|
Poeta New Yorken PUTZUAN ITOTAKO NESKA KOXKORRA (GRANADA ETA NEWBURG) Estatuek begiekin sufritzen dute hilkutxen iluntasunagatik baina askoz ere gehiago sufritzen dute itsasoratzen ez den uragatik. ... itsasoratzen ez dena. Herriak almenetan zehar laster egiten zuen arrantzaleen kainaberak hautsiz Agudo! Bazterrak! Bizkor! Eta korroka egiten zuten izar samurrek. ...itsasoratzen ez dena. Patxadatsu nire oroimenean, astro, zirkulu, helmuga, zaldi-begi baten bazterretatik egiten duzu negar. ...itsasoratzen ez dena. Baina inork ere ezin izango dizu ilunean distantziarik eman: muga zorrotza baizik: diamantezko etorkizuna. ...itsasoratzen ez dena. Jendeak burkozko isiltasunak bilatzen dituen bitartean zu betiko ari zara taupadaka zeure eraztunean definitua. ...itsasoratzen ez dena. Eternoa sustraien borroka eta aurrikusitako bakardadea ametitzen duten uhin batzuen amaieretan. ...itsasoratzen ez dena. Badatoz maldetatik! Jaiki zaitez uretatik! Argi-une bakoitzak kate bat emango dizu! ...itsasoratzen ez dena. Baina putzuak goroldiozko eskutxoak luzatzen dizkizu, zeure ezjakintasunaren ustegabeko undina. ...itsasoratzen ez dena. Ez, itsasoratzen ez dena. Ur puntu batean finkatua, haririk gabeko bere biolin guztiekin arnasa hartzen zaurien eta eraikin hutsik geldituen eskalan. Itsasoratzen ez den ura! Poeta New Yorken |