|
Poeta New Yorken HERIOAREN DANTZA Maskaroia. Begira ezazue maskaroia nola datorren Afrikatik New Yorkera. Joan ziren piperbeltzaren zuhaitzak, fosforozko botoi txikiak. Joan ziren haragi urratuko gameluak eta zisneak mokoarekin altxatzen zituen argizko haranak. Gauza idorren tenorea zen: begiko galburuarena eta katu ijetziarena, zubi handietako burdin-herdoilarena eta kortxoaren behin betiko isiltasunarena. Argiaren ezpatek zeharkatutako animalia hilen bilkura handia zen. Errautsezko apatxak dituen hipopotamoaren eta eztarrian betibizia duen gazelaren alaitasun eternala. Uhinik gabeko bakardade zimelduan maskaroi mailatuak dantza egiten zuen. Munduaren alderdi bat hareazkoa zen, merkurioa eta eguzki lokartua beste erdia. Maskaroia. Begira iezaiozue maskaroiari! Harea, kaimana eta izua New York gainean. Karezko haizpitarteek zuten preso hartua guanoaren azpian hiltzen direnen ahotsak soinu egiten zuteneko zeru huts bat. Zeru zuritu eta garbi bat, bere buruaren berdin, bere mendi ikusezinen biloxkarekin eta zitori zorrotzarekin. Kantuaren zurtointxorik arinenak suntsitu eta izerdiaren uholde paketatura jo zuen, azken soslaien atsedenaren bitartez isatsarekin ispilu puskak altxatzen. Txinatarrak teilatuan negar egiten zuenean bere emaztearen biluzia aurkitu gabe, eta banketxeko zuzendariak txanponaren isiltasun ankerra neurtzen duen manometroari erreparatzen zionean, maskaroia Wall Streetera heltzen ari zen. Ez zaio dantzari arrotz begiak hori koloreko jartzen dituen kolunbario hau. Esfingetik diru-kutxarako tartean haur txiro guztien bihotza zeharkatzen duen hari teinkatua dago. Oldar primitiboa oldar mekanikoarekin dantzan ari da, jatorrizko argiaren ezjakitun beren eldarnioan. Gurpilak bere formula ahazten badu biluzik kanta baitezake jada zaldi saldoekin batean eta sugar batek egitasmo izoztuak erretzen baditu zeruak ihes egin beharra izango baitu leihoen zalapartaren aurrean. Ez zaio dantzari arrotz leku hau. Neuk esaten dut. Maskaroiak odolezko eta zenbakizko zutabe artean egingo du dantza, urrezko haize-zirimolen eta zure argirik gabeko denboragatik, gau ilun, intziri egingo duten langabetuen ahuenen artean. Oi Iparramerika basatia, oi lizuna! Oi basatia! Elurraren mugan etzana! Maskaroia. Begira iezaiozue maskaroiari! A zer lohi eta ipurtargizko uhina New York gainean! * * * Ilargiarekin borrokan ari nintzen ni terrazan. Gauaren izter bat balaz josten ari ziren leiho-multzoak. Nire begietan ari ziren edaten zeruetako behi gozoak eta arraun luzeetako haize leunek Broadwayko kristal hautseztatuak jotzen zituzten. Odol tantoa argizagiaren ernamuineko argiaren bila ari zen sagar-hazi hilaren itxurak egiteko. Lautadako aireak, artzainek bultzatua, maskorrik gabeko moluskuarena den beldurrez egiten zuen dardar. Baina ez dira hilak dantzan ari direnak. Ziur naiz. Hilak barnebilduak daude, beren eskuak irensten. Besteak dira dantzan ari direnak, maskaroiarekin eta haren bihuelarekin. Besteak, zilarrezko mozkorrak, gizon hotzak, iztarren eta sugar gogorren bidegurutzean lo egiten dutenak, eskaileren paisaian zizarea bilatzen dutenak, banketxean neska koxkor hilen malkoak edaten dituztenak edota kantoi txikietan egunsentiaren piramideak jaten. Ez dezala Aita Santuak dantza egin! Ez, ez dezala Aita Santuak dantza egin! Ezta Erregeak ere; ezta aberats hortz urdindunak ere, ezta katedraletako dantzari eme idorrek ere, ez eraikitzaileek, ez esmeraldek, ez zoroek, ez sodomitek. Maskaroi honek baino ez. Eskarlatina zaharreko maskaroi honek. Maskaroi honek baino ez! Egingo dute-eta txistu kobrek azken solairuetan. Dardararaziko dituzte-eta patioak eta terrazak asunek. Goroldiozko piramide izango da-eta Burtsa. Etorriko dira-eta lianak zizpen ondoren eta laster, oso laster, oso laster. Oi, Wall Street! Maskaroia. Begira iezaiozue maskaroiari! Nola egozten duen ttu eginez oihaneko pozoia New Yorkeko angustia inperfektuan barrena! Poeta New Yorken |