|
Poeta New Yorken PAISAIA BI HILOBIREKIN Adiskide, jaiki zaitez asiriar zakurra uluka entzun dezazun. Minbiziaren hiru ninfak dantzan aritu dira, ene seme. Lakre gorrizko mendi batzuk ekarri zituzten eta minbizia lo zegoeneko maindire gogor batzuk. Zaldiak begi bat zuen lepoan eta ilargiak bere Venus mendia urratu eta erauzi beharra izan zuen eta antzinako hilerriak odol eta errautsetan ito beharra, horren zeru hotzean zegoen. Adiskide, esna zaitez, mendiek ez dute eta oraindik arnasa hartzen eta nire bihotzeko belarrak beste leku batean daude. Ez du axolarik zu itsasoko urez beteta egoteak. Nik luzaz maite izan nuen mihian luma-muturra zuen mutil koxkor bat eta ehun urtez bizi izan ginen aizto baten barruan. Esna zaitez. Isil zaitez. Entzun ezazu. Agon zaitez pixka bat. Ulua izuzko inurriak eta zitori-likoreak uzten dituen mihi more luzea da. Badator harkaitzerantz. Ez itzazu luza zure sustraiak! Gerturatzen ari da. Ahuen egiten du. Ez ezazu negar-zotinik egin ametsetan, adiskide. Adiskide! Jaiki zaitez asiriar zakurra uluka entzun dezazun. Poeta New Yorken |