|
Parisko Andre Maria II. Egunez ere lanparaz argitu behar ziren pasabide ilun batzuetan zenbait eskailera igo eta jaitsi ondoren, Esmeralda (beti ere bere zorigaiztoko lagun-taldeaz inguraturik) jauregiko sarjentuek bultzaka gela ilun batera sartu zuten. Gela biribil hark, gaur egun ere antzinakoa estaltzen duen Paris modernoaren gainera ateratzen den dorre handi horietako baten beheko planta hartzen zuen. Koba-zulo hura leihorik gabekoa zen. Irekigunetzat, burdinazko ate handi batez hornitutako sarrera baxua baizik ez zuen. Ez zegoen argi faltan ordea. Horman zuloa eginda labea zeukan bertan. Su handi bat piztuta zegoen, bere izpi gorriz gela osoa bete eta bazter bateko kandela kaxkar bati distira guztiak jaten zizkiola. Labea ixteko zeukan burdinazko sarea jasota zegoen une hartan eta garrak zerizkion argizuloan, horma ilunean txertaturik, bere barren beheko zatia bakarrik ikus zitekeen, legendatan sugarrak jaurtikitzen dituen herensugearen ahoko hortz beltz, zorrotz eta lasaiz osatutako ilara bailitzan. Labeari zerion argitan, preso eramandakoak gelaren bueltan tresna beldurgarriak ikusi zituen, zertarako ziren artean ez bazekien ere. Erdian larruzko koltxoi bat ikus zitekeen, ia lurrean, uhala hebilarekin zintzilik zuela. Uhala kobrezko zirgilo bati loturik zegoen, aldi berean zirgiloari gangako giltzarrian tailatutako munstro mutur-motz batek horzka egiten ziolarik. Kurrikak, matxardak eta golde-nabar luzeak labe barruan pilaturik zeuden sugar artean gori-gori. Labeko odol-distirak gela guztian gauza-pilo ikaragarria baino ez zuen argitzen. Infernu hari oinaze-gela deitzen zitzaion. Ohean erdeinuz eserita Pierrat Torterue zegoen; borrero zin-egina. Bere laguntzaileek, larruzko mantalez eta harizko xingolez jantzitako aurpegi karratuko bi nanok, burdinak ikatz gainean zerabiltzaten. Neska gajoari adorea etorri zitzaion, baina gela hartara sartutakoan ikaratu egin zen. Jauregiko bailegoko sarjentuak alde batean lerrokatu ziren eta Ofizio Santuko apaizak beste aldean. Idazkaria, idazmahaia eta beste mahai bat zeuden izkina batean. Jacques Charmolue oso irribarre gozoaz hurbildu zitzaion ijitoari. Neska horrek esan zion. Oraindik ere ukatu egiten al duzu? Bai erantzun zion, ia itzalitako ahotsez. Beraz, guk nahi baino gehiagotan galdetu beharko dizugu, tamalez. Eser zaitez ohe horretan mesedez. Pierrat maisua. Egin leku gazteari eta itxi atea. Pierrat marmarka altxatu zen. Atea ixten badut sua itzali egingo da. Ongi da! esan zion Charmoluek Utzi, bada, zabalik. Bitartean Esmeralda zutik egon zen. Hainbat dohakabe bihurritutako ohe hark, ikaratu egiten zuen. Izuak hezurren muinetaraino izozturik zeukan. Harri eta zur zegoen han. Charmoluek keinu bat egindakoan, bi laguntzaileek heldu eta ohean eserita utzi zuten. Ez zioten minik eman, baina gizon haiek ukitu zutenean, larruak ukitu zuenean, odol guztia bihotzera zihoakiola sentitu zuen. Urduri begiratu zion gelari. Dena mugitzen eta beregana etortzen ari zela iruditu zitzaion; gorputzean gora zetorkiola, horzka egiteko eta ziztatzeko. Lehen ikusitako tortura-tresna guzti haiek saguzarrak, ehunzangoak, armiarmak eta beste zenbait intsektu eta hegazti zirela iruditzen zitzaion. Non da medikua? galdetu zuen Charmoluek. Hemen erantzun zuen neskak lehenago ikusi gabeko eta beltzez jantzitako batek. Neska izutu egin zen. Neska hori hitz egin zuen elizako arazoetarako prokuradoreak ahots eztiz. Hirugarrenez galdetzen dizut. Salatutako ekintzak ukatu egiten al dituzu? Orduan, ahotsik ezean buruaz keinu bat egin zuen. Zeurean al zaude? esan zion Jacques Charmoluek. Sentitzen dut, baina neure egitekoa bete beharrean naiz. Erregearen prokuradore jauna esan zuen bat-batean Pierratek. Zerekin hasiko gara? Charmoluek une batez zalantza egin zuen, errima bila ari den poetaren antzera. Brotzegiarekin! erantzun zuen azkenean. Dohakabeak Jainkoak eta gizakiek erabat utzi egin zutela sentitu zuen eta burua berez indarrik ez duen gauza bailitzan bular gainera erori zitzaion. Borreroa eta medikua batera inguratu zitzaizkion. Aldi berean, bi laguntzaileak tresneria beldurgarri hartan bila hasi ziren. Erreminta ikaragarri haien hotsa entzunda, neska gajoa galvanizatutako igel hila bezala ikaratu zen. O! murmuratu zuen inork entzuteko indarrik gabe O! Nire