|
Poeta New Yorken STANTON MUTIL KOXKORRA Do you like me? Yes, and you? Yes, yes. Bakarrik geratzen naizenean zure hamar urteak geratzen zaizkit oraindik hiru zaldi itsuak, zure hamabost aurpegi harrikadaren aurpegiarekin eta sukar txiki izoztuak artoaren hostoen gainean. Stanton. Nire semea. Stanton. Gauerdiko hamabietan minbizia korridoreetatik irten eta dokumentuetako barraskilo hutsekin mintzatzen zen. Hodei eta termometroz betetako minbizi bizi-bizia urretxindorrek hel diezaioten irrika kastu sagarkararekin. Minbizi bat dagoen etxean pareta zuriak kraskatzen dira astronomiaren eldarnioan eta kortarik txikienetan eta basoetako bidegurutzeetan urte askoan egiten du distira erreduraren ñirñirrak. Nire minari odola zerion arratsaldeetan zure begiak bi horma zirenean, zure eskuak bi herrialde zirenean eta nire gorputza belar marmarra. Nire agonia bere trajearen bila zebilen, hauskara, zakurrek horzkatua, eta zuk dardararik egin gabe lagundu zenion ur ilunaren ateraino. Oi, ene Stanton, idiota eta eder animaliatxoen artean, zure ama herrixketako errementariek hautsia duzula, arkuen azpian anaia bat duzula, inurritegiek jana beste bat, eta minbizia alanbradarik gabe taupadaka geletan! Badira haurrei goroldiozko ibaiak eta oin-mingostasuna ematen dizkieten inudeak eta emakume beltz batzuk pisuetara igotzen dira arratoi-iragazkia banatzeko. Egia baita jendeak usoak estoldetara bota nahi dituela eta nik badakit zer espero duten kalean bat-batean eri-mamiak zapaltzen dizkigutenek. Zure ezjakintasuna lehoien mendi bat da, Stanton. Minbiziak jipoitu eta apopiloak izurritean hil zireneko logelan ttu egin eta, nabigatzen dutenen begi-niniak lohiz zipriztintzeko, beira idorrekiko eta esku bigunekiko bere arrosa kraskatua zabaldu zuen egunean, zuk nire agonia bilatu zenuen belarretan, nire agonia izuikarazko loreduna, zurekin oheratu nahi den minbizi mutu garratzak mingostasunaren maindireetan paisaia gorriak hauts bihurtu eta hilkutxen gainean azido borikozko zuhaixka izoztuak jartzen zituen bitartean. Stanton, joan zaitez basora zure harpa juduekin, joan zaitez enborretan, hodeietan, dortoketan, zakur loak hartuetan, berunean, haizean, lorik egiten ez duten zitorietan, kopiatzen ez duten uretan lo egiten duten jainkozko hitzak ikasteko, ikas dezazun, seme, zure herriak ahazten duena. Gerraren zalaparta hasten denean zure zakurrarentzako gazta zati bat utziko dut bulegoan. Zure hamar urteak hildakoen trajeetan hegan egiten duten hostoak izango dira. Sufre ahulezko hamar arrosa nire egunsentiaren sorbaldan. Eta ni, Stanton, ni bakarrik, ahanzturan, zure aurpegi zimelduak nire aho gainean ditudala, Malariaren estatua berdeak oihuka zulatzen ariko naiz. Poeta New Yorken |