|
Parisko Andre Maria III. Historia hau gertatu zen garaian, Tour-Rolandeko gela okupaturik zegoen. Irakurleak han zein bizi zen jakin nahi badu, guk Arratoi-zuloaz galdetu eta haiek ere ibai-ertzetik Chateleten gora Grevera zihoazela erantzun ziguten hiru andereen elkarrizketa entzutea besterik ez du. Emakume haietako bi, Parisko hiritar gisa jantzirik zihoazen. Lepoko zuriak, zeta mehezko eta arraia gorri-urdinezko gonek, ertzak kolorez bordaturiko eta oinetan ongi doituriko artilezko galtzerdi zuriek, zoru beltzezko zapata karratu laruek, eta batez ere orrazkerak (zinta, farfail eta dilistatxo distiratsuz betetako adar moduko zoronga haiek oraindik ere Champagne-ko emakumeek ere erabiltzen dituzte, Errusiako guardia inperialeko granadariei lehia eginez), merkatari aberatsetakoak zirela adierazten zuten. Morroiek batzuetan andere eta besteetan dama deitzen dieten horietakoak ziren. Ez zeramaten ez eraztunik eta ez urrezko gurutzerik. Ez pobreak zirelako; isunaren beldur zirelako baizik. Hirugarren emakumea ia berdin jantzita zegoen, baina bere jitean eta bere prestutasunean probintziako notarioaren emaztea nabarmentzen duen halako zera hori zeukan. Aldaka gainean gerrikoa eramateko moduak Parisen denbora asko ez zeramala salatzen zuen. Horrez gain lepokoan tolesturak, zapatetan begiztak, gonetako zerrendak luzetaraka ordez zeharka eta gustu onaren kontrako beste mila xehetasun zituen. Lehen biak probintziako jendeari hiria erakusten dieten paristarren ibilera bereziaz zihoazen. Probintziako andereak eskutik helduta mutiko lodi bat zeraman, zeinak bere eskuan opil handi bat baitzeukan. Damu dugu esatea, baina neguaren gogorraz mutikoak bere mihia muki-zapi gisa zerabilen. Umea arrastaka zihoan, non passibus a quis Virgiliok esango zukeenez, eta noiznahi egiten zuen behaztopa, amaren garrasi artean. Egia esan, opilari gehiago begiratzen zion lurrari baino. Inola ere arrazoi latzen bat bazuen kosk ez egiteko (opilari), zeren samurkiro begiratzearekin konformatzen baitzen. Amak eraman behar zuen opila, potzolo hura Tantalo bihurtzea ankerkeria zelako. Dena dela, hiru andereak (dama hitza orduan nobleziari hots egiteko zen) batera ari ziren hizketan. Goazen bizkor, Mahiette anderea zioen hiruretan gazteenak eta lodienak probintziakoari. Berandu helduko garela uste dut. Chateleten esan digutenez, berehala eramatekoak ziren pikotara. Bai zera! Zer dela eta, Oudarde Musnier anderea? kontra egin zion beste paristarrak Pikotan bi orduz edukiko dute gutxienez. Nahikoa denbora badugu. Ikusi al duzu inoiz, Mahiette maitea, inor pikotan? Bai erantzun zuen probintziakoak. Reimsen. A! Ba! Honek zuen Reimsko pikotarekin ez du zerikusirik. Hura nekazarik besterik sartzen ez dituzteneko kaiola xaharra da. A zer gauza! Nola nekazariak? bota zuen Mahiettek Oihal-azokan! Reimsen! Hiltzaile galant askoak ikusi ditugu han. Bere aita eta ama hildakoak ere baziren! Nekazariak! Zer uste duzu garela, Gervaise? Probintziarra haserretzeko zorian zegoen, pikotaren ohorea gorabehera, baina zorionez Oudarde Musnier andere sotilak elkarrizketarako gaia garaiz aldatu zuen. Eta, Mahiette anderea, zer iruditu zaizkizu gure enbaxadore flandestarrak? Reimsen hain ederrik ba al daukazue? Aitortu beharra daukat erantsi zuen Mahiettek horiek bezalako flandestarrak Parisen baizik ez daudela. Erreparatu al diozu enbaxada horretan galtzerdigile den enbaxadore handi horri? galdetu zion Oudardek. Bai erantzun zion Mahiettek. Saturno zirudien. Eta bere aurpegiak sabel biluzia zirudien beste hari? segitu zuen Gervaisek Eta begi txikiak gardua bezala betazal gorri gogor eta hozkatuz inguratuta zeuzkan hari? Zaldiak dituzte dotoreak esan zuen Oudardek, beren herriko usadioaren arabera apainduta daramatzatela. A! Ba zer esango zenukete eten zion Mahiettek nagusitasun-itxuraz 61. urtean, duela hamazortzi urte, koroaziokoan printzeen zaldiak eta erregearen segiziokoenak ikusi bazenituzte! Era guztietako luma eta estalkiak. Batzuk Damaskoko oihalezkoak, zebelin-lepahoriaren larruz eta urre finez hornitutako oihalezkoak. Besteak erbinude zuriaren lumaz apaindutako belusezkoak. Beste batzuk apaingarriz eta urrezko nahiz zilarrezko txintxarriz josita. Zenbat kostatu ote zen hura! Eta a zer nolako ezkutariak zihoazen zurrean! Kontuak kontu bota zion lehor Oudardek, flandestarrek zaldi bikainak zituzten eta merkatarien probestuaren etxean, udaletxean, afari ederra eman zieten atzo. Goxokiak, hipokrasa, espeziak eta beste zenbait gauza bitxi eman zieten. Zer diozu, baina? oihu egin zion Gervaisek Flandestarrek kardinal jaunarekin Petit-Bourbon-en afaldu zuten. Ez, ez. Udaletxean. Oker zabiltza. Petit-Bourbon-en izan da. Seguru nago udaletxean izan zela erantzun zuen gogor Oudardek eta gainera Scourable doktoreak latinez oso gustuko hitzaldia egin zien. Nire senar liburuzain zin-eginak