|
Poeta New Yorken HARLEMGO ERREGEA Zurezko koilara batez erauzten zizkien begiak krokodiloei eta tximuen ipurdiak jotzen. Zurezko koilara batez. Betiko sua zegoen lo sukarrietan eta anisez mozkortutako kakarraldoek herrixketako goroldioa ahanzten zuten. Perretxikoz estalitako agure hura beltzek negar egiten zuten lekura zihoan erregearen koilarak karraska egiten zuen eta ur ustelduko tankeak heltzen ziren bitartean. Arrosek ihes egiten zuten airearen azken bihurguneetako sorbatzetan zehar eta azafrai mordoetan mutil koxkorrek katagorri txikiak zirtziltzen zituzten zikindutako eldarniozko ahalke batez. Zubiak zeharkatu eta ahalke beltzera heldu beharra dago birika-lurrinak gure lokiak jipoi ditzan anana berozko bere soinekoaz. Pattar-saltzaile ilehoria hil beharra dago, sagarraren eta harearen adiskide guztiak; eta ukabila itxiez jo beharra dago burbuilaz beteta dardar egiten duten duten indaba txikiak, Harlemgo erregeak bere jendetzarekin kanta dezan, krokodiloek ilara luzeetan lo egin dezaten, ilargiaren amiantoaren azpian, eta inork ez dezan zalantzarik egin sukaldeetako mustuken, birringailuen, kobreen eta eltzeen edertasun infinituaz. Oi, Harlem! Oi, Harlem! Oi, Harlem! Ez du parerik zure begi zanpatuen angustiak, eklipse ilunaren barruan dardaratutako zure odolak, zure biolentzia granateak, gormutu argitzalean, atezain janzkidun zure errege handi presoak. * * * Arrakala bat eta bolizko arrabio geldiak zituen gauak. Amerikar neska gazteek haurrak eta txanponak zeramatzaten sabelean eta mutikoak zorabiatu egiten ziren tiragalearen gurutzean. Horiek dira. Horiek dira sumendien ondoan zilarrezko whiskya edaten dutenak eta hartzaren mendi izoztuetan bihotz puska txikiak irensten. Gau hartan Harlemgo erregeak, koilara oso gogor batez, begiak erauzten zizkien krokodiloei eta tximuen ipurdiak jotzen. Koilara oso gogor batez. Beltzek urrezko eguzki eta aterki artean nahastuta negar egiten zuten, mulatoek gomak teinkatzen zituzten, soin zurira heltzeko irrikitan, eta haizeak ispiluak lausotzen zituen eta dantzarien zainak kraskatzen. Beltzak! Beltzak! Beltzak! Beltzak! Odolak ez du aterik zuen gau ahozgorakoan. Ez da ahalkerik. Odol sumindua larruen azpialdetik, bizirik sastagaiaren arantzan eta ikusmiren bularrean, Cancerko ilargi zerutarraren matxarda eta isatsen azpian. Milaka bidetan heriotza irineztatuak eta akara-errautsa bilatzen dituen odola, zeru elkorrak, gainbeheran, planeten koloniak abandonatutako gauzakiekin batera hondartzetan pirritan joateko leku. Zeharretara geldo begiratzen duen odola, espartzu zukutuz eta lurpeko loreztiz egina. Oinatz batean deskuidatutako alisioa herdoiltzen duen eta tximeletak leihoaren kristaletan disolbatzen dituen odola. Heldu den odola da, helduko dena teilatuetatik eta zabaltzetatik, leku guztietatik, emakume ilehorien klorofila erretzeko, ohe ondoetan auhen egiteko, konketen loezinaren aurrean, eta tabakozko eta behealde horizko egunsenti batean zapartatzeko. Ihes egin beharra dago!, ihes egin kantoietan zehar eta azken solairuetan itxi, basoaren muina zirrikituetatik sartuko baita zuen haragian eklipse aztarna arin bat eta eskularru histuko eta arrosa kimikoko tristura aizun bat uzteko. * * * Isiltasun txit jakintsuagatik da sukaldariak eta zerbitzariak eta aberatsen zauriak mihiaz milikatzen dituztenak kaleetan zehar edota kresalaren angeluetan erregearen bila ari direnean. Zurezko hego haize batek, trabeska basa beltzean, tu egiten die txalupa hautsiei eta sastagaiak iltzatzen ditu sorbaldetan. Letaginak, eguzkiloreak, alfabetoak, eta liztor itoak dituen Volta pila bat daramatzan hego haize bat. Hiru tinta makula monokuloaren gainean ziren ahanzturaren adierazpen. Harrizko bat-batekotasunez ezin ikusizko aurpegi bakar bat amodioarena. Arrosarik batere gabe, zurtoinezko desertua osatzen zuten muinek eta korolek hodeien gainean. Ezkerretara, eskuinetara, Hegotik eta Iparretik, satorrarentzako eta uraren orratzarentzako hesi ikaragaitza dago zutik. Ez ezazue, beltzok, haren arrakala bila maskara infinitua aurkitzeko. Erdiko eguzki handia bila ezazue pinaburu burrunbari bat eginik. Ninfarik aurkituko ez duelako ziurtasunez basoetan labaintzen den eguzkia. Zenbakiak suntsitzen dituen eta sekula ametsik zeharkatu ez duen eguzkia, ibaian behera jaisten den eta atzetik kaimanak dituela orro egiten duen eguzki tatuatua. Beltzak! Beltzak! Beltzak! Beltzak! Ez da sekula ezein suge, zebra edo mando zurbildu hiltzean. Ez daki egurginak noiz ematen duten azken arnasa berak ebakitako zuhaitz itzelek. Itxaron ezazue zuen erregearen itzal begetalaren azpian astaperrexilek eta karduek eta asunek azkeneko zabaltzak asaldatzen dituzten arte. Orduan, beltzok, orduan, orduan, zoramenez musukatu ahal izango dituzue bizikleten gurpilak, mikroskopio bikoteak ezarri katagorrien leizeetan eta dantza egin azkenik zalantzarik gabe, lore tentetuek gure Moises erailtzen duten bitartean zeruaren zumeetan ia. Oi, Harlem mozorrotua! Oi, Harlem, bururik gabeko trajezko jendetza batek mehatxatua! Zure zurrumurua heltzen zait. Zure zurrumurrua heltzen zait enborrak eta igogailuak zeharkatzen, hortzez estalitako autoak flotatzen duteneko xafla grisen bitartez, zaldi hilen eta krimen txikien bitartez, bizarrak itsasoraino heltzen zaizkion zure errege etsi handiaren bitartez. Poeta New Yorken |