Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

IV.
MALKO BAT UR-TANTA BATEGATIK

 

        Nolabait esan, hitz haiek aldi berean burututako bi gertaeren lotura ziren, eszena bakoitzak bere teatro propioa izan arren: batak, orain irakurri dugunez, Arratoi-zuloan, eta besteak, orain irakurriko dugunez, pikotaren eskaileretan. Batean, irakurleak ezagutu berri dituen hiru emakumeak baizik ez ziren lekuko. Bestean berriz, lehen ikusi dugunez, pikota eta urkamendiaren inguruan Greveko plazan pilatzen ari zen jende guztia.

        Goizeko bederatzietatik pikotaren lau ertzetan lau sarjentu zeudenez, exekuzio sinpleren bat izango zen eta inola ere ez zuten inor urkatuko. Zigorkadak ematea, belarria kentzea edo antzeko zerbait izango zen. Jendea ordea, azkar ugaldu zen eta lau sarjentuek ikusleak gertuegi zeudelako behin baino gehiagotan zigorkadaz eta zaldien atzeko aldeaz estutu (orduan esaten zenez) behar izan zituzten.

        Exekuziotara ohituta zegoen jendetza hark, ezinegon handirik ez zuen erakusten. Pikotari begira entretenitzen zen, zeina hamar bat oin altuko harrizko eraikuntza baitzen; kubo formakoa eta barrua hutsa zeukana. Landu gabeko harrizko maila sendo batzuei eskailera deitzen zieten eta haietatik igotzen zen goiko plataformara. Han haritzezko gurpil horizontal betea zegoen. Erruduna gurpil hartan lotzen zen, belauniko eta eskuak atzean zituela. Eraikuntza txiki haren barruan ezkutatutako dibidieta batek zurezko ardatz bati bueltak eragiten zizkion, eta horrela gurpila biratu egiten zen, kondenatuaren aurpegia gurpila biratu ahala plazako puntu guztietara aurkezten zelarik. Hiltzailea biraraztea deitzen zitzaion hari.

        Greveko pikota beraz, Azokakoak zituen edertasunak edukitzetik urrun zegoen. Arkitekturatik eta monumentutik deus ere ez zuen. Burdin gurutzezko sabairik ez zeukan, gangatxo oktogonalik ere ez. Sabaira iritsitakoan akanto eta lorezko kapiteletan irekitzen ziren kolomatxo lirainik ez zegoen, kimera eta munstrozko xurrutarririk ere ez. Ez zur tailaturik eta ez harrian sakon zizelatutako eskulturarik.

        Harlan gaitzeko lau horma haiekin, bere gresezko lauzekin eta ondoan zegoen harrizko urkamendi mehe eta biluziarekin konformatu beharra zegoen.

        Arkitektura gotikoaren maitaleentzat opari kaxkarra litzateke, baina egia esan, Erdi Aroko ergel haiek monumentuenganako batere zaletasunik ez zuten eta bost axola zitzaien pikotaren edertasuna.

        Kondenatua heldu zen, azkenean, gurdi baten atzean lotuta. Plataformaraino igo eta plazako lau izkinetatik, pikotako gurpilari soka eta uhalez loturik, ikusteko moduan zegoenean, plazako jendearen uhukada ikaragarria entzun zen, algara eta txaloekin batera. Quasimodo zela konturatu ziren.

        Bera zen, noski eta itzulera bitxia zen. Pikotan loturik zegoen, bezperan eroen aita santu eta printze aldarrikatu eta oihukatu zuten plaza berean, ondoan Egiptoko dukearen, Thunesko erregearen eta Galileako enperadorearen oste guztia zuela. Zalantzarik gabe, jendetza hartan ez zegoen inor, ezta bera ere, garailea eta kondenatua elkarrengandik hain hurbil zeudela pentsatzen zuenik. Gringoire eta bere filosofia falta ziren ikuskizun hartan.

        Handik gutxira Migel Noiret-ek, erregearen turutari zin-eginak, jendaila isilarazi eta epaia irakurri zuen, ordenantzek eta probestu jaunak agindutakoaren arabera. Gero uniformez jantzitako bere gizonekin gurdi atzera erretiratu zen.

        Quasimodok, beldurrik gabe, zirkinik ere ez zuen egiten. Kontra egin zezakeen edozer alfer-alferrik zen, garai hartan kantzelaritza kriminaleko hizkeran esaten zenez, loturen tinkotasun eta bortiztasuna medio, hau da, kontra hasi izan balitz lokarri eta kateak seguru asko haragira sartuko zitzaizkion. Kartzela eta presondegietako tradizio hau ez da galdu eta eskuburdinak oraindik ere irauten dute herri zibilizatu, gozo eta gizatiar garenon artean (presondegia eta gillotina parentesi artean).

