TRAFIKO ISTRIPUA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Oraindik ez dakite

duela ordi erdi bat gertatu zena

han errepidean.

 

Euren ordularietan

ordu ezin arruntago bat

arratsalde batekoa, ostegun batekoa, iraileko ordu bat.

 

Norbaitek pastari ura kentzen dio.

Norbaitek lorategian orbela biltzen du.

Umeak mahaiaren inguruan lasterka dabiltza.

Norbaitek, itxuraz gogorik gabe, katuari laztan egiten dio,

katuaren baimenarekin.

 

Norbaitek negar egiten du:

beti bezala telebistaren aurrean

Diego maltzurrak Juanita engainatzen duelarik.

 

Norbaitek atea jo du:

ez da deus, auzokideak eskatutako zartagina itzultzera

etorria.

 

Etxean, barru-barruan, telefonoaren txirrina,

oraingoz iragarki batengatik baino ez.

 

Norbait leihora hurbildu eta zerura begiratuko balu

hodei batzuk ikusiko lituzke

istripua gertatu den lekuatik haizeak ekarriak.

Egia da hodei barreiatu eta urratuak direla

baina hodeientzat hori eguneroko ogia baino ez da.

 

TRAFIKO ISTRIPUA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022