|
Poeta New Yorken ZERU BIZIA Ni ezin izango naiz arrenkuratu bilatzen nuena aurkitu ez badut. Zukurik gabeko harrietatik eta intsektu hutsetatik gertu ez dut eguzkiaren eta haragi bizitan dauden izakien arteko duelua ikusiko. Baina haur jaioberria iragaten duen eta azalera oro saihestua den talka, likido eta zurrumurruen lehenengo paisaiara joango naiz, bilatzen dudanak bere pozkariozko zuria izango duela ulertzeko nik maitasunarekin eta hondarrekin nahastuta hegal egiten dudanean. Hara ez da iristen begi itzalien antzigarra eta ezta beldarrak eraildako zuhaitzaren marrua ere. Han aurrerapeneko adierazpen frenetiko bakar bat gordetzen dute forma guztiek elkarrekin lotuta. Ezin duzu korolazko erlakumeen artean aurrera egin aireak zure hortz azukrezkoak desegiten baititu. Ezta iratzearen hosto iragankorra laztandu ere boliaren behin betiko harridura sentitu gabe. Han sustraien azpian eta airearen muinean okerreko gauzen egia ulertzen da. Uhinik meheena zelatatzen duen nikelezko igerilaria eta emakume-zango gorritxoak dituzten gaueko behien saldoa. Ni ezin izango naiz arrenkuratu bilatzen nuena aurkitu ez badut baina hezetasun eta taupadekiko lehenengo paisaiara joango naiz bilatzen dudanak bere pozkariozko zuria izango duela ulertzeko nik maitasunarekin eta hondarrekin nahastuta hegal egiten dudanean. Ohe hutsen gaineko betiko hegaldi freskoa. Brisa eta ontzi hondartu multzoen gainean. Zalantzakor behaztopa egiten dut eternitate finko gogorrean zehar eta maitasuna azkenean ere egunsentirik gabe. Maitasuna. Maitasun agerikoa! Poeta New Yorken |