        Quasimodok utzi egin zuen eraman, bultza, igo, lotu eta berriz lotu zezaten. Bere basati- edo ergel-itxuraz gain, aurpegian ez zitzaion ezer sumatzen. Bazekiten gorra zela, baina itsua ere bazela esan zitekeen.

        Gurpilean belauniko ipini zuten eta ez zion inori kontra egin. Jipoia eta alkandora gerriraino kendu zizkioten eta berak utzi egin zien. Uhal eta belarriz lotu zuten berriz, eta esteka zezaten ez zuen eragozpenik ipini. Noizbehinka sudur-ziztua entzuten zitzaion, harakinaren gurdiko ertzetik burua zintzilik eta zabuka doan txahala bailitzan.

        —Artaburu halakoa! —esan zion Joan Frollo Errotakoak bere lagun Robin Poussepaini (zeren bidezkoa zenez bi ikasleak kondenatuaren ondoren joan baitziren) —Kaxan preso dagoen erlastarrak baino gutxiago ulertzen dik!

        Quasimodoren konkor biluzia, bere gamelu-bularra eta bere bizkar maskurtsu eta iletsua ikusitakoan, jendetzari barre-algara atera zitzaion. Giro alai hartan, hiriko uniformeko gizon txiki eta itxura sendoko bat, plataformara igo zen eta kondenatuaren ondoan ipini zen. Bere izena hitzetik hortzera ibili zen ikusleengan. Pierrat Torterue maisua zen, Chateleteko borrero zin-egina.

        Pikotaren ertz batean hondarrezko erloju beltz bat ipini zuen. Goiko kapsula hondar gorriz beteta zegoen, eta beheko ontzira erortzen hasi zen. Gero bere gainjantzia kendu zuen eta eskuinez uhal zuri-luzeko zigor fina hartzen ikusi zioten; metal-puntaz hornitutako uhal distiratsu, korapilatsu eta txirikordatuak zituen zigorra hain zuzen. Ezkerraz, atorraren eskuineko mahuka astiro bildu zuen galtzarberaino.

        Bitartean Joan Frollo oihuka ari zen bere buru hori-kizkurra jendetzaren gainetik nabarmenduz (Robin Poussepainen bizkar gainera igota baitzegoen).

        —Jaun-andereak, zatozte! Zatozte, Quasimodo maisua berehala zigortzekoak dira eta! Quasimodo, bai. Nire anaia Josasko artxidiakono jaunaren kanpai-jolea, ekialdeko arkitekturaren eredu bitxia, bizkarra kupula-formakoa eta hankak salomondar kolomak bezalakoak dituena!

        Eta jendetzak barre egiten zion; umeek eta neska gazteek batez ere.

        Azkenean borreroak hankaz lurra kolpatu zuen. Gurpila biratzen hasi zen. Quasimodok balantza egin zuen bere loturen artean. Bat-batean bere aurpegi deformatuan erakutsi zuen ikarak, inguruko algarak areagotu egin zituen.

        Berehala, gurpilak bere biraketan Quasimodoren bizkar menditsua Pierrat maisuaren parean ipini zuenean, zigortzaileak besoa altxatu zuen, suge-sorta bezala uhalek airean ziztu mingotsa atera zuten eta haserre erori ziren miserablearen bizkar gainera.

        Quasimodok jauzi egin nahi izan zuen, asalduraz esnatuta bezala. Ulertzen hasia zen. Lotura artean bihurritu egin zen. Harridura eta minezko uzkurdura bortitzak aurpegiko muskuluak aldatu zizkion, baina auhenik ez zitzaion jaulki. Burua atzera jiratu zuen; eskuinera lehenbizi eta ezkerrera gero, bizkarrean mandeuliak ziztatutako zezenak bezala.

        Bigarren zigorkada etorri zen lehenaren ondotik, gero hirugarrena, eta beste bat, eta beti ere beste bat. Gurpilak ez zion biratzeari uzten, eta zigor-jasak ere ez zuen aterraldirik. Laster odola jariatzen hasi zen. Milaka ildaskatan zirristaka agertu zen konkorraren bizkar beltzean, eta uhal mehek, ziztuka biratuz, tantaka banatzen zuten jendartera igorriz.

