Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

VIENAR BALS TXIKIA

 

Vienan hamar neska gazte daude,

heriotzak negar egiten dueneko sorbalda bat

eta uso disekatuen baso bat.

Goizaren zati bat dago

antzigarraren museoan.

Mila leihoko areto bat dago.

 

Oi, oi, oi, oi!

Har ezazu bals hau ahoa itxita.

 

Bals hau, bals hau, bals hau

baiezkoa, heriotzazkoa eta koñakezkoa

bere isatsa itsasoan bustitzen duena.

 

Maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut,

besaulkiarekin eta liburu hilarekin,

korridore malenkoniatsuan zehar,

zitoriaren ganbara ilunean,

ilargiaren gure ohean

eta dordokak amesten duen dantzan.

 

Oi, oi, oi, oi!

Har ezazu gerri hautsiko bals hau.

 

Zure ahoak eta oihartzunek jolas egiten duteneko

lau ispilu daude Vienan.

Mutil gazteak urdinez pintatzen dituen

pianorako heriotza bat dago.

Eskaleak daude teilatuetan zehar.

Negarrezko txirikorda freskoak daude.

 

Oi, oi, oi, oi!

Har ezazu nire besoetan hiltzen den bals hau.

 

Maite zaitudalako, maite zaitudalako, ene maitea,

haurrek jolas egiten duten ganbaran,

Hungariako argi zaharrak amesten

arratsalde epeleko zurrumurruetan zehar,

ardiak eta elurrezko zitoriak ikusiz

zure bekokiko isiltasun ilunean zehar.

 

Oi, oi, oi, oi!

Har ezazu «Beti maite zaitut»aren bals hau.

 

Vienan zurekin dantza egingo dut

ibai-burua izango duen

mozorro batez.

Begira zer urertz ditudan hiazintozkoak!

Nire ahoa zure zangoen artean utziko dut,

nire arima argazkietan eta azuzenetan,

eta zure ibiliaren uhin ilunetan

nahi ditut, ene maitea, utzi,

biolin eta hilobi, balsaren xingolak.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003