Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

PIXA EGITEN DUEN JENDETZAREN PAISAIA

        (BATTERY PLACEKO NOKTURNOA)

 

Bakarrik geratu ziren.

Azken bizikleten abiaduraren zain zeuden.

Bakarrik geratu ziren.

Mutil koxkor baten heriotza itxaroten zuten japoniar belaontzian.

Bakarrik eta bakarrik geratu ziren,

txori hil-hurrenen moko zabalduekin ametsetan,

apo zanpatu berria ziztatzen duen

itzalki zorrotzarekin,

mila belarridun isiltasun baten azpian

eta urezko aho txikiak

ilargiaren eraso bortitzari

eusten dioten haizpitarteetan.

Negar egiten zuen belaontziko mutil koxkorrak eta kraskatu egiten ziren bihotzak

lekukoak eta gauza guztien beilak artegatuak

eta artean ere oinatz beltzeko lurzoru urdin zerukaran

izen ilunak, listuak eta nikelezko radioak oihukatzen zituztelako.

Ez dio axolarik azken orratza sartzen diotenean mutil koxkorra isiltzeak.

Ez dio axolarik itsas haizearen arrutak kotoiaren korolan.

Heriotzaren mundu bat baitago, arkuetara irten eta zuhaitzen atzealdeetan

izoztuko zaituzteten marinel behin betikoekin.

Alferrik da gauak bere bidaia

ahazten dueneko bihurgunea bilatu

eta traje hautsirik eta oskolarik eta negarrik

izango ez duen isiltasun bat zelatatzea,

armiarmaren oturuntza nimiñoa aski baita

zeru osoaren oreka hausteko.

Ez dago erremediorik japoniar belaontziaren intziriarentzat,

ezta kantoiekin behaztopa egiten duen jende ezkutu honentzat ere.

Landak bere buztanari ausiki egiten dio sustraiak puntu batean batzeko

eta matazak bere luzetasun asegabezko irrika bilatzen du askian.

Ilargia! Poliziak. Transatlantikoen sirenak!

Pixezko fatxadak, kezkoak, anemonak, gomazko eskularruak.

Dena hautsia dago terrazen gainean

hankak zabalduta dituen gauean.

Dena hautsia dago iturri isil izugarri baten

hodi epeletan.

Oi jendea! Oi andretxoak! Oi soldaduak!

Idioten begietan barrena bidaiatu beharra izango da,

kobra otzan argiak itsutuek txistu egiten duteneko landa libreak,

oso sagar freskoak sortzen dituzten paisaia hilobiz beteak,

aberatsek beren lupen atzean beldur dioten

neurririk gabeko argia etor dadin,

gorputz bakar baten usaina bi aldakirekin zitori eta arratoi

eta intziri baten inguruan edo uhain sekula errepikatu gabeak ulertzen direneko kristaletan

pixa egin dezakeen jende hori erre dadin.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003