esan dit. Ba, ni seguru nago Petit-Bourbon-en izan zela egin zion arrapostu Gervaisek besteak bezain haserre. Gainera kardinal jaunaren prokuradoreak emandakoa esango dizuet: hipokras zuri, gorri eta beltzetik hamabi pinterdi; Lyongo mazapan urreztatutik hogeita lau otartxo; bina librako beste horrenbeste opil eta Beaune-ko ardo zuri eta gorritik, zegoen onenetik, beste sei pitxarkada. Orain sinetsiko duzula uste dut. Neure senarrak esan dit. Parloir-aux-Bourgeois-ko guardien buru da eta konparazio egiten aritu dira gaur goizean Prete-Jan eta Trabzon-go enperadorearen bisitarekin. Aurreko erregearen garaian Mesopotamiatik etorri ziren Parisera belarritakoak zituztela. Seguru nago udaletxean afaldu dutela errepikatu zuen Oudardek xehetasun guzti haiek alde batera utzirik eta horrenbeste janari eta gozoki ez dutela ikusi. Ba neuk diotsut Le Sec-ek zerbitzatu dituela, hiriko sarjentuak, Petit-Bourbongo jauregian, eta agian horregatik egongo zara oker. Udaletxean, diotsut. Ez andere, ez. Petit-Bourbonen. Gainera beira magikoz Esperantza hitza argiztatua zegoen atari handiaren gainean. Udaletxean! Udaletxean! Eta Husson le Voir-ek xirula jo zuen! Ezetz ba! Baietz ba! Ezetz ba! Oudarde potzola erantzutera zihoan eta eztabaida hura belarrondokoak emateraino gori-gori ipin zitekeen, baldin eta Mahiettek bat-batean haien jarduna hautsi ez balu: Begira. Zer egiten du hor zubiaren beste muturrean jende horrek pilatuta?. Hor erdian dagoen zerbaiti begira ari dira. Hala da esan zuen Gervaisek. Danbolin-hotsa entzuten dut. Esmeralda izango da bere ahuntzarekin jolasean. Bizkor, Mahiette, eta tira mutikoari. Parisko gauza bitxiak ikustera etorri zara. Atzo flandestarrak ikusi zenituen eta gaur ijitoa ikusi behar duzu. Ijitoa! esan zuen Mahiettek jiratuz eta bere semearen besoari gogor helduz. Jainkoak gorde gaitzala! Umea lapurtuko lidake! Hator hona Eustakio! Eta korrika joan zen Greve aldera, zubia urruti geratu zen arte. Baina arrastaka zekarren umea belauniko erori zen eta ama arnasestuka geratu egin zen. Oudarde eta Gervaise berarengana iritsi ziren. Ijito horrek zuri umea lapurtu? bota zion Gervaisek Fantasia ikaragarria duzu zuk. Mahiettek buruari kezkatuta eragin zion. Harritzekoa da, baina Sachette-k ijitoez berdin pentsatzen du. Eta zein da Sachette delako hori? galdetu zuen Mahiettek. Ba, Gudule arreba erantzun zion Oudardek. Eta zein da Gudule arreba hori? galdetu zuen berriz Mahiettek. Argi dago, bai, Reimskoa zarela esan zion Oudardek. Arratoi-zuloan preso dagoena da. Nola? bota zuen Mahiettek Opila eman behar diogun emakumea? Oudardek buruaz baiezkoa adierazi zion. Horixe, hain zuzen. Berehala ikusiko duzu Greven bere leihatilatik. Danbolina jo eta jendeari iragarpenak esaten dizkioten Egiptoko erromes horiei buruz zure iritzikoa da. Buhame edo ijitanoen kontrako joera hori ez dakit zergatik duen. Baina zu Mahiette, zergatik jarri zara horrela ikusi orduko? O! oihu egin zuen Mahiettek bere umearen buru pottoloa esku artean zuela Ez dut Paquette la Chantefleurie-rena gertatzerik nahi. Tira! Ba, historia hori kontatu behar diguzu, Mahiette esan zion Gervaisek besotik helduta. Pozik esango nizuke erantzun zuen Mahiettek, baina ezagun da, bai, paristarra zarela. Hori ez jakitea ere! Esango dizuet bada. Ez dugu, ordea, geldirik zertan egonik. Paquette la Chantefleurie, nire gazte denboran, hau da, duela hamazortzi urte, hamazortzi urteko neska polita zen. Bere errua da orain ni bezala senar, seme eta guzti hogeita hamasei urteko emazte guria ez bada. Guybertaut-en alaba zen; Reimsko ontzietako koblakariarena, Karlos VII.ari bere koroatze-egunean gure Vesle ibaian Sillery-tik Muison-eraino jaitsi zenean kantatu ziona. Poucelle anderea ere bertan zen. Aita zaharra Paquette oso txikia zela hil zenez, bere amarekin bakarrik geratu zen. Ama Mathieu Pradon jaunaren arreba zen; Parisen Parin-Garlin kalean bizi eta iaz hil zen galdaragilearena. Horra, bada, bere familia zein zen. Ama emakume ona zen, baina zoritxarrez Paquetteri panpina eta jostailu batzuk egiten izan ezik ez zion ezer irakatsi. Ume txikia, beraz, hazi egin zen gero eta pobreago. Reimsen bizi ziren biak, ibai-ertzean Folle-Peine kalean. Kontutan hartu hori, zeren Paquetteri zorigaitza horrexek ekarri ziola uste baitut. 