GOIZALDEKO LAURAK
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Gauetik egunera doan ordua.

Albo batetik besterako ordua.

Hogeita hamar urte ingurukoentzako ordua.

 

Oilarraren kantuari begira apailaturiko ordua.

Lurrak gure izenak ukatzen dituen ordua.

Astro itzalietako haizeak jotzen duen ordua.

Eta baldin-eta-gure-ondotik-ezer-ez-balego ordua

 

Hutsik dagoen ordua.

Gorra, antzua.

Ordu guztien hondoa.

 

Inor ez da ongi sentitzen goizaldeko lauretan.

Inurriak ongi sentitzen badira goizaldeko lauretan,

zorionak eman beharko. Eta bostak arte segi dezaten,

baldin eta bizitzen jarraitu behar badugu.

 

GOIZALDEKO LAURAK
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022