Febo! Gero marmola bailitzan zur eta lur isilik geratu zen. Ikuskizun hark, edozeinen bihotza urratuko zukeen, epaileen bihotza izan ezik. Infernuko oinaze-asto gorrian Satan arima bekatari tristeari itaunka ari zitzaiola zirudien. Zerra, gurpil eta habezko tresneriaz astinduko zuten gorputz hura, borreroen eta kurriken besoek erabiliko zuten gorputz errukarri hura, neska gozo, zuri eta hauskor harena zen. Artale gupidagarri hura, giza justizia torturaren errotarri beldurgarrietan xehatzera zihoan. Bitartean, Pierrat Torterueren laguntzaileen esku latzek zango xarmant hura, Parisko plazetan bere liluraz eta edertasunak ikusleak hainbat aldiz txundituta utzitako oin hura, bat-batean zakarki utzi zuten agerian. Lastima! esan zuen torturatzaileak forma lirain eta polit haiek ikusita. Artxidiakonoa han egon balitz, euliaren eta armiarmaren sinboloaz gogoratuko zitekeen inolako zalantzarik gabe. Geroxeago, bere aurrean zabaltzen ari zen laino baten atzean neska gajoak brotzegia hurbiltzen ikusi zuen. Berehala bere oina burdinazko tresna beldurgarri hartan ezkutatu egin zen. Orduan izuaren izuz adorea itzuli zitzaion. Kendu hori! deiadar egin zuen amorruz, ileak nahastuta. Urrikal zaitezte nitaz! Orduan ohetik jauzi egin zuen erregearen prokuradorearen oinetara, baina bere hanka haritzezko habe bati eta burdinei loturik zegoenez gero, brotzegi gainera erori zen hegoetan beruna duen erlea baino akituago. Charmoluek keinu bat eginda, berriz ere ohean utzi zuten eta bi esku handik gangatik zintzilik zegoen uhala gerri meheari lotu zioten. Azkenekoz. Prozesuan adierazitakoa aitortzen al duzu? galdetu zion Charmoluek bere betiko adeitasunaz. Errugabea naiz. Beraz, neskatxa, salatzen zaituztenek diotena nola argi dezakezu? Begira, jauna. Ez dakit. Ukatu egiten duzu, beraz? Bai. Dena! Ekin agindu zion Charmoluek Pierrati. Pierratek trinketaren biraderari eragin zion eta brotzegia estutu egin zen. Neska gupidagarriari inongo giza hizkuntzatan adierazi ezin daitekeen garrasi ikaragarria atera zitzaion. Zaude geldik! esan zion Charmoluek Pierrati. Aitortzen al duzu? galdetu zion ijitoari. Dena! oihu egin zuen gajoak Dena aitortzen dut! Errukitu nitaz, arren! Oinazeei aurre egiteko behar zen indarraren berri ez zuen. Hain bizitza alai eta gozoa izandako ume dohakabeak min hartu orduko eman zuen amore. Gizatasunak aginduta esan zion erregearen prokuradoreak, aitortzen baduzu heriotzara zigortuko zaituztela jakinarazi behar dizut. Datorrela heriotza erantzun zuen. Eta erdi hilik, hautsita, bular inguruan zeukan uhaletik zintzilik geratu zen. Eutsi pixka bat, eder horrek! esan zion Pierrat maisuak altxatuz Borgoniako jaunak lepotik zintzilik daraman urrezko arkumearen antza duzu. Jacques Charmoluek ozenago hitz egin zuen. Idatzi, eskribau jauna! Ijito gazte hori! Aitortzen al duzu infernuko bilera, akelarre eta sorginkerietan iratxo, sorgin eta gautxoriekin ibili zarela? Erantzun. Bai erantzun zuen oso ahul, bere hitza ezpain artean galdu zelarik. Aitortzen al duzu Beeltzebub-ek hodei artean akelarrera deitzeko agertarazten duen eta sorginek bakarrik ikus dezaketen akerra ikusi duzula? Bai. Aitortzen al duzu Bofomet-en buruak, tenplarioen idolo gogaikarri horiek, adoratu dituzula? Bai. Eta prozesuan esandakoaren arabera ahuntzaren itxura duen deabruarekin tratua izan duzula? Bai. Eta azkenik, aitortzen al duzu demonioaren eta fraide mozorrotu izeneko mamuaren laguntzaz joan den martxoan hogeita bederatziko gauean Febo Chateauperskoa izeneko kapitaina sastakatu eta hil egin duzula? Orduan bere begi handiak altxatu eta magistratuarengan finkatu zituen. Gero oharkagean, dardara eta ikararik gabe erantzun zuen. Bai. Garbi zegoen emakume harengan dena hautsita zegoela. Idatzi, eskribau jauna! agindu zuen Charmoluek. Gero laguntzaileei honela mintzatu zitzaien: Askatu atxilotua eta eraman entzutegira. Atxilotuari oinetakoa kendu ziotenean, elizako arazoetarako erregearen prokuradoreak minez handitutako oinari begiratu zion. Tira! esan zuen Kalte handirik ez dago. Garaiz oihu egin duzu. Oraindik ere dantza egiteko moduan zara, eder hori! Gero Ofizio Santuko akolitoengana bueltatu zen. Azkenean, egoera argitu da! Lasaigarria da hori, jaunak! Neskak aitortuko du guk ahalik eta gozoen jokatu dugula. Parisko Andre Maria |