61.ean, gure Luis XI.a erregea koroatu zutenean (Jainkoak gorde dezala), Paquette hain ederra eta hain alaia zenez, denek Chantefleurie deitzen zioten. Gajoa! Hortz politak zituen eta barre egin ohi zuen erakustearren. Baina barre egitea maite duen neskak negar egin behar izaten du. Hortz politek begi ederrak galtzen dituzte. Horrelakoa zen, bada, Chantefleurie. Amak eta biek bizimodu latza zuten, aita hil zenean batere babesik gabe geratu zirelako. Beren panpinagintzatik ozta-ozta ateratzen zituzten sei denari astean; pare bat arrano-lauzuriko, alegia. Garai batean Guybertaut-ek koroatze-egunean kantu bakar batez hamabi sos paristar irabazten zituen, eta atera kontu. Neguan, 61. urtean bertan, ama-alabek ez zeukaten ez egurrik eta ez enborrik eta oso hotz egin zuen. Horregatik Chantefleurieri oso kolore politak ipini zitzaizkion eta gizon batzuek Paquette eta beste batzuek Paquerette deitzen zioten. Galdu egin zen azkenean. Eustakio! Opilari kolpe egiten ikusten zaitut! Alferrikaldu egin zela, igande batean elizara lepoan urrezko gurutzea zuela ikusita konturatu ginen. Hamalau urterekin, alajainkoa! Lehenbizi Cormontreuil-go bizkonde gaztea izan zen; bere kanpandorrea Reimstik hiru legoa-laurdenera duena; gero Enrike Triancourtkoa, erregearen zaldizaina; gero Chiart Beauliongoa, arma-sarjentua; gero, beti ere maila jaitsiz, Guery Aubergeon, erregearen okela-ebaslea; gero Mace Frepuskoa, Delfinaren bizargina; gero Thevenin le Moine, erret sukaldaria; gero (gero eta zaharrago eta gero eta maila apalago) Gilermo Racine Zanfoni koblakariaren eta Thierry Merkoa kriseilugilearen eskuetara erori zen. Chantefleurie gajoa, denena izan zen. Bere urrezko azken txanpona ere joan zitzaion. Hortik aurrera zer esan? 61. urtean alprojen erregearekin oheratu zen. Dena urte berean! Mahiettek hasperen eginez begietara etorri zitzaion malkoa xukatu zuen. Historia horrek ez du ezer apartekorik erantsi zuen Gervaisek era, egia esan, hor ez da, ez ume eta ez ijitorik ageri. Lasai, lasai! esan zion Mahiettek Orain agertuko zaizu ume bat. 66.ean, hil honetan San Paulo egunean egingo ditu hamasei urte, Paquettek alaba txikia izan zuen. Oso pozik zegoen, gajoa! Aspalditik nahi zuen ume bat. Izan ere beti begiak ixten zituen ama hil egin baitzitzaion eta mundu honetan bera maite zuenik eta berak maitatzekorik inor ez baitzeukan. Zuela bost urte galdu zenez geroztik, Chantefleuri neska errukarria zen. Bakarrik zegoen, zerua goian eta lurra behean, behatzez markaturik, kaleetan uhukatzen zutelarik, sarjentuek eraso eta ume mukizuek iseka egiten ziotelarik. Gainera hogei urte beteak zituen, eta hogei urterekin ia zahartzaroa hasten zaie emagalduei. Bere bizimoduari garai bateko panpinagintzari baino etekin gutxiago ateratzen hasia zen. Zimur bat gehiago eta ezkutu bat gutxiago. Negu gorria zetorkion eta egurra urri egurtegian. Halaber ogia kutxan. Ezin zuen lanik egin, zeren lizunkerian hasi zenean alfertu egin baitzen, eta alfertu zenean are eta lizunago bihurtu zenez, asko sufritzen zuen. Saint-Remy-ko apaiz jaunak behinik behin, emakume hauek beste pobreek baino gose eta hotz handiagoa horregatik dutela dio. Bai galdetu zion Gervaisek. Eta ijitoak? Itxaron apur bat, Gervaise erantzun zion hain irrikatsu ez zegoen Oudardek. Hasieran dena esanda, amaierarako zer geratuko litzateke? Jarraitu mesedez, Mahiette, Chantefleurie gajoaren gorabeheren berri emanez! Mahiettek kontakizunaren hariari heldu zion berriro. Oso triste eta errukarri zegoen; bere masailetan malkoek ildoak egiteraino. Baina bere lotsagarrikerian, bere eromenean eta bere utzikerian, mundu honetan maitatzeko edo maitatua izateko zerbait edo norbait bazeukan, lotsa, eromen eta utzikeriatik gutxiago izango zuela iruditu zitzaion. Umea behar zuen inola ere; horretarako bezain tolesgabe umeak baizik ez baitira. Lapur bat maitatzen saiatu zenean konturatu zen horretaz. Hura zen onar zezakeen gizon bakarra, baina denbora igaro ahala lapurrak mesprezatu egiten zuela ohartu zen. Emakume-mota horrek maitalea edo umea behar izaten du bihotza betetzeko. Bestela oso zorigaiztokoak dira. Maitalerik ezean, umea eduki nahi zuen nola edo hala, eta beti jainkozale izan zenez gero, bere otoitzetan beti eskatzen zion jaunari. Gure Jaungoikoa errukitu egin zitzaion, eta azkenean alabatxoa izan zuen. Asmatzekoa da haren poza. Malko, musu eta laztanez betetzen zuen. Berak ematen zion bularra eta berak egin zizkion troxak, zeukan ohe-azal bakarretik. Ez zuen ez hotzik eta ez goserik sentitzen eta edertu egin zen. Neska zaharra ama gazte bilakatu zitzaigun. Galaikeriara itzulita, Chantefleurie ikustera berriz ere bezeroak etortzen hasi zitzaizkion, eta okerkeria haietatik zapiak, txanotxoak, lerde-zapiak, farfailezko brusatxoak, satenezko txanotxoak egin zituen, ohe-estalkia erostea burutik ere pasatu gabe. Eustakio jauna! Opilik ez jateko esan dizut! Agnes txikia (hori zuen bataio-izena, eta deiturarik ez zeukan, familiakoa Chantefleuriek aspaldi galdu zuelako), zintaz eta bordatuz Delfinerriko delfina baino estaliago egoten zen. Zapatatxo-parea ere bazuen. Luis XI.a erregeak ere ez zituen haiek bezalakorik izan! Amak berak josi eta bordatu zizkion; panpinagintzako fintasun guztiaz eta Ama Birjinaren soingainekoaren leuntasunaz josi eta bordatu ere. Sekula ikusitako zapata arrosa politenak ziren. Nire behatz lodiak adinako luzera zeukaten eta umearen hanka txikiak han