Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

EDEN LAKUKO POEMA BIKOITZA

 

Gure aziendak bazkatzen dira,
haizeak arnasa botatzen du.

GARCILASO

 

Nire antzinako ahotsa zen

zuku mingots lodien ezjakinean.

Neure oinak miazkatzen asmatzen dut

iratze busti hauskorren azpian.

 

Oi nire amodioaren antzinako ahotsa!

Oi nire egiaren ahotsa!

Oi nire hegal irekiaren ahotsa,

arrosa guztiak nire mihiari zerizkionean

eta zopizarrak zaldiaren horzdura ikaragaitza ezagutzen ez zuenean!

 

Hemen zaude nire odola edaten,

nire haur iragan humorea edaten,

nire begiak haizean hausten diren bitartean

aluminioarekin eta mozkorren ahotsekin.

 

Utz iezadazue pasatzen

Evak inurriak jaten ditueneko

eta Adanek arrain liluratuak ernatzen ditueneko atea.

Utz iezadazue pasatzen, adarrekiko gizontxoak,

tiragaleen

eta jauzi alai-alaien basora.

 

Nik badakit zein den

orratz herdoildu zahar baten erabilerarik sekretuena

eta badakit plateraren azal zehatzaren gaineko

begi ernai batzuen lazturaren berri.

 

Baina ez dut ez mundurik ez ametsik nahi, jainko-ahots,

nire askatasuna nahi dut, nire maitasun gizatiarra

inork maite ez duen haize leunaren zokorik ilunenean.

Nire maitasun gizatiarra!

 

Itsasoko zakur horiek elkar jazartzen dute

eta haizeak enbor arduragabeak mehatxatzen ditu.

Oi antzinako ahots, erre ezazu zure mihiaz

latorrizko eta talkozko ahots hau!

 

Negar egin nahi dut gogoa dudalako,

azken aulkiko mutil koxkorrek negar egiten duten bezala,

ez naizelako gizon bat, ezta poeta bat ere, ezta hosto bat ere,

baina bai bestaldeko gauzen inguruan dabilen pultsu zauritua.

 

Nire izena esanez negar egin nahi dut,

arrosa, haur eta izei laku honen urertzean

nire odolezko gizon egia esateko

neure baitan hilez iseka eta hitzaren lilura.

 

Ez, ez. Nik ez dut galdetzen, nik desiratu egiten dut.

Ahots askatu nirea eskuak miazkatzen dizkidazuna.

Bionboen labirintoan nire biluzia da

ilargia zigor gisa eta erloju errautseztatua hartzen dituena.

 

Horrela mintzo nintzen ni.

Horrela mintzo nintzen ni Saturnok trenak geldiarazi zituenean

eta lanbroa eta Ametsa eta Heriotza nire bila zebiltzan.

Nire bila zebiltzan

morroi-ointxoak dituzten behiek marru egiten duten lekuan

eta nire gorputzak elkarren kontrako oreken artean flotatzen duen lekuan.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003