IDAZTEAREN POZA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Norantz doa orkatz idatzia lasterka basoan barrena?

Erreka bazterrera ur idatzian egarria asetzera,

ikatz-orri baten gisa muturra zikinduz?

Zergatik jaso du orkatz idatziak burua? Zeozer aditu al du?

Lau hankatan, errealitateak maileguan utzitako lau hankatan,

belarria tentetu du nire hatzen agindupean.

Isiltasuna paperean karrask egiten duen hitza.

Eta orkatzak “baso” hitzetik ateratzen diren adaskak mugitzen

ditu. Orri txurira jauzi egiteko zorian, letrak zelatan,

agian elkarren ondoan gaizki moldatuko diren letrak

esaldi setatiak,

inbasioa gauzatuko dutenak.

Tinta-tantan ehiztari-andana

orkatza jomugan jartzen ari da

luma zut prest lasterka egin,

orkatza inguratu eta tiroa ziurtatzeko.

Ahaztu egin zaie hau, hemengoa, ez dela existitzen.

Hemen, txuri gainean beltz, beste lege batzuk dira nagusi.

Begi-kliskada batek nik erabaki bezainbeste iraunen du

eta zati txiki eternaletan zatikatzen ahal dut

airean gelditutako balez beteak.

Ezer ez da gertatuko nik agindu ezean.

Nire gogoz kontra hosto bat ere ez da jauziko

eta apatxek ere ez dute belarra zapalduko

Izatez, ba al da mundu bat

burujabetasun osoz nihaurrek zuzentzen dudana?

Zeinu-kateekin atxikitzen dudan denbora bat?

Bizitze bat, iraungitzen ez dena, nik kontrakoa agindu ezean?

Idaztearen poza.

Betieretzeko ahalmena.

Esku hiulkor baten mendekua

 

IDAZTEAREN POZA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022