sartuko zirela ikusi gabe ez zegoen sinesterik. Hankatxo haiek txikiak, politak eta guriak ziren; kolorez salenezko zapatatxoak baino arrosagoak. Haurrak izaten dituzunean konturatuko zara, Oudarde, hankatxo eta eskutxo horiek baino politagorik ez dagoela ezer. Besterik ez nuke nahi esan zuen Oudardek hasperen eginez, baina nire jaun Andry Musnier-ek ere horixe nahi izan arte zain nago. Gainerakoan jarraitu zen Mahiette, Paquetteren alabak oinak bakarrik ez zituen politak. Lau hilabete zituenean ikusi nuen. Hura zen umea, hura! Ahoa baino begi handiagoak zituen eta ile leun, beltz eta luzea kizkurtzen hasia zeukan. Beltzaran eder askoa izango zen hamasei urterekin! Ama egunetik egunera txoratuago egoten zitzaion begira. Laztandu, musukatu, kilimatu, garbitu, apaindu eta jan ere egiten zuen. Lerdea zeriola zeukan eta Jaungoikoari eskerrak ematen zizkion. Batez ere hanka guri haiek eromena ziren beretzat; pozez gainezka eragiteko modukoak. Beti ere musukatu egiten zizkion txikitasun hartaz txundituta. Zapatak jantzi, erantzi, miretsi, argia aurretik zuela begiratu, ohean oinez hasita errukitu, eta pozik emango zukeen bizitza osoa Jesus haurraren oinak bailiran zapatak jantzi eta erantziz. Historia oso polita da esan zuen baxu samar Gervaisek, baina ijitoak noiz aipatuko dira? Oraintxe erantzun zion Mahiettek. Egun batean Reimsa jaun berezi batzuk heldu ziren. Beren duke eta kondeek gidatuta batera eta bestera zebiltzan eskale eta pikaroak ziren; beltzaranak, ile kizkurrekoak eta zilarrezko belarritakoak zeramatzatenak. Emakumeak gizonak baino itsusiagoak ziren. Aurpegi ilunagoa zeukaten eta estali gabe zeramaten. Sokaz egindako oihal bat ere bazeramaten bizkarrean, eta ileak berriz, zaldi-buztanaren antzera. Beren hanketan zituzten umeek, tximinoak ere izutuko zituzketen. Eskomikatu-taldea zen. Zuzenean zetozen Egiptotik Reimsa Polonian zehar. Esaten zutenez, aita santuak aitortu zituen eta penitentzi gisa zazpi urtean munduan zehar ohean lorik egin gabe ibiltzea eman zien. Penitentzigile deitzen zieten eta egundoko kiratsa zuten. Garai batean mairu izanak omen ziren, eta horregatik Jupiterren sinesten zuten eta artzapezpiku, apezpiku nahiz abat mitradun guztiei hamar libera eskatzen zizkieten. Aita santuaren bulda bat omen zuten horretarako. Reimsa Alger-ko erregearen eta Alemaniako enperadorearen izenean iragarpenak egitera zetozen. Bidezkoa zenez, hirira sartzen ez zieten utzi eta talde osoa Braine-ko portalearen parean egon zen kanpatuta, igeltsutegi zaharretako putzuen ondoan errota dagoen muinoan. Reims osoa joan zitzaien ikustera. Zure eskuari begiratu eta iragarpen miresgarriak egiten zizkizuten. Judas aita santu egingo zutela esateko gauza ziren. Hots txarrak zebiltzan, ordea, haiei buruz. Umeak eta poltsak lapurtu eta giza haragia jaten zutela zioten. Jende zuhurrak buru-arinei ez joatea gomendatzen zien, baina hauek ezkutuan joan egiten ziren. Eroaldi modukoa zen. Izan ere kardinala txunditzeko moduko gauzak esaten zituzten. Amak beren seme-alabengatik harro zeuden, ijito haiek eskuan paganoz eta turkieraz idatzitako mirariak irakurri zizkienetik. Batek semea enperadore izango zuen, besteak aita santu eta besteak kapitain. Chantefleurie ere jakin-minez zegoen. Zer zeukan jakin nahi zuen. Ea egunen batean bere Agnes polita Armeniako edo beste nonbaiteko enperatriz izango zen. Alabatxoa ijitoei aurkeztu zien, eta emakume ijitoek umea laztandu, beren aho beltzez musu emanez harrituta zeuden haren eskutxoari begira. Ama harro zegoen gainera guzti hura ikusita. Asko gustatu zitzaizkien hankatxo eta zapatatxo haiek. Umeak urtea bete gabe zuen artean eta zizaka hasia zen, bere amari ero txikiak bezala barre zegiola. Guria eta potzola zegoen eta paradisuko aingeruek bezalako milaka keinu egiten zuen. Ijito haiekin asko beldurtu eta negarrez hasi zen. Orduan amak estu besarkatuta, bere Agnesi egindako iragarpenagatik oso pozik joan zen. Oso ederra, bertutetsua eta erregina izango zen. Folle-Peineko bere ganbarara harro itzuli zen, beraz, besoetan erregina zuelakoan. Biharamunean umea ohean lo zegoela aprobetxatuz (ohean etzaten zuen beti berarekin), atea erdi-irekita utziz Sechesserie kaleko lagun bati egunen batean bere alaba Agnes mahaian Ingalaterrako erregeak eta Etiopiako artxidukeak zerbitzatuko zutela eta al dakit nik beste zenbat ezusteko esatera joan zen. Itzultzean ume-hotsik entzuten ez zuenez, eskaileran gora zihoala honela zioen: «Tira. Oraindik lo dago». Atea lehen baino irekiago zegoen, eta ama gaixoa korrika joan zen ohera... Umerik ez zen ageri. Ohea hutsik zegoen. Bere zapatatxo bat besterik ez zegoen. Gelatik irten, eskaileran behera joan eta horma buruaz jota garrasika hasi zen: «Nire alaba! Nork du nire alaba? Nork eraman du?» Kalea hutsik zegoen eta etxea isolaturik. Beraz, inork ez zion erantzun. Hirira joan