|
Poeta New Yorken JUDUEN HILERRIA Sukar alaiek itsasontzien soketara ihes egin zuten eta juduak letxugen barnealdeko lotsa izoztuarekin egin zion bultza burdinesiari. Kristoren mutil koxkorrak lotan zeuden eta ura uso bat zen eta egurra lertxun bat zen eta beruna kolibri bat zen eta are suzko espetxe biziak ere langostaren jauziak kontsolatuak zeuden. Kristoren mutil koxkorrek arraun egin eta gizon juduek hormak betetzen zituzten guztiek ihes lekutzat nahi zuten uso-bihotz bakar batez. Kristoren neska koxkorrek kantatu eta emakume juduek heriotzari begiratzen zioten milioi bat paisaiaren angustiak beiratutako faisai-begi bakar batez. Medikuek nikelean ezartzen dituzte beren artaziak eta gomazko eskularruak hilotzek oinetan sentitzen dutenean beste ilargi lurperatu baten argitasun ikaragarria. Min txiki zauririk gabeak doaz erietxeetara eta hildakoek odolezko traje bana eranzten dute egunero. Antzigarrazko arkitekturak, udazkenean hosto txikietatik ihes egiten duten lirak eta intziriak, azken isurialdeak bustiz, kapelu luzeen beltzean itzaltzen ziren. Ihintzak beldurrez ihes egiten dion belar argi urdin eta bakarrak eta aire gogorrera eramaten duten marmorezko sarrera zuriek zapaten oinatz loak hartuek hautsitako beren isiltasuna erakusten zuten. Juduak burdinesia bultzatu zuen baina judua ez zen portu bat eta elurrezko txalupak pilatu egin ziren haren bihotzaren eskailera txikietan zehar. Itoko dituen urezko gizon bat zelatatzen duten elurrezko txalupak. Batzuetan bisitariak itsutzen dituzten hilerrietako txalupak. Kristoren haurrak lotan zeuden eta juduak bere litera hartu zuen. Hiru mila judu negarrez ari ziren galerietako izuan guztien artean nekez biltzen zutelako uso erdi bat, batek erloju baten gurpila zeukalako eta beste batek beldar hiztunekiko botin bat eta beste batek katez zamatutako gaueko euri bat eta beste batek bizirik zegoen urretxindor baten azkazala eta uso erdiak intziri egiten zuelako berea ez zen odola isuriz. Sukar alaiek dantza egiten zuten kupula hezatuetan zehar eta ilargiak izen zaharrak eta xingola higatuak kopiatzen zituen bere marmolean. Zutabe antzuen atzean jaten duen jendea iritsi zen eta hortz zuriekiko astoak artikulazioetako espezialistekin. Eguzkilore berdeek dardar egiten zuten ilunsentiaren eremuetan eta hilerri osoa kartoizko eta trapu idorrezko arrenkura bat zen. Kristoren haurrak loak hartzen zituen jada juduak, begiak estutuz, eskuak isilik moztu zituenean lehen intziriak entzutean. Poeta New Yorken |