Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

HONDAMENA

 

Regino Sáinz de la Matari

 

Bere burua aurkitu gabe.

Bere soin zurian zehar bidaiari.

Hala zihoan airea!

 

Agudo ikusi zen ilargia

zaldi-burezur bat zela

eta airea sagar ilun bat.

 

Leihoaren atzean,

zartailuekin eta argiekin, hondarraren

eta uraren arteko borroka sentitzen zen.

 

Belarrak iristen ikusi nituen nik

eta bere hortz txikien eta lantzeten azpian

marraka egiten zuen arkume bat bota nien.

 

Tanta baten barruan egiten zuen hegan

lehen usoaren

luma eta zeluloidezko maskarak.

 

Hodeiak saldoan

lo gelditu ziren harkaitzen

eta egunsentiaren arteko borrokari begira.

 

Belarrak datoz, seme.

Entzuten dira dagoeneko haien listuzko ezpatak

zeru hutsean zehar.

 

Nire eskua, maite. Belarrak!

Etxeko kristal hautsietan zehar

odolak haien adatsak askatu zituen.

 

Zu bakarrik eta biok geratzen gara.

Presta ezazu zure eskeletoa airearentzat.

Ni bakarrik eta biok geratzen gara.

 

Presta ezazu zeure eskeletoa.

Bizkor bilatu beharra dago, maite, bizkor,

ametsik gabeko gure soslaia.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003