eta kale guztiak miatu zituen. Batera eta bestera egun guztian ibili zen eroa bezala, bere kumeak galdutako piztiaren antzera ate eta leihoak usnatuz. Izerdi patsetan, ileak nahasita, itxura beldurgarriz zebilen. Begietako suak malkoak ere lehortu egiten zizkion. Oinezkoak geldiarazi eta oihuka egiten zien: «Nire alaba! Nire alabatxoa! Nire alabatxo polita! Alaba ekartzen didanaren esklabo izango naiz, bere zakurraren neskame, eta nahi badu bihotza jango dit.» Saint-Remy-ko apaiza topatu zuen, eta honela esan zion: «Apaiz jauna. Lurra neure atzaparrez landuko dut, baina ekar iezadazu nire haurra!» Izugarria zen, Oudarde. Eta gizon handi askoa, Ponce Lacabre prokuradorea, neuk ikusi nuen umea bezala negarrez. Ama gajoa! Gauean etxera itzuli zen. Kanpoan zela, auzoko batek bi ijitanoa ikusi zituen ezkutuka besoetan pakete bat zutela etxera igotzen. Berehala jaitsi eta atea itxita korrika egin zuten etxetik ihesi. Gero Paquetteren etxean ume-negarraren antzeko zerbait entzuten zen. Ama barrez hasi zen, pozez zoratzen. Hegal, bailituen igo zituen eskailerak, atea kanoi-danbatekoak jota bezala ireki zuen, sartu egin zen... Beldurgarria, Oudarde! Jaunaren oparia zirudien bere Agnes polit eta guriaren ordez, munstro txiki izugarria, herrena, begibakarra, gaizki egindakoa zebilen arrastaka baldosa gainean. Ikaratuta begiak itxi zituen. «O! Sorginek nire alabatxoa animalia beldurgarri bihurtu ote dute?» zioen bere artean. Hanka-oker hura berehala eraman zuten handik. Erotuko zen bestela. Buhameren batek deabruari eskainitako ume izugarriren bat izango zen. Lau urte inguru zituen eta gizakiena ez zen hizkuntzaren bat hitz egiten zuen. Esaldi ulergaitzak ziren. Chantefleurie zapatatxora joan zen berehala. Hainbeste maitatutakoaren gauza bakarra zuen hura. Luze egon zen geldirik, mutu, arnasarik hartu gabe. Hil egin zela zirudien. Bat-batean gorputz osoa dardaraz hasi zitzaion, eta bere erlikiari musu indartsu emanez, bihotza lehertuta bezala negar-zotinka hasi zen. Gu denok ere negarrez hasi ginen. «O! Alabatxoa!» zioen «Nire alabatxo kuttuna! Non zaude?» Eta barrena hunkitu egiten zigun. Gogoratu hutsarekin negargura etortzen zait oraindik ere. Gure umeak gure hezurren muina bezala dira. Nire Eustakio gaixoa! Hain zara ederra! Zein ona den ikusiko bazenute! Atzo bertan «Nik jendarme izan nahi dut» esaten zidan. Ai, nire Eustakio! Galduko bazintut! Chantefleurie bat-batean jaiki eta Reimsko kaleetan ibili zen oihuka: «Ijitoen kanpalekura! Ijitoen kanpalekura! Datozela sarjentuak sorginak erretzera!» Baina ijitoak joanak ziren eta gau iluna zen. Haien ondoren irteterik ez zegoen, baina biharamunean joan zirenean, Gueux eta Tilloy bitarteko txilardi batean su handi baten hondakinak, Paquetteren alabaren zinta batzuk, odol-tanto batzuk eta akerraren gorotza aurkitu zituzten. Bezperan larunbata zen eta inork ez zuen zalantzarik egin ijitoek txilardian akelarrea egin zutenik. Beeltzebub-ekin batera umea jan zuten, mahomatarrek ohi duten bezala. Chantefleuriek gauza ikaragarri haiek jakin zituenean, ez zuen negarrik egin. Hitz egin nahian ezpainak mugitu zituen, baina ezin zuen. Hurrengo egunean ile guztiak zuri zituen eta hurrengoan desagertu egin zen. Historia beldurgarria da benetan esan zuen Oudardek. Borgoniarrei ere negar eragingo lieke! Ez naiz harritzen, ez, ijitoei halako ikara izatea erantsi zuen Gervaisek. Oso ondo egin duzu zeure Eustakio hartuta ihesi joan da zioen Oudardek, zeren horko horiek ere Poloniako ijitoak baitira. Bai zera! esan zuen Gervaisek Espainiatik eta Kataluniatik etorritakoak omen dira. Katalunia? Baliteke erantzun zion Oudardek. Polonia, Katalunia eta Valonia, nahastu egiten ditut beti hiru probintzia horiek. Nolanahi ere, ijitoak dira. Eta hortzak umeak jateko bezain luze dituztenak gehitu zuen Gervaisek. Eta ez nintzateke harrituko Esmeraldak ere pixka bat milikatu izana. Bere ahuntz zuriak gauza maltzurregiak egiten ditu, guzti horren atzean gaiztakeriaren bat ez egoteko. Mahiette isilik zihoan. Dardaren bidez bihotz barreneraino historia triste eta mingarria heldutakoan bezalaxe, bere baitan amets moduko batean zegoen. Hala ere Gervaisek hitz egin zion: Eta Chantefleuri horren berririk ez al da harez gero izan? Mahiettek ez zion erantzun. Gervaisek berriz galdetu zion bere izena esanez eta besotik helduta. Mahiette orduan iratzarri zen. Chantefleurieren berririk izan den? esan zuen artean bere belarrian entzuten ari zen hitzak mekanikoki errepikatuz. Eta hitz haien hariari jarraitu nahian arreta ipiniz honela erantzun zuen: A! Ez. Haren albisterik ez dugu geroztik izan. Geldiune bat egin ondoren, honela jarraitu zen: Batzuek ilunabarrean Flechembault-eko portaletik irteten ikusi zutela esaten dute eta beste batzuek egunsentian Basse-ko portaletik alde egin zuela diote. Eskale batek bere urrezko gurutzea harrizko gurutzean zintzilik aurkitu zuen feria egiten den lekuan. 