Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

NEW YORKEKO PANORAMA ITSUA

 

Txori errautsez

estaliak ez badira,

ezteietako leihoak jotzen dituzten auhenak ez badira,

iluntasun iraungiezinean odola isurtzen duten

aireko izaki delikatuak izango dira.

Baina ez, ez dira txoriak,

txoriak idi izatear baitira.

Harkaitz zuriak izan daitezke ilargiaren laguntzaz,

eta epaileek oihala jaso aurretik

zauritutako mutikoak dira beti.

 

Denak hartzen ditu bere baitan heriotzarekin harremana duen minak

baina benetako mina ez dago espirituan.

Ez dago airean, ezta gure bizitzan ere,

ezta kez betetako terraza hauetan ere.

Gauzei esnai eusten dien benetako mina

erredura infinitu txiki bat da

beste sistemen begi errugabeetan.

 

Zeruak saldo lakarretan batzen ditu maiz,

hain da zama astuna janzki abandonatu bat sorbaldetan;

eta erditzearen ondorioz hiltzen direnek azken orduan dakite

marmar oro harri izango dela eta oinatz oro taupada.

Guk ez dakigu pentsamenduak

txinatarrek eta beldarrek filosofoa jaten duteneko errebalak dituela

eta haur idiota batzuek sukaldeetan aurkitu dituzte

maitasuna hitza ebakitzen zekiten

enara txiki makuludunak.

Ez, ez dira txoriak.

Ez da txori bat aintzirako sukar uherra adierazten duena,

ezta une oro estutzen gaituen hilketa irrika ere,

ezta egunsenti oro bihotz ematen digun suizidio marmar metalikoa ere:

mundu osoan min duguneko airezko kaptsula bat da,

espazio txiki bizi bat da argiaren unison zoroan,

hodeiek eta arrosek odolaren kaian bor-bor egiten duten oihu txinatarrak

ahazten dituzteneko eskala definikaitz bat da.

Ni maiz galdu izan naiz

gauzei esnai eusten dien erredura bilatzeko

eta baranda gainetan etzandako marinelak baino ez ditut aurkitu

eta zeruko izaki txikiak elur azpian lurperatuak.

Baina benetako mina arrain kristalizatuak

enbor barruetan hiltzen zireneko beste plaza batzuetan zegoen,

estatua zahar zauritu gabeentzat eta sumendien intimitate samurrarentzat

arrotz den zeruaren plazetan.

 

Ez dago minik ahotsean. Hortzak baino ez daude,

baina saten beltzak bakarturik isilduko diren hortzak.

Ez dago minik ahotsean. Hemen Lurra baino ez dago.

Lurra fruituen ahalkera eramaten duten

bere betiko ateekin.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003