Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

ZURE HAURTZAROA MENTONEN

 

Bai, zure haurtzaroa: iturrien alegia jada.

JORGE GUILLÉN

 

Bai, zure haurtzaroa: iturrien alegia jada.

Trena eta zerua betetzen duen emakumea.

Zure bakardade izua hoteletan

eta beste zeinu bateko zure maskara garbia.

Itsasoaren haurtzaroa da eta zure isiltasuna

beira jakintsuak hausten ziren lekuan.

Zure ezjakintasun elkorrean egon zen

suak mugatutako nire soina.

Maitasun araua eman nizun, Apoloren gizon,

negarra burua galdutako basoilarrarekin,

baina zu, hondamendiaren hazkurri, zorroztu egiten zinen

amets zalantzakor laburretarako.

Aurrez aurreko pentsamendua, atzoko argi,

litekeenaren erakusle eta zeinuak.

Zure hareazko gerri atsedenik gabeak

eskalatzen ez duten arrastoei baino ez die arreta ematen.

Baina nik bazterretan bilatu behar dut

ulertzen ez zaituen zure arima epel zu gabekoa,

daramazun maskara urratzeko erabili dudan

Apolo atxilotuaren oinazearekin.

Han, lehoi, han, zeru-sumindura,

nire masailetan bazkatzen utziko dizut;

han, nire eromenaren zaldi urdin,

izarlainoko eta minutu-orratzeko pultsua.

Eskorpioien harriak bilatu behar ditut

eta zure ama haurraren jantziak,

gauerdiko eta zapi hautsiko negar

hilaren lokitik ilargia kendu zuena.

Bai, zure haurtzaroa: iturrien alegia jada.

Nire zain-hutsuneko arima arrotz,

txiki eta sustrairik gabeko bilatu behar zaitut.

Betiko maitasun, maitasun, inoiz ezeko maitasun!

Oi, bai! Nik nahi dut. Maitasun, maitasun! Utz nazazue.

Ez diezadatela ahoa estal elurretan

Saturnoko galburuen bila dabiltzanek

edo zeru batean animaliak irentzen dituztenek,

anatomiaren klinika eta oihan.

Maitasun, maitasun, maitasun. Itsasoaren haurtasun.

Ulertzen ez zaituen zure arima epel zu gabekoa.

Maitasun, maitasun, orkatzemearen hegaldi bat

zuritasunaren bular amaigabean.

Eta zure haurtzaroa, maite, eta zure haurtzaroa.

Trena eta zerua betetzen duen emakumea.

Ez zu, ez ni, ez airea, ez hostoak.

Bai, zure haurtzaroa: iturrien alegia jada.

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003