Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

BEHIA

 

Luis Lacasari

 

Etzan egin zen behi zauritua.

Zuhaitzak eta errekastoak igotzen ziren haren adarretatik.

Haren muturrari odola zerion zeruan.

 

Bere mutur erleduna

lerdearen bibote mantsoaren azpian.

Alarau zuri batek zutik jarri zuen goiza.

 

Behi hilek eta biziek,

argizko ahalke edo ukuiluko ezti,

marraka egiten zuten begiak bilduta.

 

Jakin dezatela sustraiek

eta labana zorrozten duen mutil koxkor hark

jan dezaketela jada behia.

 

Argiak eta jugularrak

zurbiltzen dira goian.

Lau apatxek dardar egiten dute airean.

 

Jakin dezala ilargiak

eta gau harkaitz horidun horrek

joan zela errautsezko behia.

 

Joan zela marraka egiten

zeru antzuen eraisketan zehar,

mozkorrek heriotza askaritzat jaten duten lekuan.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003