|
Poeta New Yorken EGUNSENTIA New Yorkeko egunsentiak lohizko lau zutabe ditu eta ur usteletan plisti-plasta dabiltzan uso beltzezko hurakan bat. New Yorkeko egunsentiak eskailera eskergetan orro egiten du marraztutako angustiazko akaren bila erpinen artean. Egunsentia heldu eta inork ez du ahoan hartzen han ez baita ez biharrik eta ez esperantza posiblerik. Batzuetan txanponek erle-multzo suminduetan haur abandonatuak zulatu eta irensten dituzte. Irteten diren lehenek beren hezurrekin ulertzen dute ez dela ez paradisurik eta ez amodio hostobakandurik izango: badakite zenbaki eta legeen lohira doazela, arterik gabeko jokoetara, fruiturik gabeko izerdietara. Kateek eta zaratek estaltzen dute argia sustrairik gabeko zientziazko desafio likitsean. Auzoetan alderoka dabilen jende insomnioduna dago odolezko naufragio batetik irten berritan bezala. Poeta New Yorken |