Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

HUTSUNEAREN NOKTURNOA

 

 

                I

 

Dena joan dela ikusteko,

hutsuneak eta soinekoak ikusteko,

emaidazu zure ilargizko eskularrua,

zure belarrezko beste eskularrua,

ene maitea!

 

Erauz ditzake aireak elefantearen birika gainean

hildako marraskiloak

eta argizko ernamuinetako edo sagarretako

zizare hotzituak putz egin.

 

Soraio arraun egiten dute aurpegiek

belarren zalaparta txikiaren azpian

eta bazterrean igelaren bulartxoa dago,

bihotzez eta mandolinaz uher.

 

Plaza mortu handian

marru egiten zuen behi-buru ebaki berriak

eta behin betiko kristal gogor ziren

sugearen biraketa bilatzen zuten formak.

 

Dena joan dela ikusteko,

emaidazu zure hutsune mutua, ene maitea!

Akademiazko eta zeru tristezko nostalgia.

Dena joan dela ikusteko!

 

Zure barruan, ene maitea, zure haragian zehar,

a zer trenezko isiltasuna ahoz gora!

zenbat momia-beso loratu!

a zer zeru irteerarik gabekoa, maitea, a zer zerua!

 

Harria da uretan eta ahotsa da brisan

beren enbor odoleztatutik ihes egiten duten maitasun ertzak.

Aski da gure maitasun presentearen pultsua ukitzea

gainerako haurren gainean loreak erne daitezen.

 

Dena joan dela ikusteko.

Hodei eta ibaien hutsuneak ikusteko.

Emaizkidazu ereinotzezko zure erramuak, maitea.

Dena joan dela ikusteko!

 

Bueltaka dabiltza hutsune garbiak, niregatik, zuregatik, egunsentian

odolezko adarren arrastoak gordez

eta igeltsuzko soslai lasairen bat ilargi sastakatuzko

bat-bateko mina marrazten duena.

 

Begira itzazu beren hutsunea bilatzen duten forma zehatzak.

zakur tronpatuak eta kosk egindako sagarrak.

Begira ezazu irrika, bere lehen negar-zotinaren azentua

aurkitzen ez duen mundu fosil triste baten angustia.

 

Ohean hariaren zurrumurruak bilatzen ditudanean

etorri zara, ene maitea, nire teilatua estaltzera.

Inurri baten hutsuneak airea bete dezake,

baina zu iparrik gabe zoaz intziri egiten nire begietan zehar.

 

Ez, nire begietan zehar ez, orain

atxikitako lau ibai erakusten baitizkidazu zure besoan.

Ilargi presoak haurren aurrean marinel bat

irensten dueneko barraka gogorrean.

 

Dena joan dela ikusteko,

maitasun menperaezina, maitasun ihes egina!

Ez, ez iezadazu eman zure hutsunea,

badoa eta airean neurea!

Gaixoa zu, gaixoa ni, gaixoa brisa!

Dena joan dela ikusteko.

 

 

                II

 

Ni.

Zaldi baten hutsune oso zuriarekin,

errautsezko zurdak. Plaza garbi eta tolestua.

 

Ni.

Nire hutsune zeharkatua galtzarbe hautsiekin.

Mahats neutroaren larru idorra eta egunsentiko amiantoa.

 

Munduko argi guztia sartzen da begi batean.

Oilarrak kantatzen du eta haren kantuak luzeago irauten du haren hegoek baino.

 

Ni.

Zaldi baten hutsune oso zuriarekin.

Hitzetan inurriak dituzten ikusleek inguratua.

 

Hotzaren zirkuan soslai mozturik gabe.

Masaila odolustuen kapitel hautsietan zehar.

 

Ni.

Nire hutsunea zu gabe, hiri, jaten duten zure hildakoak gabe.

Zaldizko nire bizitza behin betiko ainguratuarengatik.

 

Ni.

Ez da mende berririk ezta oraintsuko argirik ere.

Zaldi urdin bat eta egunsenti bat besterik ez.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003