|
Poeta New Yorken BELTZEN ARAUA ETA PARADISUA Gorroto diote txoriaren itzalari masaila zuriaren itsasgoraren gainean eta argi eta haizezko gatazkari elur hotzaren egongelan. Gorroto diote gorputzik gabeko geziari, agurreko musuzapi zehatzari, irriaren ahalke gramineoan presioari eta arrosari eusten dien orratzari. Urdin mortua maite dute, behi-espresio zalantzakorrak, poloetako ilargi gezurtia, uraren dantza makurra bazterrean. Enborraren eta arrastoaren zientziarekin nerbio argitsuz betetzen dute buztina eta labain patinatzen dute ur eta hondarretan milaka urte dituen beren tuaren freskotasun mingotsa dastatuz. Urdin karraskariarengatik da, zizarerik batere gabeko eta oinatz lokarturik batere gabeko urdina, ostruka arrautzak eternal geratzen direnekoa eta euri dantzariak ukitugabe noragabe dabiltzanekoa. Historiarik gabeko urdinarengatik da, egun-beldurrik gabeko gau bateko urdina, haizearen biluziak hodei hutsetako gamelu sonanbuluak apurtzen ditueneko urdina. Han egiten dute amets soinek belarraren sabelkeriaren azpian. Han koralek blai egiten dute tintaren etsipena, lo daudenek ezabatu egiten dituzte beren soslaiak marraskiloen matazaren azpian eta dantzaren hutsunea geratzen da, azken errautsen gainean! Poeta New Yorken |