HISTORIAN KATEATUTAKO TXAKUR BATEN BAKARRIZKETA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Badira txakurrak eta txakurrak. Ni txakur hautatu bat nintzen.

Paperak indarrean nituen eta otso-odola zainetan.

Goi-lautadetan bizi nintzen, paisaiaren lurruna,

larreetan eguzkitan, euria egin eta gero izeiak,

eta elur azpiko lur-mokor izoztuak arnasten

Etxe ondradu batean bizi nintzen, eta jendea nire zerbitzura.

Elikatua, bainatua, orraztua

paseo ederretara eramana nintzen.

Baina begirunez, mugak hautsi gabe.

Ederki zekiten denek norena nintzen.

Kaleko txakur batek ere izan dezake jaberik.

Baina kasu —ez nazazue harekin alderatu.

Nire jabea paregabea zen

Artalde eder askoa zuen, hari urratsez urrats jarraitzen ziona

beldurraren eta miresmenaren arteko sentsazioaz begiratzen zuena

Niretzat ziren irriak

eta gaizki disimulatutako inbidiak

Zeren eta nik bakarrik neukan

jabeari jauzi arinekin ongietorria emateko,

neuk bakarrik haren praketan ausiki txikiak eginez agurtzeko

eskubidea.

Niri bakarrik, lo nengoelako itxurak eginda,

hark hurbildu eta belarri atzean zer edo zer xuxurlatzeko.

Besteekin biziki haserratzen zen, eta sarritan.

Marmarrean hasten zitzaien, lehertu eta zaunka egiten zien

horma batetik bestera korrika.

Uste dut bakarrik ni maite ninduela, ez beste inor, inoiz ez.

Nik nire eginbeharak ere banituen: itxarotea, fidatzea.

Zeren jabea denbora laburrez gelditu eta denbora luzez

desagertzen zen

Zerk lotzen zuen han, ibarretan, ez dakit nik.

Igartzen ahal dut, ordea, kontu larriak izanen zirela

niretzat katuekin eta beharrik gabe mugitzen den ororekin

borrokan aritzea bezain larria bederen.

Badira patuak eta patuak. Nirea bat-batean aldatu zen.

Udaberriren bat heldu zen

eta jabea ez zegoen nirekin.

Etxean joan-etorri arraro bat izan zen.

Kajoiak, maletak, autoak kutxaz beteak.

Gurpilak soinu karrankariaz abiatu ziren muinotik beheti

eta bihurgune igarota isildu ziren.

Terrazan erre ziren traste batzuk, trapuak, ator horiak, ikur

beltzezko besokoak, eta kartoi kutxa urratu aunitz eta aunitz,

banderinak zituztenak.

Ni bueltaka nenbilen anabasa horretan, haserre baino, harriturik.

Nire ilean begirada desatseginak nabaritu nituen

Jaberik gabeko txakur bat banintz bezala,

etxerik gabeko gogaikarri horietako bat banintz bezala,

atariko erratzaren azpian etzatzen den horietako bat banintz

bezala.

Norbaitek lepokoa, zilarrezko apaingarriak zituena, erauzi zidan.

Norbaitek nire plater hutsari ostiko bat eman zion.

Eta gero, joan aitzin, azken norbait batek autoaren Leihatila

jaitsita

bi aldiz egin zidan tiro.

Ez zuen asmatu behar zuen lekuan tiroa ematen,

mantso eta oinazearekin hil bainintzen

euli harrotuen burrunbak lagunduta.

Ni, neure jabearen txakurra.

 

HISTORIAN KATEATUTAKO TXAKUR BATEN BAKARRIZKETA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022