        Quasimodok, zirudienez, bere hasierako itxura axolagabea zeukan. Lehenbizi inor konturatu gabe eta ikusteko moduko astindurik eman gabe, loturak hausten saiatu zen. Bere begia piztu, muskuluak tiratu, gorputz-adarrak bildu eta uhalak nahiz kateak teinkatu egin ziren. Ahalegina indartsua, kementsua, etsi-etsian egindakoa zen, baina probestutzako katea zaharrek eutsi egin zioten. Kirrinka egin zuten eta kito. Quasimodo akituta erori zen. Bere aurpegian harridurak etsipen mingots eta sakonari leku egin zion. Bere begi bakarra itxiz, burua bular gainera erortzen utzi eta hilarena egin zuen.

        Harez gero zirkinik ere ez zioten ikusi. Ezerk ez zion mugimendurik eragin; ez etengabe zerion odolak, ez haserre handiagoz heltzen zitzaizkion kolpeek, ez exekuzioaz suspertuta bere burua asaldatzen zuen borreroaren sumindurak eta ez altzairuztaturiko uhal ziztukari izugarri haien zaratak.

        Azkenean, beltzez jantzira eta zaldi beltz baten gainean exekuzio hasieratik eskailera ondoan geldirik zegoen Chateleteko atezain batek, bere ebanozko makila hondar-erlojura luzatu zuen. Borreroa gelditu egin zen eta gurpila ere bai. Quasimodok begia poliki ireki zuen.

        Zigorraldia amaitu egin zen. Borrero zin-eginaren bi morroik, kondenatuari bizkar odoldua garbitu egin zioten. Bere zauriak segituan itxi zituen ez dakit zer ukenduz igurtzi zuten eta bizkarrean kasula moduan oihal hori bat ipini zioten. Bitarrean Pierrat Torteruek odolez bustitako uhal gorriak lurrera tantaka ari zirela zeuzkan.

        Arrean ez zen ordea Quasimodorentzat dena amaitu. Florian Barbedienne maisuak musde Roberto Estoutevillekoak emandako epaiari hain zuhurki erantsitako ordubetea igaro behar zuen pikotan. Eta guztia Joan Cumenekoaren Surdus absurduz hitz-joko fisiologiko eta psikologiko zabarraren ohoretan.

        Hondar-erlojuari buelta eman zioten beraz, eta korkoxa gurpilean lotuta utzi zuten, zigorra azken fineraino bete zedin.

        Herria gizartean, eta Erdi Aroan batez ere, familian umea bezalakoa da. Hasierako ezjakintasunean, behe-maila moral eta intelektualean dagoenean, umeari bezalaxe honakoa esan dakioke:

        Cet âge est sans pitié.

        Esana dugu oro har Quasimodori gorroto ziotela, eta horretarako bazituzten arrazoiak, noski. Jendetza hartan bat bera ere ez zen egongo Andre Mariako korkox gaiztoaren kontrako arrangurarik ez zuenik. Pikotan agertu zenean denak poztu ziren. Eman zioten zigor gogorrak eta utzi zuten egoera tamalgarriak, jendailaren bihotza ez zuten hunkitu. Aitzitik, gorrotoa areagotu egin zioten alaitasun-apur batez.

        Horregatik, gaur egun ere beren hizkeran doktoreek esaten duten bezala vindicte publique delakoa ase ondoren, norbanakoen mendekuari txanda heldu zitzaion. Han, areto nagusian bezalaxe, batez ere emakumeek ekiten zioten... Denek zioten herra. Batzuek bere maltzurkeriagatik, besteek itsusia zelako. Azken hauek ziren haserre handiena erakusten zutenak.

        —Antikristoaren mozorro hori! —zioen batek.

        —Erratz-girtenaren gainean zertan ibiltzen haiz? —oihu egiten zion besteak.

        —Begira zer aurpegi triste duen! —zaunka egiten zion beste batek —Atzo gaur izan balitz, berehala egingo hindugun eroen errege

        —Ongi da! —esan zuen atso batek —Hona pikotako aurpegia. Noiz ikusiko dugu urkamendikoa?

        —Noiz estaliko ote haute hire kanpai handiarekin lurpean ehun oineko sakoneran, kanpai-jole madarikatu hori!

        —Angelusa demonio honek jotzen du, hortaz!

        —E! Hi! Gorra! Begibakarra! Korkoxa! Mamu halako hori!

        —Aurpegi horrek haurdun dagoenari edozein sendagai edo botikak baino errazago umea galaraziko lioke!

        Bitartean Joan Errotakoa eta Robin Poussepain ikasleak eztarria urratu beharrean esaera herrikoi hau kantatzen ari ziren:

 

                Une hart

                Pour le pendard!