61. urtean galdutako bitxia zen. Cormontreuil-go bizkondeak, bere lehen maitaleak, egindako oparia zen. Miseria gorrian egonda ere, Paquettek ez zuen hura saldu nahi izan. Bere bizia adina estimatzen zuen. Beraz, gurutzea berekin ez zeramala ikusi genuenean, hil egin zela pentsatu genuen. Hala ere Cabaret-les-Vantesko jendeak Pariserako bidean harritzan oinutsik joaten ikusi omen dute. Horretarako Vesle-ko portaletik irten behar zuen ordea, eta gauzak ez datoz bat. Dena den, nire ustetan Vesleko portaletik irten zen, baina mundu honetatik alde egiteko. Ez dizut ulertzen esan zion Gervaisek. Vesle ibaia da erantzun zion Mahiettek irribarre tristez. Chantefleurie gajoa! Itota! esan zuen ikaraz Oudardek. Itota! segitu zuen Mahiettek Eta nork esan Guybertaut aitari Tinqueux-ko zubipean ibaian behera bere ontzian kantatzen zihoanean egunen batean bere Paquette txikia ere zubi haren azpitik, ez ontzi eta ez kantu, pasatuko zela! Eta zapatatxoa? galdetu zion Gervaisek. Amarekin batera ezkutatu zen erantzun zion Mahiettek. Zapatatxo gaixoa! esan zuen Oudardek. Oudarde lodi eta sentikorra, Mahietteri hasperenka lagunduta konformatu zen, baina Gervaisek, jakinguratsuagoa izaki, artean galdera gehiago bazuen. Eta munstroa? bota zion bat-batean Mahietteri. Zein munstro? galdetu zion honek. Chantefleurieren etxean sorginek alabatxoaren ordez utzitako egiptiarren munstroa. Zer egin zenioten? Ito egingo zenutela pentsatzen dut. Ez, ez erantzun zion Mahiettek. Beraz, erre egingo zenuten. Normalagoa da, umea aztia zenez! Ez bata eta ez bestea, Gervaise. Artzapezpiku jaunak Egiptoko umea hartu, arao egin, bedeinkatu, deabrua gorputzetik kontu handiz egotzi eta Parisera bidali zuen Andre Mariako oholtzan kaxako ume bezala erakuts zezaten. Apezpiku hauek! esan zuen Gervaisek ahopeka Hain jakintsu direnez besteek bezala ez dute ezer egiten. Zer iruditzen zaizu, Oudarde? Deabrua kaxakoen oholtzan jartzea ere! Ze, zalantzarik gabe mamu txiki hura deabrua baitzen. Eta, Mahiette, zer egin zioten Parisen? Seguru nago inork ez zuela jaso nahiko. Ez dakit erantzun zion reimstarrak. Orduantxe eskuratu zuen nire senarrak Beru-ko eskribautza, hiritik bi legoara, eta historia horretaz ez ginen gehiago arduratu. Izan ere Beru aurrean Cernay-ko bi muinoak daude eta Reimsko katedraleko kanpandorreak ezin dira ikusi. Berriketan zihoazela, hiru hiritar prestuak Greveko plazara heldu ziren. Beren elkarrizketan murgildurik, Tour-Rolandeko ordu-liburuaren aurrean gelditu gabe igaro ziren automatikoki pikota aldera, han gero eta jendetza ugariagoa biltzen ari zelarik. Agian une hartan atentzioa erakartzen ari zen ikuskizunak erabat ahaztaraziko zien Arratoi-zuloa eta bertan egin behar zuten geldialdia, baldin eta Mahiettek eskutik helduta zekarren sei urteko Eustakio potoloak bat-batean gogorarazi ez balie. Ama! esan zuen zerbaitegatik Arratoi-zuloa atzean geratu zela konturatu balitz bezala Orain opila jan al dezaket? Eustakio bizkorragoa izan balitz, hau da, hain tripontzia izan ez balitz, itxaron egingo zukeen, eta itzulitakoan, Unibertsitatean, Andry Musnier maisuaren etxean, Madamela-Valence kalean, Arratoi-zuloaren eta opilaren artean Sena ibaiaren bi adarrak eta Citeko bost zubiak tartean zeudelarik, galdera apal hau egingo zukeen: Ama! Orain opila jan al dezaket? Baina galdera hori Eustakiok garai txarrean egin zuenez, Mahietteren arreta erakarri zuen. A! oihu egin zuen Preso dagoenaz ahaztu gara. Esan Arratoi-zulo hori non dagoen, opila eman diezaiogun. Bai. Berehala esan zion Oudardek. Karitatea egitea da. Eustakio ez zen iritzi horretakoa. Hara! Nire opila! esan zuen desadostasuna bere bi sorbaldak txandaka bere bi belarrietara hurbilduta adieraziz. Hiru emakumeak etorritako bidean atzera jo zuten, eta Tour-Roland ingurura heldutakoan honela mintzatu zitzaien Oudarde beste biei: Ez dugu hirurek batera zulotik begiratu behar, Sachette izutu ez dadin. Ordu-liburuan dominus irakurtzen ari zareten itxura egin eta nik bitartean leihotik begiratuko dut. Sachettek pixka bat ezagutzen nau eta keinu egingo dizuet noiz etorri. Bakarrik joan zen argizulora. Barrura begiratu zuenean, aurpegian guztiz nabarmendu zitzaion errukia sentitu zuen eta bere itxura alai-ederra eguzki-izpitik ilargi-izpira pasatu bailitzan bezain azkar aldatu zitzaion. Begiak busti egin zitzaizkion eta ahoa negar egiteko posturan uzkurtu zen. Geroxeago, behatza ezpainetan ipinita keinu egin zion Mahietteri hurbil zedin. Mahiette hunkituta, isilik eta hanka-puntetan etorri zen, hilzorian dagoenaren ohera bezalaxe. Oso ikuskizun tristea zeukaten bi emakumeek begi-bistan, mugitu gabe eta ia arnasarik hartu ere egin gabe Arratoi-zuloko leihoen barra artetik begiratu zutenean. Gelatxoa estua zen, saltona baino zabalagoa, ojibazko