BUELTARAKO EKIPAIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Hilobi txikien txokoa hilerrian.

Gu, luze bizi garenok, ixilka-mixilka saihesten ditugu,

aberatsek txiroen auzoak saihestu nola.

 

Hemen dautza Zosia, Jacek eta Dominik,

eguzkiari, ilargiari, astroen mugimenduari, hodeiei

goizegi kenduak.

 

Bueltarako ekipaia urria izan zuten.

Irudi zatiak,

ez anitzak, ez askotarikoak.

Aire eskukada bat tximeleta iragankor batekin.

Goilarakada bat jakinduria garratz botika zaporearekin.

 

Desobedientzia txikiak,

horietarik bat hilgarria.

Pilotaren atzetik errepidera ateratzea alaiki.

Izotz hauskorraren gaineko irristaketaren zoriontasuna.

 

Horko hori, eta ondoko hura ere, eta bazterreko haiek:

krisketari heltzeko gai izan baino lehen,

ordularia hondatzeko gai izan baino lehen,

lehen kristala puskatzeko gai izan baino lehen.

 

Margarita, lau urtekoa,

eta urte horietako bi ohean etzanda sapaiari begira

emanda.

 

Rafa: bost urte betetzeko, hilabete faltan,

Susi eguberriak faltan,

eta hotz delarik hatsari darion lurruna.

 

Zer esan bizitza-egun bati buruz,

minutu bati buruz, segundo bati buruz,

iluntasuna eta bonbilla baten diztira eta berriz iluntasuna?

 

KOSMOS MAKROS

CHRONOS PARADOKSOS

Bakarrik hizkuntza grekoak ditu horrelako hitzak

 

BUELTARAKO EKIPAIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022