Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997

 

1832-KO BEHIN-BETIKO ARGITALPENARI
ERANTSITAKO OHARRAK

 

        Oker adierazi da argitalpen hau kapitulu berri batzuk erantsita plazaratuko zela. Berri ez eta argitaragabe esan behar zukeen. Izan ere berritzar berriz eginak hartzen badira, argitalpen honi gehitu zaizkionak ez dira berriak. Obraren gainerakoarekin batera idatzi ziren, garai berekoak dira eta pentsamendu beretik sortuak dira, beti Parisko Andre Maria eskuizkribuaren zati izan direlako. Gainera egileak ez luke ulertuko gisa honetako lanari geroztiko garapenak eranstea. Horrelakorik ez da nahierara egiten. Nobela, egileak dioenez, nolabait behartuta sortzen da; bere kapitulu guztiekin, drama bere eszena guztiekin bezalaxe. Ez pentsa batasun hori (drama edo nobela deitzen zaion mikrokosmos misteriotsu hori) osatzen duten zatietan zoriaren menpe ezer dagoenik. Txertoa edo soldadura nekez itsasten dira gisa honetako lanetan, zeintzuk ernaldi bakarrez jaulki eta bere horretan mantendu behar baitute. Lana amaitu ondoren, ez atzera egin eta ez aldatu. Liburua plazaratu denean, obraren sexua (arra izan ala ez) aldarrikatu eta aitortu denean, umeak bere lehen garrasia jaulki duenean, jaio da jadanik; den bezalakoa hortxe dago, ez aitak eta ez amak aldatu ezin dutelarik. Airearena eta eguzkiarena da. Utz diezaiogun bere gisa bizitzen eta hiltzen. Zure liburua ez dagoela biribildua? Beretzat kalte. Ez erantsi (kapitulurik zerbait falta duen liburuari. Osatu gabe dagoela? Sortzean osatu behar zen. Zure arbola oker dagoela? Ez duzu zuzenduko. Zure nobela tisiak jota dagoela? Ez dela bideragarria? Nahita ere ez diozu falta duen arnasarik emango. Zure drama herren jaio dela? Ez erantsi zurezko hankarik, arren.

        Egileak gogo handia du, beraz, jendeak hemen gehitu diren kapituluak berrargitalpen honetarako propio eginak ez direla jakin dezan. Aurreko argitalpenean plazaratu ez badira, honako arrazoi sinple honegatik izan da: Parisko Andre Maria lehen aldiz inprimatzen ari zirenean, hiru kapitulu hauek zeuzkan karpeta galdu egin zelako. Berriz idatzi edo bestela horiek gabe argitaratu behar zen. Egilearen iritziz, hiru kapituluetatik bik izan zezaketen garrantzia beren luze-zabalera zela eta, baina arte zein historiari zegozkion eta dramaren edo nobelaren hariari ez zioten deus ere erasaten. Irakurleek ez zuten ezer falta zenik sumatuko, eta egilea bera bakarrik egongo zen hutsune horren jakinaren gainean. Alde batera uztea erabaki zuen bada. Gainera, dena esan behar da eta, alferkeriak atzera eragin zion galdutako hiru kapitulu horiek idaztetik. Errazagoa zitzaion beste nobela bat has eta buka idaztea.

        Orain ordea, galdutako kapituluak aurkitu egin dituzte eta beren lekuan ipintzeko lehen aukeraz baliatzen da.

        Hona bada obra osoa; egileak amestu eta idatzia. Ona ala txarra, iraunkorra ala hauskorra, berak nahi izan duen bezalakoa.

        Berriz aurkitutako kapitulu hauek ezer gutxi balioko dute Parisko Andre Maria liburuan drama edo nobela baizik bilatzen ez duten sen handiko pertsonentzat. Beste irakurle batzuentzat ordea, liburu honen baitan dagoen estetika eta filosofia aldetiko pentsamendua aztertzea ez da alferlana izango, eta Parisko Andre Maria irakurtzen dutenean atsegin hartuko dute nobela hutsaz gain (eta barkakizun bekigu handi-mandi itxurako esaldiak erabiltzea) historialariaren sistema eta poetaren sorkuntzaren bidez artistaren helburuak arakatuta.

        Batez ere azken irakurle hauentzat osatuko dute erantsitako kapitulu hauek Parisko Andre Maria, baldin eta osatzeak merezi zuela onartzen bada.

        Egileak kapitulu horietako batean oraingo arkitekturaren gain-beherakada eta, bere iritziz, arte nagusi honen ia ezinbesteko heriotza azaltzen eta garatzen du. Iritzi hori, zoritxarrez, ongi itsatsita dauka egileak eta aldi berean asko pentsatuta heldu da ondorio horretara. Hala eta guztiz ere, etorkizunak egunen batean oker dagoela esan diezaion biziki nahi duela hemen azaltzeko premia dauka. Badaki arteak, bere edozein adierazpidetan, edozer espero dezakeela belaunaldi berriengandik, zeintzuen jenioa gure lantegietan ernetzen ari dela nabari daitekeen. Hazia ildoan dago eta, nolanahi ere, uzta ederra izango da. Beldur da, ordea, eta argitalpen honen bigarren alean ikusiko da zergatik, sapa arkitekturaren alor zahar honetatik (mendetan artearentzat lurrik onena izan duen sailetik) desagertu ez ote den.

