro lotsagabe horrek! Andre Mariako kanpai-jolea bota zion Quasimodok, epaile jaunari zer zen adierazi behar ziolakoan. Kanpai-jolea! esan zuen goiz hartan erantzun arraroez asaldatu beharrik gabe umore txarrez jaikitako probestuak Parisko bidegurutzetan zigorkadaka karilloia egingo diat bizkarrean. Ulertzen al duk, arraio horrek? Nire adina jakin nahi baduzu, sanmartinetan hogei beteko ditudala uste dut. Gehiegia zen hura eta probestua bere onetik irteteko zorian zegoen. Miserable halakoa! Probestuari barre egiten diok. Zigor-sarjentuok, eraman zital hau Greveko plazan dagoen pikotara eta zigortu ordubetez. Berea ordainduko du, alajainkoa! Eta epai hau bandoz aditzera emango da lau turutari zin-eginen bidez Parisko bizkonderriko zazpi gaztelu-esparruetan. Eskribaua, epaia idazten hasi zen. Ondo epaitua, alajainkoa! bota zuen bere bazterretik Joan Frollo Errotakoak. Probestua jiratu egin zen, eta Quasimodorengana zuzendu zituen bere begi distiratsuak. Pikaro honek alajainkoa! esan duela iruditu zait. Eskribau jauna, ipini hamabi denari paristarreko isuna ere birao egiteagatik eta San Eustakioko obrarentzat izan dadila erdia. Debozio handia baitiot San Eustakiori. Minutu batzuk barru, epaia idatzita zegoen. Edukia sinplea eta laburra zen. Parisko probestutza eta bizkonderriko ohiturak artean ez zeuden Thibaut Baillet lehendakariak eta erregearen abokatu Roger Bramne-k kutsaturik. Artean ez zegoen gero hamaseigarren mendearen hasieran bi legelari horiek ezarritako prozedura eta nahaspilaz itota. Dena argi, garbi eta bat-batean egiten zen. Gaiari zuzenean heltzen zitzaion eta bide bakoitzaren buruan berehala ikusten zen sasirik eta bihurgunerik gabe oinaze-gurpila, urkamendia edo pikota. Bazekiten nondik nora zebiltzan. Eskribauak epaia probestuari aurkeztu eta honek bere zigilua ipini zion. Probestuak irten egin zuen beste entzutegiak bisitatu asmoz, eta bazirudien egun hartan Parisko kartzela denak betetzeko umorean zebilela. Joan Frollo eta Robin Poussepin irribarrez ari ziren beren golkorako. Quasimodok berriz, axolagabe eta harrituta begiratzen zion bere inguruari. Eskribaua ordea, Florian Barbedienne maisuak epaia sinatzeko irakurtzen ari zenean, hunkitu egin zen kondenatutako gizajo hura ikusita, eta zigorra jaitsiko zioten esperantzan auditorearen belarrira ahalik eta gehien hurbilduta Quasimodo seinalatuz honela esan zion: Gizon hori gorra da. Quasimodoren gaitz hura adierazita Florian maisua bere alde jarriko zela iruditu zitzaion, baina lehen ere ikusi dugu Florian maisuak bere gorreriaren berri inork jakiterik ez zuela nahi. Gainera eskribauak esandakoaz ez zen batere jabetu. Aditu zuenaren itxura egin nahi zuen ordea, eta honela mintzatu zen: Et, et, et. Hori besterik da. Nik ez nekien hori. Beraz, ordubete gehiago pikotan. Eta epaia aldatuta sinatu egin zuen. Ongi egina! bota zuen Robin Poussepainek, Quasimodori gorroto ziolako Horrela jendea ez jipoitzen ikasiko duk. Parisko Andre Maria |