                Un fagot

                Pour le magot!

 

        Milaka irain zetozkion, eta gainera uhukadak, madarikazioak, barre-algarak eta harrikadak ere bai nonahitik.

        Quasimodo gorra zen, baina oso ongi ikusten zuen eta jendearen haserrea hitzetan bezain egoki nabarmentzen zen aurpegietan. Bestetik, harrikadek argiro adierazten zuten barrearen zergatia.

        Hasieran dena jasan zuen, baina poliki-poliki, borreroaren zigorraz gogortu zen pazientzia hark amore eman zuen eta intsektuen ziztadei bide eman zien. Pikatzailearen eztenkadaz ia zirkinik ere egiten ez duen Asturiesko zezena, zakurren koskengatik eta banderilengatik haserretu egiten da.

        Lehenbizi astiro bere mehatxu-begirada jendetzari zuzendu zion. Lotuta zegoen ordea, eta bere begirada ez zen zaurietan horzka egiten zieten euliak uxatzeko gauza izan. Orduan bere traben barruan mugitu egin zen, eta bere astinaldi zakar hartan, pikotako gurpil zaharrari kirrinka eragin zion. Ondorioz, uhukadak eta algarak areagotu egin ziren.

        Orduan miserablea, kateatutako piztiak bezala bere lepokoa hautsi ezinda, baretu egin zen. Geroztik, amorruzko hasperenak noizbehinka baizik ez zizkion bere bularreko barrunbe guztiak betetzen. Bere aurpegiak ez zuen ez lotsa eta ez gorritasunik erakusten. Gizartetik urrunegi eta egoera naturaletik gertuegi zegoen, lotsa zer zen jakiteko. Gainera, itsusitasun hartan zantarkeria senti al zitekeen? Baina haserreak, gorrotoak eta etsipenak aurpegi higuingarri hartara ziliopearen begian milaka tximistatan lehertzen zen elektrizitatez kargatutako hodeia jaitsarazten zuten.

        Hodei hura ordea, argitu egin zen une batez apaiz batek jendartean zekarren mando bat ikusita. Urrutira mandoa eta apaiza sumatu zituenean, kondenatu gaixoaren aurpegia gozatu egin zen. Uzkurtzen zuen haserrearen ondoren, irribarre berezia erakutsi zuen; eztitasunez, menpetasunez eta samurtasunez betea, inola ere. Apaiza hurbildu ahala, irribarre hura argiagoa, zabalagoa eta distiratsuagoa zen. Zoritxarreko gizajoak salbatzaileari egiten zion agurra zirudien. Baina mandoa pikotara jabeak zigortua ezagutzeko adina hurbildu zenean, apaizak begiak jaitsi egin zituen, bat-batean atzera jiratu eta ezproiei eragin zien, oihu eta madarikazio lotsagarri haietatik ihes egiteko presa balu bezala edo hain egoera tamalgarrian zegoen gizajoak agurtu eta ezagutzeaz lotsatuko balitz bezala.

        Apaiz hura dom Claude Frollo zen.

        Hodeia ilunago erori zen Quasimodoren bekokira. Irribarrea artean sumatzen zitzaion, baina samintasun, etsipen eta tristura sakonez betea zen.

        Denbora aurrera zihoan. Gutxienez ordu t'erdi zeraman han urratuta, zigortuta, etengabe irainduta eta ia-ia harrikatuta.

        Bat-batean, etsipen handiagoz bere katea artean astindu egin zen, eusten zuen armazoi osoa dardaratuz. Ordura arte hain setatsu mantendutako isiltasuna hautsiz, ahots zakarrez eta amorruz giza oihua ez eta zaunka zirudien zerbaitek estali zuen jendearen uhuka-aldia:

        —Ura! —esan zuen.

        Larritasun-oihu hark, inguruan bilduta zegoen ikuslego paristarrari bihotza hunkitu ordez jolaserako beste bultzada bat eman zion. Esan beharra dago jendetza hark, erabat harturik, basakeria eta ankerkeriatik ez zuela irakurleari lehen deskribatu diogun eta gizarteko azken maila zen tribu beldurgarriak baino gutxiago. Zorigaiztoko kondenatuaren ingurutik, bere egarriari iseka egiteko oihua besterik ez zen atera. Egia da orduan bere aurpegi gorri eta odolduarekin, bere begirada galduarekin, amorruz eta sufrimenduz bitsa zerion ahoarekin eta ia zintzilik zeukan mihiarekin errukarri baino gehiago barregarri eta okaztagarri zegoela. Halaber, esan beharra dago jendetza hartan gizon edo emakume errukitsuren bat egon balitz eta zoritxarreko izaki hari basokada ura ematen saiatu izan balitz pikota inguruan zegoen lotsa eta mesprezuz betetako aurreiritziak samariar onari atzera eragingo ziokeela.