gangaduna, eta apezpiku-mitra handi baten zuloaren antza zeukan. Lurreko Lauza hutsean, bazter batean, emakume bat eserita, edo hobeto esan kokorikatuta, zegoen. Kokotsa belaunetan zeukan, eta belaunak bere bi besoez bilduta bularraren kontra zituen. Bere baitan horrela bildurik, erabat estaltzen zuen zaku nabar bat jantzirik, aurrean zituen ile urdin luzeek aurpegia estaliz belaunetan behera oinetaraino iristen zitzaizkion. Begiratu batera itxura arraroa zeukan, gelako hondo ilun hartan. Argi-zulotik zetorren izpiak zehatz erdibanatzen zuen triangelu beltz samarraren forma zuen. Zati bat iluna zen eta bestea argia. Ametsetan eta Goiaren lan ikusgarrietan ikus daitezkeen argizko eta ilunezko espektro erdibitua zen; zurbila, geldia, zorigaiztokoa, hilobi baten ondoan edo presondegiko barrei itsatsita ikusten direnetakoa. Ez zen, ez emakumea eta ez gizona; ez biziduna eta ez forma jakinekoa. Irudi bat zen; errealitatea eta fantasia, argia eta itzala bezala nahasten zireneko ametsa. Lurrerainoko ile artean irudi argal eta zorrotza ozta-ozta nabari zitekeen. Bere jantziak oin hutsa balearrik uzten zuen ikusten, zeina zola gogor eta hotza ukitutakoan kizkurtu egiten baitzen. Doluzko estalki haren azpian giza itxuratik suma zitekeen apurrak ikaratu egiten zuen. Lauzari itsatsita zirudien irudi hark, ez mugimendurik, ez pentsamendurik eta ez arnasarik zeukala ematen zuen. Bere zaku mehearen azpian, urtarrilean, granitozko zoruan oinutsik, surik gabe, haizea bai eta eguzkia behin ere sartzen ez zen argizulo zeiharra zeukan ziega hartan, bazirudien ez zuela sufritzen. Ezta sentitzen ere, itxuraren arabera behintzat. Eman behar ziegan harri bihurtu zela, eta neguan izotz. Eskuak elkarturik zituen, eta begiak finko. Lehen begiratuan espektroa ematen zuen, eta gero estatua. Hala ere bere ezpain ubelduak aldika arnasarekin ireki eta dardara egiten zuten, baina haizeak darabiltzan hostoak bezain hil eta mekanikoki. Hala ere, bere begi goibelei adierazi ezinezko begirada zerion; begirada sakon, ilun, asaldaezina eta kanpotik ikusi ezin zen gelago izkina batean finkatua. Begirada hark etsipenak jotako arima haren pentsamendu triste guztiak objektu misteriotsuren batekin elkartzen zituela zirudien. Horrelakoa zen bere bizilekuagatik presoa eta bere jantziagatik sachette deitzen zioten izakia. Hiru emakumeak, zeren Gervaise ere Mahiette eta Oudarderengana bildu baitzen, leihotik begira ari ziren. Ziegara sartzen zen argi-izpiari oztopo egiten zioten, baina bazirudien barruko emakume errukarria ez zela konturatzen. Ez dugu molestatu behar esan zuen Oudardek. Estasian bezala dago errezatzen. Baina Mahiettek gero eta irrika handiagoz begiratzen zion ile nahasiz inguratutako aurpegi erori eta zimur hari; begiak malkoz bustitzeraino begiratu ere. Oso bitxia litzateke murmuratu zuen. Burua leihoko barra artean mugituz, begirada barruko gajoak begiak finko zitueneko puntura eraman zuen. Argi-zulotik burua erretiratu zuenean, aurpegia malkoz bustita zeukan. Nola deitzen diozue emakume honi? galdetu zion Oudarderi. Guk ahizpa Gudule esaten diogu erantzun zion Oudardek. Ba, nik Paquette Chantefleurie deituko diot esan zuen Mahiettek. Orduan behatza ahora sartuz, harri eta zur geratu zen Oudarderi keinu egin zion, burua leihoan sartu eta barrura begira zezan. Oudardek begiratu egin zuen, eta estasi moduan emakume gajoaren begiak finko zeudeneko izkinan urre eta zilarrez bordatutako saten arrosazko zapatatxoa ikusi zuen. Gervaisek Oudarderen ondoren begiratu zuen, eta gero hiru emakumeak, ama dohakabeari begira negarrez hasi ziren. Baina haien begirada eta negarrak gorabehera, barruko emakumeak bere hartan iraun zuen. Eskuak elkarturik, ezpainak mutu, begiak finko, eta historia zekienari zapatatxoak bihotza urratuta uzten zion. Hiru emakumeak txintik atera gabe zeuden. Ahopeka hitz egitera ere ez ziren ausartzen. Isiltasun sakon hark, samintasun ikaragarri hark, gauza bat izan ezik beste guztia ahaztuta edukitzeak, Pazko edo Eguberritako aldare nagusiak bezala eragiten zien. Isilik zeuden, beren baitara bilduta, belaunikatzeko prest. Aizaro egunez elizara sartu zirela ematen zuen. Azkenean Gervaise, hiruretan jakin-min handiena zuena (beraz, sentikortasun txikiena zuena), emakume gajoa mintzarazten saiatu zen: Ahizpa! Ahizpa Gudule! errepikatu zuen gero eta ozenago hiru aldiz. Baina preso zegoena ez zen mugitu. Ez hitzik, ez begiradarik, ez hasperenik; bizirik zegoen seinalerik ere ez zitzaion sumatu. Oudarde berriz, ahots gozo eta leunagoz, honela mintzatu zitzaion: Ahizpa! Santa Gudule ahizpa! Lehen bezain mutu eta geldirik segitu zuen. Emakume bitxia benetan! zioen Gervaisek Bonbardak ere ez lioke eragingo! Agian gorra izango da esan zuen Oudardek. Agian itsua ere bai erantsi zion Gervaisek. Behar bada hilda egongo da adierazi zuen Mahiettek. Geldo, lo eta sorgor