|
Poeta New Yorken BOTAKA EGITEN DUEN JENDETZAREN PAISAIA (CONEY ISLANDEKO ARRATSA) Emakume gizena aurrean zetorren sustraiak erauzten eta danborren pergaminoa bustitzen. Emakume gizena, olagarro hil-hurrenak iruntzitara jartzen dituena. Emakume gizena, ilargiaren etsai, kale eta etxebizitza mortuetan zehar zihoan lasterka eta uso-garezur txikiak uzten zituen bazterretan eta azken mendeetako oturuntzetako sumindurak altxatzen zituen eta ogiaren deabruari deitzen zion erratzez garbitutako zeruko muinoetan zehar eta argi irrika bat galbahetzen zuen lurpeko zirkulazioetan. Hilerriak dira. Badakit. Hilerriak dira eta hondarraren azpian lurperatutako sukaldeen hildura. Hildakoak dira, faisaiak eta beste ordu bateko sagarrak eztarrian bultza egiten digutenak. Gonbituaren oihaneko marmarak heltzen ziren emakume hutsekin, argizari berozko haurrekin zuhaitz legamiatuekin eta listuaren harpen azpian gatz-platerak zerbitzatzen dituzten zerbitzari nekaezinekin. Erremediorik gabe, ene seme, botaka egin ezazu! Ez dago erremediorik. Ez da husaren gonbitua prostitutaren bularren gainean, ezta oharkabean igel bat irentsi zuen katuaren gonbitua ere. Beren lurrezko eskuekin ilintiak eta postreak usteltzen direneko sukarri-ateak harramazkatzen dituzten hildakoak dira. Emakume gizena aurrean zetorren itsasontzietako jendearekin, tabernetakoarekin eta lorategietakoarekin. Gonbituak arretaz astintzen zituen bere danborrak ilargiari babesa eskatzen zioten odolezko neska koxkor batzuen artean. Gaixoa ni! Gaixoa ni! Gaixoa ni! Nire begirada hau nirea izan zen, baina jada ez da nirea. Alkoholaren kariaz biluzik dardar egiten duen eta kaietako anemonetatik itsasontzi sinestezinak agurtzen dituen begirada hau. Egunsentia ausartzen ez deneko uhinetatik isurtzen den begirada honekin defenditzen dut neure burua. Ni, besorik gabeko poeta, galduta botaka egiten duen jendetzaren artean, nire lokietako goroldio lodiak moztuko dituen adeitasun biziko zaldirik gabe. Baina emakume gizenak aurrean jarraitzen zuen eta jendea tropiko mingotsa finkatzen deneko botiken bila ari zen. Soilik lehen bandera altxatu zutenean eta lehen zakurrak heldu zirenean bildu zen hiri osoa ontziralekuko barandetan. Poeta New Yorken |