Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

BALSA ADARRETAN

 

Hosto bat erori zen.

Eta bi.

Eta hiru.

Ilargian arrain bat ari zen igerian.

Urak ordubete egiten du lo

eta itsaso zuriak ehun.

Dama

hilik zegoen adarrean.

Moja

arabi sagarraren barruan kantuan.

Neska koxkorra

pinutik zihoan pinaburura.

Eta pinua

txioaren lumatxoaren bila.

Baina urretxindorrak

bere zauriei egiten zien negar inguruan.

Eta neuk ere bai

hosto bat erori baitzen

eta bi

eta hiru.

Eta kristalezko buru bat

eta paperezko biolin bat.

Eta elurra munduari nagusituko litzaioke,

elurrak hilabete egingo balu lo,

eta adarrak munduarekin borrokatzen ziren,

banan-banan

binaka

eta hirunaka.

Oi, haragi ikusezineko boli gogorra!

 

Oi, egunsentiko inurririk gabeko alproja!

Itzalezko gorputz-enbor bat helduko da

ereinotzez koroatua.

Zerua izango da haizearentzat

pareta bat bezain gogorra

eta adar bananduak

harekin dantzan joango dira.

Banan-banan

ilargiaren inguruan,

binaka

eguzkiaren inguruan,

eta hirunaka

boliak loak ondo har ditzan.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003