|
Poeta New Yorken INTSEKTUEN ILARGIA ETA PANORAMA (AMODIOZKO POEMA) Ilargiak itsasoan ñirñir egiten du, oihalean marru haizeak, eta mugimendu bigunean ditu altxatzen zilarrezko eta urdinezko uhainak. ESPRONCEDA Nire bihotzak zapata baten forma luke herrixka bakoitzak ondina bat izango balu. Baina gaua amaiezina da eriengan bermatzen denean eta lasai hondoratu ahal izateko begiratuak izatea bilatzen duten itsasontziak daudenean. Aireak bigun putz egiten badu nire bihotzak neska koxkor baten forma du. Aireak kanaberadietatik irteteari uko egiten badio nire bihotzak milaka urteko zezen-gorotz baten forma du. Arraun egin!, arraun egin, arraun egin, arraun egin, mutur desberdinekiko batailoirantz, zelata birrinduekiko paisaia baterantz. Elurraren gau berdina, sistema esekiena. Eta ilargia. Ilargia! Baina ez ilargia. Tabernetako azeri emea. Begiak jan zituen japoniar oilarra. Belar murtxikatuak. Ez gaituzte teniek salbatzen beiretan, ezta metafisikoak zeruaren beste isurialdeak aurkitzen ditueneko belardendek ere. Gezurra dira formak. Soilik oxigenoaren ahoen zirkuitua existitzen da. Eta ilargia. Baina ez ilargia. Intsektuak. Hildako nimiñoak errekastoetan. Mina luzetasunean. Iodoa puntu batean. Jendetzak orratzean. Guztien odola oratzen duen biluzia, eta ez zaldi bat eta ez erredura bat ez den nire maitasuna. Bular irentsia duen izakia. Ene maitea! Kantuan ari dira jada, oihuka, intzirika: Aurpegia, zure aurpegia! Aurpegia. Sagarrak batzuk dira, daliak berdinak dira, argiak metal bukatuzko zaporea du eta bosturteko oso bateko eremua txanponaren masailan sartuko da. Baina zure aurpegiak oturuntzaren zeruak estaltzen ditu. Kantuan ari dira jada! oihuka! intzirika! estaltzen! igotzen! izutzen! Ibili beharra dago, bizkor!, uhainetatik zehar, adarretatik zehar, ibaira jaisten diren Erdi Aroko kale mortuetan zehar, behi zauritu baten adarrak soinu egiten dueneko larrudendetan zehar, zurubietatik zehar, beldurrik gabe!, zurubietatik zehar. Itsasoan bainatzen ari den gizon koloregabetu bat dago; islatzaileek bihotza jan zioten jolasean, hain da samurra. Eta Perun milaka emakume bizi dira, oi intsektuak!, gau eta egun nokturnoak eta desfileak egiten dituztenak beren zainak elkarrekin gurutzatuz. Eskularru korrosibo nimiño batek geldiarazten nau. Aski da! Nire musuzapian sentitu dut hausten lehena izan den zainaren kaska. Zaindu itzazu zeure oinak, ene maitea, zeure eskuak! nik neure aurpegia entregatu beharra baitut. Nire aurpegia!, nire aurpegia, oi nire aurpegi jana! Su nire desirarentzat kastu hau. Oreka irrikagatiko nahasketa hau. Nire begietan bolborazko min errugabe honek nebulosek irentsitako beste bihotz baten angustia arinduko du. Ez gaitu zapatadendetako jendeak salbatzen ezta giltza herdoilduak aurkitzean musika bihurtzen diren paisaiek ere. Gezurra dira aireak. Soilik sehaskatxo bat existitzen da ganbaran gauza guztiak oroitzen dituena. Eta ilargia. Baina ez ilargia. Intsektuak. Intsektuak bakarrik zirtakariak, ausikariak, ikaratuak, elkarrenganatuak, eta ilargia kezko eskularru batez bere eraisketen atean eserita. Ilargia!! Poeta New Yorken |