Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003

 

ELIZA ABANDONATUA

        (GERRA HANDIAREN BALADA)

 

Nik seme bat nuen Juan deitua.

Nik seme bat nuen.

Arkuetan galdu zen domu santu ostiral batez.

Mezetako azken eskaileretan jolasean ikusi nuen,

eta latorrizko ontzitxo bat botatzen ari zen apezaren bihotzera.

Hilkutxak jo ditut. Nire semea! Nire semea! Nire semea!

Oilo hanka bat atera nuen ilargiaren atzealdetik, eta gero,

nire neska koxkorra gurdiak urruntzen direneko

arrain bat zela ulertu nuen.

Nik neska koxkor bat nuen.

Nik hildako arrain bat nuen intsentsu-ontzien errautsaren azpian.

Nik itsaso bat nuen. Zerezkoa? Jainko maitea! Itsaso bat!

Ezkilak jotzera igo nintzen baina frutek harrak zituzten

eta poxpolu itzaliek

udaberriaren gariak jaten ari ziren.

Nik alkoholezko amiamoko gardena

soldadu hil-hurrenen buru beltzak larrutzen ikusi nuen

eta malkoz beteriko kopek bira egiten zuteneko

gomazko etxolak ikusi nituen.

Ofertorioko eguerdililietan aurkituko zaitut, ene bihotza!

apezak bere beso indartsuekin mandoa eta idiak altxatzen dituenean,

kalizaren paisaia izoztuen inguruetan ibiltzen diren gaueko apoak uxatzeko.

Nik seme bat nuen erraldoi bat zena,

baina hildakoak indartsuagoak dira eta badakite zeru puskak irensten.

Nire haurra hartz bat izan balitz,

ez nintzatekeen kaimanen isilgordearen beldur izango,

eta ez nukeen sekula itsasoa zuhaitzei lotuta ikusiko,

erregimentuen tropelek fornika eta zauri zezaten.

Nire haurra hartz bat izan balitz!

Olana gogor honen gainean bilduko naiz goroldioen hotza ez sentitzeko.

Ondotxo dakit mahuka bat edota gorbata emango didatela;

baina mezaren erdian neuk hautsiko dut lema eta orduan

lo direnei eta kantoietan kantuan ari direnei honako hau esanaraziko dieten

pinguinoen eta kaioen erotasuna etorriko da harrira:

Hark seme bat zuen.

Seme bat! Seme bat! Seme bat

berea baino ez zena, haren semea baitzen!

Haren semea! Haren semea! Haren semea!

 

Poeta New Yorken
Federico Garcia Lorca

euskaratzailea: Juan Luis Zabala
Erein, 2003