zegoen gorputz hura. Arimak utzi ez ba zuen ere, gutxienez sakon ezkutaturik zegoen, kanpoko organoen sentipen-eremutik urruti. Opila leihoan utzi beharko dugu esan zuen Oudardek. Umeren batek hartuko du. Nola esnatuko genuke? Eustakio ordura arte zakur handi batek tiratuta handik pasatzen ari zen kotxe txiki bati begira zegoen, eta bat-batean hiru emakumeak leihotik begira ari zirela konturatu zen. Jakin-mina sartu zitzaion, eta harri handi batera igota, hanka-puntetan bere aurpegi guria argizulora hurbildu zuen, oihuka: Ama! Utzi ikusten! Ume-hots argi, garbi eta ozena entzundakoan, presondegiko emakumea ikaratu egin zen. Altzairuzko malgukiak bultzatuta bezala burua kolpera jiratu zuen, bere bi esku luze eta argalez aurpegiko ileak kendu, eta harridura, mingostasun eta etsipenez betetako begiak mutikoarengan finkatu zituen. Ene Jaungoikoa! oihu egin zuen bat-batean burua belaun artean ezkutatuz eta bere ahots garratzak bularra urratuko bailion Besterik ez bada, ez erakutsi besteen umeak! Egunon, andere esan zion mutilak serio. Zirrara hark emakumea iratzarri egin zuen. Ikara betek bere gorputz osoa, burutik oinetaraino, korritu zuen. Hortzak karraskatzen hasi zitzaizkion. Burua zerbait altxa zuen, ukondoak aldaken kontra estutu eta hankak eskuez berotzeko bezala hartuz honela mintzatu zitzaion: O! Hau hotza! Gajoa esan zuen Oudardek errukituta. Su-pixka bat nahi al duzu? Buruari eraginda ezezkoa adierazi zuen. Har ezazu bada hipokras-pixka bat berotzeko. Edan ezazu eta botilatxoa eskaini zion. Berriz ere ezetz zioen buruaz eta Oudarder finko begiratuta: Ura eskatu zuen. Oudardek lehengotik eskaini zion berriro: Ez ahizpa. Urtarrilerako edaria ez da. Hipokras-apur bat edan eta zuretzat arta legamiaz egin dugun opil hau jan behar duzu. Mahiettek eskainitako opila errefusatu egin zuen, hitz hauen bidez: Ogi beltza. Tira esan zuen Gervaisek, errukiz beterik eta bere artilezko gainjantzia kenduz. Hona hemen zurea baino kapa epelagoa. Ipin ezazu bizkar gainean. Botila eta opila bezalaxe kapa errefusatu egin zuen, beste hau esanda: Zaku bat. Kontutan har ezazu atzo jai izan zela zioen Oudarde zintzoak. Igarri diot, bai esan zion gajoak. Bi egun daramatzat txarroan urik gabe. Eta ahopeka honela segitu zuen: Jai denean, nitaz ahaztu egiten dira. Hala behar ere. Jendeak zergatik pentsatu behar du nitaz, nik jendeaz pentsatzen ez badut? Ikatz itzaliari errauts hotza. Eta hizketan nekatu egin balitz bezala, burua bere belaun gainera erortzen utzi zuen. Oudarde jator eta eskuzabalari azken hitzetan hotzaren kexu zela iruditu zitzaion eta xalotasunez honela galdetu zion: Beraz, su-pixka bat nahi duzu? Sua! esan zuen Sachettek doinu arraroz Eta lurpean hamabost urte daramatzan umetxoa berotzeko ere egingo al duzue pixka bat? Bere gorputz guztia ikaraz hasi zen. Ahotsa dar-dar, begiak dizdiz, belauniko ipini zen. Orduan bere esku mehe-zuria harrituta begiratzen zion mutikoarengana luzatu zuen. Eraman ume hori! garrasi egin zuen Ijitoak pasako dira! Erori egin zen eta kopetak lauza jota harri batek beste bat jotakoan bezalako hotsa atera zuen. Hiru emakumeei hil egin zela iruditu zitzaien, baina geroxeago mugitzen ikusi zuten eta belaun eta ukondoen gainean zapatatxoa zegoen izkinara joan zen. Emakumeak ez ziren begiratzera ausartu, baina mila musu eta mila hasperen entzun zituzten buruaz horma jotakoan ateratako garrasi lazgarriez nahasturik. Gero, haietako kolpe bortitz baten ondoren, hirurak ikaratu egin ziren eta harez gero ez zuten ezer entzun. Bere burua hil ote du? esan zuen Gervaisek burua leihoko burdin artetik sartuz Ahizpa! Gudule ahizpa! Gudule ahizpa! errrepikatu zuen Oudardek. Ene Jaungoikoa! Ez du zirkinik ere egiten! esan zuen Gervaisek-Hil egin ote da? Gudule! Gudule! Mahiettek izututa, ia hitzik egin ezinda, arnaska, ahalegina eginez honela esan zien bere lagunei: Itxaron. Eta argi-zulora makurtuz: Paquette! dei egin zion Paquette Chantefleurie! Lehergailuaren metxa gaizki piztu eta xalo putz eginda begi aurrean eztanda egiten dion umea baino harrituago geratu zen Mahiette bat-batean Gudule ahizparen gelara izen hura jaulkita. Giltzapetuaren gorputz guztiak egin zuen ikara. Bere oin biluzien gainean zutik jarri eta leihora jauzi egin zuen begietatik sua zeriola. Mahiette, Oudarde, beste emakumea eta umea kaiko hormaraino joan ziren atzera. Espetxeratuaren irudi dohakabea leihoko barrei helduta ageri zen. O! O! oihu egiten zuen algara izugarriaz Ijitanoak hots egiten dit! Eta orduan pikotan gertatzen ari zenak bere begirada gaiztoa erakarri zuen. Izuaren izuz betozkoa jarrita, gelatik bere bi beso meharrak atera zituen, eta zurrungaren antzeko ahotsez oihuka hasi zen: Orain ere zu al zara, Egiptoko andere hori! Deika ari al zatzaizkit, ume-lapur hori! Madarikatu hori! Madarikatu hori! Madarikatu hori! Parisko Andre Maria |