EKARPENA ESTATISTIKARI
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Ehun lagunetarik

den-dena hobeki dakitenak,

berrogeita hamabi,

 

urrats bakoitzean zalantzatiak,

ia-ia beste guztiak,

 

laguntzeko prest daudenak,

denbora luzerako ez bada behintzat:

berrogeita bederatzi,

 

beti onak direnak,

ezin daitezke-eta bestelakoak izan:

lau, edo agian bost,

 

bekaizkeriarik gabe besteak miresteko prest daudenak

hemezortzi,

 

etengabe ezinegonean bizitzen direnak

zerbaitengatik edo norbaitengatik

hirurogeita hamazazpi,

 

zoriontsu izateko kapazak

gehienez ere,

hogeitaka,

 

bakarka hartuta kaltegabeak

baina taldeka basatiak:

erdia baino gehiago, seguru,

 

egoerak hartaraturik

ankerrak direnak

hori hobe da ez jakitea

ezta gutxi-gorabehera ere,

 

jakintsuak a posteriori

jakintsuak a priori direnak baino

askoz gehiago ez,

 

bizitzatik gauzak besterik nahi ez dituztenak

berrogei,

oker egon nahiko nukeen arren,

 

makurtuak, minduak

iluntasunean eskuargirik gabeak:

laurogeita hiru

lehenago ala beranduago,

errukia merezi dutenak

laurogeita hemeretzi,

 

hilkorrak

ehuneko ehun.

 

Oraingoz aldaketarik ez duen kopurua.

Hiru hitzik arraroenak

 

Etorkizun hitza ahoskatzen dudanean,

lehen silaba iraganean dago.

 

Isiltasun hitza ahoskatzen dudanean,

hautsi egiten dut.

 

Ezerez hitza ahoskatzen dudanean,

Zerbait sortzen dut

Ezerezean ez dagoen zerbait.

 

EKARPENA ESTATISTIKARI
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022