        Hala eta guztiz ere gaur egungo artista gazteengan bizitasuna, indarra eta predestinazioa hainbesterainokoa denez, oraingo arkitektura-eskoletan irakasle arbuiagarriak egonagatik ikasle bikainak ari dira irteten. Horaziok aipatzen duen eltzegileari jazotakoa batekoz bestera gertatzen da. Izan ere, hari anfora egiten hasi eta eltzea ateratzen baitzitzaion. Currit rota urceus exit.

        Dena den, arkitekturaren etorkizuna eta gure arkitekto gazteek egunen batean beren arte-arazoei emandako irtenbidea edozein dela ere, monumentu berrien zain gauden bitartean zaharrak gorde ditzagun. Ahal dela Herriarengan arkitektura nazionalarekiko zaletasuna bultza dezagun. Egileak aitortzen duenez, liburu honen helburu behinenetako bat hori da, eta bere bizitzako helburu nagusietako bat ere bai.

        Parisko Andre Mariak agian Erdi Aroko arteaz, oraindik batzuek ezagutzen ez duten eta (are okerrago) beste batzuek arbuiatzen duten arte miresgarri horretaz, benetako ikuskizuna eskainiko zuen. Egilea ordea, bere gain nahita hartu duen lana bukatutzat ematetik urrun dago. Behin baino gehiagotan atera da gure arkitektura zaharraren alde eta askotan ozenki salatu ditu profanazioak, eraisketak eta jainkoarenganako beldurgabekeriak. Ez du etsiko. Arazo honi heltzeko konpromisoa hartu du eta maiz ekingo dio. Gure eraikin historikoak atertu gabe defendatuko ditu, gure eskola eta akademietako ikonoklastek gogor eraso arren. Izan ere, tamalgarria da Erdi Aroko arkitektura zeinen eskutan dagoen eta oraingo kontserbazio-arduradun harroputzek arte bikain honetako hondakinak nola tratatzen dituzten ikustea. Guretzat, pertsona adimentsuontzat, lotsagarria da egiten dutena ikusi eta txistua jotze hutsarekin konforme geratzea. Eta hemen ez gara probintzietan gertatzen denaz ari; Parisen bertan, gure atarian, geure leihopean, hiri handian, hiri eskolatuan, prentsaren, hitzaren eta pentsamenduaren hirian gertatzen denaz baizik. Ohar hauei amaiera eman baino lehen, egunero asmatu eta geure begien aurrean Parisko artista-jendearen aurrean (horrenbesterainoko ausarkeriaz txunditutako kritikaren aurrean) burutzen diren ekintza hondatzaile hauetako batzuk aipatu gabe ezin ditugu utzi. Artzapezpikutegia bota berri dute. Erdipurdiko eraikina zenez, kaltea ez da handia izan, baina artzapezpikutegiarekin batera apezpikutegia bota dute; hamalaugarren mendeko arrasto bitxia, zeina bota duen arkitektoak gainerakotik bereizten ez baitzekien. Garia eta hiraka, dena erauzi du. Zer axola dio! Vincennesko kapera bikaina eraitsiko dutelako hotsak daude, Daumesnil berak ere behar ez zuen al dakit zer gotorleku egiteko. Borboi-jauregi zahar hori diru asko gastatuta berritzen ari diren bitartean, Kapera Santu-ko beira ederrak hondatzen ari dira ekinozioko haizeteetan. Duela egun batzuk Saint-Jacques-de-la-Boucherie-ko dorrean aldamioak ipini dituzte eta edozein egunetan pikotxaz botatzen hasiko dira. Justizi jauregiko dorre ohoragarrien artean etxetxo zuri bat egiteko igeltseroa aurkitu dute, eta Saint-Germain-des-Pres edo hiru kanpandorreko abade-etxe feudala irentzeko badute beste bat. Beste bat ere topatuko dute, zaudete lasai, Saint-Germain-l'Auxerrois botatzeko. Arkitekto ustetan dabiltzan igeltsero horiek, txintxo ordaintzen ditu prefektutzak, eta jantzi berdeak dituzte. Gozo gaiztoak gozo onari egin dakiokeen kalte guztia egiten dute hauek. Idazten ari garen une honetan (hau da ikuskizun lotsagarria, hau!), horietako batek Tuilleries du bere ardurapean, beste batek Filiberto Delorme-ri aurpegiaren erdi erdian ebakiak egiten dizkio. Garai honetan ez da, ez, eskandalu makala jaun honen arkitektura astunak Errenazimentuko fatxadarik finenetakoa zein lotsagabeki hondatzen duen ikustea.

Parisen, 1832ko 20an

 

Parisko Andre Maria
Victor Hugo

euskaratzailea: Iñaki Azkune
Erein, 1997