|
Poeta New Yorken EGUBERRIAK HUDSONEN Belaki gris hori! Marinel zintzur egin berri hori. Ibai handi hori. Muga iluneko haize leun hori. Sorbatz hori, maite, sorbatz hori. Munduarekin borrokan ari ziren lau marinelak. Begi guztiek ikusten duten ertzen munduarekin. Zaldirik gabe ezin zeharka daitekeen munduarekin. Marinel bat, ehun, mila ari ziren abiadura zorrotzen munduarekin borrokan ohartu gabe mundua zeruan zehar bakarrik zela. Mundua bakarrik zeru bakarrean zehar. Mailuen muinoak eta belar lodiaren garaipena dira. Inurritegi oso biziak eta txanponak lohietan dira. Mundua bakarrik zeru bakarrean zehar eta airea herrixka guztien irteeretan. Zizareak gurpilaren izua kantatzen zuen eta marinel zintzur eginak bera estutu behar zuen uretako hartzari kantatzen zion eta denek kantatzen zuten aleluia aleluia. Zeru mortua. Berdin dio, berdin!, aleluia. Errebaletako aldamioetan igaro dut gau osoa odola utziz egitasmoen igeltsuan, marinelei haize-oihal urratuak jasotzen laguntzen eta esku-hutsik nago bokalearen marmarrean. Ez dio axolarik minuturo haur berri batek bere zain-sortatxoak astintzeak ezta sugegorriaren erditzeak, adarren azpian askatuta, biluzia begiratzen dutenen odol egarria asetzeak ere. Garrantzia duena hau da: hutsunea. Mundu bakar. Bokale. Egunsenti ez. Alegia bizigabe. Hauxe bakarrik: Bokale. Oi belaki nirea grisa! Oi lepo nirea zintzur egin berria! Oi ibai handi nirea! Oi haize leun nirea nireak ez diren mugak dituena! Oi nire maitasunaren sorbatza! Oi sorbatz zaurigarria! Poeta New Yorken |