HITLERREN LEHEN ARGAZKIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Eta nor da nini hori, txizaoihalarekin dagoena?

Fito da eta, Hitler andrearen semea.

Iritsiko al da izatera zuzenbiden doktorea?

edo Vienako Operan, tenorea?

Eskutxo horiek, begitxoi horiek, sudurño hori...

norenak?

Sabeltxo hori, esnez betea, norena?

Oraindik inork ez daki

tipografoa, sendagilea, merkataria,

apaiz bat izanen den.

Hankatxo polit horiek nora helduko dira?

Nora?

Lorategira, eskolara, bulegora,

agian alkatearen alabarekin

ezkontzera?

 

Nini polita, aingerutxoa, maitia, gure kuttuna,

gaur dela urtebete, mundura etorri zenean,

ez zen seinaleren faltarik izan, ez lurrean, ezta zeruan ere:

udaberriko eguzkia, geranioak leihoetan,

piano baten soinua,

paper arrosan bildutako zorioneko seinalea,

erditu aurretik amak izandako amets profetikoa:

uso batekin egin zuen amets -zorionak—,

eskuetan hartuta -espero duzuena helduko da.

Kas-kax, nor da?

Fitoren bihotza taupadaka.

 

Txupetea, lerde-zapia, sastakaia, txintxirrina,

Jainkoari esker, niria, egurra ukitzen dut,

oso osasuntsu dago,

kateme bat saskian,

gurasoen antza osoa dauka

eta familia-albun guztietako umeen antza ere bai.

 

Ez, ez, orain ez dugu kaxketarik nahi,

argazkilari jauna oihal beltz horren azpian klik egiteko zorian dago.

 

Klinger argazkigintza, Grehen kalea, Branau.

Branau leku txikia baina onesta,

merkataritza-enpresa sendoak,

auzokide onberak

ogi goxoaren lurrina eta xaboiaren usaina.

Patuaren urratsak ez dira aditzen,

ezta txakurren uluak ere.

Historia-irakasleak lepoko zurruna laxatu

eta apunteen artean egiten du aharrausi.

 

HITLERREN LEHEN ARGAZKIA
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022