HODEIAK
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022

 

Hodeien deskribapena

azkar-azkar egin beharko nuke,

segundo erdi bat aski zaie

beste zerbait bihurtzeko.

 

Bere-berezkoa dute:

ez dira sekula errepikatzen

itxurak, ñabardurak, jarrerak eta ordena.

 

Oroimenen zamarik gabe,

egitateen gainetik erraz egiten dute hegan.

Nolatan izan daitezke, bada, ezeren lekuko!,

segundo bakar batean, noranahi barreiatzen dira.

 

Hodeiekin alderatuta,

bizitza oinak lurrean dituela dirudi,

ia iraunkorra, ia betikoa.

 

Hodeien aldean

harri bat ere anaia baten antzekoa da,

fidatzeko moduko norbait,

eta hodeiak, berriz, urruneko lehengusina kaskarinak.

 

Jendea izan, izan dadila nahi badu,

eta gero hil daitezela, bata bestearen atzetik:

hodeiei bost axola zaie

handik goitik

beheko horiek, hain arraroak.

 

Eta horregatik hodeien desfile harroa, lehen bezala orain

ere,

zure bizitzaren gainetik pasatzen da,

baita nirearen gainetik ere, oraindik osatugabea.

 

Ez dute gurekin batera hiltzeko beharrik.

Ez dute ikusiak izateko beharrik pasatzen direlarik.

 

HODEIAK
Wislawa Szymborska

euskaratzailea: Josu Jimenez Maia
Maiatz, 67, 2018
armiarma.eus, 2022