|
Poeta New Yorken HIRU ADISKIDEEN ALEGIA ETA GURPILA Enrique, Emilio, Lorenzo. Izoztuak zeuden hirurak. Enrique oheen munduak, Emilio begien eta eskuetako zaurien munduak, Lorenzo teilaturik gabeko unibertsitateen munduak. Lorenzo, Emilio, Enrique. Erreak zeuden hirurak. Lorenzo hostoen eta billarreko bolen munduak, Emilio odolaren eta orratz zurien munduak, Enrique hilen eta egunkari abandonatuen munduak. Lorenzo, Emilio, Enrique. Lurperatuak zeuden hirurak. Lorenzo Floraren bular batean, Emilio edalontzian ahazten den ginebra agorrean, Enrique inurrian, itsasoan eta txorien begi hutsetan. Lorenzo, Emilio, Enrique. Hirurak izan ziren nire eskuetan hiru txinatar mendi, hiru zaldi-itzal, hiru paisaia elurrezko eta zitorizko etxola bat ilargia oilarraren azpian lau jartzen deneko usategietan. Bat eta bat eta bat. Momifikatuak zeuden hirurak, neguko euliekin, zakurrak pixarekin batera egotzi eta bilauak arbuiatutako tintontziekin, ama guztien bihotza izozten duen brisarekin, mozkorrek askaritzat heriotza duteneko Jupiterko eraisketa zurietan. Hiru eta bi eta bat. Oilo arrautza bategatik negarrez eta kantuan galtzen ikusi nituen, bere tabakozko eskeletoa erakusten zuen gauarengatik, aurpegiz eta ilargi-ezpala zorrotzez betetako nire oinazearengatik, nire poz gurpil koskadun eta zigordunarengatik, usoek aztoratutako nire bularrarengatik, okerreko ibiltari bakarrarekiko nire heriotza mortuarengatik. Nik bosgarren ilargia eraila nuen eta iturrietatik ura edaten zuten haizemaileek eta txaloek. Erditu berrien esne epel itxiak astintzen zituen arrosak oinaze zuri luze batekin. Enrique, Emilio, Lorenzo. Diana gogorra da, baina batzuetan bularrak lainotuak izaten ditu. Badu harri zuriak oreinaren odolean taupa egiterik eta badu oreinak zaldi baten begitik amets egiterik. Forma garbiak hondoratu zirenean bitxiloreen kri-kriaren azpian, erail egin nindutela ulertu nuen. Kafetxeak eta hilerriak eta elizak zeharkatu zituzten. Upelak eta armairuak zabaldu zituzten. Hiru eskeleto apurtu zituzten beren urrezko hortzak erauzteko. Ez ninduten jada aurkitu. Ez ninduten aurkitu? Ez. Ez ninduten aurkitu. Baina seigarren ilargiak uharrean gora ihes egin zuela jakin zen, eta itsasoak gogoratu egin zituela, bat-batean!, bere itotako guztien izenak. Poeta New Yorken |