Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

LORIK GABEKO HIRIA

        (BROOKLYNG BRIDGEKO NOKTURNOA)

 

Ez du inork lo egiten zeru aldean. Inork ez, inork ez.

Ez du inork lo egiten.

Ilargiko izakiek beren etxolak usaintzen eta zaintzen dituzte.

Etorriko dira iguana biziak amets egiten ez duten gizonei kosk egitera

eta bihotza hautsirik ihes egiten duenak krokodilo geldi sinestezina

aurkituko du argizagien protesta samurraren azpian geldirik.

 

Ez du inork lo egiten mundu aldean. Inork ez, inork ez.

Ez du inork lo egiten.

Hildako bat dago hilerririk urrunenean

hiru urtez arranguratzen dena

belaunean paisaia idor bat duelako;

eta zakurrei deitu beharra izan da goizean lurperatu duten mutil koxkorra isil zedin,

horrenbeste negar egiten zuen.

 

Bizia ez da loa. Erne! Erne! Erne!

Eskaileretan behera amiltzen gara lur hezea jateko

edota elurraren sorbatzera igotzen dalia hilen koruarekin.

Baina ez dago ahanzturarik, ezta lorik ere:

haragi bizia. Musuek ahoak lotzen dituzte

zain berrien nahaspilan

eta bere minak min ematen dion hark etenik gabe izango du min

eta haren beldur denak sorbalda gainean eramango du heriotza.

 

Egun batez

zaldiak tabernetan biziko dira

eta inurri suminduek

behien begietan babesten diren zeru hori kolorekoei eraso egingo diete.

Beste egun batez

tximeleta disekatuen berpizkundea ikusiko dugu

eta belaki grisen eta itsasontzi mutuen paisaia batean ibiliagatik ere

gure eraztuna dirdira egiten ikusiko dugu eta gure mihitik arrosak jariatzen.

 

Erne! Erne! Erne!

Oraindik ere erpe eta eurijasa arrastoak gordetzen dituztenak,

zubiaren asmaketaren berri ez dakielako negar egiten duen mutikoa,

edota dagoeneko burua eta zapata bat baino ez dituen hildako hura,

iguanak eta sugeak zain dauden hormetara eraman behar dira,

hartzaren hortzeria zain dagoen lekura,

mutil koxkorraren esku momifikatua zain dagoen

eta gameluaren larruazala hotzikara urdin bortitz batez kizkurtzen den lekura.

 

Ez du inork lo egiten zeru aldean. Inork ez, inork ez.

Ez du inork lo egiten.

Baina inork begiak ixten baditu,

zigor ezazue, semeok, zigor ezazue!

Begi irekien eta zauri mingots irazekien

panorama bat bego.

 

Ez du inork lo egiten mundu aldean. Inork ez, inork ez.

Esana dut.

Ez du inork lo egiten.

Baina inork gauean goroldio gehiegi baldin badu lokietan,

ireki itzazue tranpolak ikus ditzan ilargiaren azpian

kopa aizunak, pozoia eta antzokietako kaskezurra.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003