Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

GURUTZILTZAKETA

 

Ilargia zaldien bihurgune oso zuriarengatik gelditu ahal izan zen azkenik.

Zauritik ihes egiten zuen argi izpi bortitz batek

hildako mutil koxkor baten erdainkuntzaren unea proiektatu zuen zeruan.

 

Odola mendietatik jaisten ari zen eta aingeruak haren bila zebiltzan,

baina kalizak haizezkoak ziren eta azkenean zapatak betetzen zituen.

Zakur herrenak pipa erretzen ari ziren eta larru berozko min batek

gris jartzen zituen kantoietan ok egiten zutenen ezpain biribilak.

Eta marruma luzeak heltzen ziren gau idorraren Hegotik.

Kontua zen ilargiak zaldien zakila erretzen zuela bere kandelekin.

Purpuran espezializatutako jostun batek

hiru emakume sainduak itxiak zituen

eta kaskezur bat erakusten zien leihoko beiretatik zehar.

Hiru haurrek errebalean egunsentian ezinbestean

orratz baten zulotik iragan behar zuelako izututa negarrez ari zen

gamelu zuri bat zuten inguratua.

Oi gurutzea! Oi iltzeak! Oi arantza!

Oi planetak herdoildu arte hezurrean iltzatutako arantza!

Inork bururik biratzen ez zuenez, zerua biluztu ahal izan zen.

Orduan ahots handia entzun zen eta fariseoek esan zuten:

Behi madarikatu horrek esnez beteak ditu titiak.

 

Jendetza ateak ixten ari zen

eta euria kaleetatik jaisten bihotza bustitzera deliberaturik

arratsaldea taupadez eta egurgilez uher jarri

eta hiri iluna arotzen mailuaren azpian hilzorian zegoen bitartean.

Behi madarikatu horrek

perdigoiz beteak ditu titiak,

esan zuten fariseo urdinek.

Baina odolak haien oinak busti zituen eta espiritu satsuak

aintzirazko anpuluak apurtzen ari ziren tenpluaren pareten kontra.

Gure bizitzen salbazioaren une zehatza jakin zen

ilargiak urez garbitu zituelako

zaldien erredurak

eta ez hondarrean isildu zuten neska koxkor bizia.

Orduan hotzak irten ziren beren kantuak kantatzen

eta igelek beren suak piztu zituzten ibaiaren ertz bikoitzean.

Behi madarikatu horrrek, madarikatua, madarikatua, madarikatua,

ez digu lo egiten utziko, esan zuten fariseoek,

eta beren etxeetara urrundu ziren kaleko anabasan zehar

mozkorrei bultzadak emanez eta sakrifizioetako gatza ttu eginez egotziz

odola arkume balaka batez jarraikitzen zitzaien bitartean.

 

Orduan izan zen

eta lurra sitsezko ibai dardartiak egozten esnatu zen.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003