Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

ERROMARANTZ OIHUA

        (CHRYSLER BUILDINGAREN DORRETIK)

 

Zilarrezko ezpata txikiek

arin zauritutako sagarrak,

gaineko aldean suzko almendra daraman

koralezko esku batek urratutako hodeiak,

marrazoen gisako artsenikozko arrainak,

jendetza bat itsutzeko negar tanten gisako marrazoak,

zauritzen duten arrosak

eta odolaren tutuetan ezarritako orratzak,

mundu etsaiak eta zizareek estalitako maitasunak,

eroriko dira zure gainera. Eroriko dira mihi militarrak

olioz igurtzitzen dituen kupula handiaren gainean,

gizon batek mila kanpaitxok inguraturik

uso itsugarri batean pixa egiten

eta ikatz birrindua ttu eginez egozten duenekoan.

 

Jada ez baitago ogia eta ardoa banatzen dituenik,

ezta hildakoaren ahoan belarrak haziko dituenik ere,

ezta atsedenaren lihoak irekiko dituenik ere,

ezta elefanteen zauriengatik negar egingo duenik ere.

Ez dago milioi bat erremintari baino

etortzeko diren haurrentzat kateak forjatzen.

Ez dago milioi bat arotz baino

gurutzerik gabeko hilkutxak egiten dituztenak.

Ez dago balaren zain arropak zabaltzen dituzten

deitoreen jendetza bat baino.

Usoa arbuiatzen duen gizonak hitz egin behar zuen,

biluzik oihu egin behar zuen zutabeen artean

eta txerto bat jarri bere buruari legenarra bereganatzeko

eta bere eraztunak eta bere diamantezko telefonoak

urtzeko bezain izugarria litzatekeen negarra egin.

Baina zuriz jantzitako gizonak

ez daki galburuaren misterioaren berri,

ez daki erdi-urrenaren orroaren berri,

ez daki Kristok oraindik ere ura eman dezakeela,

ez daki txanponak mirariaren musua erre

eta arkumearen odola faisaiaren moko idiotari ematen diola.

 

Menditik datorren argi miresgarri bat

erakusten diete haurrei maisuek;

baina iristen dena suminaren ninfa ilunek kantatzen duteneko

estolda bilkura bat da.

Maisuek debozioz seinalatzen dituzte kupula lurrindatu eskergak

baina estatuen azpian ez dago maitasunik,

ez dago maitasunik behin betiko kristalezko begien azpian.

Maitasuna egarriak urratutako haragietan dago,

uholdearen aurka borroka egiten duen etxola txikian.

Maitasuna gosearen sugeek borroka egiten duteneko zuloetan dago,

kaioen gorpuak kulunkatzen dituen itsaso tristean

eta musu ziztatzaile oso ilunean burukoen azpian.

Baina esku zeharrargitsuekiko gizon zaharrak

esango du: Maitasuna, maitasuna, maitasuna,

milioika hil-urrenek txalotua.

Esango du: maitasuna, maitasuna, maitasuna,

samurtasunez ikaratutako tizuaren artean;

esango du: bakea, bakea, bakea,

aiztoen dardararen eta dinamitazko meloien artean.

esango du: bakea, bakea, bakea,

ezpainak zilarrezko jartzen zaizkion arte.

 

Bitartean, bitartean, oi!, bitartean,

listuontziak ateratzen dituzten beltzek,

zuzendarien izu zurbilaren azpian dardar egiten duten mutil gazteek,

olio mineraletan itotako emakumeek,

mailu, biolin edo hodeizko jendetzak,

oihu egin beharra du garunak hormaren kontra hautsiko badizkiote ere,

oihu egin beharra du kupulen aurrean,

oihu egin beharra du suz erotuta,

oihu egin beharra du elurrez erotuta,

oihu egin beharra du burua gorotzez beteta,

oihu egin beharra du du gau guztiak batera bezala,

oihu egin beharra du hain ahots urratuz

hiriek neska koxkorrak bezala dardar egin

eta olioaren eta musikaren espetxeak apur ditzaten arte.

Gure eguneroko ogia nahi dugulako,

haltz-lore eta samurtasun aletu iraunkorra,

Lurraren borondatea bete dadin nahi dugulako,

denentzat bere fruituak ematen dituena.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003