        Minutu batzuk geroago, Quasimodoren etsipenezko begirada jende guztiarengana heldu zen eta ahots urratuagoz lehengoa errepikatu zuen:

        —Ura!

        Eta guztiek barre egin zioten.

        —Edan hau! —oihu egin zion Robin Poussepainek kaleko uretan bustitako belakia jaurtiz —Tori, gor madarikatu hori, hirekin zorretan nagok eta!

        Emakume batek harria bota zion burura:

        —Horrek erakutsiko dik gauean hire karilloi arraio horrekin ez esnatzen.

        —Tira mutil! —oihu egiten zion elbarri batek, bere makuluaz jo nahian— Orain ere Andre Mariako dorre gainetik arao egingo al diguk?

        —Horra katilua edateko! —esan zion gizon batek hautsitako txarroa bularrera botata —Hi aurrean pasa haizelako egingo zian nire andereak bi buru dituen umea!

        —Eta nire katemeak sei hankako katakumea! —erantsi zuen atso batek teila bat jaurtiz.

        —Ura! —eskatu zuen Quasimodok hirugarren aldiz arnasestuka.

        Orduan jendea apartatzen ari zela konturatu zen. Bitxi jantzitako neska gazte bat atera zen jendartetik. Adar urreztatuzko ahuntz zuria zeukan ondoan, eta danbolina eskuan.

        Quasimodoren begiak diz-diz egin zuen. Bezperan gauean harrapatzen saiatu zen buhame bera zeukan aurrean. Nola edo hala konturatzen zen gaiztakeria hargatik zigortu zutela orduan, nahiz eta horrelakorik gertatu ez. Izan ere gorra izateagatik eta epailea ere gorra suertatu izanagatik jipoitu baitzuten. Seguru zegoen hura ere mendeku hartzera eta besteek bezalaxe bere kolpea jotzera etorri zela.

        Eskailera azkar igotzen ikusi zuen. Haserreak eta amorruak estutu egiten zuten. Pikota eraistea, suntsituta erortzea nahiko zukeen, eta begiak birrintzerik izan balu, ijitanoa hauts bihurturik zegokeen plataformara heldu baino lehen.

        Hitzik ere esan gabe, neska kondenatuarengana urreratu egin zen, zeina ihesi nahian eginahalean ari baitzen, eta kalabaza gerritik askatuz emeki ipini zuen miserablearen ezpain idorretan.

        Ordura arte hain lehor eta sutsu egondako begi hartatik, malko lodi bat atera zitzaion eta aspalditik etsipenak jotako aurpegi itsusi hura busti zion. Agian gizajoak jaulkitako lehen malkoa izango zen hura.

        Egarriaz ahaztu egin zen. Ijitoak urduri bere keinua egin zuen eta kalabazaren muturra irribarrez ipini zuen Quasimodoren ahoan. Zurrutada luzeak egin zizkion; oso egarri baitzen.

        Bukatu zuenean, gizajoak bere ezpain beltzak luzatu egin zituen lagundu zion neskaren eskuari musu emateko. Neska gazteak ordea, agian bezperako saioaz gogoratuta fio ez zelako, eskuari atzera eragin zion, piztiaren batek eskuan kosk egingo diola beldur den umeak bezala.

        Orduan gor dohakabeak destainaz eta tristura bereziz betetako begirada zuzendu zion.

        Ikuskizun hunkigarria da nonahi ere hain neska eder, gazte, maratz, xarmant eta aldi berean ahulak hain izaki dohakabe, itsusi eta beldurgarriari errukitsu laguntzea. Pikota hartan ordea, ikuskizuna ezin bikainagoa zen.

        Jendetza osoa hunkitu zen eta txaloka ekin zion oihuka:

        —Hori, hori! Ederki!

        Une hartan konturatu zen preso zegoen emakumea, argi-zulotik begiratuta, pikotan ijitoa zegoela. Horregatik bota zion delako zorigaiztoko gaitzespen hau:

        —Orain ere zu al zara, Egiptoko andere hori! Deika ari al zatzaizkit, ume-lapur hori! Madarikatu hori! Madarikatu hori! Madarikatu hori!

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997