POESIA ERREZITALDIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Ai, Musa hori! Boxeolari izan ala deus ere ez izan.

Guretzako, ikusentzule zalapartatsurik ez.

Aretoan, hamabi lagun,

hasteko ordua dela esaten digute.

Erdia hemen dago kanpoan euria ari duelako,

beste erdia, ai, Musa hori!, senideak dira.

 

Emakumeak, udazken arratsalde honetan, konortea galtzeko prest,

eta galdu, galduko dute, baina boxeoan baino ez.

Bakarrik boxeoak eskaintzen ditu irudi danteskoak.

Eta igotzea, ai, Musa! zeruetara.

 

Boxeolari izan ezean, poeta izatea,

derrigorreko poeta klasikoetara kondenaturik bizitzea

giharrik ezean munduari erakusteko

-kasurik hoberenean-

eskolako ikasgaiak etorkizunean.

Ai, Musa! ai, Pegaso!

zaldizko aingerua.

 

Lehenengo lerroan agure batek amets goxoa egiten du

bere emazte zena, goian bego, berpiztu dela

eta txokolatezko tarta bat prestatzen diola.

Su horrekin -su motela, tarta ez erretzeko-

hasiera emanen diogu, oi, Musa!, errezitaldiari.

 

POESIA ERREZITALDIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022