|
Parisko Andre Maria V. Gringoire, erortzean hartutako kolpeaz zoratuta, lurrean zegoen kantoiko Ama Birjinaren parean. Poliki-poliki bere onera etorri zen. Lehenbizi minutu batzuetan amets moduko batean kordea erdi galduta gozo antzean ibili zen, ijitoaren eta ahuntzaren irudi lausoak Quasimodoren ukabil bortitzarekin nahasten zitzaizkiola. Egoera hark gutxi iraun zuen ordea. Harrizko zorua ukituz zegoen gorputz-zatian hotz handia sentituta, berehala iratzarri zen eta izpiritua azaleratu egin zitzaion. Nondik datorkit hotz hau? galdetu zion deblauki bere buruari. Kalean korronte baten gainean etzanda zegoela konturatu zen orduan. Zildope konkor arraio hori! murmurikatu zuen jaiki nahian. Zorabiatuegia eta mailatuegia zegoen ordea. Bertan geratu behar izan zuen, beraz. Eskua libre zeukanez, sudurra itxi eta etsi egin zuen. Parisko lohietan pentsatu zuen (zeren errekasto hura izango zela ohea uste baitzuen. Eta amets ezik, zer egin ohean?) Parisko ur zikinak guztiz kiratsuak dira. Gatz hegazkor eta nitroso asko dute nonbait. Hori uste dute behinik behin Nikolas Flamel maisuak eta hermetikoek. Hermetiko hitzak berehala gogorarazi zion Claude Frollo artxidiakonoa. Lehentxeago ikusitako indarkeriazko gertaera hura bururatu zitzaion. Ijitoa bi gizonek helduta askatu nahian zebilen. Quasimodoz gain beste bat ere bazen, eta artxidiakonoaren irudi goibel-harroa lausotuta agertu zitzaion oroimenean. Harritzekoa litzateke pentsatu zuen. Oinarri eta datu haiekin, hipotesi bitxizko eraikina eraikitzen hasi zen; karta-gaztelu filosofikoa. Baina berehala itzuli zen beste behin errealitatera: Uf? Jelaturik nago! oihu egiten zuen. Leku hura, egia esan, gero eta jasangaitzagoa zen. Korronteko ur-molekula bakoitzak Gringoireren giltzurruneko kaloriko-molekula bat eramaten zuenez, gorputzaren eta ur-korrontearen tenperaturen arteko oreka gogor ari zen ezartzen. Bat-batean oso bestelako eragozpen bat agertu zen. Ume-koadrila bat, Parisko kaleak betiko gamin izena dutelarik etengabe zapaldu dituzten eta oinutsik dabiltzan basati txiki horiek (gu txikiak ginenean ere eskolatik irtendakoan arratsaldero harriak botatzen zizkiguten gure galtzak urratuta ez zeudelako), taldean zihoazen irri eta algaraz Gringoire etzanda zegoeneko kantoira auzokoen loa bost axola zitzaielarik. Arrastaka ez dakit zer-nolako zakua zeramaten, baina beren eskalapoi-hots hutsarekin hildakoak ere esnatuko zituzketen. Artean erabat esnatu gabe zegoen Gringoire, zertxobait jaiki egin zen. E! Hennequin Dandeche! E! Joan Pincebourde! zioten aldarri eginez Eustakio Maubon dendari zaharra hil egin da. Haren lastaira daukagu eta sua egin behar dugu. Gaur flandestarren eguna da. Eta beren lastaira justu Gringoireren gainera bota zuten, han zegoela ohartu ere egin gabe hurbildu zitzaizkiolako. Mutiko batek (asto-pixka bat atera eta Ama Birjinaren lanparara joan zen su ematera. Ene Jaungoikoa! murmurikatu zuen Gringoirek Lehen bero gutxiegi eta orain gehiegi izango ote dut? Kinka larrian zegoen, uraren eta suaren artean. Ahalegin ikaragarria jo zuen; diru faltsuarekin harrapatuta ur irakinetara sartu nahi duten faltsifikatzaileak ihes egiteko egingo lukeenaren parekoa. Ama Birjin santua! oihu egin zuten umeek Dendaria berpiztu egin da! Eta korrika joan ziren handik. Lastaria zen borrokaleku hartako jaun eta jabe. Belleforet-ek, apaiz Epaileak eta Carrozet-ek diotenez, biharamunean auzoko apaizek ospe handiz bildu eta Saint-Opportune elizako altxortegira eraman zuten. Sakristauak propina ederrak jaso zituen 1789 urtera arte Mauconseil kalearen kantoiko Ama Birjinaren estatuak egindako miraria zela eta. 1482ko urtarrilaren baren eta Taren arteko gau famatu hartan izan ere, deabrua egotzi zuen Eustakio Maubonek demonioari iruzur eginda hiltzen ari zela arima maltzurkeriaz lastairan ezkutatu zionean. Parisko Andre Maria |